Ostera

Kontaketa hau, Kaixomaitia.eus atariak Elkar argitaletxearen laguntzaz antolaturiko Kontaketa Erotikoen II. Lehiaketaren finaehiaketaren finalista da. Leihaketaren finalista guztiak orri honetan topatu ditzakezu eta bozkatu zein den zure kontaketa kuttunena.

Gelara sartu zara eta haragiak hartu zaitu. Egunsentia lotsaz sartzen da gortina atzetik, euren azalaren orografia argi-itzalekin nabarmentzeko aski. Bi jabe dituen larruazal bakar bat; bi azal, larru. Gosez bilatzen dute elkar izaren artean, ez dira ohartu ere egin eguna argitzear dela; ez du axola. Ez dute argirik behar elkar ikusteko, braile hizkuntza darie larruan.
Ukimena ez da zentzumen bakarra, hala ere. Hormonaz gainezka dago gela, ia solidoa da arnasa. Lurrin pizgarri hori, asetzen eta gosetzen dakiena aldi berean. Berezia eta sarkorra den zera basati hori: gelan kondentsatutako hats, adur eta izerdi nahastea. Arrazionalki gustagarri ez den arren, harrapatu egiten zaitu eta amaraun likitsua bailitzan biltzen du arrazoia, gandutuz; haren ordez, gorputzari egiten dio dei. Bulkadak gidatzen dituen bi gorputz dira, elkarri usnaka.
Arnasaren baretasuna deigarri egiten da. Batak bestea irentsi behar duen grina hain da sotila; ezpain hots leuna baino ez zaie aditzen. Balirudike ez dela ezer gertatzen ari, tarteka irentsi beharraren bentosari itzuri egiten dioten intziri txikiengatik ez balitz. Ez dago ahoz gora ezer adierazteko premiarik, ezin komunikatuago daude. Hotsik gabeko isuria da, hatsanka soberan duen plazer intentsitate bat.
Ez dira inguratzen dituenaz jabetzen, gela jabetzen ez den gisan bere baitan gertatzen ari den asebetetzeaz. Ez kolpe, ez alarau, ez apaingarri; gose hutsa baino ez.
Zeu ere gose zara, gelako ate ertzean. Zeuk ere ikusi, usaindu, entzun dituzu. Ukitu egin nahi dituzu, dastamen horren parte izan nahi zenuke. Ez dakizu ze leku hartu inprobisatzen ari diren gosearen koreografian.
Puska galdean gerturatu zara, eskatzera doana berea ez dela dakien piztiaren zuhurtziaz: isilka, makurka, giroa aztertuz. Eskuaz laztandu duzu lehena, baimen eske. Goxo bildu dizu besoa; oturuntza ez dagokizun arren gonbidatuta zaude, antza. Ohearen ertzean bermatu duzu aldaka eta lepo tolesean hondoratu diozu sudurra. Begiak itxi behar izan dituzu bertan kosk egiteko bulkada baretu dakizun. Orduan aditu duzu ñabardura osoz jaiki berriaren izerdi lurrin sarkorra, pasioak nekatu duen gorputzaren jarioa. Punpaka sumatu duzu izter artea, baina ez duzu zure arnas hotsak intimitatea honda dezan nahi.
Ahalik goxoen bilatu diozu izarari zirrikitua azal hori sentitu nahian, eta hain aurkitu duzu epel, umel… zeuk ere irentsi nahi duzu hain ezagun zaizun larruazal horri darion basatasun berria.
Zeure larruan kabitu ezinik itxaron duzu txanda, harrapari handiek amaitu zain egon behar izaten duten saiak nola. Ase da oihaneko erregina, eta bere azal egin berria hartu duzu zizka-mizka gisa. Goseti usnatu duzu, musukatu, miaztu. Hain du lurrin purua eta deskribaezina, zure pultsio guztien jatorria bilatu nahi baituzu bertan.
Eta jatorria aurkitu gabe ondoriora jo duzu, goseari jaten emateko. Bigarren eskuko esnea edan duzu txikiaren ezpain irekietan, eta lehortutako kondarrak mihiaz garbitu dituzu iturburura bidean. Usain sarkorragoa da berea. Muinoan gora bidea irentsi ahala, titi-burura heltzear esku batek kokotsa gerarazi dizu, irmo bezain goxo. Hortik ez, ulertu diozu, baina hatz
lodia ahoan sartu dizunean gida zaitzan eskatu diozu. Orduan eta larru gehiago irentsi, orduan eta goseago.
Beste bular puztua ere biluztu diozu, xukagarria hortzekin apartatuz. Hats mingots horrek ere piztu egiten zaitu, gorputz bete sexu duzu aurrean. Ahoaren bila itzuli zara eta hozkaka beheko ezpaina jan ahala belarria jarri duzu arnas estuaz gozatzeko. Epel eta heze duzu belarrian, zeure goseari bere antsiaz erantzunez.
Bihurgune berrietan barrena abiatu zara, azpian duen azala berekin eraman nahi lukeen narrastiaren pare, igurtzian. Sabel emana musukatu diozu, zilbor mudatua bere koban bisitatuz, eta bueltako azal ildotua mihiarekin gurutzatuz: orain dardaraz betea da zilborretik beherako zidorra. Eta beste dardara mota batez erantzun du.
