Ba al zenekien sexuak osasunean hainbat onura eragiten dituela?

Kaixomaitia.eus

Maitasuna da gure existentzian bizitzea tokatuko zaigun sentimendurik garrantzitsuena, baina fisika eta kimika besterik ez da. Sexu-harremanak izateak hormonen ur jauzia askatzen du gure gorputzean, eta horrek plazera eta zoriontasuna eragiten dizkigu, baina gorputzeko hainbat funtzioetan ere eragiten dute hormona horiek.

Ikerketa zientifiko ugarik erakutsi dute pertsonen osasunerako zein onak diren sexu harremanak; besteak beste, gaixotasun kardiobaskularrak, osteoporosia edo dementziak saihesten laguntzen du jarduera horrek. Onura denak ezagutu nahi al dituzu?

1. Neuronak babesten ditu

Adin batetik aurrera, gure neuronak hil egiten dira, eta horrek zahartzaroko dementzia deiturikoa eragiten du. Izan ere, 35 urtetik aurrera, 7.000 neurona inguru galtzen ditugu egunean. Sexu harremanak izateak, ordea, nerbio sistemako zelulen galera progresibo hori geldiaraz dezake.

2. Analgesiko naturala da

Orgasmoak, endorfinak askatzeaz gain, mina eragiten duten neurotransmisoreak bizkarrezur muinetik emititzea eragotz dezake, eta, beraz, ez dira garunera iristen minaren seinalea aktibatzeko. Sexuak, beraz, analgesiko natural gisa funtzionatzen du.

3. Depresioa eta estresa urruntzen ditu

Endorfinak opiazeoen antzekoak dira efektu analgesikoari dagokionez, baina baita ongizate sentsazioa eragiteari dagokionez ere, eta, beraz, depresioa eta estresa tratatzen lagun dezake sexu harremanak izateak. Oso ohikoa da sexu harremanak izan ondoren negar egitea endorfinen eta emozioen konbinazioa dela eta, baina, lasai, ondorengo efektua positiboa da eta.

4. Zoriontsu egiten gaitu

Sexuak dopamina ekoizpena handitzen du; plazerarekin lotutako hormona da hori, hain zuzen ere.  Dopaminaren ekoizpena eragiten dute, besteak beste, droga askok, baina sexuak ez ditu droga horiek eragiten dituzten albo ondorio kaltegarriak eragiten.

5. Lo hobeto egiten laguntzen du (gizonei)

Sexu harremanak izan ondoren, gorputzak erlaxatu egin nahi izaten du; horregatik, sexua baliabide ona da lo egiteko arazoak dituztenentzat, batez ere, gizonentzat. Adituek diotenez, orgasmo on batek bi edo hiru miligramo Diazepam (Valium) hartzearen pareko efektuak sortzen ditu gizonengan, eta horregatik geratzen dira gehienak lo sexua praktikatu eta berehala.

Emakumeek, ordea, denbora gehiago ematen dute estimulatuta sexu harremanak izan ondoren, eta, beraz, gehiago kostatzen zaie erlaxatzea sexuaren ondoren.

6. Ugalkortasuna handitzen da

Jakinekoa da; maitasuna zenbat eta gehiago egin, orduan eta aukera gehiago izango ditu emakumeak haurdun gelditzeko. Baina antisorgailuak erabilita ere, eta hileroko zikloaren edozein alditan, sexuak aldaketak eragiten ditu emakumeen immunitate sisteman, eta horrek handitu egiten ditu haurra izateko aukerak.

7. Bihotzeko arazoetatik babesten du

Ikerketek azaldu dutenez, astean bi orgasmo dituzten emakumeek arazo kardiobaskularrak izateko %30 aukera gutxiago dute sexua praktikatzen ez dutenek edo orgasmoa lortzen ez dutenek baino. Arrazoia ez dago argi, baina sexuak estresa eta depresioa pairatzea saihesten duenez, gaixotasun kardiobaskularren bi arrisku faktore garrantzitsutatik libra gaitzake.

8. Indartu egiten ditu hezurrak

Amodioa astero egiten duten emakume menopausikoek egiten ez dutenen estrogeno maila bikoitza sortzen dute. Hormona horrek hezurrak babesten ditu, eta haren ekoizpena gutxitu egiten da hilerokoaren etenaldiarekin, baina sexua erregularki praktikatzeak haren ekoizpena handitzen du, eta horrek menopausiaren eragina arindu dezake.

9. Prostatako minbizitik babesten du (50 urtetik aurrera)

Sexua maiztasun handiegian praktikatzeak prostatako minbizia izateko arriskua areagotu dezake 20 eta 30 urte artean dituztenen artean, baina ikerketa baten arabera, sexu bizitza aktiboa duten 50 urtetik gorako gizonek gaixotasuna pairatzeko aukera gutxiago dute.

10. Inkontinentzia arazoak saihesten ditu

Adin ertaineko hamar emakumetik lauri eragiten die gernu inkontinentziak, eta 65 urtetik gorakoen artean, emakumeen erdira iristen da kopurua, Inkontinentziaren Behatoki Nazionalaren datuen arabera. Guztira, Espainian sei milioi pertsonak baino gehiagok pairatzen dute patologia hori.

Gaitz horren eragile nagusia zoru pelbikoan gihar tonurik ez izatea da, eta emakumeek gizonek baino joera handiagoa dute horretarako (%24 eta %7, hurrenez hurren), beren ezaugarri anatomikoak tarteko. Zoru pelbikoa lantzeko ariketa zehatzak badauden arren, sexua egiteak gernu fluxua geldiarazteko giharrak indartzera eramaten ditu emakumeak.

Photo by Hal Gatewood on Unsplash