Urte berria, pasio berriak on line?


Nagore Vega [@muxkilla]

 

Modan daude ligatzeko webguneak eta aplikazioak, sekula baino gehiago. Egia esan, ia Internet sortu zenetik egon da on line ligatzeko aukera. Gogoan ditut hasierako txatak. Hala ere, gaur egun, askoz jende gehiagok erabiltzen ditu. Esan genezake, nolabaiteko goraldia izaten ari direla.

Jendeak nabari du hori. Eta horren aurrean, kontrako bi jarrera oso definitu hartzen ditu (edo hori ari naiz ni bizitzen azkenaldian). Solasaldietan, batzuek, webgune eta aplikazioak erabiltzearen aldeko defentsa irmoa egiten dute; besteek harrituta begiratzen diete, ez dute ulertzen joera hori eta “sexu-supermerkatu” edo “haragiaren supermerkatu” gisa ikusten dituzte.

Biak dira jarrera ulergarriak. Bigarrenek engainua nabarmentzen dute, eta beldurra. Ez dira fidatzen pantailaren bestaldean dagoenak konta dezakeena: “Oso erraza da gezurra esatea eta geldituz gero, jakin ezazu norekin topatuko zaren edo zer egin dezakeen”. Egia da, denetariko pertsonak daude munduan eta “moda” horri soslai begiratzea entendi daiteke. Hala ere, beti mesfidati -bizitzan orokorrean, diot- ez ginateke oso urrutira helduko, ez duzue uste?

Lehenek pasatu dute fase hori: “Zergatik da okerragoa on line ligatzea, taberna batean ligatzea baino?”. Touché. Arrazoi osoa. Euskal Herrian bereziki nabarmena izan da tabernetan ligatzeko joera hori. Parranda, edaria, musika, giro polita… Toki idealena irudi dezake batzuentzat, baina, ez gaitezen engaina, gauak eta alkoholak ez dut uste aukera onenak egiten laguntzen digutenik.

Beraz, zergatik ez erabili ligatzeko webgune eta aplikazioak? Aldekoek honela defendatzen dute hautu hori: “Zure gustuak eta bilatzen duzuna jar dezakegu, argi eta garbi. Inor ez duzu engainatzen eta ez duzu denbora galtzen, gustatzen zaizuna aukeratzen duzu. Gero irten liteke ondo edo gaizki”. Ezin ukatu egia denik.

Aukera zabala

Honaino iritsita, gainontzeko jarduera batzuk egiten dituzun bezala, Internet bidez ligatzera animatu bazara, hona hemen webgune eta aplikazio erabilienak:

  • Kaixomaitia: Euskaldunon Harremanetarako Gunea 2007tik. Zeren bila zabiltzan zehaztu ahal izango duzu eta zure bilaketa emaitzetan eskatutakoak bakarrik aurkituko dituzu.
      • Aurpegien bila? Argazkia beharrezkoa bada zuretzat, Soslaieko Argazki Nagusi Irekia duten pertsonak bakarrik bilatu ditzakezu.
      • Zeren bila zabiltza? Maitia, LGTBI, +55 edo maitale; edo agian guztiak? zeuk erabaki. Kontuan izan, aukeratzen dituzun taldeetan agertuko dela zure soslaia.
      • Gertuko pertsonak bilatu nahi dituzu ala hobe urrutikoak? Esan zein herrialdeko edota herriko pertsonak topatu nahi dituzun eta, aurrera!
      • Adina garrantzitsua bada zuretzat, markatu bila zabiltzan horren adin tartea.
      • Gorputzari asko begiratzen diozu? definitu bere gorpuzkera, garaiera…

    300x300_animatua

  • Tinder: Egungo aplikaziorik arrakastatsuena. Distantziaren arabera bilaketa murrizteko aukera ematen du aplikazioak, besteak beste. Erabiltzaileari beste erabiltzaile batzuen argazkia, adina eta informazioa erakusten dizkio. Erabiltzaileak pertsona hori gustuko badu, “Atsegin dut” emango dio, eta beste pertsona horrek ere bera atsegiten badu, pribatuan hitz egiten hasteko aukera izango dute. Hortik aurrera…
  • Meetic: Bikotekide iraunkorrak eta lagunak bilatzeko kontaktu-webgune gisa egin zen ezagun. Funtzio guztiak erabili nahi badituzu, tarifa bat ordaindu beharko duzu.
  • Badoo: Bizirik dago oraindik eta 200 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu mundu osoan. Geolokalizazioak aukera emango dizu gertutasunaren arabera arazteko eta txateatzeko. Lotsatienentzat ikusezin modua du: zuk ikusiko dituzu beste erabiltzaileak, baina haiek zu ez.
  • Happn: Denok gurutzatu dugu noizbait interesgarria iruditu zaigun pertsonaren bat. Aurkitu ustekabean ikusi duzun hura! Hori agintzen du aplikazio honek. Ireki profil bat, eta beste erabiltzaile batekin topo egiten duzun bakoitzean, zure pantailan agertuko da automatikoki. Elkarren gustukoak bazarete, elkarrizketa bat irekiko da. Hala, elkarri urrunetik bakarrik ez begiratzeko aukera izango duzue.
  • Wapa eta Wapo: Lehenengoa lesbianentzat da. Bigarrena, mutil homosexualentzat. Gainontzekoetan ere bila daitezke horrelako harremanak, baina hauek zuzenean “merkatu” horiei bideratuta daude.

Aipatutakoak adibideak besterik ez dira. Antzeko funtzionamendua dute gehienek, eta aukerak hamaika dira. Hala ere, gustuko duzun pertsona non topatu ez da hain garrantzitsua azkenean, ez? Ligoteoa sanoa den bitartean…