Artabide 14, bigarren solairua ezkerra II

IV.

            Ez dakit Aitor tontoa edo bakarrik koldar bat den. Baina munduko listoena ez da kontuan hartuta porno orrialdetako ordainagiriak bion kontu korronteko historialean agertzen direla. Nik ere behin baino gehiagotan bisitatu ditut orrialde horiek, Aitorrek ematen ez didana nire kabuz autogestionatzeko asmoz. Baina gaur eskarmentu eguna da: haserre nago Aitorrekin, berrehun euro baino gehiago xahutu ditu honetan, eta hile hau gogorra dabil izaten.

            Puntu  bateraino uler dezaket Aitorren egoera. Nekaturik dago haurrak eta hipoteka besterik konpartitzen ez duen bikotearekin. Bere gizarajotasunaren askapen bidea da, baina gure hirugarren haurraren ongizate ekonomikoarekin jolasten ari da.  Porno orrialdean eta Kirol.bet-ekoan gastatzen duena kontuan hartuta, ez dakit hile honetako hipotekaren kuota ordaintzeko justu xamar ibiliko ez garen.

 Haserre nago zurekin, Aitor. Normaltasun faltsu baten irudipean bizi den oilobusti motel bat zara. Zuk Yasmin gogoko duzu debekatua dagoelako. Zuk Yasmin desiratzen duzu zure sexu-perbertsioak askatzeko, eta ni bezalakoak desiratzen dituzu zure normaltasuna mantentzeko. Ez daukazunaren gose, duzunarekin ezin ase.

Zure desira publikoa naiz, denei erakutsiko diezuna ezkontza errituan edo whatsappeko profil argazkian, zure arruntasunaren garaipen-ikur baten gisan, nire gogoz kontra erosi zenuen autoa bezala. Yasmin ordea, zure desira pribatua da, zure zakil, kreditu txartel eta sekretuen subirau egiten zaituzten desira pribatua. Eta horrela, estatuak eskatzen dizkizun inpostuei, zure buruzagiaren aginduei eta horrenbeste kexatzen zaren obren ataskoei koldarki men egiten diezu. Guzti horrek sortzen dizun frustrazioa, intimitatean, inor ohartzen ez dela uste duzunean asetzen duzu. Behintzat ongi egin duzun bakarra Yasmin horri ordaintzea da. Baina ez niri ezkututatuz, ez familiaren diruarekin. Sutan nago, Aitor.

V.

Eguerdiko ordubiak iritsi dira, eta egun librea hartu dudanez, Aitorrentzat dudan sorpresatxoa prestatu dut. Autoa hartu, Zarautzeko obrak pasa, eta Donostiako sex-shopera joan naiz. Hasieran lotsa pixka bat sentitu arren aurrez aurre erostea nahiago, ez koldarki jokatuz. Gerriko bat erosi dut, dendan zegoen modernoena. Gerrikoaren puntan plastiko zati bat, handia eta leuna. Gustatuko zaizulakoan,  bihotza.  Pantaila apurtzera nator.

Nire senar kuttunak sarrailak dantzan jarri ditu bere giltz hotsekin. Afarian zehar bota dizkiot nigan ezohikoak diren begirada lizun batzuk. Ez da erreza hutsala den harreman baten konbibentzia. Haurrak ohera eramatean, egongelako telebista aurrean zegoen Aitorri lepondoa laztandu diot muxu batzuen ferekekin. 

-Sorpresatxo bat dut zuretzat, jolastu nahi?

            Arraro begiratu nau, eta gure logelan prestatua nuen atrezzoa erakutsi diot: supermerkatuko kandela aromatiko merkeenak eta jaio-berrientzako masajetarako olioa. Eskutan olio pixka bat bota eta Aitor etzan dut. Guztiz biluztu dut, eta buruz behera kokatu dut bere gorputz osoa. 

-Gaur ez nuen horrelako sorpresarik espero, maitia.

-Espero ez ditugun sorpresa askorekin aurkitzen gara bizitzan, laztana. -esan diot barrezka.

            Funtzioa martxan da. Hasi naiz bere bizkarrondoa laztantzen, muxukatzen eta miazkatzen. Ezkerreko sorbaldan duen tiroi bat igurzten hasi natzaio, bere muskuluak banan-banan errepasatuz, eta hauek hezurren kontra dantzan jarriz, erritmo lasai eta goxo batean. Nire gorputza bere ipurdi gainean eseri eta posizio horretatik fereka eta laztan artean izan nuen guztiz erlaxatu arte. Beti gustatu izan zait bizkarraren erdialdean duen orezta, eta denbora luzez egon naiz mimo handiz eskuekin inguratzen, koordenada berriak eraikitzen bere atzealdeko mapa geografikoan. Aspaldiko partez berotu ere egin dela esatera ausartuko nintzateke. 

            Aitor gozatzen ikusteaz asperturik, bost minutu eskatu dizkiot komunera joateko. Bertan, dildoa janzteari ekin diot; dendan errazagoa zirudien. Biluztu naiz, eta gerrikoa lotzean nire gorputzaren parte bilakatu da plastikozko objetu hau. Berbera ezkerreko eskuarekin eutsi eta ispilura begiratu dut. Aitortzen dut barretxo bat atera zaidala, ez da oikoa haurdun gaudenak hain zakil handi eta morea izatea. 

