Z estazioa II

B estaziora iritsi ginen eta maletadun gizon bat jarri zitzaigun aurrez aurre. «Hay que cerrar ese tema ya, y comentárselo lo antes posible. Ayer le mandé un mail pero no respondió. Pégale un toque, en nada llego a la oficina y me comentas. Agur». Bluetooth bidezko aurikularrekin zegoen. Bakarrizketa bat zirudien.

A estazioan jeitsiko zenaren susmo ziurra nuen. C estaziotik Bra bidean jarri zen trena, Perec hanka artean utzi eta treneko leihora begiratu nuen. Tunel barrua, emergentzia argiak, eta bagoi osoa ikus nezakeen isladan. Emakumea ere leihora begira zegoen, baina kontrako alderantz biratu zuen burua. Nire ikus-marraren diagonalean sartu zen, beste diagonal bat sortuz alboko aulkietaraino: Audio bat bidaltzen ari zen emakume bat (B estazioan jeisteko itxura zuena honek ere), inguruetara begira zegoen D herriko ezaguna nuen gizon bat, kontzentrazio partzialeko tablet-irakurle bat, eta reggaetoia altuan entzuten ari zen nerabe bat.

Diagonal bien inflexio-puntua erotikoa egiten zitzaidan. Bi begiradak puntu berean baina zeharka gurutzatuko balira bezala. Garai horretan joera izaten nuen erakartzen nindutenen begiradak ekiditeko, eta indiferentzia errealismo beldurgarriaz antzezteko. Baina egun hartan erabaki nuen begietara begiratu nahi niola, lotsatu bainoago berotzen ninduelako egoerak. Eta, bai, erabakia nuen.

Berak ere erabaki bera hartua zuela zirudien. Elkarri begira geratu ginen maskara azpiko ahorik gabe, soilik begiekin. Uste dut luze egon ginela horrela. Txortaldi bisual batean bezala, Ctik Bra.

Eskua izterraren gainean jarri zidan, eta nire erreakzioa metro osotik hedatu zen; A estazioan jeitsiko zirenei begiratu nien, konturatu ote ziren ikusteko, eta D herriko ezagunari, eta tablet-irakurleari eta nerabeari. Baina ez ziren asko mugitu. Ez nien harridura markarik somatu. Bikote ginela pentsatuko zuten?

Dena den, treneko erreakzioak beti izaten dira moderatuak. Begiekin egiten dira maniobrarik eskandaluzkoenak. Hortik harago, ezer gutxi. Hilketa bat egongo balitz ere kostata egingo luke inork ezer, atzamarren bat mugitu agian, edo bat-bat-bi tekleatu kasurik larrienean.

Mugimendurik gabe sortzen dira gorrotoa eta maitasuna tren barruan. Ez da inoiz ezer gertatzen, aurre-salaketa judizial begiak baino ez daude gehienez ere. Bi emakumek metroan elkar ukitzean alarma guztiak pizten dira isiltasunean. Ezer gertatu ez denaren itxura. Ensorren koadro gorria eta maskarak. Egiaz gayfriendly postura anti-ergonomikoak ugaltzen dira bagoi osotik, badu komediatik zerbait.

Pentsamenduetatik erreakzioa berreskuratu, eta nire izterraren gainean ikusi nuen bere eskua kurba suabeak eginez. Berearen gainean jarri nuen nirea ere, jendearen begirada sasi-toleranteen artean, haize beroa etxe bilakatu zitzaidalarik. Izterretik hankartean jarrita neukan L‘Infra-ordinaire liburura jeitsi zuen eskua, eta belarrira esan zidan ia entzun ez nuen «irakurri dut» bat, lepoan eman zidan musu bustiaren aurretik.

Eskua izter-liburuan pausatuta utzi zuen. Uste dut inoiz sentitu dudan momenturik beroena izan zirela segundo horiek. Azala bero sentitzen nuen, eta lotsa galduta. Izan dudan edozein sexualdi, arrunt geratzen zen honen ondoan.

B estaziora iritsi ginen eta bertan jeitsi ziren bluetooth aurikularrak zituen maletaduna tablet-irakurlea eta audioa bidaltzen ari zena. Reggaetoia entzuten zebilena eta gu biok bakarrik geratu ginen A estaziorako bidean.

Ez da gauza bera ehun eta berrogei, bider berrehun zentimetroko ohe karratuzuzen batean, larunbat gaueko 22:00etan, umeak ohean daudela, hamabost bat minutuko misioilari ezkonduen postura, edo eskema guztietatik kanpo, kasik tropo erre bat bezala gertatu zen hura.

«A estazioa. Bidaiaren amaiera. Irten trenetik, mesedez. Estación A. Fin del trayecto. Por favor, abandone la unidad». Azken estazioa. Nerabearena zen. Altxatu egin zen eta aterantz jo zuen The Doorsen Love me two times abestia gero eta urrunago zeramalarik. Bidaiaren amaiera zen, azken estazioa. Trena hustu zen, astelehen goiza zen, eta errutina ezin da bizioengatik gelditu. Baina gu biok ez ginen mugitu, goiz hartan ez ginen trenetik irten.

Elkar laztanduz joan ginen Z estazioraino.