Kaixomaitia.eus
NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, adingabeak, batez beste, 11 urterekin hasten dira pornografia kontsumitzen. Batzuek kasualitatez ikusten dute lehen aldiz halako bideo bat; beste batzuek, berriz, propio bilatzen dute. Baina azkenerako, batek baino gehiagok amaitzen dute katigatuta kontsumo mota horrekin.
Pornografiak iniziazio tresna gisa balio du; gizonak emakumeen gorputzetan nola sartzen diren libreki eta nola asetzen dituzten beren nahiak ikus dezakete ikus-entzuleek. Baina, funtsean, indarkeria erotizatzen duen sexualitate maskulinoa eraikitzen du pornografiak. Pornografiaren etengabeko kontsumoaren bidez, berdintasunetik aldentzen diren ereduak berenganatzen ditu gizarteak, eta sexismoa, indarkeria eta emakumeen gaineko nagusitasuna erreproduzitzen dira.
Sarean bilatutako pornografia sexu heziketako iturri nagusia bihurtzen ari da nerabeen eta ia-ia haurren artean, eta hezkuntza mota horrek lortzen duen gauza bakarra emakumea objektu bilakatzea eta genero estereotipoak sustatzea da. Online pornografiak, halaber, rol sexual konbentzionalak, estereotipatuak eta gizonezkoen nagusitasunean oinarrituak sostengatzen ditu. Rol horietan, desio femeninoaren adierazpena isildu egiten da, eta desio maskulinoa –harreman heterosexualetan– da ase beharrekoa.
Pornografia industria globala da, milioiak mugitzen dituena eta gutxi batzuen esku dagoena, eta ezin da ahaztu milaka emakumeren eta neskatoren esplotazioa dagoela horren atzean. Gainera, gizonak modu horretako sexu harremanak izan ditzaten prestatzen dira pornografia kontsumituz, gizon putazalearen eredua sustatzen du pornoak. Eta hori gutxi balitz, industria horrek berenganatu du haurren sexu heziketarako ahalmena.
Pornografia mota hori kontsumitzen duten gazteek ikusten dutena errepikatzen dute, online pornografian agertzen diren sexu praktika matxistak eta bortitzak normalak direla pentsatzen dute. Aditu batzuek diote oraingo adingabeek ez dituztela pornografia eta errealitatea bereizten.
Pornografia gazteek jasotzen duten sexu heziketaren iturri bakarra bilaka daiteke etxean edo eskolan bestelako lanketarik egiten ez bada, eta kasu horietan, imitazioak oso jokabide arriskutsuak eragin ditzake: baimenik gabeko sexua, indarkeriazko edo taldeko praktikak, norberaren ekimenez sexu material esplizitua argitaratzea edo sextortsioa nahiz beste aldaera batzuk, hala nola ziberjazarpena, groominga, sextinga…
Errealitate horren aurrean, helduen, gurasoen, eta oro har, gizartearen, zeregina hezkuntza afektibo-sexualean lan egitea da, gaztetxo bakoitzaren heldutasunera eta jakin-minera egokituz. Funtsezkoa da helduek nerabeekin, gurasoek seme-alabekin, sexuaz hitz egitea, gaztetxoek ez dezaten pornografian ikusten dutena errealitatea dela pentsatu. Ezinbestekoa da errespetuaren gainean hitz egitea ere, gaztetxoek ez ditzaten pornografian azaleratzen diren indarkeriazko jokabideak erreproduzitu.
Irtenbidea ez da pornografia zentsuratzea edo debekatzea, hori ez da inoiz eraginkorra izan; gauza jakina da debekatzen dena are erakargarriago bilakatu ohi dela. Harremanak eta konfiantza etxean lantzea da gakoa, gaztetxoen hazkunde emozionalean eta sozialean eragiteko. Izan ere, familiako komunikazioak kontsumo mota eta Internetek nerabeengan duen inpaktua motelduko ditu.
Beraz, sexuari eta harremanei lotutako gainontzeko arloetan gertatzen den moduan, pornografiaren kasuan ere, komunikazioa da gakoa. Garrantzitsua da errealitate horretaz hitz egitea, hitz egiten ez dena ez delako desagertzen, baina hitz egiteak gauzak aldatzeko oinarriak jartzen dituelako.
Erreferentziak:
https://alicantepress.com/art/45345/la-pornografia-perpetua-los-estereotipos-de-genero