Teilakatuak I

Zortzi urte igaro ziren L eta biok maitale izateari “utzi” genionetik. Bidaiatzen ezagutu genuen elkar, eta distantzia hasieratik egon zen tarteko. Hilabete batzuen ondoren, ni hara eta bera hona ibili eta gero, ez dakit elkarrizketa zehatz bat izan zen edo naturalki gertatu zen, baina bakoitza zegoen tokian zentratu zen, eta harremana hoztu egin zen. Tarteka idazten genuen mezuren bat, baina elkarren egunerokoaren parte izateari utzi genion. Horrela izaten da batzuetan, eta ondo dago hori.

Beste kontu bat ere bazegoen, baina ez dut uste egiaz eraginik izan zuenik L-rekin nuen harremanean. Agian bai, beharbada azkarrago hoztea eragin zuen; baina bestela ere gertatuko zen, seguru. Kontua da M ezagutu nuela, eta L-rekin gertatu bezala, hasieratik liluratu ninduen. Garai hartan bazirudien maitaleak teilakatu egiten zitzaizkidala, alegia, teila bat bukatzen den leku bertsuan beste bat hasten den bezala, pertsona berri batekin oheratzen nintzenean lehendik nuen ohelagunari agur esateko trantsizioa hasi behar nuela. Monogamia seriala esaten diote horri. Hiltzaileak bezala, biktimak bata bestearen atzetik pilatzen.

Nik ez nuen horrela ikusten, jakina. Eta ez nuen hori nahi. Baliteke inkontzientean kulpa sentitzea, edo egoera kudeatu nahi ez izatea, edo batek daki. Pertsona izugarri interesgarri eta erakargarri bat ezagutzen nuen, inor baino hobea iruditzen zitzaidan, eta drama pixka batekin, aio pelaio! 

Horrela izan zen M-rekin ere: asko gustatu zitzaidan, eta sua segituan piztu zen. Nabarmena zen bion aldetik gogoa zegoela, eta negu hotzeko manifestazio baten ondoren, oinak berotzeko aitzakiarekin, haren etxera joan nintzen. Oinak ez ezik, beste dena ere berotu zitzaigun. Ohera iritsi ginenean, maleta bat atera zuen, dildoz eta jostailuz beteta. Maleta bat! Eta hantxe ni, ume inuxente baten gisan, esperientzia sexual zabala nuelakoan. Haren armamentuari begira, inoiz inork egin gabeko galdera egin zidan: Zer gustatzen zaizu egitea? Aho bete hortz (eta listu) gelditu nintzen. “Egin nahi duzuna”, esan nion, eta jakinaraziko niola gustatzen ez bazitzaidan.

Aurrena bibratzaile bat atera zuen, burua soilik mugitzen duenetakoa. Eskuan jarri zidan, eta masturbatzeko eskatu. Nik, zeharo lotsatuta, baina morboz gainezka, katxarroa aluan zanpatu nuen. Mundiala zen bibratzailearen efektua. Lasaiago aritzeko, hankak zabaldu nituen. Intentsitatea gehitu nuen gurpiltxo bat mugituta. M irribarretxo batekin ari zitzaidan begira, eta, pixkanaka, lotsagabetzen joan nintzen.

Jarraian maletatik egurrezko dildo bat atera zuen: behean heldulekua zuen, gorputza nahiko fina, eta burua biribila. Beldurgarria iruditu zitzaidan, ia ukabil baten tamaina baitzuen, baina ai, zer gozamena! Baginako horma guztietan igurtzi zidan, goitik behera, ezker eskubi, aurrera eta atzera… eta biraoka hasteko gogoa eman zidan, ez dakit minak edo plazerak eraginda. M-k hozka txikiak egiten zizkidan titiburuetan. Bizkarra ahal bezain beste kurbatu bitartean, aluarekin aurrerantz egiten nuen bultza, demonio txiki bat erditzen ariko banintz bezala.

