Bon hiver II

Gutxien espero duzunean

Laguntza behar zenuela eskatu zenidan eta nola ez, baiezkoa eman nizun, gustura lagunduko zintudala behar zenuen edozein gauzarekin. Oso azkar pasatu zen dena. Batbatean konexioaren ateak zabaldu ziren eta nire barruan aspaldi sentitu gabea nuen zirrara sentitu nuen nire gorputzean. Lagundu nizun lagundu beharrekoarekin eta kontu hori argitu genuenean hizketan aritu ginen luze, luzeegi fabore soil bat izateko.

Etxera joan eta hilabete pasatu nuen zu ikusi gabe, eta hala ere, zuregan pentsatzen, whatsappa ‘nahiko’ maiz konprobatzen, zurekin amesten, amets horiek arnasestuka amaitzen… Hilabete polit bezain gogorra, baina, edozeren gainetik, polita.

Aldapa gora

Pasatu zen hilabetea eta mendira joateko elkartu ginen, Arabako tontorrak ezagutzeko aitzakiarekin. Aitzakia diot, ondotxo baikenekien behe-lainoa zegoela eta ez zela ezer ikusiko. Oso mendi polita omen zen eta lautadaren panoramika ederra zegoen gainetik. Egun horretan ez.

Panoramika ederra zuten nire begiek, hala ere. Ternuako arropa guztiak ez ziren gai errekako silueta hori estaltzeko, memoria on hori berriro ere azala atximurkatzen ari zitzaidan. Zubiriko azal distiratsua ikus nezakeen behe lainoaren gainetik eta nire burua makinatzen: tentsioa nabaritzen badut muxu emango diot… ez ez… esango diot oso gustukoa dudala… ez ez… gaur ez egin ezer ez…

Nire buruak pentsamendu atseginagoak nahiago zituen eta konturatu orduko Elgeamendi puntan geunden, urtegira begira monolitoan eserita, eta duzun indar goxo horrekin nire gainean eseri zinen. Muxu goxoak ziren, ezpainak umel uzten dizkizutenak, eta taupadak azkartzen ari zirela sumatu nuen. Hotza eginagatik ere eskua sartu genion elkarri, atzamarrekin bizkarra gora eta behera zeharkatuz, noizean behin erdibidean geldialditxo bat egiten bagenuen ere. Ez zegoen inor inguruan eta naturak ematen duen abentura puntu horrekin prakak jaitsi genizkion elkarri, berriro zu nire gainean eseri aurretik. Oraingoan askoz hobeto sentitu nezakeen zure azal tentetua, zure hankartearen hezetasuna, gure gorputzei zerien usaina.

– Egongo gara, orain atzerrira noa eta hilabete barru itzuliko naiz. Oso ondo pasatu dut zurekin.

Ufa.

Igandeko siestak

Kostatu zitzaion hilabeteari aurrera egitea, baina itzuli zinen atzerritik. Handik gutxira elkartu ginen berriro ere, ez entrenamendu ez fabore, eta muxu eman genion elkarri agur esaterakoan. Pasatu ziren hilabeteak eta hainbat arrazoirengatik jada ez ginen gure Gasteiz maitean bizi. Zu zure jaioterrian, eta ni, berriz, zuregandik ordu erdira zegoen herri txiki batean.

“Elkar ezagutzen ari gara”, “lagun berezia da” eta gisa bertsuko azalpenek deskribatzen zuten gure harremanaren egoera. Astean birritan elkarrekin egoten ginen eta egoerak uzten zuena bezainbeste gozatzen genuen konpainiaz, ez gehiago ez gutxiago.

Baina igande eguzkitsu haiek asko gustatzen zitzaizkidan. Goizean kirol pixka bat egin, bazkaldu eta ohean etzaten ginen lo kuluxka bat botatzeko asmoz. Arratsaldetan argi ederra sartzen zen logelako zirrikitu guztietara eta ondoko soroko ardiek ukitu bukolikoa ematen zioten momentuari. Beste behin ere, eguzki printzek diz diz egiten zuten zure azalaren zuritasunean, zure gorputzaren edertasunari gorazarre eginez. Aldamenka jarrita biak itsatsi egiten ginen, biluzik, zure bularrak heltzen nizkizun bitartean. Lo egiteko postura nahiko arraroa dela pentsatu izan dut beti, elkar berotzeko gehiago balio baitu lokartzeko baino.

Normalean, X minutu pasatu ondoren batak bestea esnatzen zuen eta pasioz betetako muxuekin esnatzen genuen gorputza. Bien ahoak lehor, begiak erdi itxita, baina bost minutu ondoren gorputza erne eta barrualdea umel eta bero, egosten ari den ura bezala. Orduan galdera magikoa egiten zenuen: “ekarriko dut mugikorra?”.

App bat erabiltzen genuen horretarako eta bakoitzak bi minutuko tartea zuen dadoek esaten zutena egiteko besteari.

