Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketa
Egilea: Ander Varela
Argazkia: Hernan Piñera
12
Igandea. Reservoir Dogs.
Zuria, Laranja, Arrosa, Urdina, Marroia, eta beste batzuk. Partxis jolasa badirudi ere (bertan ere fitxak elkarri jaten diote), Quentin Tarantinoren gidaritzapean sortutako pelikulaz ari gara. Lehen filma, garai hartan zuen ofizioa alde batera utzi (bideo denda batean jarduten zen), eta aurrekontu murritz baten babesean, ordura arte ezagutzen zen zinematografiari zaplasteko itzela eman zion masailean. Ez zuen gehiago behar; gidoi on bat eta beregan sinistea, gainontzeko guztia berak egingo zuen.
Jendea ez zegoen prest halako ukabilkada artistikoa zabel erdi-erdian jasotzeko, ez zuten espero, eta ez zekiten zer esan. Buruek eztanda egin zuten; suposatzen dugu “Like a Virgin” lehen aldiz gure belarriak kolpatu zituen antzera. Neurrigabeko bortizkeria filmaren bereizgarrietariko bat izanik (ostera oparituko zizkigun pelikulak honen islada garbiak dira, esaterako; Pulp Fiction, Kill Bill edota Malditos Bastardos), pistolen eztandak, aiztoen ebakiak eta gasolina dutxa tarteko, tematika asko ukitzen ditu Tarantino jaunak. Izan ere, begi bistako indarkeriak ez ditu gidoiaren nondik norakoak zapuzten. Eta film guztian zehar odol asko izan arren (Tarantinok ez baititu filmak beste era batera ulertzen), ez dio inoiz benetako gakoari bizkarra ematen: Diamanteen lapurretan izandako gora-beherak, eta haien artean sudurluze bat, ustez polizia, izatea leporatzea; kontzekuentzia latzak sortaraziko dituen deskofidantzazko azpijoko krudela.
Jaun Marroiak (Quentin Tarantino) ez zuen batere atsegin egitasmoan ezarri zioten ezizena, izan ere, kakaren koloreari asko gerturatzen zitzaion itxura hartzen zion eta, bere iritzepean. Alabaina, kakak tankera hori badu, eta gizon honek gidatu eta antzezten badu, ni neuk “kaka-mokordo” handienak maite ditut.
…Eta ordutik, kolore marroiak beste distira bat izan zuen gure bizitzetan.
13
Astelehena. Zuri-beltza. Roma.
Paris izan ahal zitekeen, amodioa azalarazteko duen xarmagaitik. Varsovia ere ez legoke txarto, zenbait uneetan luzemetraiak adierazten duen hotzagaitik. Ezta Atenas ere, historia eta errealitatea sinbolizatzeko duen erraztasunagaitik. Sevilla ere lasai asko izan zitekeen, pasioa izkina guztietatik askatzeko duen indarragaitik. Aldiz, hiriburu guztietatik ekarpenen bat behatuko genukeen arren, Roma izendatzea erabaki zen. Ez, ordea, Italiako Roma. Ez “gure” Roma. Askoz ere urrutiago aurkitzen den Roma bat. Itsaso atlantikoa zeharkatu eta Amerika Erdialdean kokatzen den Roma bat. Mexiko hirian. Izan ere, Roma bertan dagoen kolonia bat da, eta horrek ematen dizkio nahiko motibo filmeko izen nagusi gisa plazaratzeko. Eta hain urrun ikusten genuen Roma hori, “nirea” egin dut, eta bertakoa baino gertuago sentiarazi dut.
Roma pelikula semi-autobiografikotzat jo dezakegu, non Alfonso Cuarón-ek Mexiko hirian bizitako formazioa urteak izpide izan dituen. Aipatzekoa ere, filma planteatzeko orduan zuzendariak izan zuen burutazioa: gidoia berak bakarrik ezagutzen zuen, eta filmatu aurretiko egunetan aktoreei textua luzatzen zitzaien. Helburu bakar bat tarteko, emozio eta sentsazioak modu erreal eta naturalean sustatzeko asmoz. Egitazkoa eta benetakoa sentiarazteko aurrerapausuak eman zituen, eta nola gainera. Roma 65 mm-ko formato digitalean filmatua dago (ohikoena 35 mm-rekin filmatzea da), irudiari bereizmen garbi eta ikusgarria eskaintzeko nahiarekin. “Cannes”-eko zinemaldian, oraindik ere, eskuak buruan dituzte, pelikula hau bertaratzeko eskaerari uki egin ostean. Zenbaitetan intuizioari, edota barneko harrari kasu egitea ez legoke gaizki. Hori da behar duguna, falta zaiguna, bihotza entzutea.
Kasu honetan, Mexikon izan dugu gotorleku, alabaina, filmaren nondik norakoak munduko beste edozein ertz bategaitik alda ditzazkegu. Eta egiari zor, gidoia ez zen asko aldatuko. Zorigaiztoko ideia globalizatu honek, etxeko-andre ugari gizartearen aurrean ikusezin bihurtzera bultzatu ditu, itzalpean egotera. Beraz, haientzat errekonozimentu txiki hau. Gehiago merezi dute, haiek mugitzen baitute mundua.
14
Asteartea. Euskalduna. Gurea. Folklorikoa. Dantza.
Wikipedia-ren arabera, “dantza gorputz mugimendu zehatz eta katetuen segida bat da, doinu baten arabera egiten dena”. Ongi da, ez du gezurrik esaten. Ezta egia osoa ere. Errepikaiozu 5, 10 edota 20 urteren bueltan dantzan ibili den pertsona bati berak egiten duena ez doala gorputz mugimendu sinple batetik haratago, dantzatzeko atzetik doinu bat jartzea beharrezkoa dela, edota dantzak ezertarako balio ez duela (hauekin ez dago zer eginik, alferrikako lana da). Agian, ez dizute dantzatu nahi izanaren arrazoi garbirik emango, akaso, haiek ere ez dute jakingo eta. Alabaina, guztiek bat egiten dute; “Dantzatzean gozamenaren gailurra ikutu dezaket, minutu batzuez bada ere”. Ez dago zalantzarik, dantzak muga guztiak hausten ditu. Dantzak esfortzua islatzen du, baita bizirauteko borroka ere. Dantzak jaiei egiten die erreferentzia. Amodioari eta haserreari. Dantzak bizirik mantentzen gaitu, batzuetan heriotzaren aspektuak lantzen dituen arren. Dantzak barruko beldur guztiak azaleratzeko tresna gisa erabiltzen dugu, baita kanpoko indar guztiak barneratzeko ere. Dantzak komunikatzeko balio digu, ahoz esatera ausartzen ez garen kontu horiek transmititzeko kemena. Dantzak adorea sinbolizatzen du. Errespetua. Dantza arropa ezberdinak dira, kuriosoak. Dantza gure lurrarekiko dugun lotura da, naturarekiko. Dantza antropología da. Eta askoz gehiago, noski. Dantza gu gara. Eta gu, gure arbasoei esker gara. Eta, nola ez, gure arbasoekin dantza zegoen. Dantza kultura da. Dantza herri baten historia da; dantzatzen den herri bat ez da inoiz hilko. Hortaz doa filma. Dantzatzean sentitzen dituzun sentipen guztietaz. Zuk zeuk jarriko dituzu mugak, dantzari jartzen dizkiozun berak. Haiek ere gure historiaren partaide dira, eta baimena emango digutelakoan, ohikatu dezagun ozen; JAIO.DANTZA.HIL.
Jarraitu irakurtzen: Zortzigarren artea (XV eta XVI)