Gurasoek sarri esaten zidaten denbora aprobetxatzeko, urteak fite zihoazela, ia konturatu gabe. Gaztetasunetik zahartzarorako zubia laburra zela maiz errepikatzen zidaten. Norbera urteak bete ahala konturatzen da gurasoen esanen fundamentuaz, baina nago belaunaldi guztiei pasatzen zaien kontua dela. Alegia, ez duela erremediorik. Guk gure haurrei ere aholku “onak” ematen dizkiegu, hala ere, guk egiten genuenaren antzeko, esandako guztia bost axola zaien aurpegiarekin begiratzen gaituzte, edo zuzenean antzarrak ferratzera bidaltzea ere suerta daiteke. Esaerak dioen moduan “gazteak baleki, zaharrak baleza” eta zer egingo diogu, bizitzak horrela jarrai dezan nahiko nuke, dena jakingo bagenu oso aspergarria suertatuko bailitzateke.
Arestian aipatu dudan zubi laburrari beste dimentsio bat ematen dio aitaren lagun batek. Azaltzen du ez dela hain laburra, alderantziz, nahiko luzea izan daitekeela, hori bai, beti beheranzko norabidean. Halaber, helduaroa mendi tontor batetik parapentez jaurtitzea bezalakoa da; hots, planeatzea eta planeatzea. Hasiera baten, gailuaren kontrola tinko daramazu eta haize ufadek ez zaituzte gehiegi desorekatzen, hori bai beti beherantz zoaz eta lurreratzea beti da bortitza. Lagun zahar batek kontzeptu hau esaldi bakar baten laburbiltzen du: berrogeita hamar urtetik aurrera, berrogeita hamabost akaso, bizitzan zehar zure burua zaindu baduzu, GAINBEHERA dator. Eta nik zer esango? Bada oso gertu nagoela, AURREGAINBEHERA bezala defini dezakedan, nahiz berez definitzeko oso zaila den bizitzaren arotik. Normalean, etapa honetan zaudela seme-alabak nahiko koskortuak izaten dira eta nire kasua ez da salbuespena, Irantzuk hemeretzi urte bete baititu dagoeneko. Egiari zor, oso harreman berezia daukat berarekin, konfiantzazkoa esango nuke, normala ohi denez bere kontu eta sekretu guztiak kontatzen ez dizkidan arren.
Helduarora iritsitako askok nerabe eta gazte denboratako sentimenduak ahaztuak izaten dituzte edo horrela diote behintzat. Ez da nire kasua, oso ondo oroitzen baititut garai hartako segurtasun ezak, emozioak, norbere kabuz norbait izateko grinak eta heldu itxura emateko egiten genituen imintzioak eta zozokeriak. Horren guztiaren jabe izanak, hala pentsatzen dut behintzat, seme-alaben portaerak ulertzen eta harremanak bideratzen lagundu izan didate. Bestalde, Irantzu, izaeraz, oso da nire antzekoa: itxuraz ausarta eta kementsua, baina zalantzaz eta lotsaz betea. Adibide modura, ikasketetan beti ondo ibili den arren ez du bere buruarengan ziurtasun sobera eta etsamina bezperak sufrikarioa izaten dira berarentzat eta ingurukoentzat. Hein baten kontu hauengatik, eta beste hein baten, ezagutzera iristen ez naizen beste batzuengatik, afera da harreman kuttuna dugula, konplizitatea ere dei dakiokeena. Hargatik, duela aste batzuk bikotekidea zuela esan zidanean ez nintzen gehiegi harritu. Pasadan astean aldiz, lehenengo harreman sexualak izaten ari zela esan zidan. Ez zidan ezer galdetu, onespen edo antzeko zerbaiten bila ere ez zebilen, esango nuke jakinarazpen antzeko bat transmititu zidala eta, horrekin batera, zeharkako itaun moduko bat: “aita, zerbait esan nahi badidazu, orain duzu aukera”. Lotsatia eta berantiarra neu, bere amarengana bidaltzekotan izan nintzen arren, ez zitzaidan bidezkoa iruditu. Niregana etorri zen eta nik eman behar nion arrapostu. Gauzak argi esanda, ez nintzen finegi aritu eta ohikoak izaten diren lau gomendio merke ematera iritsi nintzen doi-doi. Hori bai, erabat hunkitu nintzen eta begietatik malko finak isurtzen zitzaizkidala, egiten zuena egiten zuela beti pila bat maiteko nuela esan eta musu eman nion.
