Bon hiver I

Su hiri

Dagoeneko bi urte eta erdi pasatu dira lehen pentsamendu bihurri eta gordin horietatik, ez nuke mugarri bat izan zela esango baina oso gogoan daukat unea. Zuk horrelako gauzak ez dituzu oroitzen, edo oso bestela gogoratzen dituzu. Baina badakit ez naizela gezurretan ari, sarri oroimena une intentsuenekin gelditzen baita.

Zubiriko errekan geunden eta 2018ko uztailak 6a zen, zuri data zehatza ematen ez dizudan arren. Izan ere, oso hari fin batek bereizten ditu maitemina eta mesfidantza. Inguruan gazte mordoa zeuden jolasean, San Fermin bero batzuen bezperan urarekin jolasean. Baina han, ura lasai zetorren gerizpe horretan gu biok bakarrik geunden, pixka bat apartatuta. Bueno, Ana eta Joseba ere hortik zebiltzala uste dut, baina memoria lausotzen zait bi begi eta bi belarriak zuretzako oso-osorik ditudanean.

Nabaritzen zen urte horretan kirol asko egin genuela, nik nire burua sendo ikusten nuelako, bainujantzian eta kamisetarik gabe lasai hitz egiteko konfiantzarekin. Bitxia da, inkontzienteki bada ere, gure autoestimuak zenbateko lotura duen itxura fisikoarekin, horretan soilik oinarrituko balitz bezala. Ez dakit zuk autoestima arazorik zenuen, baina nola ahaztu egun horretan transmititu zenidan indarra, beroa, hitzekin (eta keinuekin) jolasteko abilezia,… Ez dakit zeri buruz hitz egin genuen, uste dut ez nuela zure flowa ez zen beste ezertan pentsatu une horretan. Elkarri zipriztindutako tanta batzuk gelditzen ziren gorputzean eta zuhaitzetako zirrikituetatik sartzen ziren argi-izpiek zure azal txuriari distira ematen zioten. Uraren hotzak, berriz, gorputza tente jarrarazi zizun. Tente zeuden zure bular puntak ere.

Hurbildu, aitzaki txatxuren batekin besarkada bat eman, elkarri deseroso begiratu, gorputzak elkar bilatzen hasi ziren eta bi ezpainak hurbildu ziren azkenik, ilunpetan altxatzen den lotia bezala.

– Hotza det eta joango gera toallara? – galdegin zenidan.

Nire ametsak baztertu eta toallara joan ginen, hotza berotu eta beroa hoztera.

Sanfermin

San Fermin eguna zen eta guri tokatu zitzaigun saltoki handi batera erosketa batzuk egitera joatea. Ez zegon urruti, baina bidaia luzea egin zitzaidan. Gerora jakin dut urduri jartzen zarela jendearekin gidatzean. Nire kasuan, zuk jarri ninduzun bereziki urduri egun.horretan.

…Hau erosi behar dugu … zergatik begiratzen nau horrela?…errotonda da eta bigarren martxara jaitsi… eta berarekin jolasten hasten banaiz hitz bihurriren bat botaz?… Kontuz, “ceda” bat da!… edo atzoko bainuari buruz hitz egiten badiot?… aspaldi gidatu gabe e?… oso jostari dago nirekin, ez?…

– Iritsi gara – esan nion lasaituta, amaitu zen nire lehenengo erronka.

Gerora jakin dut ez garela saltoki handien zaleak, eta hala ere, guri tokatu haraino joatea lau gauzatxo erosteko enkarguarekin. Nire hormonak inoiz baino askeago zebiltzan, txupina botata zegoen ordurako.

– Orain nik eramango dut kotxea, ados?

– Bai, bai, noski!

Zu ari zinen gidatzen itzulerakoan eta oraingo honetan zu zeunden presiopean. Kortesiazko “Ez, lasai, ondo gidatzen duzu” bat esan eta nire arreta irudikatzen ari nintzen amets hori elikatzen hasi zen. Aurreko eguneko txokora eta momentura itzuli nintzen, guztiz biluzik uretan sartzeko apustu bat asmatu nuen eta ametsaren sekuentzia ugari saltatu nituen muxuen pasartera iristeko, fantasia aurreko egunean utzitako tokitik berrartzeko.

Bai, asko gustatzen zait niri ere Gasteiz… zure belarria pixkanaka miazkatuz aldakatik tinko hartzen zintudan bitartean… han ikasten ari naiz eta… nire taupadak goraka nire lepora iritsi zinenean… biziko nintzateke han… gorputzak gero eta pegatuago, bakoitzaren mugimenduak sinkronizatzen zihoazen bitartean…

– … nire mutila eta biok goaz oporretan hiru aste barru – errekako ura baino hotzagoa izan zen hori, baina nik ere bikotea nuen eta serio xamarra, gainera.

