Zortzigarren artea (IX)

Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketa

Egilea: Ander Varela

Argazkia: Hernan Piñera

9

Kalean behera. Oihal poltsa sorbaldatik zintzilik. Gaurkoan euritako botak jantzi ditu. Panama Jack. Marroi argiak, etxean jantzi dituenean. Ordea, ilunagoak lehendabiziko putzuak zapaldu dituenean. Arin dabiltza, pisutsuak diren arren. Azkar doa. Ez du inongo presarik, baina barruak kolpatzen duen nerbio-sistemak iskanbila ederra du antolatuta. Zalaparta. Bihotz taupadak neurri berean. Odolak kontrol gabe ponpatzen du. Eta gorputz osoa urdurituta dago. Berotuta. Ez da euririk, une honetan. Alabaina, tantanek kopetatik behera dihardute. Izerdi hotza.
Ez du ezer ulertzen. Aurretik inoiz gertatua. Eszitazio maila gorena ukitzear da. Begiek betzulotik alde egitekotan daude. Abiadura azkartu du, are gehiago, tente dagoen zakila lasaitzeko asmoz. Larruzko bakeroen aurka talka eginez. Petrinak gogor eusten du egoera. Gorpuaren kontrol eza nabaria da, eta hau nahieran dabil kaleetan barrena. Zentzumenak zorroztu zaizkio, pelikula batean egongo balitz. 3D-ko betaurrekoak jantzita izango balitu. Xehetasun txikienek erakartzen diote, grabitate indar gisa; fruta-dendatik irten berri den emakumeak marrubia ahora sartu eta hozkatu duenean. Jario gorrixka ahotik behera. Lepotik, bularreraino. Gazte batek korrika atzean utzi duenean. Nike logotipoa ipur-masailean txertatuta. Izterrak tenkatuta. Alderik alde. Eta tanga barrenean. Urrunean, batek belarriak igurtzi dituenean. Suabe. Goxo. Behatz puntarekin. Gora eta behera. Okindegi parean Croissant bat erditik puskatu duenean, beste batek. Kris-Kras. Hotsa belarriraino. Usaina sudur-zulotik barrena. Ama koadrila batekin gurutzatu denean. Begirada festa. Ea nork mantentzen duen denbora luzeagoz. Erronka. Konexioa mozten duen lehenak galtzen du. Orgia bat imajinatu du guzti haiekin. Segundo batzuez. Ez zuen askorik iraungo. Emakume gehiegi. Larregi. Arkua igaro eta plazara heldu da. Pentsionistak protestan. Ehundaka. Bakar baten erditu du begirada. 60 baino gutxiago. Bular izugarriak. Berokia jantzita ere igartzen zaizkio. –Nola egon beharko luke 30 urterekin-. Pentsatu du. Zer demontre dabil. Zertan bilakatu da. Guzti honek ez du zentzurik. Bereizgarri ttipienek ere ezusteko bultzada dute hormonen artean. Zer gertatzen zaio?
Zamaltza kalea. 45, portala. 2-D. Bertan da. Ibilbide guztian zehar jomuga izan duen tokiak bizia hartu du. Fatxada margotu berria. Zuriz. Ausartak, auzotarrak. Belardi baten parean. Albo batetik, errepidea. Herri barrukoa. Lasaia. Eta bestetik, banku-etxe bat. Kataluniarra, ustez. Hala aipatu zuen, behintzat, Maitek. Bart gauean. Eskerrak hari. Bilatuko lituzke beste bide batzuk etxebizitzaren tokia aurkitzeko. Buruan txertaturik zuen ideiak ez zuen atzera egingo. Guztiaren gainetik gauzatzeko irrikaz dago. Sara laguntzeko deseatzen dago. Haren etxe azpian aurkitzen da.