Egun hartan gorputzaldi arraroa geratu zitzaidan. Oheratu nintzen bai, baina barne emozioak sosegatu ezinik nenbilen eta ezin nuen lorik hartu. Pentsamenduetan murgildu nintzen eta hamarkada batzuk atzera egin nuen jauzi. Irantzu baino apur bat nagusiagoa izango nintzen sasoira. Hogei urte inguru nituen, zozo samarra eta Jaengo olioa bezain birjina. Larunbat gaua izaten zen egun kuttuna, ez gertaera ikaragarriak gertatzen zitzaizkidalako, baina tira, beti zegoen gerta zitekeenaren ilusioa edo esperantza. Larunbat horietan lagunekin irteten nintzen, tabernaz taberna, garagardoak edatera eta bide batez politikaz eta kirolez hitz egitera. Gure taldetik kanpo ez nuen gehiegi sozializatzen eta neskengana hurbildu are gutxiago. Ezagunak zirenak agurtu eta bada hemen lagunekin, pote batzuk hartzen, bai giro ederra dago hori izaten zen gure hitz trukaketaren sakontasuna. Gaua bukatzerako, jada nahiko horditurik, etxerako bidea hartzen genuen, igandeko biharamun gogaikarriaren zain.
Larunbat tipiko horietako baten, ez-ohikoa zen gertaera jazo zen. Neska talde bat guri, bai guri, hurbildu zitzaigun. Gu baino dezente biziagoak ziren eta laster jarri ginen gogotsu solasean. Nik, berehalaxe, agian isilenetakoa zelako, ile kizkurra eta begi urdinak zeuzkan neskari erreparatu nion. Xarmanta iruditu zitzaidan, bazuen zerbait berezia, benetakotasuna transmititzen zuen haren bisaiak. Hitz egiten hasi nintzaion eta solasaldi luze eta arras interesgarria izan genuen. Ni baino zaharragoa zen eta ume txiki bat zuen. Une hartan umearen aitarekiko harremana etenda zuen eta banatzekotan ziren. Ez dakit nola esan, atmosfera serio batean sentitzen nintzen, helduak bezala hitz egiten, pertsona nagusiak bagina bezala.
Hurrengo larunbata iritsi zen eta ohiko plana egin genuen. Hala ere, larunbat hartan beste animo batekin irten nintzen, aurrekoan jazo zena bainuen gogoan. Tamalez, ez zen ezer gogoangarririk pasatu. Aurreko larunbateko neska taldearen arrastorik ez, eguraldi eskasa gainera, euria bota lan, eta asperdura nagusi. Nekatua eta burumakur, lagunei agur txikia egin eta etxerako bidea hartu nuen. Bide erdia eginda izango nuen auto beltz bat nire parean jarri eta bat batean gelditu zenean. Leihoa ireki eta hara non, iragan larunbateko neskatila begi urdina. Harri eta zur geratu nintzen, zer esan ez nekiela:
— Igo autora — esan zidan berak.
— Zer sorpresa! Gau osoan ikusi ez eta orain agertzen zara – nik erantzun.
— Nik zu ikusi zaitut ordea. Lagun batekin nengoen Petaka tabernatik irteten ikusi zaitudanean. Ez dut asko pentsatu, tabernatik irten eta zure atzetik abiatu naiz.
— Ausartu zara gero! Eta zure laguna?
— Lasai, ez da galduko.
Une batez isilik geratu nintzen, berari so. Benetan ederra zegon: soineko zuri bat eta haren gainetik jaka beltza zeraman soinean, ongi makillaturik, ezpainak gorri eta begi urdinetan distira berezia. Jaka kendu zuen eta soineko zuriak bere silueta perfektua marrazten zuen, bularralde oparoan jarri nuen arreta eta hura ferekatzea zenbat gustatuko litzaidakeen pentsatzen hasi nintzen. Konturatu gabe, autoa martxan jarri eta azeleragailua sakon sakatu zuen:
— Nora goaz? Galdetu nion.
— Azken kopa hartzera.
— Baina dagoeneko dena itxita egongo da.
— Badago leku bat itxia ez dagoena eta sartzen utziko dizut, baldin eta nire izenaz oroitzeko gai bazara.
— Ados, goazen Oihane!