Z estazioa I

Trenean ia ez dago loturarik, pertsonen energia osoa smartphonek irensten dute. Pandemia giroak, gainera, bagoi osoa James Ensorren pintura gorri batean sartu duela ematen du.

Pertsonen datu bakarra fisikoa denean, ez zait erraza egiten itxuraren sinbologietan ez erortzea. Ezezagunaren izeberg osoa azalerazi nahi izatearen joera kolektiboarekin, gainazalkerian flotatzen geratzen gara, askoz jota. Eta irudimena puztu egiten da ezagunak zaizkigun ikono atseginez.

Metroa jende ezezagunez betetzen zen. Baina pertsona batzuk multzoaren gainetik agertzen zitzaizkidan. Edo gainetik baino, intentsoago. Zentzuak bizkortzen zizkidaten, eta ez ziren asko izaten. Pertsona gutxi agertzen baitzitzaidan odol-organo gisa.

D estazioko emakumea horietako bat zen. Bagoi berean koinziditzen genuen goizero 8:31tatik 8:56tara, lanerako bidean. Aurrez aurre, diagonalean edo paraleloan jesartzen zen normalean.

Bere presentzia erosoa eta erakargarria egiten zitzaidan. Begi umilak zituen, sexyak. Uste dut nolabaiteko garden-opaku arteko dualtasun bat antzematen niola; kuriositatez betetzen ninduena. Bi muturreko bakarra: sinplea vs. konplexua, iluna vs. argia eta abar.

D estazioko emakumeari seme-alaba eta mutilaguna zituenaren antza hartzen nion, eta nik baino hamar urte gehiago izango zituen. Nigan begia jarri izana ez nuen oso posible ikusten.

Ez nekien zer pentsatuko lukeen esango banio banio sartzen den momentutik beroa dakarrela bagoi barruraino. Edo esango banio «utz dezagun lana gaurkoz, eta sar gaitezen hamar egunetan zehar oheren batean». Ez nekien, zinez, zer pentsatuko lukeen.

E estaziotik irten zen 8:29tako trena. Azken aurreko bagoiean jarri nintzen. Geltoki honetako trenak beti irtetzen ziren hutsik, lehenengoa baitzen. Geldialdiz geldialdi betetzen joaten zen, eta geltokiaren arabera, herri aberatsagoetako, edo apalagoetako jendea sartzen zen. Interes handiz bizi nuen fenomeno soziologiko hura.

Dko estaziora iritsi zenean, nasan ez nuen emakumea betiko lekuan ikusi. Beti posizio berean itxaroten zuen, baina egun hartan ez zegoen han. Ateak itxi egin ziren eta mugitu aurretik trenaren mekanika osoak egiten dituen zaratak entzun ziren. Pena ziztada bat sentitu nuen; zarataren tamainakoa. Baina erabakia nuen jende ezezagunarekiko sentimenduak ez nituela elikatuko.

Perec-en L‘Infra-ordinaire neukan esku artean; boligrafoak, idazmahaiak, borragomak, mila bederatzirehun eta hirurogeita lau urteko elikagai likido eta solidoak, post-it zatiak… Errutinako elementu txikiena piramideko puntara dakarren literatura.

Burua partikuletan nuela, bat-batean agertu zen D estazioko emakumea, arnasestuka, kanpai formako praka bakeroak eta artilezko jertse laranjarekin. Nire ondoan jesarri zen. Aurrean ez genuen inor, eta trena hurrengo estaziorako bidean jarri zen.

Agerraldi hark urduri jarri ninduen. Besoa metroko lehioan jarri zuen, eta bere eskuak bekokian bisera edo oskola forma hartzen zion: ingurukoengandik babesteko partzela gordea zirudien. Hankak erdi-zabalik zituen, eta
ilea alde baterantz botatzen zuen noizean behin. Bere ezkerreko izterra nire eskumakoaren parean zegoen.