Txokolate kikara bete

Ez deirik, ez dei galdurik, ez mezurik, ez ahots mezurik. Gaur inork ez du ezer esateko gogo edo desirarik antza. Udazkena da, euria ari du. Jendea oporretara joan da, ez dakizu norekin egin planak. Arrazoiak behar dituzu etxetik ateratzeko eta abenduko zubirik luzeena grisa eta bustia izatea desarrazoia dela badakizu; zubirik grisena moduan izendatu duzu zure barrunbeetarako. Gertatzen denari izena jartzea beharrezkoa da. Bi aukera dituzu arre edo so, A ala B, A ala Z. Lehenengoa, etxean gelditu eta japoniar zuzendarien film “bereziak” ikusten gelditzea. Bigarrena, kapusaia eta katiuskak jantzi eta kalera ateratzea.

Arrazoiak behar zenituen etxetik ateratzeko eta udazkena hasi orduko erosi zenituen katiuskak estreinatzea pixuzko arrazoia da. Ezerezera begira, Bilbo zaharrerako noranzkoa hartzean, San Anton zubia grisa eta sendoa dela ohartzen zara. Gauean itzuli eta graffiti bat egitea ideia ona dela iruditzen zaizu: “Zubirik grisena”. Ulertu behar duenak ulertuko du, ikusten dugunari izena jartzea ere beharrezko dugu askotan. Izenik gabe, izanik ez.

Mugikorra dardarka dabil, bai, orain norbaiti edo norbaitzuei zerbait esateko gogoa sartu zaie. Ahots mezu bat: “Bilbotik zabiltza? duela gutxi itzuli naiz, zerb…”. Isiltasuna.

Ondotik igaro berri den txirrindulariak, artetsuki eskuetatik mugikorra ebatsi eta erriberako merkatua aspaldi igaro duela jabetzen zara. “Aupa Txapeldun!”, oihukatzea beste ez zaizu gelditzen, atzetik korrika egiteko inertziatik ihes egin duzu katiuskek ez dizutela uzten konturatu zarenean. Negu aurreratu honetako posmodan harrapatua. Zu. Orain bai ezetz, ez deirik, ez dei galdurik, ez mezurik, ez ahots mezurik. Mugikorrik gabe eta lagunik gabe hiritik barna. Wallapopetik oherako somierra erostea pentsatu
duzu etxera itzultzean, zorua hotzegia dago koltxoiak lurrean botata jarraitzeko. Gainera, duela gutxi Bilbora itzuli den lagun horren mezu guztia entzutea nahiko zenuke; Zerb… Zerbait hartu? Zerbait entzun? Zerbait esan? Zerbitzari izan nahi duzu? Zerbitzatu nahi nauzu? Zerbikalak laztanduko dizkidazu? Nola jarraituko ote du mezuak edo nola nahiko zenuke jarraitzea?

Amorruaren amorruz pareko kontainerra ostikoz jo eta gustatu egin zaizu, ostikada arrazoitua dago. Sirena hotsak, argi urdinak, anbulantzia etab. Oineko behatz txikia hautsita ospitaleruntz zuzenean. Zubi grisaren izena inoiz baino justifikatuago eta zoritxarrez, graffitirik gabe geldituko da gaur gauean.

  • Gutxienez hilabete oina geldirik mantendu beharko duzu, hobe makulu baten laguntzarekin ibiltzen baldin bazara.
  • Mila esker! plazera sentitu dut kontainerrari ostikada jo diodanean.
  • Zu bezalako jende zintzoa eta gardena oraindik badela jakiteak poza ematen du.

Esan dizu ondoan duen zakurra laztantzen duen bitartean.

Ez zenuen egindakoagatik zoriontzerik espero, baina ez dago gaizki noizean behin, norberak egiten duena goraipatzea. Oineko behatz txikia apurtuta, aldiz, katiuskak erosi berritan bezala daude. Mediku batek bere sentimenduak agerian utzi dizkizu, estimua dizu. Mediku batek errepikatzen diozu zure buruari. Mediku batek.

Jende bila gabiltza. Plazera sentitzean, ezkutatuko ez duen jende bila.

