Zortzigarren artea (I)

Kaixomaitia.eus Kontaleta Erotikoen Leihaketa

Egilea: Ander Varela

Argazkia: Hernan Piñera

1

Euria, goitik behera, zapaiatik erortzen. Alderik alde, belarriak kolpatuz. Haizea, aldizkakoa, eta bolada bizikoa. Lainoak, ugariak, eta ilunak, oso. Bata bestearen gain, besarkada bakoitzeko haserre tximistak jaurtiz. Amodioaren kontraesanak. Zerua guztiz estaliz, eguzkiaren indarra gutxietsiz. Ezereza. Tenperaturak baxu, indar gabe. Nekez. Urte amaierara kemenik gabe iritsiko bailira, guztia emana. Lur jota. Itsasoa haserre, amorrua handituz, olatuak urrunetik gerturatzen diren heinean. Sumindurak azukre koxkorren aurka talka egiten du, hauek poliki-poliki deseginez. Kafe beroarekin urtzen diren bezala. Mendi tontorra zuri. Aparte. Beste dimentsio batean egongo balitz. Altueratik behatzen gaitu. Seguraski harrotasunez, gaur ilea argia baitu. Gaur dotore dago.
Ez da giro. Hori pentsatu berri du Markok, oin puntek ohe azpialdetik burua atera dutenean. Hamar behatzak dardarka daude, aldiz, ezinezkoa zaie elkar laztantzea. Ez behintzat bi muturrekoek, zertxobait, ordea, albokoek. Beti berdinak, aspertuta daude. Belaunak tolestu ditu, sabelarekin bat eginez. Eskuarekin heldu, eta edredoi azpian gorde da. Orain, dortoka bat dirudi, oskol barruan. Gaindi daitekeen oskol ahul bat, erabat zeharkagarria. Makaltasun guztiak agerian dituenak.
Ohean dantzan. Oinak gora eta behera, eta eskuak izterrak igurtziz. Hasieran, motel. Ostean, martxa hartuta, bizkorrago. Lehendabizi, bertikalki. Ondoren, espiralak marraztuz. Amaren kroketak imajinatzen zituen ametsetan. Urdaiazpiko eta guzti. Minutu gutxiren buruan, ileak kiribildu zaizkio. Udan ez zaio halakorik gertatzen, tenperaturak epelagoak izateaz gain, ilea kentzen duelako. Argizariarekin probatu, negar malkoak azaleratu, eta bizar-kentzeko aparatuarekin dihardu une hauetan. Anaiak oparitu zion, iragan urteko gabonetan. Berak bizikletan ibiltzeko dela dio, baina gezurra da. Ez esan inori. Giharrak ondo baino hobeto zehaztuta ikuskatzea atsegin du, zainek autopista moduko bihurgune batzuk azalean deskribatuz. Indarra egiten du, eta ispilu parean behatzen da. Horregatik, bai, eta zakila gorputzetik gehiago aldentzen delako. Ilusio optikoa. Belarrik gabe zatorren tontorrek handiagoak dirudite. Gutxienez, ikusi egiten dira. Markok ez du tresna sexuala indargune nagusi. Egia da. Eta berak badaki. Gaur, urriak 19 ditu. Zakila gordeta dago, baso iluneko gerizpean. Pinuek itzala ematen diote. Aspaldian ez da bertatik aizkorarik pasa.
Halako batean, ezkerreko begia ireki du. Erdipurdi. 11:47 iratzargailuan. Gorriz. Ez du aparteko presarik, inork ez du ohetik aterako. Nahiko luke. Bart gabean, ohikoa den bezala, berandu arte gelditu zen telebista parean, zinema plataformara igo berri duten azken filmaz gozatzen. Atzo pelikula izan zen. Alabaina, telesailak ere atsegin ditu. Edota dokumentalak. Gai eta genero zabalekoak. Betiere gutxieneko kalitatea erakusten dutenak. Badakizki bereizten, eta ez du denbora alferrik galtzen. Hori du bizio bakarra. Hiru plataforma digital nagusietan izena emanda, hilean behin irteten den zinema aldizkari bateko harpideduna, sare-sozialetako zinema kritikarien erabiltzaile sutsua, zer esango dutenaren esperoan, eta, neurri txikiagoan, irratiko zinema solasaldiak adi entzuten dituen zalea. Pantaila handiaren jarraitzaile amorratua. Zazpigarren artearen kontsumitzaile fidela. Ez betidanik, baina bai betiko. Ziur.
