Kontaketa hau, Kaixomaitia.eus atariak Elkar argitaletxearen laguntzaz antolaturiko Kontaketa Erotikoen II. Lehiaketaren finaehiaketaren finalista da. Leihaketaren finalista guztiak orri honetan topatu ditzakezu eta bozkatu zein den zure kontaketa kuttunena.
Tximeletak sabelean, suge batek estutuko bailizun barrena, elurretan zehar abiatu zara auzoko saunarantz. “Zirrara hori mundiala duk!” esan dizu Beñatek arratsaldeko zita aipatu diozunean. “Sexuaren aurreko urduria, azal berriaren iragartzea, misterioaren aitzineko ezinegona mundialak dituk eta inbidia ematen didak” errepikatu dizu Beñatek, eta zuk agian ez dela ondo aterako, ez dakizula neskak benetan zer nahiko duen, hanka sartzeko beldur zarela. “Horregatik, aizak, horregatik dituk tximeletak sabelean, txortan egitea ziurtatuta bahu ez lukek inolako graziarik izango” esan dizu barrez Beñatek. “Ipuin bat irakurtzea bezalakoa duk, aldez aurretik bukaera baheki, akabo” eta besarkada batekin eta zorte ona opatzen agurtu zarete Vänköping-eko kale elurtuetatik auzoko saunarantz abiatu zarenean. Vänköping-eko unibertsitatean Erasmus ikaslea da neska, zu bezala, eta Ryds Herrgård pubean orain dela bost egun ezagutu zenuenean bere izenagatik galdetu zenion. “Nathalie”. Bordelesa da, azal zurikoa frantziarrak bakarrik izan daitezkeen bezala, betile luzekoa eta begiratu zintuenean irribarre egin zizun ez soilik ahoarekin, baita masailekin eta begiekin ere. Hau nahikoa zen zuretzat, eta asko hurbildu zinen eta ‘Nathalie’, Gilbert Bécauden abesti hura, zure kuttunena dela esan zenion. Harritu eta ziztu bizian masailak gorritu zitzaizkion. Elisa, Manon, Margot, Désirée, Judith, Jeanne deituta ere zure abesti gustukoena dela esango zenion, abantailaren bat izan behar baitu musika frantziarra ezagutzeak. Ingeles hankamotz baina eraginkorraz elkarrizketa suediar ohituretara bideratu zenuten, eta bizi zareten auzoan ikasleentzako saunak daudela esan zenion. Ez zekien. Gaur geratu zarete biok saunara joateko, bakarrik. Suge bat barrenean kizkurtuta bazenu bezala sentitzen zara, bihotza zoro, ez dituzu ezta nabaritzen ere aurpegian itsasten zaizkizun elur malutak. “Ez izan txotxoloa, inor ez da geratzen ezagutu berri duen batekin saunara joateko beste asmorik ez badu” esan dizu arestian Beñatek, baina zu ez zaude ziur. Agian bulkada batean esan zizun saunara joateko. Agian edanda zegoen. Agian damutu da. Agian.