Barrua lehertzear nuen, eta M-ren hankartera hurbildu nuen eskua. Umel umela zegoen. Aurrera eta atzera igurtzi nituen hatzak: iturburuan busti, ongi labainak egon zitezen, eta handik gora, klitorian zirri batzuk egitera. Gero berriz behera. Zuloan zirkulu batzuk egin, xuabe xuabe, eta berriro klitorira. Nabari zen gustatzen zitzaiola, eta pixkanaka azkartzen joan nintzen zirrien abiadura. Aldiro-aldiro mihia pasatzen nion alu gainetik, heze eta zabal, haren isuriak eta nire listua ongi nahasteko, eta eskuarekin igurzten jarraitu nuen, gero eta fuerteago, eskumuturreko giharrek planto egin arte.

Orduan, M-k arnesa jantzi zuen, eta hari lotutako silikonazko zakila bere aluan busti zuen, lubrikante naturalez. Lau hankatan jarri nintzen ohearen albo batean, eta M nire atzean zutitu zen. Arnesa ongi estutu, eta dildoarekin zirikan hasi zen, ipurmasailen artean gora eta behera, alua eta ipurtzuloa ia-ia ukitzen zituela. Zaplasteko eder batzuk eman zizkidan atzealdean. Neuk galdu nuen pazientzia lehenago, eta eskuarekin dildo hezeari heldu nion, nire barrura sar zedin. Pixkanaka bultza eginez sartu zidan aluan, hondoa jo arte. Aldakek nire ipurdiaren kontra jotzen zuten, ttapa-ttapa, eta nik kontrako aldera egiten nuen indarra, ganoraz sar eta atera zedin silikonazko zakila, eta M-ren klitoria ere igurtz zezan. 

Biok izerditan urtu ginen, leher eginda.

Horrelako beste enkontru batzuk izan genituen, baina ez zuen luze iraun gure harreman sexualak. Lagun onak egin ginen, eta beste pertsonekin oheratzen hasi ginen.

Denborarekin, teilakatzeko ohitura horri aurre egiten ikasi nuen. Horretan L izan nuen erreferente nagusietako bat: noizean behineko mezuetan kontatzen zidan hasi zela J-rekin ibiltzen, gero harremana ireki zutela, eta beranduago nola E-rekin oheratzen hasi zen. Atenasen egin nion lehen bisitan biak ezagutu nituen, eta miresgarria iruditu zitzaidan hiruren arteko naturaltasuna. Egun batzuk eman nituen L-ren etxean, eta, gonbidatuen gelarik ez zutenez, bere ohean egin nuen lo. Hara iritsi eta elkarrekin lo egingo genuela jakitean, urduri jarri nintzen. Bi urte ziren ez genuela elkar ikusi, eta berriro ohe berean sartuko ginela pentsatzea pixka bat deserosoa egiten zitzaidan.

Lehen gauean pelikula bat ikusi genuen manta azpian, eta kostata harrapatu ninduen loak, L-ren besoa nire gerrian bilduta. Ezin nintzen lasaitu. Ametsetan musu hezeak eman genizkion elkarri, pasio handiz. Esnatzean urduri jarraitzen nuen, nire buruarekin lotsatuta. Normal jokatzen saiatu nintzen hurrengo egunetan, eta gauza normalak egin genituen: Akropolia ikusi, terrazetan kafe izoztuak hartu, hondartzara joan, janari goxoa prestatu, anbienteko tabernetara joan, J-rekin mahai jolasetan ibili… 

Azken gauean, L-k esan zidan haren ametsetan ere musukatzen ibili ginela. Nik ere aitortu nion antzeko ametsa izan nuela, eta barre egin genuen. Berriro urduri jarri nintzen. Ze ederrak diren bete gabeko desirak!

Etxerako bidean, pentsatu nuen agian ni ere gai izango nintzela pertsona bat baino gehiagoren ohelagun izateko, maitale berri bat aurkitzeak ez zuela lehengoaren amaiera ekarri behar derrigorrez.