Besterik ez

Ding! Mugikorra. Pantailan ohartarazpen bat agertu da, argazki bat igo berri du. “Ez dut begiratuko” diot, “ez zait bat ere axola eta ez dut begiratuko”. Baina hortxe nago, gogoari ezin eutsi, jakinmina asetu nahi. Pantaila desblokeatu eta aplikazioa ireki dut. Hortxe dago bera, mendi baten magalean, irribarre bihurria ahoan, azala izerdiz blai, nirekin larrutan egiten zuenean bezala. Lizunki behatzen nau, edo hori iruditzen zait. Baina ez dago bakarrik, nor da bestea? Bere bikotekidea? Laguna? Ni (izan) naizen bezala, txortalaguna? Berekin ere nirekin bezain bero egingo al du txortan? Aieneka, izerdi patsetan, isuriz blai.

Ez da luze joan azkenekoz idatzi zidanetik, azkenekoz elkarrekin egon ginenetik. “Zer moduz politta? Etxean bakarrik nago”. Besterik ez dut inoiz behar izan bere hankartean jausteko. Zer ote du ba halako sua pizteko nire barnean? Ez erantzutekotan egon nintzen, badakizue, gogorrarena egin nahian, baina alferrik. “Sexua besterik ez da” eta, zergatik eman hainbeste buelta buruari? Dutxa azkar baten ondoren tanga beltz hori, bai, ezagutu nuen gauean neraman berbera, jantzi nuen. Gona motz bakeroa eta tiradun kamiseta zuria; bere eskuak, bere mihia nire azalera osoan barreiatzea zailduko zuen ezertxo ere ez. Ilea erdi bilduta eta ezpainak gorri. Ispilura so egin eta nire barnerako pentsatu nuen “ze katxarroa”, horixe esan ohi zidan berak “ze katxarroa”. Parrandarako erabiltzen ditudan larruzko sandalia marroi ilun ia beltzak aukeratu eta kalera irten nintzen.

Oinez abiatu nintzen, azkar, bizi, norbere buruarekin gustura dagoen baten segurtasunaz. Kalean zebilen jendeak niri begiratzen zidala iruditzen zitzaidan, ispiluan ikusi naizen bezain erakargarri ikusiko ote ninduten beraiek? Nire buruarekiko konfiantzaren jakitun ote ziren?

Din don! Tinbrea jo nuenean kalanbrea sentitu nuen, hatz puntatik sartu eta gorputz osoan barreiatzen, besoetako ileak tente, titiburuak gogor, ezpainak blai, tanga bustiz. Soinean barruko arropa bakarrik zeramala ireki zidan atea. Goitik behera begiratu ninduen, nire asmoa zein ote zen jakin nahian bezala, helburu berbera ote genuen. “Aurrera!”. Sartu eta berehala gerritik heldu eta muxu eman zidan ahoan. Bizitza laburra dela diote eta zertarako galdu denbora? Norbere esku dago bizitza beroa, hezea, sutsua izatea, muxu hura bezala. Mingainak jolasean, korapilatzen, nire aho barnean lehenago, ondoren berean. Gerria gehiago estutu zidan eta nik nire eskuekin lepo atzealdea heldu nion. Gure gorputzak elkarren kontra zeuden, bularra bularraren kontra, eta haren bihotz taupadak sentitzen nituen, edo nireak ote ziren? Kamiseta zuria erantzi eta bularrak laztandu zizkidan, leun hasieran, indar handiagoz gero, bero. Mingainak korapilatzeari utzi eta elkarri so gelditu ginen une batez, eskuek elkarren gorputzak ukitzen jarraitzen zuten bitartean. Begirada hori izan zen ezagutu ginenean oso-osorik harrapatu ninduena, guztiz txoratzen ninduena, lizuna, pasio eta sexu-grinaz beterikoa, nireganako erakarpenaren erakuslea. Erakargarri izate horrek nire buruarekiko konfiantza handitu eta nolabait gustura sentiarazi izan nau.

