Zortzigarren artea (II)

Kaixomaitia.eus Kontaleta Erotikoen Leihaketa

Egilea: Ander Varela

Argazkia: Hernan Piñera

2

Azalaren usaina. Orrialde bakoitza pasa aurretik behatza miazkatzea. Ezagutzen ez dituen hitzak. Edota esaldiak. Marrazkiak, kolorez, eta zuri-beltzez. Denboraren poderioz bide izkinan galduak, aldiz, zenbaitetan beharrezkoak. Lagungarriak. Barneko sormenaren “musa” elikatzea. Harra piztea, zenbat eta gehiago eman, pixkat gehiago eskatzen dion hori. Sentimenduen kudeaketa, sentipenen armairua. Kanpoko euria. Zuhaitzak biluzten, hostoen dantza. Kafe egin berria. Zigarroaren kea. Besaulkitik beherantz irristatzea, ipurdia birkokatzea eta sorbalda karraskatzea. Folio bereizgailua, parentesi gisa, burua altxatu, eta berriz ere, mundua begietara begiratzeko. Parez pare. Ezinbestekoak, bizitzaren trena gelditzeko, arnasteko, ilusioa izateko. Irakurtzea plazer gorena da. Markoren beste afizio bat.
Kirmen Uriberen “New York-Bilbao-New York” nobelan erabat murgilduta aurkitzen da. Hatzaparrekin tinko heldu dio, eta ezin soltatu dabil. Bi egun atzera ireki zuen azala, eta 21 orri besterik ez zaizkio falta. Hasi eta amaitu beharreko kontu bat, beharrak asetzeko aitzakia bat. Parean, liburuaren bizkarrean, telebista. Eta bertan, irakurtzen jarri eta sarritan, ohitura gisa, erreproduzitzen duen pelikula. Beti bera. Literatura mundura jauzi egiten laguntzeko erabiltzen duen zubi magikoa. Unibertso paraleloak lotzen dituen atea. Isabel Coixet erruduna. Hark marraztu baitzuen bide miresgarri hau. Hark sortu baitzuen La Librería filma.
Orduak eta orduak emango lituzke bertako liburutegian. Gaur egun nekez aurkitu ahal ditugun horietako batean. Sarrerako kristalean zabalik aurkitzen dela ikusi, poztu, burdinazko helduleku izoztua behatzekin heldu eta biratzea. Ataria zeharkatzean, kanpai hots batek ustekabeko ongi-etorria eskaintzea, eta barruko erosleek zugan begiak jostea. Pauso bat. Bi pauso. Eta lurzoruak egur hutsen zaratak oparitzen dizkizu. Aspaldian belarrietatik hondoratu ez diren soinuak. Lasaigarria. Baregarria. Terapia modukoa. Isiltasuna errespetatzen da, guztiak bere horretan baitaude. Une garrantzitsua da. Izan ere, hurrengo asteetako norabidea zehaztuko den unea baita. Istorio bat, edo beste. Fantasiazkoa. Amodiozkoa. Gerrakoa. Fikziozkoa. Dramakoa. Edota beldurrezkoa. Momentu erabakigarria. Zoriaren esku utzi ezin daitekeena. Zenbaitetan asmatu, beste askotan, aldiz, ez. Apalategi guztiak, goitik-behera, arakatuko lituzke. Bi solairuak. Eskailera gainera ere igoko da, ganbarako, azken ilarako, hautsez estalitako liburuei arreta pixkat emanez. Belaunak ere zoruan iltzatuko lituzke, behe aldeko entziklopedien erraiak xehetasunez behatuz. Pare bat nobela aukeratu, nekez, gehiago hartuko lituzke, eta saltzailearengana abiatuko zen. Emakumea. Bihotz taupada bakoitzeko poztasun irrintziak kanporatzen dituena lau haizeetara. Egiten duen lanarekin maiteminduta sentitzen dena. Une oro zorretan. Eta hori nabaria da. Aurpegian. Hizkeran. Gorputz mugimenduan. Ariman. Ekintza onberak egiten ditu, literatura bidez, eta jakintza bidez, ingurukoak pozten baititu. Liburu bat bestearen gainean kokatu, zehatz, eta paperez bildu ditu. Babestuta. Garai batean txokolatea estaltzen zen moduan. Zinta batekin ondo lotu, eta goxoki itxurako korapiloarekin prestatuko luke. Bikain. Lehun, urratu gabe. Urteak daramatza behatz mugimendu horietan murgilduta. Begiak estalita ere egin ahalko luke. Liburu salmenten poderioz ez da sekula diruduna egingo, betiere aberastasuna txanponetan neurtzen badugu. Izan ere, aberastasunak baditu sen aunitz. Emakume harentzat askoz ere pisu handiagoa dituenak. Balore handiagoak. Gauza bera gertatzen zaio Markori.
Itzuli da. Lurra hartu du. Besaulkian eserita, begirada noraezean. Nonbaiten finkatuta. Azken hilabete honetan irratian sarritan entzun izan duen kanta etorri zaio burura; “Zeri begira
hartu nahi duzu lo? “ Markok argi du. Liburuak irakurtzen harrapa dezala loak. Edota, noski, pelikula hau ikusten. Ez litzaioke axola behar.

Jarraitu irakurtzen: Zortzigarren artea (III)