A basque in Boise [@basquebombshell, kaixomaitia.eus-eko erabiltzailea]
Jatorrizko testu honetatik hartua eta euskarara itzulia
Lagunek maitasun-istorio tristeak kontatzen zizkidatenean, ziur nengoen ondo ulertu ahal nituela. Haien bihotz apurtua ez zitzaidan arrotza egiten. Azken finean, neu ere banandua nintzen nirekin batera zahartzea nahi nuen gizonarengandik. Urteek ez zioten mesede egin gure harremanari, eta azkenean bide ezberdinetatik joan ginen. Garai hartan, ordea, erabat bestelakoa zen sentimendua. Benetan uste dut, ordea, gogoz saiatu ginela; gutako bakoitza, bere erara. Tamalez, ez zen nahikoa izan. Baina, behintzat, saiatu egin ginen. Gaur egun bera zoriontsu bizi da, eta pozten naiz hala dela jakiteaz.
Bihotza inoiz apurtu ez dioten pertsona bati zer sentitzen den azaltzen saiatzea seme-alabak izan ondoren nola sentituko den azaltzen saiatzea bezalakoa da. Ezinezkoa. Edonola azalduta ere, gertatu ez bazaizu, ezin duzu ulertu, ezta irudikatu ere, une zehatz hori, zeinetan ohartzen zaren jada ez dagoela atzera itzultzerik.
Berdin dio zenbat maitasun-istorio triste entzun duzun, zenbat artikulu irakurri duzun, minak ezustean harrapatuko zaitu maite duzun pertsonak zure aldetik joatea erabakitzen duenean. Urdailean jasotako ukabilkada batekin erkatzen dute batzuek. Eta hala da. Pizti basatien atzaparrak zure bihotza atera nahian ibiliko balira bezala. Horixe bera. Bat-batean, zeri heldu ez daukazula, amildegi batean behera bultzatu zaituztela sentituko duzu. Bai. Tristuraren, suminaren, ezintasunaren eta harriduraren aurrean bakar-bakarrik egongo zara. Etengabe negar, idatzi eta lagunekin hitz egiten hasiko zara, bera zure burutik kentzeko ahaleginean, baina alferrik.
Denborak bihotza sendatuko dizula esango dizute, baina, ni bezala, pazientzia gutxikoa bazara, horrek ez dizu lasaituko. Ez zait gustatzen itxaroten egotea. Planak egitea atsegin dut; zer eta noiz gertatuko den dakidanean, argiago jokatzen dut. Helmugak, epemugak eta ilusioa ditudanean, nire onena ematen dut. Gaur egun ez daukat horrelakorik: deuseztatu beharko nituen planak, egia sekula bihurtuko ez diren itxaropenak eta inoiz beteko ez diren promesak, besterik ez. Behin zirraragarriak izan ziren amodiozko txat horietan idatzita egongo ez balira, errazagoa izango litzateke ahaztea.
Dena den, ez naiz leloa. Badakit praktikoa izaten, eta noiz egin behar zaion aurre egiari. Badakit zerk bereizten dituen saiatzea eta neure burua patetiko uztea. Ondo da. Agian, azkenean, lotsagarri samar jokatu nuen, baina inor ez da perfektua. Agian behea jo behar nuen betiko joana zela sinetsi ahal izateko. Batzuetan, horrela portatu izanaz damu izaten saiatu nahiz, baina ezin dut; ez zait damutzen mezuak bidali izana, ezta, erantzuten ez zidalako, etengabe deitu izana ere. Badakit zergatik egin nuen: harremana bidearen amaieran egon arren, salbatu nahi nuelako. Elkarrekin jarraitzeko zenbat eta biziago borrokatu, orduan eta urrunago aldentzen nuen niregandik.
Ziur nago atzean utziko dudala. Hala ere, ez dut guztiz ulertzen. Ez dakit nora joan den berriki agintzen zidan maitasun osoa. Batek daki norberak zer duen buruan, edo bihotzean. Behintzat, badakit oraindik ere gai naizela berriro maitemintzeko. Jakina, gaur egun ez dut ezta pentsatu ere nahi gogoz saiatuko naizela, beste harreman batean hasiz gero. Baina badakit saiatu egingo naizela. Maitasuna sentimendu ederra da, eta, berriro maitemintzen banaiz, tristurari ez diot onartuko bidean oztopo izatea. Ez dut etsipenaren zama bihotzean eramango. Besteak baino gogorragoa naiz.
Bera nire ondora itzultzeko itxaropenik ote dudan? Bai, noski. Ondo dago hori? Ziur asko, ez. Baina hori sentitzen dut, eta kito. Bizitza aurrera doa, eta, berarekin edo bera gabe, pozik bizitzeko asmoa daukat. Etxeko ateaz bestaldean mundua dago, eta zati txiki bat baino ez dut ikusi. Familia eta lagunak ditut. Harry Potter World bisitatzeko planak ditut; ardoa eta «happy hour» antolatzen dira Barbacoa-n; jateko gogoa ezabatuta, baliteke XS neurriko jeanak berriro janztea; Athletic taldea liga irabazten ikusiko dut, agian; EGA azterketa noizbait gaindituko dut; katalana ikasiko dut, edo alemana, edo portugalera.
Gora bizitza
Argazkia: Me roe_Heartbreak_hemendik hartua [goitik eta behetik moztua]