Zortzigarren artea (X eta XI)

Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketa

Egilea: Ander Varela

Argazkia: Hernan Piñera

10

Ezin burutik kendu. Probetxuzko ekintza gutxi gauzatu ditu gaurko egunean. Sukaldean aritu da, errezeta ezberdinak probatzen. Ez da asetu. Besaulkian, berotan, liburu berri batekin saiatu da. Ezta horrela ere. Egongelan duen bizikleta estarikora igo da. Minutu gutxiez. Lehen tanta bota aurretik aspertu da. Sofan horizontalki etzan, eta kaskoak jantzi ditu. Musika pixkat. Kantak saltoka. Ezin asmatu. Etxea garbitu du. Goitik behera. Urteetan hautsa kendu ez zaien armairuek tupusteko bisitaldia izan dute. Harrigarria. Ezerk ez du betetzen azaroko ostiral euritsu honetan. Izan ere, burua eta bihotza gainezka daude jada. Inurri ttipi bat ere ez litzateke sartuko. Ardura, nonahi. Alde guztietatik. “Eta ez bazaio gustatu?” “Norbaitek lapurtu badu Sara konturatu aurretik?” “Oparia ireki ez, eta zuzenean zakarrontzira bota badu?” “Mutil laguna badu, eta ez badio graziarik egin?”. Edota, agian, sinpleki ez dago umoreko. Ulergarria. Tratamenduko lehendabiziko eguna da. Ostirala. Antzinako mamuak berpiztu dituen eguna. Zorigaiztoko ideiek indarra hartu berri duten eguna. Egun nekagarria. Zero eguna.
Pazientzia. Errepikatzen da behin eta berriz. Bihar berriro joango da, eta bigarren pelikula utziko du. Dagokion gutunarekin. Egina du. Prest du. Etxeko sarrerako mahai ttipiaren gainean. Esperoan. Eta etzi hirugarrena. Ez du etsiko. Egun guztiak beteko ditu. Erronka onartu zuen, eta amaiera arte jarraituko du. Ez da zalantzarik. Berriz ere indarberritu da. Gogotsu. Egiten dabilenak ohorea merezi baitu. Badaki. Ekintza txalogarria. Orain ez bada, hemendik egun batzuetara, edota hilabete batzuetara baloratuko zaio. Sara jabetuko da. Gaixotasuna menperatuko du. Tinko. Eta hor, orduan, Marko azalduko da. Aurkezteko. Harekin amesten duela esateko. Masaila laztantzeko. Muturrean musu emateko. Bekaina gainetik hatza leuntzeko, eroritako ileen beroa ordezkatzeko. Burua igurzteko. Ileorde barik, noski. Biluzik. Intimitateak bistan. Ideiak gardentasunez behatzeko. Naturaltasunez. Arropak kentzeko. Goxo. Bizkarreko kremailera garondotik ipurdiraino beheratzeko. Behin kenduta, popa miazkatzeko. Atzetik. Eta aurretik. Listuarekin lagunduko du egoera. Bultzada. Eskua, zabalik, zilbor gainean kokatzeko. Orain, gorako bidea. Sabelak marrazturiko errepidea jarraitzeko. Orbaina. Bizitza osorako zauria. Inoiz ahaztuko ez duena. Ziur. Bularreraino goratuko du eskua. Astiro. Oilo ipurdi azala ferekatuz. Titiak maitatzeko. Biak. Neurri berean. Ezberdintasunik gabe. Pareko. Bertan ez dagoen arren, azpian bihotza dago. Eta taupadek sendo jotzen dute. Horrek indar gehiago du. Zalantzarik gabe.
Larrua jotzeko. Berak nahi badu.