“Begiratu bikinia” gomendatu dizu Beñatek. “Zenbat eta kolore biziagokoa, orduan eta hobeto; zenbat eta txikiagoa, orduan eta hobeto; goiko zatia eta behekoa kolore ezberdinekoak badira, hobeto” eta zuk txorakeriak baino ez direla horiek erantzun diozu, baina barre egin eta apur bat lasaitu zaitu. Apur bat. Borladun txanoa janzten du Nathaliek eta ile izpiak agertzen zaizkio bertatik, izotz zuriz zipriztinduak. Sabelean daramazun sugeak berriro ere estutu dizkizu barneak ikusi duzunean. “Hej Hej” agurtu duzu, suediarrez, eta irribarre egin du eta hitz berekin erantzun. Frantsesa da, ez suediarra, eta masailetan bina muxu emateko hurbiltzera ausartu zara. Nathalieren eskularruen azpiko hatzak antzeman dituzu zure besaurreei helduta. Muxu lotsatia izan da, doi-doi ezpainak masailen aurka, eta hotzagatik desitsastea kostatu zaizue. “You look beautiful” esan diozu, aldez aurretik entseatutako doinuan, nahiz eta zuk bezala beroki potoloa eta kokotserainoko bufanda luzea daramatzanez zinez ezin zaion gorputzaren silueta hauteman. Nathaliek ez du irribarrea galdu eta ingeles traketsean “you too” batekin erantzun dizu, eskuarekin kolpetxo txiki bat emanez zure bularrean. “On y va” proposatu diozu saunara sartzeko. Eskaileretatik jaitsi zarete, ikasleen korridor deituriko logelen azpiko pasillora iritsi arte. Eskuinaldean garbitegia dago, eta bertatik arropa-saskia eskuan ateratzen ari den bikingo itxurako suediar bizartsu batek begirada mesfidati bat bota dizu zuri lehenik, jakin-minezkoa Nathalieri ondoren, eta inbidiazkoa azkenik zuri berriz ere. Alaiago sartu zara ezkerraldean dagoen saunara. Lehenengo ordua Nathaliek erreserbatu du, bigarrena zuk, eta hirugarrena Beñatek, zuk eskatuta. Hiru ordu. Nahikoa. Gehiegi. Gutxiegi. Atea itxi duzue sartu zaretenean. Bi gela daude, lehenengoan mahaia eta aulkiak, eta bigarrenean oholez tapizaturiko sauna. Coca cola lata bina atera ditu Nathaliek eta mahaian utzi ditu, kanpoan hartu duen elurretan bilduak, hotz mantentzeko. Zuk erruletan tenperatura zehaztu duzu. 70 ºC. Ertaina. Hitzik esan barik arropak erantzi dituzue bainujantzian geratu arte. Nathaliek, zuk bezala, arropa azpian eraman du bainujantzia. Bikinia berdea da. Sabelaldea estutzen dizun sugeak berriz eraso dizu, berriz bihurritzen zaizkizu hesteak Nathalie bikinian ikusi eta segituan. Oraintxe bertan kenduko zenioke, krabelin zuri bati hostoak kentzen zaizkion bezala. Edo, hobeto, gustatuko litzaizuke hark zuri bainujantzia kenaraztea, mahaira igoaraztea eta zure gainean jartzea. Behatzak bere larru fina arakatzeko irrikatan dauzkazu, baina
beldur zara Nathalierentzat sauna hau, azken finean, sauna bat besterik ez den izango. Biok sartu eta metro bateko tartearekin eseri zarete saunaren barruan. Ze zuria den! Elurretan ezin zen hainbeste sumatu, baina saunaren egurraren aurka bere azalaren kontrastea oso nabaria da. Ez dakizu ondo zerekin hasi elkarrizketa, eta berezko suediar saunak isiltasuna eskatzen duen arren, deserosoegia suerta liteke mutu geratzea. “This is for what?” esanez hautsi du isiltasuna Nathaliek ontzi batean dauden harri bero batzuk seinalatuz, eta pozik zaude erakutsi ahalko diozulako. “Look”. Elurra hartu eta harrietara jaurti duzu. Urruma batekin lurrundu eta laino bero eta itogarri bat gorputza inguratzen nabaritu duzu. “Awesome”. Sápmi-ra joan zinenean ikasi zenuela esan diozu. “To where?” galdetu dizu. “Lappland, in the north”. Husky txakurrek tiraturiko leratan ibili zinatela izoztutako laku baten gainetik, bertan zulo bat egin zenutela, ura atera eta ikatzezko sauna batean erabili. Begi zabalekin entzuten zaitu. Bera ere joango da, aste batzuk barru, bere frantses taldearekin. Giroa sargoritsua da hitz egiteko eta arnasa hartzeko aldi berean, eta arnasestuka bukatzen duzue. Bularrak gora eta behera mugitzen zaizkio Nathalieri sakonki hatsa hartzen duelarik. Lurrun eta izerdi perlak ditu azalari atxikiak. Distira egiten du. Adatsak kopetara itsatsi zaizkio, zuri ere, eta bainujantzia izterretara. “Our guide in Lappland entered naked into the sauna”. Sápmi-n zenuten gida saunara zuekin biluzik sartu zela. “Oh, why?”, Nathaliek harrituta. Ez omen da higienikoa bainujantzia janztea. Itsasten delako, hain juxtu, eta izerditzea eteten. Egia dela esaten dizu, sutan daukala orain bikiniaren ehuna. “If you want”. Nahi baduzu… Atzera ezinezko pausoa da. Txinparta batek gorputza zeharkatzen dizu Nathalieren begietan bere erantzuna asmatzen saiatzen zaren bitartean. “D’accord”. Mantso askatu duzu zure bainujantziaren lokarria eta mantso irristatu hanketatik behera. Neskak eskuak bizkar atzera eraman eta bikiniaren goiko atala askatu du. Berdin behekoa. Hitzak soberan daude. Zuria bazuen azala, zuriagoak bularrak. Pubiseko biloa lerroan moztuta dauka. Ez zara bere gorputza begiratzeaz lotsatzen, bera ere ezkutatu gabe zureari begira baituzu. Eskua hurbiltzen dizu Nathaliek, eta laztantzen diozu. Kanpoaldean izotzak azalak itsasten zizkizuen, orain izerdiagatik labaintzen zarete.