Jende mota hori zarela esan berri dizute, nabari da ez zaituela ezagutzen. Beti definitu izan zara pertsona estoiko moduan, zurrun, urrun, lehor, badaezpada, iruditegi kolektiboko harri estandar bat. Ume moko bat zinenetik argi utzi dizuten gauza bat izan da hori, helduen musu behartuei uko egiten zenionetan, soinekoak jantzita kalera atera eta irribarrea galtzen zenuenetan “zeinen serioa zaren!”, “katuak jan ahal dizu mihia?”. Halakoa zinen edo halakoa bihurtu zintuzten eta halakoa zinela sinetsi zenuen. Ez du
inporta. Eta orain bapatean harrobiko harririk buztintsuena bazina?

Parean duzun ezezaguna zerbait esan nahian dabil, arimarik gabeko kontsultatik beste nonbaitera eraman nahi zaituela susmatzen duzu. Zizelkatzea nahi zaitu. Zizelkatu zaitzaten nahi duzu. Ez, merezi duzun tronuan ipini zaitzaten nahi duzu.

Printzipioz, buztina eta kontsulta hotzak dira; pareko ezezagunaren planta momentu oro kartsuagoa. Zakurrak isatsarekin kilimak egiten dizkizu behatz txikian. Top baten luma gorria irudikatu duzu zure gorputz osoa laztantzen. Mugitzean fusta hartu eta gogor zigortuko zaituen Top heldu baten luma, eta zu, zigor horren bila zure ama izan zitekeen Top hori zirikatzen duen Sub bihurria.

Gabonetako argiak izan zitezkeen baina fluoreszenteen argi hori, laranja elektrikoek apaintzen dute zenbatu ezin dituzun minutuko tarteetan zorua zein paretak; goizegi da paratzeko eta dibertigarriegia da gertatzen dabilena inongo mehatxurik sentitzeko. Begiak itxi eta aspaldi desiratutako Bilbo desitxuratua disfrutatu nahiak ez dizu gelditzeko paradarik uzten. Distortsionatu zaizkizu lagunen mezu nahasiak, koloreak eta oreka. Zerbait hezea eta biguna igarri duzu belarrian. Kalanbre bat tinpanoan, ahots bat barnean: zerk emango lizuke plazer handiagoa, kaka egiteak, jateak edo masturbatzeak? Plazeraren puntu gorenera heltzeko behar zenuen bero haragitua zure lepoan zehar bide egiten hasi da. Kolko umela dastatu guran behatzak bertan bustiaz gorputzeko iletxo guztiak zut. Titiburuak gogortu zaizkizu kontrastean artilezko jertse gorriren kontra, eta alua zukutu.

Isiltasuna. Isiltasuna, arnas estuaren soinua urrunean eta bi begi zuri begira. Sentimenduak dituen medikuaren arrastorik ez eta kontsulta zirudien gela erdi hutsa. Bustita zaude, goitik behera blai, gainean txiza egin izan bazenu bezala.

  • Kaixo txiki – ez dakizu bere izena.

Txakur batekin zure lehen orgasmoak beste dimentsio batera eraman zaitu? Nonbaiten ingresatu zaituzte zoofilia diagnosiarekin? Zer da ezereza dirudien gela hau? Eta zergatik sartu dute txakurra zurekin? Altxatu egin zara gora begira anaia nagusiaren tankerako ahots bat bueltan itzuliko zaizulakoan, baina ez, soilik zure behatzean duzun minak berriz ondoan duzun koltxoian jesartzeko agindua eman dizu. Lau pareta, sabaia eta lurzorua, karratu perfektua. Aterik eta leihorik gabeko karratu perfektu batean preso. Edo libre?

  • Drogatu naute, – pentsatu duzu. – Drogatu naute. – Errepikatu duzu ahots goran oraingo honetan.

Aurpegia ukitzen duzu, begiak ohi baino gehiago zabaldu, ezpainen zaporea frogatu… txakurra geldi duzu parean, katuek ez bezala, ez zaitu begiradaz epaitzen, eta agian horregatik molestatzen dizu; hor dago eta listo, aparenteki ez du pentsatzen, ez da mugitzen, arnastearekin nahikoa du. Dimentsio aldaketa honek ez dio zuri bezainbeste eragin.