Edonork ezin du esan irizpide duen pasiotik lana sortu duela. Gutxi dira, eta herrixka honetan esku batekin kontatzen ditugu. Ez da ohikoa. Marko ez da esku horretako behatz bat. Jomugan duen ametsa da. Momentuz, urrunekoa. Momentuz, eskuraezina. Momentuz, soilik, ametsa. Ez du sortu, ez du idatzi, ez du filmatu. Esponja moduko zerbait da, ideiak xurgatzen dituena. Autodidakta hutsa. Formakuntza fasearen barnean aurkitzen dena. Garaiko, eta gaur egungo zuzendari esanguratsuenak aintzat hartuz. Tripakiak ireki, eta barneko ideiak arakatuz. Bizitza, heriotza eta amodioa. Erakartzen dizkioten gaiak, interesak sorrarazten dizkiotenak. Miatu gabeak, aztertzeko daudenak. Existentzialismoa, tarteko. Momentuz, ez du hortaz hitz egin nahi. Eztabaida batean murgilduta egon ezkero, baditu nahiko motibo eta argumentu parean esertzen den edonor isilarazteko. Aldiz, zuhurtziaz jokatu nahi izaten du. Momentuz.
Gaur osteguna da. Zinemaren inguruan deus sortu duen arren, Marko ezin da kexatu. Izan ere, mundu liluragarri honetatik bizi da. Marko ez da aktorea. Ezta gidoilaria. Zinema zuzendari izatetik ere urrutiko postuan kokatzen da. Markok ez ditu pelikuletako soinu-bandak sortzen. Ez da zinema kritikoa. Ez zuzendari artistikoa, ezta argazkigintzakoa ere. Markok ez ditu ahotsak bikoizten. Eta bere itxura fisikoa kontutan izanik, ez ditu arrisku sekuentziak filmatzen. Makillajeaz arduratzeko ere abilezia urriak ditu. Eta ez da efektu berezietako espezialista. Marko ez da ezer. Eta, era berean, Marko guztia batera da. Badira astean lau egun, ostegunetik igandera, bi orduz, egun bakoitzeko, Marko Grezia antzinako jainko batean haragitzen dela. Susmo hori du, eta hala sentitzen da. Izan ere, herriko zinemako filmak erreproduzitzen dituen arduraduna da. Hilarako azkena, ikusezina. Inor ez da berataz oroitzen. Kabina barrua gotorleku, zinta esku artean izan, boterea sentitu, eta magia sortzen du. Lau hormen artean, bi orduz bada ere. Jendeak arazoak ateetatik at uzten ditu, txirringen moduan, giltzapetuta. Eta, soilik, aitzakia bat behar dute, aitzakia xume bat, hagan egiteko. Beste bizi bat amesteko. Irudimena martxan jartzeko. Espazioko oasi txikia hastear da. Gaur osteguna da.
Irribarrea marraztu zaio aurpegian. Ertzak elkarrengandik aldenduz, ahoa ireki gabe. Gorputz adarrak luzatu ditu, besoak eta hankak. Laurak neurri berean. Aharrausi sakon batekin lagundu du egoera. Urdailetik zuzenean irtenik, ziegako dragoiek txistua botata. Zelako usaina. Begirada meridianorantz jaitsi, eta jolasean aritzeko aldeko jarrera goraipatu da. Izterrak gogortu, ipurdia estutu eta zakila sendotu. Nerbio sistema jolas-parkean murgildu da, eta une hauetan, errusiar mendiko malda aldapatsu eta zorabiagarrienean kokatu da. Amildegira jaurtitzeko prest, sabeleko pinpilinpauxak ahotik irtetear dauden horretan. Tapakiak Himalayako mendilerroa dirudi. Eta sumendia erupzio egoeran sartu da. Esnatu egin da. Geldi. Hasi aurretik. Hemen ez. Has dezagun eguna ganoraz. Eman diezaiogun sexuari merezi duen garrantzia. Xehetasun guztiek barealdiko ingurugiroa bultzatu