Artabide 14, bigarren solairua ezkerra I

I.

-Azkarrago, Aitor, azkarrago! 

-Tendinitisaren lehen sintomak igartzen hasia naiz dagoeneko, Nekane, ezin dut azkarrago.

Bizilagunen obren taladro burrunbek Mikel Laboaren Gerniken antza hartzen dute. Hasieran jasanezina zitzaidana nolako erraz digeritzen dudan orain. Maitasunaren albo-kalteak edo horrelako zerbait. Nekane burkoarekin igurtzika utzi nuen, eta pareko etxean arrakalaren bat konpontzen zeuden langileak agurtu ostean, nire bizitzako zazpirehun mila berrehun eta hogeitabosgarren egun monotonoari hasiera emateko prest nengoen. Prest edo, tira.

Egun antzu bat nuen aurretik, baita 50 minutuko bidaia bat ere. Helmuga? Batere interesik pizten ez didan adreiluzko eraikin petral bat, non adreiluen hezetasuna nire barrenak zanpatzeraino iristen den. Autoa garajetik atera eta denbora luzez egon nintzen nire cd sortari begira; egun antzua izateaz gain, grisa ere bazen, eta melankolia dosi bat eskatzen zidaten belarriek. Laboaren diskari play-a eman eta han abiatu nintzen A-8an, garaiz iristeko emoziorik gabe sikiera. Buztinezko bihotz, ari zara intzirika, kexu zara, negar zara, oi bihotz…

Zarautzeko peajean auto-ilarak. Kaka. Garaiz iristeko nire emozio ezari indarra emango zion beste broma bat. Zer da oraingoan? Beste istripu txororen bat? Jendeak ez al du ikasi presaz egiten diren gauzak, hala nola, gidatu edo txortan egin, ez direla ongi ateratzen? Agian bai, agian sekulako abiadan joanda ere helduko zara desio duzun helmugara, baina patxadaz egindako gauzei nolabait bihotz gehiago jartzen diegula esatera ausartuko nintzateke. Gaztaroan saiatu nintzen hau azaltzen Nekaneri, baina alferrik. Orain, hirugarren haurraren esperoan gauden honetan, autoaren zazpigarren martxa ere motela suertatzen zaio, eta niri, zoritxarrez, oso gutxitan zutontzen zait enborra lehen bezala. Zakila eukalipto bihurtu zaidala ere pentsatzen dut batzuetan. 

Hausnarketa sakon horietan murgildurik nintzela, klaxona jo zidaten. Ilaran nire aurretik zihoan autoa nigandik ia kilometro batera zegoen, eta ni hor, paralizatua, nire itsasargiaren antzera. Aurreko autoa harrapatu eta berriro ere gelditu egin nintzen; hauxe destinu petrala. Eta ondoan, errepide langile bat pibote fluoreszente batzuen konpainian. Obra putak. Berandu iritsiko naiz lanera; atezaintzako Ainhizeren egun onek ere ez naute alaituko; hauxe destinu petrala.

II.

            Laneko nekeak, Nekaneren maitasun eskaerak, haurren zaintzak eta abarrek nekaturik naukate, niretzako tarte bat behar dut. Haurrak balletean eta Nekane lanean, nori egin dakioke kalte? Gelako atea itxi eta web orrian klikatu dut, zakila eskuartean dudala. Orrialdea ez da dohakoa, ezta garestia ere, baina bakoitzak bere kapritxoak ditu, orain kondoietan xahutzen ez dugularik, beste nonbaiten inbertitu beharko dut, ala?

            Zero, sei, bederatzi. Txartelaren azken zenbakiak sartu eta: LiveYasmin. Bular handi, borobil eta silikonazkoekin. Silikonazkoak dira dudarik gabe munduko bularrik ederrenak, ortodontzia erabili dutenen haginak perfektuenak diren bezalaxe. Lau hankatan jarri eta modernoek twerk deituko lioketen dantzarik sentsualena egiten hasi da; begiak itxi, eta ia bere ipurdia sentitu dezaket nire zakil gainean. Baina ipurdi perfektu bat ez da kulero zikin horiek ezkutzatzen duten bakarra, eta horrek gehiago berotzen nau. Gainera sekretu hori beharrezkoa bezain ukiezina da niretzat. Ukitzea muga pasatzea litzateke: ez konfunditu, ni ez naiz marikoia.

