Zorioneko

Zorionekoa.

Leihotik at begiratu eta zuhaitzak ikusten ditut: gaztainondoa, haritza eta lizarra. Haizeak dantza berezia sortu du euren adarrekin. Adarrak/besoak/eskuak/hankak… keinuka, itzalen antzerki zaharren antzera, istorio mingarria agertu du. Formak oholtzan mugitu dira, ni lekuko, haiek, protagonistak. Hostoak zirkin geldoekin dantzatu dira, aurrean dutena berotzen dute: arbolaren tripa/zilborra/bizkarra… Hara, gora egin dute suabe-suabe, eta bat-batean, behera astindu batez. Horrela, sortu dute erritmoa, krastx-krastx udazkeneko hostoek adar artean.

Krastx-krastx horretan atea jo dute. Eñaut da, sartu eta zuzendu du begirada leihorantz, zu bai zu zorionekoa, bai ikuspegi ederra! Antzerkiaren protagonistak antzeman ote dituen galdetu aurretik, nire gainera bota da. Adarra krak. Sorbaldatik helduta bultzatu nau zorura. Haize ziztada. Alfonbran etzanda gaude biak. Bero naiz txiki, belarrira aitortu dit alkoholdun ahots lodiaz. Antzezlanean bere tokitik kanpo dagoen txotxongiloa lez, arnasa erritmo gabe hartzen dut.

Soberan dut Eñaut den guzti-guztia. Haren hats potoloak nire lepoa estutu dute. Jugularra taupadaka, lizarraren azala laxatuta. Lortu du. Lortu dut? Panpinaren giltzadurak desegin dira. Airea badoa, aire iheskorrak hostoak mugiarazi ditu-eta. Leihotik at, antzezlanak bere horretan jarraitzen du: krastx-krastx hostoa, krastx-krastx zilborra, krastx-krastx titia. Leihoaren barnean, beste argi baten menpe eta erritmo gabe, dantza baldarra antzeztu da/ dut / dugu; nolabait, ni ere bainago oholtza gainean.

Naizen panpina honek konortea galdu aurretik, lepoa estutzeari utzi dio Eñautek, lasai txiki ez zaitut hilko, bere mingainak bidea ireki du nire titiburuetara. Hori da, txiki, ahopeka esaten du, bai, ez zaitez mugitu, bere aurpegia nire sabelaren kontra igurzten du, nire azala usaindu, dastatu, arbolaren salbia gustuko, agian? Horrela bai, hilda moduan, geldi. Burua izterren artean kokatu eta hasi da alua zurrupatzen. Hilda? Galdetu nahi diot, baina… Berak jarraitu du temati, gero eta sakonago mingaina sartuz, atzamarrak ere lagun dituela. Eta ni geldi. Hilik? Hosto bat erori da adarretik, erritmoa apurtu du. Besoa nahigabe mugitu zait, Eñauten burua gozo laztanduz.

***

Zoriona.

leihotik at begiratu eta eraikinen argi jolasera batzeko asmoz, sukaldeko argia amatatu eta piztu egin dut. Bi aldiz. Gaua da, aurreko etxebizitzek nagiak kendu eta dir-dir hasi dira.

Etxearen zonalde ezberdinak argitu edo ilunpean murgildu dituzte. Alde batetik, bizileku

berean tik-tak denbora eta dir-dir argia hasi dira larrutan, baita eraikin bereko bizilekuen artean ere. Tik egongela argitu, dir bainugela ilundu.

Te taza beroa dut esku artean, ezpainetara hurbildu bezain laster gerturatu zait Madalen, gerritik estutu eta musu sakona eman dit lepoa eta sorbalda batzen dituen lur azal horretan. Nahi gabe dar- dar egin dut. Tea kasi bota. Hau da zoriona, ezta? Esan dit gerritik helduta nauela, eskuineko eskua kuleroan sartu eta alua laztandu dit geldo, iletxoekin jolastuz.

Hemen barruan, etxean bero gaudela eta kanpoan ilun dagoen bitartean… Lortu dugu zoriona, ezta? Irri egin dut, tea sukaldeko mailan utzi, biratu eta aurrez aurre so egin diot Madaleni. Keinu bihurria nirea gerturatu eta gerrikoa askatu diodanean. Belaunika jarri naiz eta eskuak haren ipurdian ipinita nigana erakarri dut. Tik bustirik du alua, tak beroa uzkia. Atzamarra, gozo eta bigun, ipurdian sartu diot. Dir mingainarekin klitoria zupatu, dir haren zapore gozoa ezpainetan dastatu. Pixkanaka-pixkanaka libre dudan besoa bere kamiseta behetik pasatu dut eta ezkerreko titia goxo estutu diot. Tik, bera atzera bota da pixka bat, tak

nire aurpegia hartu eta begiratzera behartu nau.

Bere begietan antzeman ditut eraikinak. Dir egongela, tak sukaldea. Eskutik heldu eta zutitu nau. Bai, bero hemen etxean… kanpoan hotz eta ilun…leihoaren kontra bultzatu nau. Bere aurpegiak nire masailetik labain egin du lepora heldu arte. Lepoaren azala finagoa omen dut. Argia bera ere, erraz hautsi dezakeen azal geruza beldurtia da. Taupadaka hasi zait lepoa.

Ezin argitu Madalenen gertutasuna gustukoa duenez. Hotzikara handi bat bizkarrezurretik igo zait. Dar-dar egin dit gorputzak. Zoriona bai, hemen bero, xuxurlatuta esan du Madalenek. Bere hitzak urrun entzun ditut. Bizkarra kristalaren aurka dut, eta horrela, gure leihotik gerizpe bat margotu dugu: dir bizkarra tente eta besoak beiraren kontra, dir bizkarra uzkurturik besoekin Madalen oratzen dudan bitartean. Gure berezko argi jolasa batu dugu. Eraikinek probokazioz barre egiten dute, gu ere gatibu gara euren gerizpe eta argien ipuinean.