– Zeinen ondo, primeran pasatuko duzue! Hara, iritsi gara – kaka zaharra

Aspaldiko!

[17:50, 18/12/2018] Zu: Kaixo! Zer moduz? Udaz geroztik ez gara ikusi, eta orain Montpellierren bizi naiz. Oso gustura! Galdera bat egin nahi nizun, zuk baduzu kasualitatez liburu hau etxean? Gabonetan Euskal Herrian izango naiz eta ez badugu kointziditzen zuk Anari utzi eta emango dit berak.

[17:51, 18/12/2018] Ni: Kaixooo! Ba ni ondo, lan eta lan, beti bezala! Joe, ze ondo, ze inbidia! Badut Gasteiztik ateratzeko gogoa jeje Ba ez, liburu hori ez dut baina agian lortu dezaket.

[18:45, 18/12/2018] Zu: Ez kezkatu, moldatuko naiz. Ondo izan!

[18:47, 18/12/2018] Ni: Berdin, muxu bat eta ea noiz ikusten dugun elkar!

Gasteiz

Jadanik urte eta hiru hilabete pasatu ziren Zubiriko bainutik. Geroztik elkar ikusi gabe eta nire pentsamenduetan murgilduta nindoan kalean zurekin topo egin nuen arte. Zuk agurtu ninduzun, nik ez baitzintudan ezagutu (arraroa da, memoria itzela dut eta horrelako ‘akatsik’ ez dut inoiz egiten).

– Ba pozten naiz zu ikusteaz, zenbat denbora! Baina bai, bihar joango naiz zuekin entrenatzera, primeran!

– Bai, ni ere bai. Jo, eta barkatu ez zaitudalako ezagutu e? Zer lotsa!

– Ez kezkatu, oso aldatuta nago.

– Pixka bat bai kar kar – Bihar arte!

– Bihar arte, bai! 18etan Olarizuko parkean!

– Baleeee

Oso aldatuta zeunden, bai. Izugarri ondo gelditzen zitzaizun ile motza, betaurreko handi horiekin neska txintxo itxura zenuen, baina Joseba eta biok askotan hitz egiten genuen zure bihurrikeriari buruz. Gure ustez, neska txintxo horren atzean mingain zorrotzeko eta begirada bihurriko troll jostari bat zegoen. Eta horrek askoz gehiago erakartzen ninduen.

Hitz eman bezala, etorri zinen entrenatzera.

– Ultimate Frisbeeko talde bat osatu nahi dugu, gogoratu 8 pertsona behar ditugula taldea egiteko eta gaur 5 etorri gara. Saiatu zuen inguruan jende gehiago lortzen e?

– Ni hogei minutu barru joan behar naiz – nola ez, Josebak.

– Bueno, arauak birpasatuko ditugu, bale? Labur esatearren, frisbee batekin eta plakaje gabe jolasten den futbol amerikarra da ultimate frisbeea.

– ¡Que guapa esta movida! – Josebak, nola ez – “Plater hegalariak” deitu gaitezke!”. Baina joan behar naiz, peña. Hurrengo astean topera e?

– Egingo dugu bi biren aurka frogatzeko?

Ez dakit matematikoki zenbat aukera zeuden horretarako, baina ez ginen talde berdinean jarri. Lau pertsona, bi pertsonako bi bikote, eta hala ere, aurkari izan ginen. Zu defendatuko zintudala esan nion Mikeli eta kirola eta politika nahasten diren bezala nahastu nituen kirola eta sexua. Tentsio sexualaren eta lehiakortasunaren arteko muga nahas horretan eragotzi nahi nizun ditxosozko uztail hori hartzea, zu ere “pikeaz” jabetu eta irribarre bihurriak trukatu genituen. Ultimate frisbeea ez delako kontaktu kirola, bestela…

Ni zure gorputz gihartsuan pentsatzen, errekako uneaz geroztik nire baitan lozorroan egon ziren tximeleta horietan, zu biluzik ikusteko gogoz,… Bien bitartean, zu(e)k zazpi aldiz lortu zenuten gure eremura iristea frisbeearekin, paseak eragotzi zenizkidan, iskin egin zenidan,…

Ez dakit nire pentsamenduak izan bazenitu horrelako astindua emango zeniguten. Edo agian bai eta beste maila batean zeunden. Zaude.