Ezpainak elkartu dituzue eta bere izerdi gazia dastatu duzu. Mingainek elkar topatu eta ezagutzen dabiltza, eta ahoei darien hatsak nahastu dituzue, baita gorputzen izerdiak ere. Intziri bat egotzi duzu Nathaliek esku trebez zakila hartu dizunean, eta zuk bilo lerroaren ertzak jarraitu dizkiozu behatzez. Behatza irristatu diozu beheraka, bulbaren ezpainen toles izerdituetatik. “Oh”. Atsegin du, eta atsegin duzu. Lurrun hodei batek inguratzen zaituzte eta Nathaliek eskuak sorbaldetan bermatu dizkizu. Gehiago nahi du, eta gehiago nahi duzu. Egurrezko oholtzen gainean bere aurrean belaunikatu eta izterren barnealdeak musukatu dizkiozu, astiro, pixkanaka igoz. Nathaliek behatzak ilean hondoratzen dizkizu eta gorputz osoa tenkatzen du bulbara iristen zarenean. Nathalieren izerdia, lurruna eta fluxua nahasten zaizkizu mingainean. Kostata hartzen duzu arnasa, baina ez duzu gelditu nahi, eta berak ere ez du gelditzerik nahi, azkazalak buruan iltzatzen baitizkizu, espasmo txikitan bibratzen hasten den bitartean, osorik lehertu arte. Arnasestuka banandu zarete. Lurrun sargoriak birikak betetzen dizkizu, eta buruak kanpoko aire freskoa hartzera bultzatzen bazaitu ere, zakila jauzika duzu, eskean. Nathaliek ermamia glandetik igurzten dizu, zure desioa areagotuz, eta adats nahasi eta izerditsuen atzetik irribarrea ikusten diozu berriz. “Wait”. Nathalie jaiki eta saunaren aterantz doa, oinutsik egurrezko oholtzen gainetik, ipurdi zuria, binbili-bonbolo, ezker-eskuin mugituz. Elurrarekin dator. Hitzik egin dezazun astirik eman gabe ahoan sartu eta zakilarenganantz makurtu zaizu. Nathaliek amultsuki besarkatu dizu zakila ezpainen artean eta suaren eta izotzaren arteko sentsazio bat dena zakilaren tontorretik gorputz osora hedatu zaizu. Zure zakilaren beroak eta neskaren ezpain hotzak borrokan baleude bezala, elur urtua txirrioan dario zakila inguratzen dizun ahoaren ertzei. Izerditan blai zaude, tantak begietan ere sartu zaizkizu eta nekez har dezakezu arnas. Eskuekin helduleku bat topatu nahian zabiltza Nathaliek bakerik ematen ez dizularik. “I go”, farfuilatu duzu, eta Nathaliek alde batera egin eta hazia zorura jaurti duzu. Egur oholtzen artetik isurtzen ikusi duzue tantaz tanta. Lurrunak birikak bete dizkizu Nathalieren aldamenean esertzen zarelarik, beroa itzela da eta saunaren gelatik ateratzeko eskatu diozu. Suediarrek laku izoztu batean murgiltzen direla diote saunatik atera eta berehala, baina zuek dutxa epel bat hobetsi duzue. Nathalieren gorputza ur txorrotaren azpian miresteko profitatu duzu eta nola orrazten dituen adatsak eskuekin. Coca colak edan dituzue eta zuei buruz solastatu. Zergatik aukeratu zuen Suedia, zergatik aukeratu zenuen Suedia. Ur epelak logalea eragiten dizu, eta