Eguna luzea izan da. Iratzargailuak jo duenetik, ez duzu ia arnasteko ere denborarik izan. Dena presak, presioa, aginduak, erritmo frenetikoa eta nekea izan dira. Nagusiaren sermoi amaigabeak, erantzun beharreko lan-deiak, amaren kexak betiko kontu berdinekin, erosketak, garbiketa, zereginen lista bukaezin hori eta zure hormona bihurrien dantza eroa hilabete honetan berriro.
Amaitu da, astelehena, azkenean. Amaitu da aste berri bati hasiera eman dion astelehena, azkenean.
Eraikineko eskailerak igo dituzu banan-banan, poliki, etxera laster iritsi nahi baduzu ere, egun luzeko zama guztia gainean daramazu eta. Pisutxuak dira beldurrak, urduritasunak, azaleratu gabeko haserreak, nekea… Ez dizute arin eta astiro ibiltzen uzten. Izan ere, oso pisutxuak dira zama emozionalak, fisikoak baino askoz gehiago. Hori ongi dakizu zuk.
Giltzak atera, atea ireki eta etxera sartu zara. Zuretzat babesleku den txokora. Irri, malko, beldur, tristura, poz eta bizipen guztien lekuko den zure paradisura. Babestuta sentiarazten zaituen leku sakratura.
Zapatak erantzi eta segituan ilea lotu duzu, betiko korapilo zoragarrian. Antza denez, sabeleko korapilo guztiak gutxinaka askatzen joateko, ilekoa lotzea derrigorrezkoa da zure kasuan. Moño nahasi horrekin, hobeto pentsatzen duzu beti.
Motxila eta berokia ohera bota dituzu. Jasoko dituzu gero, akaso…
Bainuko ura piztu duzu.
Nola liteke nagusiak dokumentu hori biharko amaitzea eskatu izana? Benetan posible dela uste al du? Egin dezala berak… Egin dezala zerbait! Lan egin dezala behingoz!
Nola liteke amak, betiko lez, errua, niri bota izana gaur ere? Nire iritzia botatzen dudanean, hitz egokiak aukeratu ez ditudalako eta isilik geratzen naizenean, ezer ez esan ez dudalako… Aukeratzen dudanean nahikoa pentsatu ez dudalako eta erabakirik hartzen ez dudanean, geldirik geratzen naizelako. Noiz ulertuko du heldua naizela jada, nire bizitza nahi bezala bizi behar dudala?
Pentsamenduak korrika hasi dira alde batetik bestera, norabiderik gabe hasi dira mugitzen azkar, presaka, noraezean.
Nola da posible kotxea berriz apurtu izana? Ez da hilabete bat bera ere pasa azken aldiz konpontzera eraman nuenetik!
Kaka! Dentistara deitu behar nuen gaur hitzordua hartzeko eta berriz ere ahaztu zait!
Erosketak egitean gatza erostea ahaztu zait… eta ogia ere bai! Ez daukat biharko bazkarirako bokata prestatzeko ogirik… Auskalo zer prestatuko dudan orain…
Hasperen egin duzu. Iritsi dadila ostirala berriz, mesedez.
Arropa erantzi duzu: galtzerdiak, gona gorria, kamiseta beltza, kuleroak eta bularretakoa. Bularrak aske sentitu dira orduan. Azkenean…
Ezpainetako gorria ezabatu eta aurpegia ur hotzarekin garbitu duzu. Ur hotzaren kontaktuak pentsamenduak pixka bat izoztu ditu.
Nekearen eta egin behar guztien salatari diren begi-zuloei ateratzen utzi diezu makillajea kentzean.
Hamabost urte dituzunetik daramazun eraztuna eta amonak oparitu zizkizun belarritako kuttunak kendu dituzu. Ordularia ere bai… Ordua eman baina denbora guztia lapurtzen dizun ordularia.
Biluzik geratu zara komuneko ispiluaren parean.
Bularrak ohi baino puztuago daude, laster, hilekoa iritsiko den seinale. Leun laztandu dituzu, suabe. Irribarre egin diozu zure isladari. Polita zaude gaur. Ederra zara kareta kentzen duzunean, ispiluari konfiantzaz begiratzen diozunean, indartsu, lasai. Ederra zara zure gorputza mehatxurik gabe begiratzen duzunean, presiorik gabe miresten duzunean.
Beheko ezpainari kosk egin diote goiko hortzek.
Giroa lurruntzen ari den bainuko ur beroak hankartea epeldu dizu.
Musika piztu duzu: “izpi txiki-txikiren bat agertuz doa gaurkoan ”entzun da irratiaren bestealdean.
Hanka bat sartu duzu ur epelean, ondoren bestea. Pixkanaka makurtzen joan zara urak gorputz guztia estali dizun arte. Ur beroa, goxoa, zoroa… Zorogarriak dira uraren laztan lotsatiak.