            Komunetik irten eta hor topatu dut nire senar kuttuna, begiak itxita, erdi lo. Motela gizarajoa. Bere ipurdi gainean kokatu dut haurdunaldiko seigarren hilabete azpitik antzematen den plastikozko tramankulua. Aitorrek arrotza zaion testura bat sentitu du lehenengoz bere ipurdiaren arrakalan. Nik sorpresa aprobetxatuz haurrei dilistak jateko esaten diedan tonu berean esan diot:

-Irekidazu ipurditxoa, Aitor. -Aitorrek salto bat eman du nire ahotik hori entzutean.

-Zertan zabiltza, Nekane? Honek ez du graziarik.

-Irekitzeko ipurditxoa, Aitor.

-Beldurtzen ari zara.

– Nik beldurtzen zaitut? Edo Zure boterea desafiatzen duen sinboloak beldurtzen zaitu? Eta zer behar duzu beldurrik ez izateko? Pantaila bat tartean agian? Edo inork ez ikustea?

            Aitorrek ez daki zer esan. Ez zaizkio hitzak ateratzen, ez da diplomazia praktikatzeko mementua. Bat-batean bere onera buelta egin, eta seriotasunez esan dit:

-Ni ez naiz marikoia, Nekane. 

-Aitortxo… -erantzun diot jakinda arrazoi osoz hitz egiten nagoela-. Badakit ez zarela marikoia. Marikoiak deitzen dituzun horiek ez dira zu bezalako koldarrak. Zu gizarajo bat zara, eta  haien disidentzia sexualak duen zigorrarekin, morboarekin eta askatasunarekin txortan egitea fantaseatzen duzu. Haiek sortzen dizuten morboak, haien munstrotasunak, nolabait bizirik zaudela adierazten dizute, zure Aitor Arana bizitza aspergarriko ezer arriskatzera behartu gabe. Izan ausarta eta ireki ipurdia Aitor, jaso gustu handiarekin prestatu dizudan sorpresa, zure Nekane munstro bat bihurtu da. Denak izan gaitezke zikinak eta aldi berean emazteak.  Zure emaztea nekatu egin da munstro bat ez izateaz. Hortaz, irekidazu zure ipurdi eder hori, Aitor.

            Ez dakit nola lortu dudan, baina Aitor lau hankatan dut ohearen iskin batean. Dildoaren punta lubrikantez zipriztindu dut, eta bere ipurdira zuzendu dut, orain nik daukat batuta. Nire haurra barruan daraman sabela bere ipurdi eta bizkarra konektatzen dituen angeluan dut kokaturik. Aitorri nire amorru eta neke osoa sartzea ez dit ezerk oztopatuko, eta berak ere nahi du.  Zerbait lehen aldiz probatzean sentitzen den euforia sumatzen du, Aitor Arana duina izateari uzteko beldurrarekin nahasten zaion arren. 

Haren uzki iletsua laztanduz, barruraino sartu natzaio. Hasieran poliki, eta behin neure lekua aurkitu dudanean, sarketa bakoitzarekin klitorisa laztantzen dudan momentuan, gogor eta azkar kolpatu dut zulotxoa; bere ipurmasailak eskuekin igurtziz, noizean behin kolpetxo bat ematera ausartuz. Behingoz nire erritmoa onartu beharko duzu, Aitor. Uluak, aieneak eta ahuenak… Kexu mota ezberdinak denborarekin sumisio ixilaren itxura hartu dute. Ezaguna zait zure ixiltasuna, Aitor. . 

Minutu batzuen ostean, dildoa uzkitik atera eta komunera joan naiz. Ondo egingo dut lo gaurkoan, nire ohekideak ez bezala.

VI.

Noski ez nuela Aitor dildo batekin penetratu, ez eta dibortziorik eskatu. Are, dirua xahutzeagatik ere ez nion azalpenik eskatu. Nekaneek, emazte onek, ez dugu horrelakorik egiten. Aitorrekin jarraitzen dut: hirugarren haurra jaio eta denbora gutxira konturatu nintzen berarekin jarraitu beharko nuela behintzat haurrak pixka bat heldutu arte. Aitor eta biok urteetan ezer konpartitu ez dugun arren harreman koordiala mantentzen dugu, umeen ongizate eta abarrengatik, noski. Baina batzuetan ezin dut ukatu justizia gose batek hartzen nauela, ezpata beharrean dildoa erabiltzen duen justiziarekin fantaseatzen dudala. Eta fantasia horiek dira gehien berotzen nautenak. 

Aitorren zurrungek lo egiten uzten ez didatenean, komunera joaten naiz. Hilekoarekin lotutako produktuek estaltzen dute Donostiako bidaiatik ekarritako souvenirra. Kaxa ireki eta hankartean jartze hutsak sutzen nau, eta ispiluan nire irudia ikusteak are gehiago. Nire bularrak laztantzen ditut, titipuntak, baita sabelean oraindik osatu gabe dudan orbaina ere. Zakila konketaren kontra igurzteak klitoriaren ezpainak astintzen dizkit, zenbat eta azkarrago bustiago… Utziko dut inor esnatu baino lehen, hau gorde eta sofara joango naiz esku hutsez hasi dudan lana bukatzera. Inork ez dezala pentsatu Nekane zerri lizun bat denik, Nekaneren bizitza falazia bat denik.

Ez diogu inori esango, Aitor. Irrifartsu aterako gara aurtengo udako oporretako argazkian ere, baina intimitatean, jakingo dugu ez garela argazkikoak; ez garela fantasia zirraragarrietako protagonistak. Dena den, biok dakigu gure bizitzak baino interesgarriagoak direla gure fantasiak: isilpean,  zuk zure moduan eta nik nirean.