Maletak eta señoritak

Maddi Txintxurreta

 

Santiago. Iritsi gara. Imanolek ez dit atsedenik eman hegaldiko lehenengo sei orduetan, eta orain lehortu du ezpainpeko lerdea, menia bere ohiko bonbardaketekin eteteko prest. Ia ez duela deskantsatu dio, hegazkinak lur hartu duenean justu eten duela hartu berri zuen ametsa. Gezurra. Nik ez dut kliskarik egin hamabi ordutan eta badakit Imanolek seko pasa duela bidai erdi.

                Uhala askatu eta esku bat jarri dit izterrean. Zu hartu zaitu loak? Bere eskuari so egin eta zirrara bat igo zait goragalea eragiten duen eztarriko punturaino. Baietz esan diot irribarrez.

                Poltsatik takoidun oinetakoak atera eta hauek janztera makurtu naiz. Azkar egin dut, badakidalako Imanolen begiek nora jotzen duten makurtzeko imintzioa egiten dudanero.

                Presaka gabiltza. Hegaldia ordubete atzeratu da eta enpresak kontratatutako norbait egongo da gure zain aireportua. Komunean sartu naiz. Konketan jarri dut poltsa zabalik. Ezpainak margotu, ilea orraztu, begiak errepasatu eta gona txukundu dut, presaka. Azken begirada ispiluan, azkenengoz blusa tenkatu, eta komunetik atera naiz.

                Imanol nire zain dago bion maletekin. Berak kargatu du bagaje guztiarekin aireportuko korridoretan barrena. Gorputza zuzen, klak-klak-klak  takoiak ozen, presak eragindako abiaduran arnasestua disimulatzeko kontzentratu naiz. Imanol ni baino pausu bat aurrerago doa, nekea ezkutatzeko asmoz hitz egiteari utzi gabe, baina bekokiko izerdi tantak zelatatu du.      

                Korridorearen bukaeran aurkitu gara APAIN SL kartela eskuetan eusten duen gizonarekin. Ernesto, santiagotarra. Eskua luzatu dio Imanoli, eta masaila niri. Kotxeraino lagundu gaitu. Imanol kopilotuaren eserlekuan sartu da, eta, Ernestok, atzeko atea ireki dit, esku bat luzatu, eta señorita esatearekin batera, autoan sartzeko gonbita luzatu dit. Kaballeroak ozeanoaren alde bietan aurki daitezke, antza.

                Atzeko ispiluan begirada harrapatu diot Ernestori. Leihora zuzendu ditut begiak, baina txoferrak bereei eutsi die, eta lindas las españolas, esan dio ahopean Imanoli. Vascas, zuzendu dio nire lankideak. Somos vascos. Hortik aurrera, Euskal Herriko eta atzerriko gatazka politikoez jardun dute gizonek; nola euskaraz hitz egiten dugula euskaldunok, hala Perun ere badagoela Arequipa izeneko probintzia bat independentziaren alde borrokatzen duena. Niri leihotik kanpora egin dit ihes eztabaida politikoak, eta bertatik ikusi ditut emakume bat bi eskuekin hiru seme eusten, traje eta karpetadun gizon bat mugikorretik hitz egiten eta kaleko txakurrak neska gazte baten erosketako poltsak usaintzen.

                Tableta atera dut poltsatik eta arratsaldeko kongresurako prestatu dudan hitzaldiko idatzia errepasatu dut pantailan:

“Emakumeok emakume izan nahi dugu, eta horrela, gure burua maitatu. Etxetik bulegoetara egin dugu salto eta lehen gizonenak ziren lanpostuetan sartu gara. Baina salto hori emakume izatearen nortasunarekin egin nahi dugu, ziurtasunez zapaldu nahi ditugu bulegoetako mahaiak. Emakumeok langile izan nahi dugu, eta, horretarako, gure buruekiko konfiantza behar dugu, eta denok dakigu ezpain gorriak edo betile luzeak edozein gizon kikiltzeko eta edozein emakume ahalduntzeko gai direla. Emakumeok emakume izan nahi dugu; ziurtasunez, dotoreziaz eta profesionaltasunez. Emakumeok langile izan nahi dugu, eta bide horretan konfiantza hartzen lagunduko digu APAINek kaleratutako azken makillaje-produktu sortak…”

                Esku-frenoaren zaratak eten dit irakurketa. Berriro ireki dit Ernestok atea, berriro señorita, eta hotelean sartu naiz maletak gizonen esku utzita.

                Imanol bere logelara sartu da, ni nirera. Pare bat orduko atsedena hartuko dugula adostu dugu. Zapatilak erantzi eta iskin batera jaurti ditut, etsita. Ohean etzan naiz bost minutuz. Señorita izateak asko nekatzen du. Noiz erabaki nuen bizitza-estilo hau eramatea? Noiz emakume izan nahi nuela? Hamar urte nituela aitak esandakoa oroitu dut: “emakumeak pastel beteak bezalakoak dira. Kanpotik itxura onik ez badu, inork ez du jakin nahi barruan zer ezkutatzen duen”. Momentuan ez nuen ezer ulertu.

                Orain, ezer gutxi.

                Gauza batzuei ez zaie bi buelta eman behar, horrela direlako eta horrela izan direlako beti. Nola uler daiteke txerriek lokatzetan garbitzea euren burua? Ezin da ulertu. Ba, hori.