Eta nola egin orain. Dilema ederra du. Sekulakoa. Inor ohartu ez dadin. Erdi Aroko maitale hoberenen pare. Hala sentitzen da Marko. DA! Marraztuta duen oihal poltsan eskua sartu, ondoraino, eta laukizuzen formako oparia atera du. Fina. Paperez estalita. Ostean, gutuna. Biak eskuetan. Gogor helduta. Ihes egin ez dezaten. Unearen zain. Pareko arkupean hogei minutuz esperoan egon eta gero, ezustean, atariko argia piztu da. Eta honekin batera Markoren begiak. Norbait dator. Orain, ezin zara korrika hasi. Orain, ezin duzu atzera begiratu. Orain, ausarta izateko unea iritsi da. Orain, ez dago aitzakiarik. Honaino helduta, aurrera. 70 urte inguruko atso batek atea ireki du. Atzetik txakur ttipi bat. Zaunkaka hasi, eta zapaltzeko gogoa bultzatzen duten horietako bat. Ikustean, ziztu bizian, harantz abiatu da. Emakume heldua agurtu, txakurrari muzin egin, eta belauna luzatu du. Lortu du. Atea guztiz ez zerratzea. Begiak itxi ditu. Lasaitasunez. Eskuek lagunduta, hankei arnas pixkat eman die, eta atea atzeratu du.
Barruan dago. Lasterka, eskailerak binan igo ditu, urduri. Bizilagunak ekiditeko asmoz. Segundo eskas, eta atarian dago. 2-D. Filma lanpasaren gainean kokatu du. Azpitik, eskutitza. Berehala atzeratu da, eta bide beretik ihes egin du. Bare. Trankil. Izan ere, lehendabiziko harria jarrita dago.
Gogor hasi nahi du erronka. Zortzi film aurretik. Gaurkoa, berezia. Xarmagarria. Ez du hutsik egin nahi. Tamainakoa izan dadila, ateetatik ozta-ozta kabitzen den horietakoa. Lehendabiziko unetik harrapatu nahi du. Amaraunean. Fantasiazko bidaia honetan. Ongi etorria eman dio. Algoritmo gutxiago, eta bihotz gehiago.
Gaurko filma, Amélie. Ezkutitzean; Paris amodioaren hiria da, belaunak tolesteko duen erreztasunagatik. Paris Sena ibai bazterreko liburu saltzaileak dira. Antzinako nobelak. Paris Louis-Lépin merkatuko loreak dira. Paris Monceau parkea da. Paris Louvre museoa da, baita bertako artelan guztiak ere. Paris Batignolles auzoa da, tokian aurki ditzakegun gozo-denda guztiak barne. Paris Notre Dame katedrala da, eta altueran aurkitzen diren gargolak hiriaren zaindariak. Urrunean dorre famatu bat esperoan. Paris Bastillako merkatua da, asteko azken egunean. Gaztak nonahi. Paris Garnier Opera da, barruko ahots fin guztien oihartzuna haren islada izanik. Paris askoz gehiago da. Paris Amélie da. Baina Amélie ez da Paris. Ez behintzat hirian aurki daitezkeen gainontzeko emakumeen bezala. Izan ere, Parisen, eta munduko beste hiriburu batean, nekez egingo dugu topo 22 urteko neskatoak burutu nahi duen amets berbera esku artean izango duen inorekin; gainontzeko pertsonen biziak konpondu. Edo behintzat, txukundu. Ez da lan makala. Filma, osotasunean, ederra, eta baditu zenbait alor gainontzeko pelikuletatik ezberdin egiten duena. Esaldiak, hain zuzen ere. Egiazko esaldiak, bizitzaren tamaina berekoak. Neurrira josiak. “Garai konplexuak dira amesgileentzat” “Bizitza bukaezina den entsegua da, inoiz estreinatuko ez denaren artelan batena”
“Zu ez zara sekula barazki bat izango, alkatxofek ere bihotza baitute” Eta zuzenean hiria erreparatuz, kamera, atzetik, ile perfektuan zentratuz, galdetu zen; “Zenbat bikoteek izango dute orgasmoa une honetan?”. Erantzunak gure eskuetatik ihes egiten duen arren, benetan espero dut zeuek ere antzerako zerbait sentitzea filma ikustean. Izan ere, Andres Calamarok kantu bat eskaintzen dizunean, letra eta guzti, gauzak ondo egin diren seinale garbia da. Eta are gehiago, hitz hauek dedikatzen dizkizunean, urtzear; “Pequeña sonrisa de Amélie, me tienes cagado”.

 

Jarraitu irakurtzen: Zortzigarren artea (X)