Beti bueltatzen naiz etxera kale beretik. Kanala zeharkatu eta fijatzen naiz letra gorriz norbaitek aspaldi egindako grafitti horretan fijatzen naiz: “harresia bota dezagun eta gainontzekoak bere kabuz eroriko dira!” Hurrengo kalean bira egin eta ezkerrera begiratzen dut beti. Hantxe egoten da, zutik, ke usainen artean irribarretsu, Ahmed.
Ahmed bi hilabete lehenago ezagutu nuen Marenek antolatu zuen jai hartan. Udazkena zen, eta jende koloretsuz beteriko kaleek lekua egin zieten amaierarik ez zuten egun grisei. Auzokideak aurpegi goibelarekin ateratzen ziren kalera eta jaiotzaz zuriak ziren azal haiek geroz eta zuriagoak ziruditen horrenbeste arropa beltzen artean. Nik ordea udazkena maite nuen. Kalean gora eta behera ibiltzen nintzen ahoko lurrunarekin jolasean eta jendearen begiak nireekin gurutzatu nahian. Igandea zen, etxeko denda parera gerturatu nintzen xanpain botila pare bat erostera eta nire gelara bueltatu nintzen tortilla amaitu bitartean zer jantziko nuen erabakitzera. Garai hartan hasi nintzen nire begien itzalak beltzez margotzen, baita nire ezpainei kolore ikutu bat ematen. Lotsa ematen zidan hasieran baina banekien Marenek atsegingo zuela. Berak oparitu zidan larruzko arnes hori jantzi ala ez ibili nintzen, jantzi, ispiluan begiratu eta gehiegi ote zen galdetzen nion nire buruari. Lotsarik gabe esan dezaket ezin hobeto gelditzen zitzaidala baina horrelakoetan beldur nintzen ni izango ote nintzen jaiko bakarra halako arnes batekin. Azkenean janztea erabaki nuen. Tortilla poltsan sartu eta Marenen etxera abiatu nintzen.
Marenen etxea beste planeta bat zen, bertan ez zuten logikarik gure mundua arautzen duten lege metafisikoek. Berean sartu eta sekula ez zenuen jakiten non hasi eta bukatzen zen berak jairako apropos prestatutako ikuskizun hura. Gogoan dut jai baterako urre koloreko gela bat prestatu zuela. Dena zen urre kolorekoa, pareta, lurra, mahaia, sofa, landareak… dena. Marenek beti esaten zuen bere jaietara mugikorrik gabe joan behar genuela, errealitatea ahaztu eta berak eskaintzen zigun mundu sentsorial hartan murgiltzeko.
Etxe parera hurbildu nintzenean musika entzuten zen kanpotik, lasaia, motela, sintetikoa eta baxu lerro indartsuez beterikoa. Oso iluna zen bere etxea, eta argi ahulez josi zituen gela ezberdinak. Sartu eta Julia izan zen ikusi nuen lehena, niregana hurbildu zen irribarretsu, pirinioetako uraren kolore bereko begi urdinak zabal zabalik nireekin gurutzatzen ziren bitartean. Ez zuen hitzik esan, niregana hurbildu eta berokia kentzen lagundu zidan. Bere ahoan hauts batzuk ipini zituen keinu maitekorrez begiratzen ninduen bitartean. Konturatu orduko gure mingainak elkarren arteko dantza motel etengabe batean murgilduta zeuden. Jende gutxik musukatzen du Juliak bezala. Bihotza azkartu zitzaidan bere ahoaren berotasuna nire zainetan barrena nabaritzen nuen bitartean. Horrela izan ginen orduak izan zitezkeen minutu pare batez, eta gero niregana gerturatu zen modu berean jarraitu zuen ondoko gelara. Irribarre egin eta jendearen artean galtzen ikusi nuen.
Sukaldera abiatu nintzen. Jendez gainezka zegoen, denak irribarretsu eta elkarren artean solasean, zigarroak eskuetan. Keak nire birikiak inbaditu zituen. Xanpaina mahai gainean utzi eta jendea agurtzen hasi nintzen. Nire lagun guztiak zeuden bertan, baita Marenen jaietan elkartzen ginen talde xelebre ezberdinetako kide guztiak ere. Ondoko gelan Andi ari zen musika jartzen. Musika altu zegoen eta jendeak dantza keinu motelez erantzuten zien Andiren abestiei. Ez zen asko ikusten, gela neoi gorri batzuekin atonduta zegoen eta ke-makinaren lurrunak ondoko mutil batek erretzen zuen kanutoarekin elkartzen ziren.