dezaten. Edredoia alde batera jaurti, ohetik salto egin eta oinak lurrera. Biak batera. Hotz handia. Izugarria. Kristal puskatuak bailira, zirku baten ikuskizunean, korrika eta jauzika, gerria alde batetik bestera, egongelara abiatu da. Bertan da. Etxeko zapatiletan babestu, eta bi segundoz begiak itxi ostean, apalategitik “L” hizki bilatzen hasi da, behatzarekin jarraituz. “H”, “I”, “J”, “K” … “L”. Hemen dago. Liam Gallagher. Biniloa hatz puntekin heldu eta bilduma sortatik atera du. Zu zara aukeratua. Goia jotzen lagunduko didan sostengua. Mihia hortzekin koskatu du, kontentzio gisa. Zakilak tente jarraitzen du. Geratzeko heldu da. Makinari tapa estalgabetu, barrenak agerian utzi, orratza igo eta biniloa txertatu du. Biraka hasi, eta segundo gutxiren ostean, gitarra hotsak barruak astindu ditu. Bolumenak gora egin, eta komunera joan da, ziztu bizian. Bidetik pisua galdu du; kamiseta landare gainera, galtzak lurreko errautsetara, eta galtzontzilloak mahai ertzean zintzilik. Biluzik, erabat. Dutxako atea ireki, ur tenperatura 35 gradutan eta euri azidoa buru gainera. Ilea leundu da, eta sudur puntak ur-jauzia dirudi. Ezker eskua paretara, eta gorputza finko. Aingura lurrera. Ankak zabaldu, pauso bat kanpora. Eskuin eskuak bostekoa eman dio kideari. Goxo eta lehun laztanduz.
Ferekatuz. Kristalezko desira bola bat ukitzen den moduan. Irrikaz. Grinez. Biziguraz. Gorpuaren ardatza garunetik iztaiondora irristatu da, urak lagunduta. Hark du kontrola. Burua hutsean dago. Korronteak eraman gaitzala, ez dugu gehiago behar. Hondotik entzuten den bateria-jotzaileak erritmoa finkatu du, eta baxuak tonua. Kontzertu pertsonalizatua. Markorentzat egina. Neurrira josia. Bat-batean, abiadura azkartu da, pentsamendu erotiko batek bultzatuta. Oso gertukoa, oso beroa. Gehiegi, akaso. Gehiago irautea gustatuko litzaioke, aukeran. Aldiz, gaur horrela etorri da. Masailezurra gogor kolpatu du, hortzen arteko talka sortuz. Kris-kras. Une magikoa iristear da. Zerumugan sentitu dezake jada. Elur malutez jantzirik ekaitzak oihartzuna jaurti du, eztanda biziz. Bertan da. Segundo gutxi barru. Markok, berriro ere, kontrola hartu du, eta haren aginduaren zain gaude. Ezin du gehiago itxaron. Irrikan dago. Agortu du pazientzia dagoeneko. Badator. Festari hasiera eman, eta barrabiletik irten da. Hoditik gora. Lasterketa preziatua. Azken txanpa. Argia ikusten da, iluntasuna atzean utziz. Amildegira gerturatu, eta salto. Adrenalina poroetatik, nonahi. Zero puntua. Iragana eta oraina. Existitzearen arrazoia. Plazerra.
Euri beroarekin nahastu da, eta oinak atzera bultzatu dituen arren, gozamena askoz handiagoa izan da. Botere absolutua, jaun eta jabe. Izterretik behera, motel, gorputz horretatik askatu nahi ez lukeen moduan. Izan ere, Markoren parte izan da, bere horretan zerbait izan da. Funtzio jakin bat izan du. Helburu bat. Eta, hala, momentu aproposaren esperoan egon da. Hor nonbait, haren bizia amaitu da. Jomuga beteta, orain, ez du zentzurik. Onartu du, eta alde batera bota da. Amaiera krudela, emandako plazerrak ez baitio ohore egiten. Badoa. Inoiz gehiago ez itzultzeko. Zulotik behera. Alabaina, une horrek memorian dihardu. Betirako.
Biniloak salto egin du. Hurrengo kanta hasi da; Come Back to Me.

Jarraitu Irakurtzen: Zortzigarren artea (II)