                Maleta ireki dut makillaje produktuen enpresa bateko Marketing Zuzendariak bere bagajean aurkituko lukeena esperoz. Baina ez. Bihotzak buelta eman dit. Belkrozko itxitura duen benda bat. Karpeta bat. Plastikozko poltsa batean; pilula batzuk, txaplatak, xiringak, eta bestelako medikamenduak. Kanpotik begiratu dut maleta. Nirearen berdin-berdina da. Baliteke maleta honen jabeak nirea eraman izan berarekin. Ziur aski gaixo dago eta medikamenduen beharra izango du. Pentsamendu horrek lasaitu nau, izan ere, nik besteko urgentzia izango du maleten trukea egiteko. Karpeta ireki dut. Begirada azkar batekin pasatu ditut orriak, identifikazio zantzuen bila. Madrilgo klinika baten logotipoa ikusi dut bidean, eta mastektomia hitza, behin eta berriz. Bularreko minbizia? Izena eta helbidea aurkitu ditut azkenean: Lucía Chavez, Manuel Montt 382 Santiago, Chile. Datuok paper batean apuntatu, poltsan neramatzan zapatilak jantzi eta logelatik irten naiz korrika, maleta eskuan.

                Hoteleko mandatu-mutilak ez du denborarik izan ez maletarekin laguntzeko, ezta atea irekitzeko ere. Buenas tardes seño… besterik ezin izan du ahoskatu. Hiru ordutan hasiko da kongresua. Taxi bat hartu eta helbidea idatzita daraman papera luzatu diot gidariari.

                Galdutako maletan kongresuan jantzi behar dudan soinekoa eta aurkeztu beharreko produktu guztiak daude. Imanolek akabatuko nau. Lanpostua jokoan dut. Aitak akabatuko nau. Momentu batez plazera eragin dit lanpostua galtzeko irudikapenak. Agur Imanoli, aitaren sermoiei eta makillajezko bilgarriari.

                Bila nabilen atariaren parean utzi nau txoferrak. Ateko kristaleko islari erreparatu diot. Ile narrasa motots batean bildu dut. Zapi bat pasatu dut aurpegitik, izerdiarekin batera irrist egin duen makillajea ezabatzeko. Tinbrea jo dut. Gaixo dagoen emakumea espero nuen, eta sano dagoen gizona agertu da atearen bestaldean. Bere maleta daramadala ohartu eta pozez besarkatu nau, “eskerrak” eta “eskerrik asko”-ka, maleta barruan dagoena behar-beharrezkoa duela eta “aurrera, aurrera”, etxean sarrarazi nau hitzik egiteko betarik eman gabe.

                Ez dut ezer ulertu eta galdetu behar izan dut: “baina, zeu zara Lucía?”. Ezetz erantzun dit kafea prestatzen hasi den bitartean; bera Lucio dela, urteak daramatzala NANeko izena aldatzeko borrokan, baina Txileko gobernuak zailtasunak besterik ez dituela jartzen prozedura hauetarako, gai honekin dena dela oztopo herrialde honetan, “pentsa, Madrilera joan behar izan dut, mastektomia merkeagoa delako bertan”.

                Kafea egin bitartean ez dio berba egiteari utzi. Ez dakit zergatik, baina erruak hartu nau. Emakumeok emakume izan nahi dugu. Kafez betetako kikara luzatu dit. Mingainpean bueltaka neraman galderak ihes egin dit: “zergatik erabaki duzu emakume izateari uko egitea?”. Luciok barre egin du. “Inoiz ez diot uko egin emakume izateari, inoiz ez naizelako emakume izan. Zuk noiz egin diozu uko gizon izateari? Eta noiz hartu duzu emakume izatearen erabakia?”. Isilik geratu naiz. Berriro egin du barre Luciok, eta hatzak klaskatu ditu, zerbaitez ohartu balitz bezala. Momentu batez aldendu egin da eta nire maletarekin itzuli da. “Hau zurea izango da”.

                Nire presaz oroitu naiz bat-batean. Kikara itzuli diot Luciori, joan egin behar dudala esanez.

                Hotelera itzuli naiz, beste taxi bat hartuta. Logelan maleta ireki dut. Dena dago. Dutxatu eta ispiluan erreparatu diot nire buruari. Horrenbeste islatu naiz ispiluetan, ispiluetatik kanpo ezagutzen ez naizenaren sentsazioa daukadala. Atea jo dute, toallan bildu naiz eta zirrikitu batetik aurpegi-erdi agertu dut. Prest nagoen galdetu dit Imanolek, eta ordu laurden itxaroteko eskatu diot. “Emakumeak, beti berdin”.

                Soinekoa jantzi eta ispilura itzuli naiz. Ezpainak eta begiak margotu, ilea orraztu, eta soinekoa tenkatu dut. Azken begirada ispiluan eta komunetik atera naiz.

                Kongresua emango den aretora iritsi gara. Irribarre batekin agurtu ditut bertako señorita eta kaballero guztiak, eta gainontzeko enpresetako ordezkariak entzutera eseri naiz, nire txandaren zain.

                Iritsi da. Aulkitik altxa naiz, soinekoa tenkatu dut eta klak-klak-klak mikrofonorako bidea hartu dut. Buruan bueltaka darabilzkit oraindik ispiluz kanpoko itaunak. Zer da emakume izatea? Zeintzuk dira emakume izateko baldintzak? Señorita ez dena emakumea da?

                Badira gauza batzuk ez direnak ulertu behar. Nola uler daiteke kilo bat lastok kilo bat harrik beste pisatzea? Ezin da ulertu. Ba, hori: “Emakumeok emakume izan nahi dugu…”.

 

Argazkia: “Tacones y asfalto” Joan Lesan hemendik hartua