Hasi ere ez gara egin, baina bere begirada likits horrekin, nire itsasargia Euskal Herriko argitasun oparoena ematen ari da. Tendinitisa beste zerbait da nire gozamenera bideratzen badut, gora eta behera, gehiago gozatu ezingo nukeen plazer uholde batean. Zuri eskerrak, Yasmin, zerrienetan zerriena.

III.

            Atzoko gozamenaren ajearekin esnatu naiz, eta Nekane alboan, lanera presaka zihoala, gero haurrak balletetik jasotzeko eskatzen. Nekaneren eskaerari ezin nahi duen eskaintza eman. Uzten nauen eguna ez dut urrutiegi ikusten ez badut martxaz aldatzen. ”Ba azkarrago irten beharko duzu lanetik”, beti  “azkarrago Aitor, azkarrago”. 

            Bukle  batean sarturik nago: lana, haurrak balletean, Nekane kexuka, haurrak gaixo, Nekane nekatuta, eta haurrak eta Nekane, eta haurrak eta Nekane… Barrabilen jarduna itotzeraino blokeatzen naute, nire itsasargia herdoildu besterik ez da egiten egunerokotasun etsigarri honekin. Eta ez da nire errua. 

            Bukletik blokeora ez dago tarte handirik, eta nire bizitza guztia bereganatu dit. Autopistan, berriro ere, geldi. Obraren jarraipena egitekotan nago, egunero pasatzen baititut nire egun monotonoko hogei minutu puntu berean. Baina egia da gauzak ez direla egunero berdin ikusten. Gaur badago egun gris hau argitzen duen txinpartarik. Aurrean, errepide langile bat dut, hesteki ogitarteko bat jaten. Ezpain zikinetatik txorizoaren koipe likatsu eta gorria erortzen zaio. Kamisetaren goiko aldetik irtetzen zaizkion iletxoetara tantaka heltzen da likidoa. Ile beltzetara, irristaka, bilo latz horietan koipeak beheranzko joera hartu du, badoa behera, eta behera… eta itsasargiek ez die koipe ezezagunei muzin egiten. Gustuko dut kamiseta azpitik ateratzen zaion sabel zatia, baita kasko horrek ezkutatzen duen ile falta. Ogitartekoa arin amaitu du, Nekaneren antzera, beste zerbait zela imajinatzeko astirik eman gabe. Piboteak birkolokatzen hasi da, makurtzen den bakoitzean agerian utziz bi haragi zati eder eta horiek banatzen dituen arrakala. Arrakala sakona, esku osoa sartuta ere bukaerarik ez duena. 

            Eskua hankartera eraman dut, arrakalari indusketa lanak egiten dizkiodala propio imajinaturik, ile beltzak nireak direnekin txirikordatu eta askatzeko aukerarik ez dutela amestuz. Ez da momentua itsasargiari energia gehitzeko; sekula ez zait horrelakorik gertatu, baina sentsazio honek nire bizitzan konstantea den blokeoa lausotu du. Nork esango lidake niri, Aitor Aranari, neska guztiak bere atzetik zituen klaseko guapoari, eta Nekanerekin hamar urte egon ostean lan duin bat lortu, ezkondu eta haurrak izan dituen honi? Nork esango luke berrogeita hamazazpi urte dituen Jose Angel edo Luis Mari errepide atontzaile tripontzi batek berotuko ninduenik? Berotu, zurtoina tentetu, irmotu eta itsasargia berratondu. Yasmin eta Jose Angel, zerrienetan zerrienak, zuen basurdea nauzue.