Aurrera begiratu eta hantxe ikusi nuen Ahmed lehenbiziko aldiz nire bizitzan. Handia zen Ahmed, ni baino pixka bat handiagoa, zabala, azal iluna astebeteko bizarrarekin ezkutatzen zuen eta txano beltz bat zuen buruan. Momentu batez etxe hartako soinua eta erritmoa gelditu ziren, sentsazioa nuen bat-batean etxea hustu zela eta bera eta biok baino ez geundela gela hartan. Motel mugitzen zen, alde batera, gero bestera, ondokoak zerbait xuxurlatu eta irri egiten zuen. Momentu batez bere lepora hurbiltzen nintzela pentsatu nuen, atzetik, berak ni sumatu gabe, sudurra bere lepoko azal leunaren pare… eta Marenek heldu ninduen eskutik. Instant hura xaboizko burbuila bat apurtzen den moduan desegin zen nire aurrean eta Marenen aurpegi borobila ikusi nuen. Bera zen gau hartako gure anfitrioia, gure jainkosa, gure unibertso paralelo hartako jaun ta jabea. Ederra zen Maren begiztatzea, dotorea zen eta aldi berean traketsa, sozialki ez oso gaitua eta nik horregatik maite nuen.
Musu baten bitartez belarrira oihukatu zidan pozten zela ni han ikusteaz, ziurrenik gau hartan gutxienez mila bider errepikatuko zuen esaldi bera. Baina nik sinetsi nion. Irribarre egin eta txupito bat hartzeko erregutu zidan. Ongi ezagutzen ninduen berak, gutxitan esan diot nik ezetz txupito bati. Beste gela batera eraman ninduen. Sabaitik eskegita zeuden oihalez beterik zegoen gela hura eta erdian ohe bat, beltza, biguna. Bertan eseri ginen. Gure alboan neska bat zegoen eta antza, bera zen ohearen ondoan zegoen izotz zati erraldoi haren zaindaria. Izotzean bi txirrista zeuden zizelkaturik. Gure buruak hartu eta beheko aldean jarri zituen, ez oso azkar baina indarrez. Vodka botila hartu eta txirristen goiko aldean isurtzen hasi zen. Tantek behera nola egiten zuten ikusirik, Mareni poztasun algara txiki bat atera zitzaion eta vodka gure ahoetan sakabanatzen hasi zen. Begiak itxi nituen, zaporeaz zein egoeraz gozatzeko, eta ireki nituenerako Marenen ezpainak itsatsirik nituen. Gure listuak, vodkaz horniturik, gure mingainen arteko ezpata dantza, iruditzen zitzaidan hori guztia ez zela erreala. Beroa sentitu nuen gorputzean, ileak tentetu zitzaizkidan, eta hankarteak dar-dar egin zidan.
Marenek indarrez musukatzen zuen, bera zen agintean zegoena, iletik tira egiten zidan, eta gure ahoak bata bestearengandik hiruzpalau zentimetrora gelditzen ziren. Soilik listuz osaturiko zubi mehe batzuek lotzen zituzten gure ahoak. Marenen begietan islaturik nireak ikusten nituen, gozamenez, egoera horrek segi zezan erregutuz. Mingainarekin ezpainen ertzak zupatu eta nire ahoan sartu zuen berriro. Vodkaren zaindariak harriduraz begiratzen gintuen. Hain justu, momentu agertu zen Ahmeden burua gure atzean eskegita zegoen oihal biktoriano haren atzetik. Begi argiak zituen, ia berdeak, eta begietan irribarrea sentitu nuen begiratu gintuenean. Guregana hurbildu zen berak ere vodka nahi zuela esanez. Marenek bere lekua har zezan agindu zion. Nire bihotza erloju bat balitz gau hartako 23ak eta 25. minutuan geldituko zen betiko, ez zen berriro piztuko nahiz eta bateriak aldatu. Ezin urduriago nengoen. Ahmedek irribarre egin zuen, ausartuko nintzateke esatera sekula ez dudala horren hortz perfekturik ikusi. Nire ondora belaunikatu eta bere burua aurkeztu zuen. Ez dakit erantzuteko kapaza izan ote nintzen. Vodkaren zaindariak hasiera eman zion bere erritualari eta segundu baten bueltan gure ahoetara zetozen vodkaz kargaturiko ibai haiek. Edan genuen, ez nekien ni musukatzen ausartuko ote zen eta vodkarekin batera beldur horrek inbaditu ninduen. Begiak ireki eta bere ezpain haragitsuak nireen pare ikusi nituen. Une batez eten zen, begiak ireki gabe; bera ere urduri zegoela esango nuke. Arnasa sakon hartu eta gure ezpainek elkar ikutu zuten lehen aldiz. Mingaina eztiki sartu zuen nire ahoaren barnealdera eskumako besoarekin inguratzen ninduen bitartean. Ahmeden indarra zabaldu zen nire gorputzean zehar. Ezkerreko eskua nire lepoan jarri zuen. Nire ahoko txoko ezkutuak arakatzen hasi zen, oso motel. Akordatzen naiz gure arnas erritmoak sinkronizatuta egiten zutela aurrera. Nik ere besarkatu nuen eta gure gorputzak gerturatu ziren.