Ez dakizu zer egin, edo hobeto esanda, zer egin beharko zenukeen. Despisteak ez dizu alboan duzun txokolate kikara lehenago ikusten utzi. Potolo dago txokolatea, zuri gustatzen zaizun bezala, eta bero oraindik. Konturatu berri zara gose zarela, eta momentuz behintzat ez duzula txakurra jan beharko. Ez duzu horren argi alderantzizkoa gertatuko ote den, ez dago inguruan txakurrarentzako janaririk eta; txakurrak ez luke berdina pentsatuko. Agian ez zenuke txokolatea jan beharko, agian beste drogaren bat izango du, ez zara fio, baina kriston itxura ona dauka eta zintzoki gose zara. Atzamarrarekin pixkatxo bat frogatuko duzu ona al dagoen konprobatzeko, eta hala bada, koilarakada bat besterik ez duzu hartuko, elikagai faltagatik ez zorabiatzeko, fuerte egon beharko duzu datorren edozeri aurre egiteko.

  • Mmmm… ez dirudi ezer duenik…

Ez dago koilararik. Eskubiko adierazlea eta bihotz atzamarrak lagunduta, txokolate pixka bat hartu eta ahora eraman duzu. Pfff. Zerua. Beste pixkatxo bat, oraingoa aurrekoa baino handiagoa. Masturbatzeko ohi erabiltzen dituzun atzamarrak plazer emaileak egiten ari zaizkizu honetan ere. Ahoan dituzu oraindik geratzen zaizkizun txokolate orbanak txupatzen, kikaran dagoen txokolate guzti hori jan nahi duzu.

  • Beste pixkatxo bat…

Txakurra begira duzu eta lehenengo astiro eta geroago antsietatez amaitzen zaude txokolatearen azken papurrak txakurrari begirada eusten diozun bitartean. Lotsa presarekin lehian. Begiak klitoria bezain puztuak. Listo. Umeak bezala etzan zara ohean atzamarrak ahoan eta pixkanaka lo geratu zara.

Lasai zaude ohean etzanda, pozik zaude ezerk ez zaituelako kezkatzen, ezerk ezin zaituelako kezkatu irteerarik gabeko logela batean. Azken hilabeteetan nahi ez zenuen moduan ikusi eta irudikatu izan zara, uneoro mihia kanpoan daraman txakur mingain luzea lez. Edozer gertatzen zela ere, mingaina beti kanpoan eta irribarrea galdu gabe. Norbaitek makilatxoa botatzeko zain, besteen arreta zeureganatzeko zain, besteen maitasunaren zain, zain, zain eta horren ostean zain. Zaintasunez bizi izan zara azken hilabeteetan, noraeza ipar.

Orain ez duzu besteen aurrean agertzeko beldurrik, txakurrak kenduta, inork ez zaitu ikusten. Egoerak barregura ematen dizu, hortxe daukazu parez pare izan zarena, zuri so, txakur mingain luzea. Txokolatea jateak eman dizun plazeragatik izan ez balitz, ametsetan zaudela uste izango zenuke.

Dena ondo doa, gela zuri batean zaude txakur batekin eta txokolatez beteta egon den taza batekin. Alegeratu egiten zara, txakurrak lagunkoia dirudi, zure moduan. Baina bakarrik dago, zure moduan. Argi daukazu, dagoen dena da biontzat eta ez dagoena ere bai.

Tripa beteta lo hartzeak badirudi digestioan ez dizula lagundu. Hala ere, gehiago egongo balitz berdinean jarraituko zenuke, atzamar bat bestearen atzetik, zein baino zein gehiago busti guran. Zein sartu barrurago erabakitzen edo zeinekin inguratu modu basatiagoan inor aurreratu ez dadin. Azukretuta dauzkazu erraiak, beraietara iristeko gutxi falta zaizula susmatzen duzu. Burkoarekin estali zara, burkoa estali duzu eta atzamarrek lehian jarraitzen dute, ez daukate atseden hartzeko presarik. Presaz bizi izan zara eta presan ere bilakatu izan zaituzte, presa gozo eta kontsumitzeko erraza. Absurdoan bizi izan zara. Bai, hori da, Presa izango da parean duzun izaki mihi luzearen izena.