Aldaken bultzada sumatu duzu sorbaldetan, deika. Ezpain horiek ere musukatzeko grinez zaude, nahiz ez dakizun nola hartuko zaituzten. Errespetuz, ikarari darion kilikaz abiatu zara kizkurrean behera, leun. Une batez zeure baitako piztiak atzera egin du, eta txoko batean kikildu da. Baina zeuk hor jarraitzen duzu, intimitatearen sakontasun berri baten bila.
Tentuz laztandu duzu goitik, pixkanaka gihar hanpatuak esploratuz. Ari dira bere onera etortzen, baina oraindik barrua atariraino heltzen da. Hasperen bat sumatu duzu eta goseaz akordatu zara. Mihiarekin bila hasterako aurkitu zaitu zu klitoriak, tente eta gogor azaleratu da haragi artean. Gogoz hartu duzu mokadu ezagun hori, berriak diren geruzen artean.
Bi esku sumatu dituzu belarrien alboetan, indartsu, goseti. Ahokadaz erantzun diezu, esku bat bularretara igoz eta bestea ilunera labainduz. Orain bai, bularra estutu du bere eskuak zeureaz, bestearekin ilea nahasten dizun artean presaz. Labainduran barrena sartzeko beldurrez darabilzu hatza, ebakian zehar. Ez zara sarketara ausartzen, ez dakizu nola asmatu. Arnas etenak jarraitzera deitzen zaitu, ordea. Eta grinatsu erantzun diozu, bere lekura lehenago itzuli den uzkia mihiaz agurtuz.
Koba batetik besterako bidean larritu egiten zaitu barrurakoan ukitzen diozun etenak, oraindik orbaintzen ari delako. Une batez medikuak erabilitako instrumentuak ikusi dituzu giharra ebakitzen, eta goruntz egin duzu ihes, deika daukazun puntta betikora. Klitoriaren taupadak erditze-gelako odola oroitarazten dizu punpaka …
Sarraskiaren irudiek ez dizute leherketa txikiaz, hasperen aseaz, errendizioaz gozatzen utzi. Aldaken kulunka orain leunduan abandonatu duzu burua, belarripean zero gunea taupaka duzula artean. Zeure ilea hatzen artean darabilela kolpean mugitu da, xukagarri bila: erupzio betean dira bular tenkatuak, errekasto paraleloak doaz saihets, sabel eta gerrian behera. Inoizko isurtzerik harrigarrienari begira geratu zara, zipriztindu zaitzan nahi duzu.
Jario ahaltsu horri begira gogoratu duzu azal unatu, ildotu, zauritu, orbaindu horrek zer nolako botere erakustaldia egin duen aurreko 40 asteetan eta azken bi asteotan. Distantziatik behatu duzu azken bolada luzean, ganaduek beren gainetik dagoen indar naturalari bezalatsu. Ez zara hurbiltzen askorik ausartu, kontaktuari ihesi ibili zara berariaz eskatua ez bazen. Txunditu egin zaitu, baina baita izutu ere.
Agian indar basati horren aurrean kokatzen ikastea da kontua, ugaztundu den kide horren ondoan darizun piztia izutu ez dadin. Akaso, gorputzaren bilakaerak normaldu behar genituzke, desirari eremu berriak ireki. Apika, sexuak epika berriak behar ditu. Gorputz horrena baino sexu jariakorragorik ez zaizu gogoratzen une honetan.
Kexa zorrotz batek eten dizu pentsamendua, negar marraska bilakatu da laster. Begiak biratzen ikusi duzu kide ahaltsua, nekearen nekez. Lasai egoteko keinua egin diozu, zeure kontu txikia.
Eta zuen piztiatxo dardartia beso-artean goxatzen duzun bitartean, garbitzen eta lehortzen behatu duzu zure otsemea, eder eta basa. Sexualitatearen geruza berrietara iritsi zarete, intimitatearen sakontasun zingiratsuetan barrena.
Gainezkatutako gorputz hori, errekuperatu beharrean omen dagoen hori, puri-purian dagoela iruditu zaizu, erabateko emarian. Zu zara akaso errekuperazio eta doitze premian dagoena. Agian gorputzaren naturari bizkar emanda eraiki da sexua, eta esploratzeko lur berri oso bat daukazue aurretik. Ez diozu zauriaz ezer aipatu, berak ere ez du gaia egundo atera eta ez duzu deseroso sentiarazi nahi. Ez dago presarik, erditu ostean.
Bizitza da handiena oroitarazi diozu zure buruari, sorbalda gaineko kumea bizkarrean leun kolpatuz. Eta bizitzaren eremuak zabal eta sakonak dira, sexualitatearenak bezalaxe. Korroskada nabaritu diozu, eta begiratzerako aditu duzu esne-min usaina. Horixe da zuen txokoa orain; eskatologikoa da zuen erotika berria.
Begira daukazu ohetik, goxotasunez, bularretako irekigarri xukagarriz beteak eta gasazko kuleroak jantzita. Unatu bezain boteretsu. Ez diozu esan, zenbat egin dioten hobera odoluzkiek.
Eremu berri bat duzue elkarri deskubritzeko. Ongi etorri, erditze ostera; itzuliko zarete, ostera. Bitartean, elkarren zauriak laztandu eta elkarren gorputzekin harritu besterik ez dago.