Prest gaude harreman irekiak izateko?


Harreman irekien gaia nahiko ezezaguna zaigu oraindik. Zer dira? Nola erabaki harreman irekiak izatea? Nola kudeatu? Prest gaude harreman mota hori izateko? Gaiaz hitz egitera ere gutxitan ausartzen gara.

Kaixomaitiak berak egindako inkestaren arabera ere, argi gelditu zen oraindik ere bizitza binaka antolatzeko joera dugula. Horrek ez du esan nahi, harreman irekien gaia kontenplatzen ez dugunik. Hona datu batzuk:

  • Bikote Harremana da harremanak izateko modu nagusia eta desiratua, %7ak soilik ez luke nahi bikotekiderik izan, baina indarra hartzen du harreman irekiaren kontzeptuak, %25ak ggb nahiko luke harreman mota gisa.
  • Desleialtasunari dagokionez, honen aurrean, harremana bertan behera utziko lukete %37ak, baina %65ak bere bikotekidea ez den beste batzuengan badu desio sexualik maiztasunez.
  • Galdetutakoen %42 izan zaio desleiala bere egungo edo aurreko bikotekideari, %14 egungo harremanean eta 10 urtetik gorako harremanetan %25.
  • %51ak izango luke harremanik bikotekidea ez den beste batekin bikotean adostu ezkero eta %40a izango litzateke desleiala bikotekideak jakingo ez lukeen bermearekin; emakumezkoen %30 eta gizonezkoen %48.

Alternatibak

Zer egin harreman monogamoek betetzen ez bagaituzte edo alternatibak nahi baditugu? Harreman irekiak izan ditzakegu. Baina, zer dira? Harreman irekietan, bikotetik kanpo harreman sexualak izatea adosten dute bi aldeek. Hala, ez dago desleialtasunik.

Harreman horiek praktikan jartzeko hainbat aukera ditugu:

Polimaitasuna

Maitasun harremanak, harreman intimoak edo harreman sexualak pertsona batekin baino gehiagorekin izatea da polimaitasuna. Kasu honetan, alde guztiek ezagutzen dute tratua.

Hierarkikoa edo ez-hierarkikoa izan daiteke:

  • Hierarkikoa: harreman nagusi bat dago. Gainontzeko harremanak maila baxuagokoak edo bigarren mailakoak dira.
  • Ez-hierarkikoa: maitasun harreman guztiak maila berean daude, ez dago inolako sailkapenik. Sexua baino harago doaz harremanak, lotura emozionalez ari gara.

Harreman mota horiek praktikatu ahal izateko, argi izan beharko dugu zer den guretzat maitasuna, eta ea bat datorren gure baloreekin.

Erlazio-anarkia

Polimaitasun ez-hierarkikoaren antzekoa da, harreman guztiak maila berean jartzen dituen heinean. Denak: lagunenak, maitaleenak…

Harreman horietan ez dira ezberdintzen lotura pertsonalak, eta ez dira harreman horiek aurrez erabakitako arauen arabera sailkatzen. Horrek ez du esan nahi sexua izaten denik inguruko pertsona guztiekin. Erlazio-anarkian, konexio bakoitza lotura bakar bezala ikusten da, ez da “maitasuna” edota “laguntasuna” bezalako gizarte-etiketarik erabiltzen.

Swinger eta bikote-trukea

Bikotea beste pertsona batengatik aldatzen da, harreman sexualak izateko. Normalean, jolas horiek horretarako prestatutako lokaletan praktikatzen dira. Beste bikote batzuk ezagutzen dira eta arau batzuk daude. Hirukoteak edo orgiak ere egin daitezke bertan, beti ere, bikotekidearen aurrean.

Batzuek ez dituzte harreman sexualak izaten. Nahiago izaten dute gainontzekoak begiratu, edo besteek beraiek begiratzea.

Esklusibotasun sexualik gabeko harremanak

Aurretik aipatutako alternatiben antzekoak izan daitezkeen arren, ez dira berdinak. Kasu honetan, bikotea ez da aurrean egoten besteekin harreman sexualak izatean. Hala ere, praktika daitezke hirukoteak edota noizbehinkako trukeak.

Ez dago maitasun edo sentimenduen inplikaziorik.

Abantailak eta desabantailak

Bikote monogamoekiko, hainbat abantaila eta desabantaila izan ditzakete harreman irekiek, begiratzen dituenaren ikuspuntuaren arabera.

Abantailak honakoak izan daitezke:

  • Harreman sexual gehiago eta anitzagoak.
  • Beste batzuekin probatutakoa bikotera eramatea.
  • Hirugarren bat agertzea ez da mehatxua, bikoteak argi duelako denbora tarte baterako izango dela.
  • Jeloskortasunak desagertzea.
  • Gozatu eta gauza berriak probatzeko aukera.

Desabantaila, berriz, hurrengoak:

  • Nork harreman gehiago izan lehiatzea.
  • Zeloak.
  • Detaileak aipatuz gero, polemikoak izan litezke.
  • Harremanak etengabe ezberdinak izateak ere errutina sor lezake eta aspertu.
  • Beste pertsona batekin maitemintzea.

Oinarri sendoak jarri

Harreman alternatiba horiek guztiek, oinarrian, arauak adostea, komunikazioa eta gezurrik ez esatea dute. Komunikazioa lehentasunezkoa ez ezik, ezinbestekoa da. Hala, kulparik eta zigorrik gabe bizi ahal izango ditugu harreman berriak, etxekoa galdu gabe. Oinarri sendoak izango ditugu gure bikote harremana zaintzen jarraitzeko.

Hori bai, esan ohi den bezala, “bikote bakoitza mundu bat da”. Eta unibertso horretan, bikoteak adosten dituen arauek egon beharko dute indarrean. Arauak hitzartu ondoren, psikologikoki prestatuta egon behar da, eta pixkanaka sartzen joan mundu horretan.

Eredu batzuk aipatu ditugu, baina gehiago ere badaude, noski. Hortik aurrera, konbinazioak nahi adina izan litezke. Bakoitzak nahierara moldatzeko aukera du, prest badago noski.

Gainontzekoek, pentsa dezatela nahi dutena.

 

———————————-

Argazkia Cookie.Wookie.Jar -ena hemendik hartua