Begiak itxi dituzu eta bozgarailuetatik irteten den melodiarekin dantzan hasi dira ezpainak: “poztasun handi batek besarkatzen nau”.
Harnasa hartu duzu sakon eta poliki ateratzen utzi duzu, barnea hustuz, kezkak uxatuz, urduritasun guztia kanporatuz, barrukoak askatuz, buruan bueltaka dabiltzan koroapiloak deseginez. Arnasten uzten ez duten korapiloak.
Ura kilimak egiten hasi zaizu, belarrietan, lepoan, titi puntetan, zilborrean, izterretan, aluan.
Gerria mugitzen hasi zara kantaren doinuarekin batera gora eta behera. Eskuekin ezpainak laztandu dituzu, mingaina ahotik atera duzu mugimendu erakagargarriak egiten dituzun bitartean.
Beroa dago ura, beroa dago giroa… bero zara ta bero zaude zu.
Bi eskuekin hasi zara bularrak ukitzen mugimendu zirkularrekin eta zentzumen guztiak esnatzen hasi dira. Poliki, titi puntak ukitu dituzu tinko bi behatzekin. Gogorjarri zaizkizu, tente.
Eskuek gorputza zeharkatzen jarraitu dute: sabela, lepoa, ipurdia. Ipurdia indarrez eutsi duzu.
Alua puztu zaizu, gorputz osoa puztu zaizu. Alua asko busti zaizu barrutik kanpora baina egarri zara zu. Inoiz baino egarriago.
Ezin duzu gehiago.
Eskuak poliki hankartera hurbildu dituzu. Zure bihotz-taupada lasterrek ezin dute jada eskuen mugimendu geldoa jasan.
Behatz bat lehenengo, zure aluko ezpainetatik. Gero bi… eta jada paradisuan zaudela dirudi.
Klitorira hurbildu zara zihur hankak gehiago zabalduz. Ez dago atzera bueltarik, gorputz osoa hasi da dantzan, zure buruak ezin du erritmoa kontrolatu, pasioa eten. Zure buruak, behingoz, ezin du sentitzen duzuna, esaten duzuna, egiten duzuna ez eta zarena kontrolatu.
Pentsamendu guztiak isildu dira,
Mugimendu zirkularrak berriz, aluan egiten duzun presioa aldatu, behatzak barrurago sartu, burua atzera erortzen utzi, ezpainari kosk egin.
Gorputzaren olatuak. Uraren kilima gardenak, garbiak. Bihurriak.
Titi puntak gogorrago daude orain eta berriz ukitu dituzu. Begiak ireki dituzu zure gorputz bustia begiratzeko. Ispilu parean topatu duzu zure irudia berriro. Begirada basati batek begiratzen zaitu parez pare, ezpain gorri batzuek musu ematen dizute, mingain ero batek mihazkatzen zaitu. Alua guztiz zabalik daukazu, gerria dantzan, titiak puzturik.
Ze ederra zauden horrela, mundua ahaztu eta basati agertzen zarenean. Zugandik espero dena alde batera utzi eta benetan zaren horri lekua uzten diozunean.
Arnasaren erritmoa zein doinua igotzen doaz. Ahotik oihu isilak ateratzen dira. Plazerrez lehertzear zaude.
Elektrizitate korronte batek zeharkatu dizu gorputza, izterrek dardar egin dute, begiak itxi dituzu. Zure gorputzarengan zenuen control txiki hori galdu duzu bapatean.
Orgasmo bortitz batek besarkatu zaitu. Zugan inolako asmorik ez zuen orgasmoak. Orgasmo zoragarri horrek zeharkatu dizkizu azaleko txoko kuttun guztiak. Azaleko txoko sekretu eta ilun guztiak. Arnasa botatzean, oihukatu duzu. Oihuak ez dira isilak orain.
“Garrasirik ozenena”.
Begiak ireki dituzu berriro eta irribarre dizdiratsu bat margotu zaizu begietan.
Gaurko eguna eta horrek zekarren presio guztia atzean utzi duzu.
Masailak gorriak dituzu, ezpainak irribarretsu, begirada lasai eta gorputzak ez du lehen zeraman zama guztiaren arrastorik.
Ze polita den masturbazioa norberarenganako errespetuan, konfiantzan, autoestimuan eta maitasunean oinarritzen denean.
Ze erotikoa den sexua ausardian, lasaitasunean, berdintasunean eta askatasunean oinarritzen denean.
Ze polita den zure gorputza orduan. Ze erotikoa den sexua orduan. Ze erakargarria den sexua orduan… ze erakargarria den sexua soilik eta soilik orduan.
“Negua joan da ta…”
Negua joan dela dio Zea Maysek. Kanpoan, hotza ari du oraindik abenduko astelehen ilun honetan. Aitzitik, hemen barruan atertu du dagoeneko. Kanpoan ez dakizu negua joan den edo ez, baina gaur, zure gorputza loratzen hasi da eta hemen barruan, behintzat, bai, piztu da udaberria.