Sexua motel

– Aldatu egin behar dugu sexuan.

Hori esanez joan nintzaizun aurrekoan, urdaiazpiko xerra bat ahora zeneramanean. Haurrak oheratuak genituen eta zuretzat patxada unea zen hori. Arreta jarriko zenidala ziur nintzen. Xerra eskutan eta lerdea ezpain ertzetik behera zerizula, begiak ziplo irekirik begiratu ninduzun. “Zer esan nahi didazu, maitea?” galdetu zenidan handik gutxira.

Denbora neraman hori azaleratu nahian, aldatu beharra genuela, baina aldaketa norantz egin behar genuen igarri ezinik ezin niezazukeen besterik aipatu eta estoikoki itxaron nion barrutik etor lekidakeen erantzunari. Ezin nuen hitzetan jarri erraietan nekarren kezka edo intuizioa, gure arteko sexuak ez zuela ez gatzik ez piperrik jada eta alda zitekeela. Edo alda genezakeela. Orgasmora heltzen ginen biak, elkar zainduz eta entzunez, baina… eta? Gogaituta ninduen gure betiko martxak, beti betikoa egiteak. Ez dakit. Zinera irrikaz eta konpainia onean joan eta beti pelikula aspergarriekin topo egingo bagenu bezala zen gure arteko sexua: modu honetan deskribatu ahal izan nioenean nire buruari hasi nintzaion erantzunari zirrikitu egiten.

Elkar maite genuela, hori argi nuen. Zuk ere bai, baina beste era batera gozatu nahi nuen sexuaz. Beste molderik egon behar zuen, beste biderik egon behar zuen. – Sexua, motel! – esan nizun zakarki.

Zuk urdaiazpikoa zintzurretik behera zenuen dagoeneko.

– Bai, laztana, hori ulertu dut. Baina ulertu ez dudana zer esan nahi didazun da.

– Zuk gozatzen duzu?

– Bai – erantzun zenidan sorbaldak jasoz – zerbait oker dago? Zuk ez?

– Bai eta ez. Aspertua nago.

– Baina kamasutra liburua erosi genuen… – ekin zenion zure ideiari.

– Bai, zu zeundelako gogaitua. Beste era batera egin nahiko nuke nik. Utziko? – moztu nizun zure arrazoibidea.

– Bai, ondo. Ni prest, zu hobeto izango bazara – esan zenidan oraindik ere jokoz kanpo, atsegina ematearren nik uste.

– Xxxxxx – ezpainetan hatza jarri nizun, isiltasunari eta gure gorputzeko sentsazioei entzuteko. Hori desio nuen, nire gorputzari entzun eta nire azalarekin konektatu.

Zure parean eseri nintzen eta krema jartzen hasi nintzaizun aurpegian zehar. Sudurrean, masailetan, kopetan, kokotsean… poliki eta zure azala sentituz. Zuk begiak itxi zenituen lasaitasun oparoan sartu zinelako. Belarri gingilean jarri nizun eta hortik garondoan, nire hatzak gozoki mugituz. Gozatzen hasi zinen, garondoan masajeak egin ahala. Begiak ireki eta eskuak mugitu zenituen nire aurpegia zurerantz gerturatzeko, musukatzeko, baina nik maitekiro jarri nizkizun berriz ere izter alboetan. “Gaur, niri utzi” agindu nizun. “Baina…” kexatu zinen eta nik nire ezpainekin isildu zintudan, baina musurik eman gabe, hor eutsi nituen, eskuak garondoan gora behera mugitu ahala. Musu eman nizun masailetan, kopetan, kokotsean eta ezpainetan. Hamar musu txiki abiada bizian eta arnasa estutzeko musu luze bat, horrela hirutan. Nikia kendu nizun eta nik nire blusa. Italiar lentzeria nuen barruan. Hori ikusi zenuen eta irribarre egin zenidan, “zein polita zauden”. Eskuak hartu nizkizun eta nire bularretakoen bordatuan barrena pasa nizkizun hatz erakusleak, nire bularraldeari bira osoa emanez. Arnasa moztu zitzaidan espero gabe, horren gauza xumearekin. Lekuz aldatzeko garaia iritsi zitzaidan.

– Zatoz – eskutik eztiki heldu eta gelara eraman zintudan. Haurren zurrunga erritmikoak lo zerraldoan zeudela eman zigun jakitera. Guretzat zen gaua.

– Galtzak kendu… tet, tet,baina galtzontzilorik ez. Gaur barne arropa soinean jolastuko gara.

Harrituta begiratu zenidan, “bale” esan zenuen bakarrik.