Nathalie konturatu da, laster hurbildu baitzaizu eta mingainarekin zurea bilatu. Coca colaren azukrea eta izerdiaren gazia dastatu dituzu bere ahoan. Dutxaren azpian musukatzen jarraitu duzue. Eskuekin ipurdi masaila ferekatu dizu, ferekatu diozu. Laster hasi zaizu berriz zakila igurzten, eta apurka handitu da. Mahai gainean utzi dituzun galtzen poltsikotan miatzera joan zara, eta kondoia hartu. Saunara itzuli zarete. Lurrun hodei beroak kolpatzen zaitu, eztarria estutzen dizun eskua dirudi, eta Nathalie ere marruka dabil, baina ez duzu aukera galdu nahi. Euskal Herrian ez dago horrelako saunarik, edo ez duzu ezagutzen. Esertzen zara, egur beroa ipurdian nabaritzen duzu, eta Nathalie zangalatraban gainean kokatzen zaizu. Kondoia jarri, berriz musukatu eta berak markatzen dizu erritmoa. Eskuak lepotik inguratzen dizkizu. Segituan izerditu zarete eta bion azalen ukitzeak soinu bereziak botatzen ditu, puxika busti bat igurztean bezala. Beroa handia da. Ahoa zabaltzen duzu arnasa hartu nahian. Nahikoa ez duzula sentitzen duzu eta sua trakeatik doakizula. Nathaliek erritmoa azkartu dizu. Beste ahokada bat ematen tematzen zara. Lurrunak sauna osoa hartu duela iruditzen zaizu eta Nathalie ere ezin duzu ikusi. Beste ahokada bat, baina sua. Beste bat. Sua baino ez. “Aizak, azkenean, susto ederra eman diguk”. Beñaten ahotsa entzun duzu begiak ireki dituzunean. Biluzik zaude oraindik, baina lehor, zurea ez den ohe batean. Beñatena da, Beñaten gelan zaude. Jaikitzen saiatu zara, baina galarazi dizu. “Ezta pentsatu ere”. Coca cola bat edaten ari da. “Non dago Nathalie?” galdetzen diozu murmurio batean, zurea iruditzen ez zaizun ahotsaz. “Bere korridorera joan da, arropaz aldatzera, baina laster itzuliko duk hona, ez kezkatu” erantzun eta termometro bat sartu dizu besapean. “Nathaliek deitu nau hire sakelakotik, erabat asaldatua, konortea galdu duanean sauna barruan. Por cierto, ea ni nintzen ‘the friend of the Spanish boy’ galdetu dit, Euskal Herrira itzultzean hobe koadrilakoei hemen horrela aurkezten haizela aipatzen ez badiek”. Beñaten ahotsak lasaitu zaitu, bigarrenez gaur. Oraindik burua bueltaka dabilkizu. Beñatek hizketan jarraitzen du. “Zelako nahaspila! Kondoia nik kendu behar izan diat, hitz egin beharko dugu hortaz. Hankak goian jarri dizkiagu eta gero hona ekarri”.
Eskerrak eman nahi dizkiozu edo, baina indarrik gabe geratu zara. Nathalierekin ere egon nahiko zenuke. “Neska hori mundiala duk!” jarraitu du Beñatek. “Ikusi behar huen nola begiratzen hinduen, nola kezkatzen zen higatik. Inbidia ematen didak. Perla zuri polit bat duk, kanpotik eta barrutik”. “Aizak”. Serioago dago orain Beñat. “Bordeaux eta Euskal Herria gertu dituk. Aukera ederra duk Nathalierekin. Ez ezak galdu”