Ez deirik, ez dei galdurik, ez mezurik, ez ahots mezurik. Presaren zaunkak, arnas hotsak eta intziriak beste ez dituzu entzuten. Isiltasuna goian behean, ezker eskuin, isiltasun zuria. Behin Squamish aranean elurrez inguratutako mendietan bizi ziren mojei entzun zeniena konfirmatzen duzu: “hirian uneoro sirenak besterik ez dira entzuten, gure gizartean isiltasuna desagerpen arriskuan dago” iristen ari zara, errai azukretuetara iristen ari zara. Sentitzen hasi zarena ez da mugikorretako deiak bezalakoa, beste dei mota bat delakoan zaude. Zu al zara AUKERATUA?

Gora begira zaude, ez duzu inoren deirik behar, zeure buruari deika zabiltza. Zerbaitekin konektatu guran begiak itxi dituzunean, ordea, usain arraro bat sartu zaizu sudur zuloetatik. “Hau da isiltasunaren usaina?” galdetu diozu zeure buruari. Ezkerreko begia zabaldu duzu kontzentrazioa galtzeko beldurrez. Ados. Presak kaka egin du. Hor dago kaka egin bitartean oheari begira, betiko moduan mihia kanpoan eta irribarre egiten. Zuk ere gela honetan sartu zarenetik, hobeto esanda, sartu zaituztenetik ez duzu kakarik egin. Deika ari zaizu Presa. Bere ondoan bera bezala gustura egongo zinatekeela esan nahi dizu. Inoiz ez zara kalean edo lurrean kaka egitekoa izan, baina beno, beti dago lehen aldi bat edozertarako.

Prakak jaitsi eta bere ondoan makurtu zara oheari begira. Beldur zara, duela astebete ipurtzuloan odol-piku bat ikusi zizun lagun batek eta zu zeu ere behatzarekin ibili zara ezezaguna zaizun lore uzkitiar bigun eta larroxa ukitzen. Pentsatu duzu ipurdiak demokratikoki berdintzen gaituela esan zuenak ziur ez duela kaka egitean apurtuko dion odol-pikurik ipurtzuloan. Denok izan beharko genuke ipurdia apurtzeko forma aukeratzeko eskubidea. Jada ez duzu ezertan sinesten.

Ez zenuke odoletan hasi nahi, aski duzu kaka “normal” egitearekin. Lehenengo saiakera, suabe hasten zara badaezpada. Arnasa hartu eta kolpe txikiak emanez abdominaletan eta hesteetan. Hor doa, gogor xamar aukeran. Zulora iristen denean kosta egiten zaio ateratzea eta gehiegizko esfortzua eskatzen dizu, gelditu egiten zara. Bekainetarainoko hotzikara batek zeharkatzen zaitu. Bigarren saiakera, arnasa hartu eta kolpe txikiak berriro, bai edo bai pasatu behar du langa, beraz, mina plazer bilakatzen saiatzen zara. Zuloa hiru zentimetro irekitzen da gutxienez eta lurra ukitu aurretik berriro ia guztiz itxi da. Lau bolatxo deformek osatzen duten pieza bateko garaikurra da. Adrenalina igo zaizu, kriston lasaitasuna, zoriona, poza eta plazera. Zure obra.

Ohe gaineko izarari tira egin, ipurdia garbitu eta prakak berriro igo gabe hobeto sentitzen zara. Presaren mierda eta zurea bi eskuekin hartu eta gelaren bazter batean uzten dituzu. Zure kaka ukitzen duzu, baina gogorregia dago, Presarena askoz hobea da marrazteko. Paretan idazten duzu: Zubirik grisena, gelarik zurienean. Behatza miazkatuaz batera besarkada bat ematen diozu ondoan duzun izaki bakarrari.

Dena ondo doa, gela zuri batean zaude txakur batekin, txokolatez beteta egon den taza batekin eta bi kaka tontorekin. Alegeratu egiten zara, txakurrak lagunkoia dirudi, zure moduan. Baina bakarrik dago, zure moduan. Argi daukazu, dagoen dena da biontzat eta ez dagoena ere bai.

  • Zer jarriko digute gero jateko, Presa?