Ohera bota zintudan eta ni zure gainean belauniko jarri nintzen. Belaunak okertu zenituen besaulki eran erosoago izan nendin. Eskertu egin nizun. Zure zintzurretik bularrean behera astiro laztantzeari ekin nion nire hatzekin, zilbor azpialdera helduz. Behin, birritan, hirutan… Hainbatgarren aldian titiburutan gelditu nituen laztanak, borobilak eginez. Esku ahurrarekin behealdetik goraldera mugitu nizun inguru osoa, titiburua hatzekin arinki joz. Makurtu eta miazkatu egin nizkizun titiburuok, mingainarekin goxoki dastatuz. Hurrupatuz hasi nintzen ondoren, haur jaio berriek nirekin egindako eran, baina askoz ere samurrago. Titiak tenkatu egin zitzaizkizun eta oharkabean gerria gora jaso zenuen. Ainuri txiki bat askatu zenuen. Ondo egiten ari nintzenaren seinale. Berriz ere eskuaren atzealdea pasa nuen zure zintzurretik pubiseraino. Galtzontziloa pixka bat jaitsi eta fereka bigun batzuk egin nizkizun pubisaren alde horretan. Nire ipurmasailean zure zakila puzten hasia zela nabaritzen hasia nintzen eta eskuak ipurdian jarri nizkizun, zure gerrialde osoa niregana presionatuz, gehiago sentitzearren.

– Utziko zenidake? Ukitu nahi zaitut -esan zenidan. Irribarre egin nizun, baimena emanez. Gerritik heldu eta ni jarri ninduzun ohean ahozkora eta zu gainean. Sorbalda bietatik heldu eta bi eskuekin nire saihets-hezurrak bildu zenituen gora beheranzko masajean. Ilea astindu zenidan eta muxu beroa eman burua prestuki makurtuz. Lentzeriaren bordatuak zeharkatu zenituen eta espero gabe, nire bularrak estutzen hasi zinen, gozoki. Kanpoaldetik erdira, gero behetik gora eta nire titiburuetan azkenik. Arnasestuka hasi nintzen, gorputz osoa mugitzen eta ipurmasailak heldu nizkizun.

– Xuuux -ezezkoa esan zenidan- motel.

Nire gainean maitekiro etzan eta besarkatu egin ninduzun. Lepoan hasi zintzaizkidan musuka, sabelaldean eta ezpainetan azkenik. Musuka ari ginela nire aluan jarri zenuen eskua eta igurzten hasi eta orduan nik eskatu nizun arinago joateko: hatzak klitoriaren gainera eraman nahi izan nizkizun nire esku batekin, baina zuk maitekiro heldu zenidan eskua eta ohearen aurka jarri zenidan eskuak. Zer ez nuke emango orduan bertan nire barruan senti zintzadan! Nire irrika sentitu zenuen eta nire gainetik kendu eta nire alboan etzan zinen.

– Jar zaitez nire gainean berriz. Ondo bukatuko dugu biok. Beno, hori uste dut.

Jaramon egin nizun. Zakila sendo zenuen zure gainean jarri nintzenerako.

– Sentitzeko behar duzun angelua bilatu eta igurtz zaitez nire aurka. Ea gozatzea lortzen dugun.

Gogoa neukan! Nolakoa gainera. Hasi nintzen nire alua zure genitalen aurka, baina ahulegia zen intentsitatea. Jaiki eta bi galtzerdi pare hartu eta galtzontzilo barruan sartu nizkizun. Horrela bai, puntu egokia zen nik ere sentsazioekin goza nezan. Igurtzi eta igurtzi eta biak hasi ginen aieneka. Nik erritmo arinagoa hartu nuen eta klimaxera heltzear nintzela, “itxoin” esan zenidan. Gelditu egin nintzen, ikaratuta, ea mindu egin ote zintudan. Baina, ez, ez zen hori. “Orain ez duzu hau beharko” esan zenidan, bi galtzerdi pareak galtzontzilo paretik ateraz. Bolumen ederra zuten zure barrabilek eta zakilak. “Noiztik ez dute horrelako bolumenik izan?” galdetu nizun. “Nik ere ez dakit” erantzun zenidan apalki, “baina emaiozu” erregutu zenidan. Igurzteari eman nintzaion, eskuak eta belaunak ohean edukirik. Zuk nire ipurmasailak heldu zenituen, nik ere presio handiagoa egin nezan zure aurka. Arnasa tenkatzen joan zitzaigun, niri bereziki eta halako batean gorputz osoan sentitu nuen zirrara. “Gustura zaude?” galdetu zenidan eta nik baietz egin nizun buruarekin. “Nik nire kasa amaituko dut orduan” esan zenidan eta nik “nire aurrean” eskatu nizun. Irribarre egin zenuen, “ados” esanez, “aspaldian ez didazu zure aurrean jarraitzeko eskatu”. Sorbaldak jaso nituen, “ei, baina galtzontziloak jaitsi gabe”. “Hau erronka” esan zenidan, jolaskor. Biak elkarri begira eta gure buruan fijatuz aldi berean, handik gutxira biek izan genuen klimax berria.

“Sexua motel, ondo dago” aitortu zenidan amaitutakoan. “Lo egin dezakegu?” baietz erantzun nizun . Galtzontzilo garbia jarri eta lo seko zeunden santiamen batean nire alboan. Nik sabaira begira igaro nituen minutu batzuk, jokaldia errepasatuz eta hurrengoan zertan hobe nezakeen aztertuz, ni ere loak hartu ninduen arte. Aldaketa onerako etorria zen.