11

Larunbata. Bigarren filma poltsan. Kalean behera dantzan, alderik alde. Mugikorra atera du, bidea arintzeko asmoz. Behatza finkatu. Aztarna egokia. Onartuta. Eguneko berriak ireki ditu. Titulu handi batek harridura espresioa bultzatu du. Pausoa lauzatu. Gutxiagotu. Guztiz gelditu arte. Begiak erdiratu, eta segapotoa hurbildu du. Arranopola. Bob Dylan kanta-autoreak 600 sortako abesti bilduma saldu berri du. Universal Publishing Music eroslea. 300 milioiren truke. Gaztetatik bizitako esperientzia jasoak milioien truke. Historia milioien truke. Ideiak milioien truke. Mugimendu bat milioien truke. Korronte bat milioien truke. Izaera bat milioien truke. Ez al du ba diruak guztia erosten? Hala ematen du, behintzat. Zu ez. Mesedez. Erori zara. Beharrik gabe. Guztia bizi izan duzu. Liderra izan zara urte askoren bueltan. Jarraitzaile sutsuak atzetik, fidelak. Ez da kontu okerragorik, nork bere pentsamenduen aurka egitea baino. Sutsuki defendatu dituen ideiak zapalduz. Mehatxatuz.
Salba gaitzatela. Inor ez da libratzen. Guztiak jausten dabiltza, poliki-poliki. Erreferente gutxi isladatzen dira hortzimugan. Geroz eta gutxiago. Azkenean, guztiak hilko dira. Agian, onartu beharra du. Garai aldaketa datorrela. Aroak bere bidea jarraitzen duela. Mendietatik beheratzen diren ibaiek darraiten antzera. Geldiezina da. Ukaezina.
Berriz ere. Portal barruan. Ate parean. Eta pelikula eta gutuna bertan. Lurrean. Gaurkoan, Green Book. Ezkutitzean;
Peter Farrelly zuzendari estatubatuarraren eskutik, gaurkoan, aintzindari eta kide izan duen anaiaren gerizpetatik at, ikusleen barne sentsibilizazio guztiak berpiztu eta film amaieran eserlekutik ipurdia altxa eta txalo zaparrada eskaintzeko moduko pelikula zirraragarria dakarkizuegu. 130 minutu, zein baino zein hobeagoak, txkitasunetik handitasunera; goia jotzen du.
Uneko bi aktore esanguratsu ardatz izanik, seguraski haien ibilbide profesionaletan momentu kuttunenetariko batean daudela baliatuz, eta hala ez bada asko hurbiltzen dira, harri bitxiaren antzekoa den gidoi jakin bati are distira gehiago ateratzeko gai izan dira. Eta nola, gainera. Tony “Lip” (Viggo Mortensen) eta Don Shirley (Mahershala Ali) pertsonaiak gordeak zeuden, kaxa batean, 1960ko hamarkadatik unearen zai. Eta badirudi, 60 urte ingururen bueltan, izaera horiek bi antzezle hauen baitan gotorlekua aurkitu dutela. Zilegi da pentsaraztea istorioaren nondik norakoak Don Shirley-en, garaiko pianista ospetsuenetariko batean, oinarritzen dela. Zehazki, Amerikar Estatu Batuen hegoaldetik egin behar duten musika bira batean. Hala ere, bidaia hau ulergaitza izango litzateke Tony “Lip”-en papera esku artean izan gabe. Musikaria beltzarana izanik, eta garai hartako arrazismo egoera bortitzak golpaturik, pianistak errespetua soilik eszenatoki gainean, pianoaren aurrean eta behatzak dantzan dituela aurkitzen du. Gainontzeko egoeretan, azalaren kolorea dela medio, mespretxu eta lirain onartezinak jasaten ditu. Nolako den bizitza, eta izarra bera izan arren, Aurrera jarraitzeko eta egoera aldatzeko argia bere kidearen bihotzean ikusten du. Hark bultzatuta, eta maíz, Tony-ren aho-beroaz eta, noizbehinka, ukabilez baliatuta, arrazaren arteko kateak hausteko aurrerapausoak emango ditu. 1962. urteko istorioa bada ere, gaur egun, antzeko egoerak bizi ditugu esku artean, zoritxarrez. Beraz, aurre-iritzi, esteriotipo eta arrazakeriarekin puskatzeko ariketa gisa praktikatzera bultzatzen gaitu pelikulak. Kontzientziak eta barruak mugi beharko lituzke, eta hala izan ez bada, ez duzu filma ulertu. Ikus ezazu behar duzun beste, pena merezi du eta.
Don Shirley post-daten alde ez badago ere (“Sería como tocar un cencerro al final de una sinfonía de Shostakovich), azkeneko gauza bat; Vallelonga abizena ahoskatzea adina zaila da, egun arrazakeria ez dagoela esatea.

 

Jarraitu irakurtzen: Zortzigarren artea (XII)