“Muxukatu bizkarra astiro”. 1:55. Sorbaldan muxuak ematen hasi eta lepoan hamar segundo oparitu. 1:20. Pixkanaka goitik beheragoko bidea egin eta noizean behin ezpainarekin ibilbide guztia errepikatu. 0:30. Saihetsaldean muxuak eta miazkadak tartekatu, gozamen aieneren bat ateratzeko helburuarekin. Pi pi pi pi, pi pi pi. Minutu erdia opari, ipurdi masailetan muxuak eman eta koskadaren bat egiteko.

– Nire txanda! Ea, miazkatu – bularrak – indartsu.

Aitortu behar dugu jolas honekin diziplina arazo bat genuela, ez genuelako inoiz zehatz mehatz jarraitzen. Elkarri oparitxoak egiten genizkion, extra edo gehigarriak sartuz. Dena den, ez dakit zein puntutaraino egiten genion hori besteari berak gozatu edo norberak gozatzeko. Emaitza berdina zen.

Horrela irauten genituen hiruna txanda, mugikorra ahaztu eta nire gainean jartzen zinen arte. Aurrera eta atzera mugituz, azala azalarekin, bi gorputzen arteko marruskadura geroz eta gutxiago zegoen zure tanta-jarioa areagotzen zen heinean. Batzuetan zure gorputz barrura sartzen laguntzen zenidan, beste batzuetan jolasa bera zen gailurra eta helmuga, sarri hankaz gora jartzen genuen mundua, batzuetan bakarkako lanetan aritzen ginen elkarri begira, egun batzuetan halabeharrez utzi behar izaten genuen puntu horretan…

Lehen oporraldi luzea

Iritsi zen azkenean oporretan elkarrekin estreinakoz joateko unea eta joan zen negua. Berriro ere elkarrengandik urrun bizi ginen, eta dagoeneko ordu eta berrogeita bost minutura zeuden gure bizilekuak. Ez da erraza maitatzea topaketak eta maitasun uneak planifikatu behar dituzunean.

Baina tira, lortu genuen gure oreka zein zen deszifratzea eta udaberriko oporretan mediterraneo aldera joatea erabaki genuen, bizikletak eta furgoneta hartuta. 10 egun izan ziren, baina izan zitezkeen hiru aste lasai asko. Bata ohean zegoen bitartean bestea gosaria prestatzen hasten zen, haizeak camping-eko sua itzali ez zezan gorputzarekin tapatuz. Ohean zegoena mila tapakirekin gorputza berotu nahian, kotxeko atzeko atea parez pare irekita baitzuen aurrean zeukan arroilaren ikuspegiaz gozatzeko. Gosaldu ondoren bizikletak hartu, bazkari lege bat egin herritxoren batean eta siesta bat botatzen genuen toalla baten gainean, ingurukoen ikusmiratik urrun. Askatasunak kontagiatuta larrutan egiten genuen askotan eta gogoan dut behin kala galdu batera iritsi, biluzteko eskatu eta eskutik heldu ninduzula uretan murgildu arte. Ez zen denbora asko pasatu uraren tenperaturara ohitu eta nire gainera salto egin zenuen arte. Uraren txipli txapla ezberdin entzuten zen 10 urterekin gurasoekin Nojan jolastean edo Coleran zurekin jolastean. Umeek bezala, geroz eta zarata gehiago ateratzea bihurtu zen jolasa.

Bon Iver

Pasatu dira urteak Zubiritik eta pasatu da urtea “nire lagun berezia” bihurtu zinenetik. Oraindik ere ez dugu egonkortasunik lortu, oraindik ere elkar ezagutzen ari gara, baina hitzez hitz eta momentuz momentu gure arteko zubi hau zutik irauteko behar dugun sua bizi-bizirik dago. Aitortu behar dizut zurekin nagoenean ez dudala ondo lo egiten, postura horretan beso bat zanpatuta gelditzen dela eta zure azala ukitzearen emozioak logura kentzen didala.

Horregatik, geroztik zuri belarrira hitz egiteko ohitura hartu dut, zu lotan zauden bitartean. Elkarrekin bizitako uneak kontatzen dizkizut, elkarri emandako muxuak, elkarri egindako zinak eta zirriak eta elkarri esandako kontuak. Bon Iver entzuten pasatu ditugun momentu intimoak, gehienak elkar maitatzen amaitzen zirenak.

Badakizu pixka bat pastela izan naitekeela batzuetan eta ezin dut ekidin, zerbait polita esan nahian, kontrako efektua lortzen duen esaldiren bat esaten dizudanean. “Gure oroitzapenak gure aberastasuna dira”. “Oroitzapenetaz gozatzea bizitza birritan bizitzea da”. Eta Murakamiren hau da nire gustukoena: “batzuetan ez dago oroitzapena bezain gauza garrantzitsuagorik”.

Eta oso zorteduna naiz. Eta aberatsa. Eta birritan bizitzen ari naiz. Nahiz eta egun eta momentu txarrak pasatu. Esnatuta zaudenean hitzekin hori transmititzea lortzen ez badut, zure pentsamendu sakonetara iritsi nahiko nuke gauero. Elkar goxatu ondoren lo atseginean murgilduta zaudenean.