Lepotik gogor eutsi eta nire ezpainetara gerturatu nuen berriz. Kilima moduko bat sentitzen nuen hankartean, presio bat, arindu beharreko nahi bat. Hantxe, pasilloan bertan makurtu ginen, bera eserita eta ni gainean, gona gerritik gora bilduta, sexua sexuaren kontra, tanga bustita, mihiak korapilatuta, blai. Tanga eranzteko zutitzen hasi nintzenean nire alua miazkatzeari ekin zion. Izterrak heldu zizkidan pittin bat ireki nitzan, bere mihiak dena milika zezan, orain ezker aldeko ezpaina, orain eskuinekoa, orain klitoria, gora eta behera, biraka, poliki orain, azkarrago gero. “Zeinen ongi duen ikasia zer dudan gustuko”. Belaunak dardaraz mugitzen hasi zitzaizkidan, bere buru gainean jarri nituen eskuak, helduleku gisa, oreka galdu ez nezan, arnasa azkartu zitzaidan, ipurmasailak gogortu eta lasaitu, aldaka aurrera eta atzera mugitu, eta izterrak bere buruaren alboetan estutu nituen, belaunek dardaraz jarraitzen zuten eta mihiak bere horretan zirauen, jolasean, klitoria igurzten, bueltaka, biraka, azkarrago, intentsuago, aldaka aurrera eta atzera, nire hatzak bere ilean korapilatuta, bere eskuak nire ipurmasailak indarrez eutsiz, alua heze, umel, bero, mihia biraka, azkar, klitoria presionatuz, kitzikatuz, nire bizkarra uzkurtu nuen, burua atzera bota, arnasestuka, “Ez gelditu, jarraitu”, aluko giharrak gogortu nituen, bizkarra gehiago uzkurtu, klitoria mingainaren kontra igurtzi, “Banator”, banindoan, segundo gutxi batzuez arnasa eutsi nuen, gorputz guztia bortizki astindu, eta baginan behera zihoan isuria nabaritu nuen. Gorputza erlaxatu eta beherantz begiratu nuen. Hortxe zegoen bera, niri so, irribarre bihurria ahoan, gustura utzi ninduela zekien baten segurtasunez. “Barkatu, baina joan egin behar zara, zeregin bat dut eta” esan zidan, kamiseta zuria lurretik jaso eta eskura eman bitartean. Jantzi nintzenerako atea irekita zuen. Ezer esan gabe irten eta eskailerak jaistera nindoanean biratu eta zutik topatu nuen, begirada horrekin.

Argazkira itzuli eta orain ere halaxe behatzen nauela iruditzen zait, nirekin sexu saio bat izateko mezu soil bat nahikoa dela jakingo balu bezala, berarekin beste goiz edo arratsalde edo gau bat pasatzera gonbidatuko banindu bezala. “Zu bezalakoak gustuko ditut, sexuaz gozatzen dakitenak, helburu jakinak dituztenak, ideia nahasirik gabeak” idatzi zidan azkeneko aldi hartan elkarrekin egon ondoren. Baina zein da argazkian ageri den beste hori? Ezagutu ginen gau hartatik biok argi izan dugu elkarren artekoa sexua izan dela, besterik ez, baina horrela izan ote da niretzat? Zergatik izan zen azkeneko aldi hura hain beroa eta hain hotza aldi berean? Eta zein da argazkiko hori? “Nahikoa da” diot, “ ahaztu, ez du garrantzirik”. Zenbat aldiz esan ote diot neure buruari askea naizela, eta bera ere askea dela, eta nahi duguna egin dezakegula, nahi dugunean, nahi dugunarekin, eta sexua gozamena dela, desira, plazera.

Beraz, beste hori une batez ahaztu eta bere irribarre bihurrian iltzatu dut begia, bere begirada lizunak gogorarazi dizkit elkarrekin igarotako beroaldiak, beste ezer ez dira izan eta, ukituak, muxuak, larru-jotzeak. Baina zein ongi egin izan dugun, tabernako komunean eta kotxean, nire gurasoen ohean eta bere pasilloan, azkar eta bortitz batzuetan, goxo eta lasaiago besteetan, baina beti pasioz, grinaz. Oroitzapenek kitzikatuta eskuineko eskua kuleroen barnetik sartu dut eta bi hatzez klitoria igurzten hasi naiz, poliki, aldakak ere biratzen ditudan bitartean. Hankak zabaldu eta hatzen mugimendua pixka bat azkartu dut, presio handiagoa egiten dut, gorputza uzkurtzen hasten naiz, arnasa bizkorrago hartzen, ezkerreko eskua bularretara daramat. Klitoria tamainaz handitu dela iruditzen zait, ezpainak bustita daude, gorputz osoa berotzen, besapeak izerditzen hasten, eta nik hatzak mugitzen jarraitzen dut, bularrak ukitzen, gozatzen. Ahotik arnasten hasi naiz, sudurretik sartzen den airea nahikoa izango ez balitz bezala, ipurdia gogortu, aldakak goratu eta bertan mantentzen ditut une batez, ondoren jaisteko, eta berriz igotzeko, hatzen mugimenduarekin konpasean. Klitoria intentsitate handiagoz estimulatzen dut, oinak astiro alde batera eta bestera mugitzen hasten naiz, gorputzeko gihar guztiak ditut nolabait uzkurtuta, bizkarra ere atzerantz okertuta, arnasestuka, banator, hatzek azkar biratzen dute klitoriaren gainean, hankak zurruntzen ditut, ipurdia gogortu, bizkarra gehiago okertu, arnasari eutsi, eta banoa. Begiak itxi eta sakon hartu dut arnasa. Irribarrea dut ahoan, erlaxatuta nago, gustura, ziur. Argazkira itzuli eta azkenekoz begiratuko dudala diot. Ding! Mugikorra. “Kaixo politta? Geldituko gara?”