Barruan bero, errepikatu du. Nik zerbait galdetu nahi diot, baina ezer esan aurretik oharkabean atzamarrek tearen taza ukitu dute, lehen, aspaldi, bero zegoen katilu hotza.

***

Zori

leihotik at begiratu eta itsasoa ikusten dut. Ura korronte zatiezina da. Non hasi eta non bukatu ezin dut asmatu. Ur tanta bakoitzak bestearen gainean, ondoan, azpian… agertzen dira. Tanta izatearen kontzientzia erabat galdurik. Baina elkarrekin lortu dute itsasoa.

Heldu dira. Atea irekita dago. Zain.

Zer egiten duzu hor zutunik? Bazatoz? Batu nahi?

Bai, noski. Horretarako geratu gara-eta. Bost lagun, bost ur tanta.

Batu, gehitu nire gorputza besteenera, non masaila, ilea edo orpoa. Gustuko ditut batez ere ahoa eta uzkia. Nire sentipenak gorputz atal horietan handitzen dira, hezetasunari esker hazita.

Behatzen ditut lagunak. Baten bat urduri. Zori ona? Zori txarra? Naroak nahiago du momentuz begiratu, besterik ez. Ez da guztiz biluzi, prakak eta kuleroak kendu ditu eta masturbatzen hasi da.

Besteok, panpina zein itzal, hasi gara gure gorputzak partekatzen. Eñauten bizkarra laztantzen dudan bitartean Naroari begiratzen diot serio. Madalen gerturatu zaio, baina Naroak paretik kendu du. Oraindik ez. Momentuz ikusle izan nahi du. Ibaia itsaso aurretik.

Ez dugu hitzen beharrik une horretako istorioa sortzeko. Jada ez naiz txotxongilo, nire gorputzako argi ilunek ere ez dute axola handirik oraingoan. Biluzik narrastu egin naiz besteen larrugorritasunera. Zori ona edo zori txarra ur korrontearen araberakoa al da? Buruz egin dut jausi putzura, sakonera ezagutu gabe, mugimenduaren distiragatik zeharo itsututa.

Azala usaintzeko kapaza naiz: kresala eta izerdia. Hatzen zurrunbiloan, hankak entregatu ditut eta korronte solido horretan oratu naiz. Nire hatzekin sakilak, titiak, gerriak arakatzen noa, errealitate berri hau ulertu nahian nabil. Desirak sortutako antzokian bueltaka naiz. Ez dakit nola gelditu, ez dakit gelditu ote nahi dudan ere.

Eta arnasa hartzen ahaztu dut.

Ez dago arnas egiterik. Itsasoaren ur korronteak beregain preso du oxigenoa.

Mina sentitu dut bizkarrean, kosk egin didate, Naroa da. Kosk egingo dut nik ere, berdin dit nor berdin dit zer. Zori ona, zori txarra. Baina lehenago ahaztu behar ditut hitzak.

Gerria ez da gerria, zonalde bero eta argi hori baizik, aluaren ileak ez dira ile, leku ilun eta basatia baizik, mingaina ez da mingaina, hezetasunaren eremuko erregina baizik. Istorioa mugatu dudala uste dut. Oker naiz. Elkartasun honetan, sasi antzezlanean alegia, elkarrekin egoterik ez baitugu. Itsasoan… itsaso, ba al du izateak ur tanta bakanak?

***

Zor

Leihoa dut nire aurrean. Eta leihoko kristalean nire isla. Estreinaz, parean dudan aurpegiak mugitu du burua ezkerreko sorbaldarantz. Zer nahi duzu? galdetu dut. Nire islak beste aldera errepikatu du keinu bitxia.

Zerbaiten zor, ikuspegia falta ala?

Premia berezia hasi zait nire baitan, horregatik, eskuineko eskua luzatu dut markoa ukitzeko. Mugimendu baldarra da, adorerik gabekoa. Berriro eskuak gerria ferekatu eta markoko gainazalaren poro guztiak laztandu ditu. Ulertzen ez dudan behar horrek, ezpainean kosk egitera eraman nau. Ez naiz plastikozko txotxongiloa, ez nabil fokuaren azpian dantzan.

Bakarrik, nire bakartasunari batuta leihoko islarekin harremanetan hasi naiz. Kosk egin eta salbia/ura/izerdia/odola… nire izter eta alua labainarazi dute.

Haren zapore gatz eta eskarlata kokotsetik hedatu da. Eskua airean izozturik dut,

geldi-geldirik, beldurturik, akaso? Zeren zor? Haren arreta merezi ez banu bezala kristaleko aurpegia eskuekin tapatu dut.

Bigarren saiakera: begiak itxi, sakon arnastu eta orain bai, markoari heldu diot. Goiko izkinatik zirrikitura/arbolaren azalera/zilborrera/katiluaren berora/izterretara… Horiei guztiei, nire fantasiei, niari, laztan egin diet. Guztiak heldu ditut, eta ahopeka zer nahi duzu?, itaundu diot leihoko aurpegiari. Jarraitu? Eten? Arnasgabe kanporantz bultzatu dut markoa. Leihotik at. Ez da ireki, ordea. Ez da nahikoa. Zor. Beti zor. Berriro bultzatu, berriro indar batean. Bi eskuak erabili ditut nire barnean, bultza eta bultza, eta… orduan bai, azkenik leihoa ireki egin da.

Aurrean zabaldu den arrakala taupadaka dut, zart-zart, probokazioaren erotika eta behingoz…

BANATOR.