Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketa
Egilea: Ander Varela
Argazkia: Hernan Piñera
6
Amaitu da pelikula.
“Filma osotasunean ulertzeko eta interpretatzeko ahalegina, eskua poltsa barruraino sartu, ondoa ukitu eta barneko baldintza guztiak tentu handiz behatzetik igarotzen da. Ezin da nahieran barneratu, ordea, deskuidatu orduko, zimendu gabeko iritzi zinematografikoak musu-truk plazaratzeko arriskuan ikus gaitezke. Zentzuko oinarria eskaintzen ez duen argumentu oro ukatu beharra dago, min asko egin dakiguke eta.
Kritikatu aurretik, kontutan izan beharreko hainbat bitxikeria: izaera independenteko filma, aurrekontu murritza, ekoizle “txikien” apustua, zenbait aktoreen esperientzia laburra, edota hainbat ahotsek bikoiztaile profesionalen ukitua jasateko beharra. Izan gaitezen zentzudunak, eta balora ditzagun zehaztasun txikienak. Premia dezagun ausardia eta pasioa.
Izan ere, zuk gai eskasa deritzozun horretan, nik aspaldian landu ez, eta ehunka urteren ostean, oraindik ere, ulertezina egiten zaigun mintzagaia ikuskatzen dut. Zuk planoak gaitzesten dituzun bitartean, nik Euskal Herriko txoko kuttunenak miresten ditut, kostaldeko itsaslabarretik, baso sakoneraino. Zuk ahoskeraren garbitasun eza azpimarratzen duzunean, nik interpretazioari aukera ematen diot, eta ingurua aztertuz, irudimena martxan jartzen dut. Zuk aktore eskasak eta baliogabetuak behatzen dituzun heinean, nik antzezle gazteen lana bultzatzen dut, aukera eskeintzet diet. Zuk film moteltzat jotzen duzunean, nik polikiago bizitzen ikasi behar dugula deritzot, eta sekuentzia bakoitzeko bereizgarri ttipienaz jabetzen naiz. Zuk Amaia Aberasturiren ahuleziak zenbatzen dituzun arren, nik makuluarekin buruan jo eta artista berri baten jaiotza gauzatu dela esaten dizut. Eta zuk euskal zinema desastre hutsa dela oihukatzen duzunean, nik zu isilarazi eta beso artean, bero eta epel, mantendu behar dugula agintzen dizut. Ume txikia bailitz, hori baita gure zinema; poliki-poliki aginak ateratzen ari zaizkion haur ttipia. Eta noizbait hortzak erakutsiko ditu, erakutsi ditu, baina horretarako ikuspuntua aldatu beharra dugu. Eta mesedez, utziozue lasai hazten. “
Guzti hau, eta askoz gehiago helaraziko luke Markok. Bozgorailu baten laguntzaz, aulki baten gainera igota. Kartel bat lepotik zintzilik; Inozoak zarete. Sarrera parean, ikusleak aretotik irteten diren heinean. Banan-banan. Ordea, isildu egin da. Beste behin. Hotzak gogortu ditu, mihia hozkatuz. Pazientzia. Behar duguna.
Izan ere, filma amaitu aurretik, pare bat minutu lehenago kanporatzen da. Ate ondoko paretan bizkarra ainguratu, eta zigarroa ahoratzen du. Su. Birritan, kea jaurtiz. Esperoan mantentzen da, ia ezkutuan. Poliziak alkoholemia kontrolak egiten dituen antzera. Guzti honek motibo bakarra du; interesgarri egiten zaizkio zaleen iritziak. “Ni fu, ni fa”. “Aktoreak ez dira paperaren mailan egon”. “Gehiegi antzeztu dute”. “Azken boladan ikusi dudan eskasena”. “Ez diot inori gomendatuko”. “Robert De Nirok hobeto egingo luke”. “Zuzendari honek gabezia ugari ditu. Batez ere, emozioak transmititzerako orduan”. “Hotzegia iruditu zait”. “Zerbait falta izan zait”. Baina, zer demontre! Nor da ba hemen Orson Wells?
Penatuta dago. Jendeak ez baitu haratago ikusten. Buruarekin ezezko keinua egin du. Zigarroaren azken kalada ukatu, lurrera jaurti, eta zapatarekin hil du. Barrura sartu da.
Jarraitu irakurtzen: Zortzigarren artea (VII)