Kaixomaitia.eus Kontaleta Erotikoen Leihaketa
Egilea: Ander Varela
Argazkia: Hernan Piñera
3
Hil kanpaiak. Plazatik. Elizatik. Kanpandorretik. Berehala identifikatu ditu, etxetik irten bezain pronto. Lehen oinkada kaleratu, eta putzua zapaldu duenean. Zapatak busti zaizkio. Orkatila izan du muga, eta galtzerdi grisak beltz bilakatu dira. Zorte txarra. Edo aurreikuspen gaitasun falta. Gaur osteguna da, eta burua beste nonbaiten du. Ez du axola, badago okerrago dagoenik. Kalean behera behatu du, hotsen jatorrien gunera. Arazo honek, behintzat, konponbidea du. Laneko berogailuan zintzilikatuko ditu, laster.
Zortzietan zinemako ateak zerratu. Zazpietan lanpostuan egon. Eta, orain, sei eta erdiak. Puntu-puntuan. Oinez, bost minutu, zehazki. Etxetik zinemara. Denboraz ibiltzea atsegin du, ibilaldia zertxobait luzatuz, haizeak aurpegian kolpatzeko. Negar malkoa irtetear du, hotzagatik. Mukia ere neurri berean. Eskuak, ordea, bero, eskularruetan babestuta. Gaztaina errearen usaina antzeman du. Kaleetan zehar barruratu da. Alboko tabernak eztanda egin du, bat-batean. Realaren gola. Kinielan, X. Baten bati bizitza aldatu zaio. Aurrerago segitu. Bazterrak behatzen ditu, izkinak xehetasunez aztertuz. Pasearietatik zentimetro gutxira igaro da, gainontzekoen elkarrizketak entzunez. Kuxkuxean jardunen da. Belarriak hotz, baina tente, eta adi. Istorio berriak aditzea atsegin du, etxe ezezagunen ateak zeharkatu eta barruko nondik norakoak antzematea. Berbaldiaren zati txiki bat entzunen du, amaierak sortuz. Nahieran. Aurrera darrai. Momentuz, ezer interesgarririk. Hotzikara batek astindu du, kolpez, ezker hegaletik. Kantoi baten muturretik. Gorputz osoa dardaratu zaio. Ez du gaixotu nahi, ezingo luke onartu. Lana gehiegi maite du. Buelta erdi, eta zinemarantz abiatu da. Gotorlekura.
Tupustean. Ezustean. Zapore goxoagoa du horrela. Aspaldiko lankide batekin egin du topo. Lantokia ikusi dezake, galtzada-harria zapaltzen duen gune batean. Historikoa. Bizitzaren bueltan hitz egin dute. Eta pantaila handiaz. Garai batean haien ibilbideak batu zituen motiboa. Urteetan zehar mintzagai izan duten hortaz; eztabaidak, gomendioak, eta askoz gehiago. Bertan idatzi ezin direnak. Kontuak kontu, bart gabean, seme txikia lo hartu ezinik zebilela, munduko beste aita batek egingo lukeena burutik pasa ez, eta begiak zerratzeko gonbita egin beharrean, esna amets egitea proposatu zion; Willow pelikula jarri zion. Fantasia. Akzioa. Abentura. Sorginkeria. Efektu bereziak. Eta txapela kentzeko moduko soinu-banda. Zer gehiago behar du ba haurrak hegan egiten hasteko? Noski, berehala loak hartu zuen. Irribarrea aurpegian marraztuta. Aitaren besoetan. George Lucasek ere ezingo luke halako gidoirik asmatu. Ezta halako amaiera perfekturik ere. Zinema izugarria da, baina bizitza beste kontu bat da. Haratago doana. Aldiz, batzuk ezin dute bata bestea gabe ulertu. Siames existentziala, deitu dio Markok. Behintzat, ez du semea “Madmardigan” deitu. Gaitzerdi.
Hala aitortu zuen behintzat, lokalean. Pelikula hura lehen aldiz ikustean. Sofan hondoratuta. Esku batean garagardoa, eta bestean, porrua. Erdibana. Markorekin. Indarra ahotik joan zitzaion, harrotuta. Orduan, 16 urte zituzten. Orduan, lurrikara batek Maroko astindu zuen. Orduan, Madrileko trenek hamar bonben indarra jasan zuten. 191 pertsona hilik. Orduan, Zapatero gobernura iritsi zen. Orduan, Putinek errusiar hauteskunde orokorrak irabazi zituen. Zapaldu. Beste behin. Orduan, hamar herrialde gehiago batu ziren Europar Batasunera. Orduan, 400 pertsonek bizia galdu zuten, Paraguaiko supermerkatu batek su hartu zuela. Oporrak ziren. Haien egun librea. Orduan, Venezuelak erreferendum bat izan zuen. Hugo Chávezek gogor eutsi zion. Orduan, Chechenoek errusiar eskola bat bahitu zuten. Beslanen. 340 hildako. Gehienak, haurrak. Orduan, 37 urteko okupazio luzearen ostean, Israelek Gazatik alde egin zuen. Noizbait joango bailira. Oraindik esperoan gaude. Orduan, Afganistanen
lehendabiziko hauteskundeak gauzatu ziren. Iruzurra tarteko. Orduan, Costa de Marfil bonbardatu zuten. Iparraldeko hiririk nagusiena. Orduan, Markok, 16 urte besterik ez zituen. Orduan, soilik, zinema interesatzen zitzaion. Pelikulak ikusi eta ikusi. Bata bestearen segidan. Lagunekin. Bakarrik. Gainontzeko guztia bigarren itzal batean mantentzen zen. Urte latza. Inongo zalantza gabe. Beste garai bat. Barre algarak irteten zaizkit 2020a behatzen dudanean.
Besarkada bat. Zaindu zaitez. Ea noiz ikusten garen, berriz. Ilusioa egin dio. Aspaldian ikusi gabeko lagun kuttun hura. Badoa, urrunean. Kalean behera. Seme ttipia atzetik, erritmoa motelduz. Hiru urte inguru izango ditu, ez gehiago. Txanoa buruan, kanika bat puntan, eta masailak gorri. Begiak kliskatu ditu. Ez dago. Ez daude. Desagertu egin da. Garai batean bizitzako norantza ezberdinak hartzean gertatu zen bezala. Indibiduo bakar gisa ezagutu zuen. Ordea, familia bat eraiki du. Antzinako kide guztiek egin duten moduan. Batek izan ezik. Markok izan ezik.
Zinema pareko plazatxoa zapaldu du. Ez da inor. Usoak bai, ugari. Erdian kokatzen den antzinako iturri baten inguruan. Oinez. Lurzoruko hondakinak miazkatzen. Enparantza biluzik aurkitzen da, inguratzen duten zuhaitzei besoak moztu baitizkiete. Hala gertatzen da udazkenean. Hasiko dira berriro ere. Indarrez. Kale-argiak piztu dira. Bederatzi. Bi imintzioka. Eta bakarra ilun. Hilda. Katu bat ere badabil handik, usainean. Mantso. Zaharra dirudi. Zuria eta beltza. Jendeak zaborra edukiontzietara noiz botako zain. Ostean, harantz abiatuko da. Afaltzeko zer duten ikustera. Iritsi da atera. Kanpaiak. Zazpiak. Lankidea ez da, oraindik. Lehena ailegatu da. Beti bezala.
Jarraitu irakurtzen: Zortzigarren artea (IV)