Amak komuneko atea ireki eta sardina astintzen harrapatu zuen egunean jakin zuen Joanesek ez zuela ibilbide erraza izango bere bizitza sexualean. Orain, nesketan aukeraren bat zuen aldiro, amaren aurpegia zetorkion burura, eta zurbil geratzen zen, zer egin ez zekiela. Aurreneko neskak, Joanesen ezpain heze eta goxoen zain egoteagatik aspertuta begiak ireki eta haren lelo aurpegia ikusi zuenean, zutitu eta alde egin zuen. Bigarrena bide onetik zihoan: kuadrillakoak konbentzitu zituen lokala libre uzteko, txukundu zuen koltxoia, erosi zuen marrubizko kondoia. Ordea, neskatoaren sujetadorea laxatzen ari zela, Karla omen zenaren belarrira hurbildu eta Paula xuxurlatu zion; lokaleko komunean paretei itsatsita zeuden emakume biluzien argazkiei begira egin behar izan zituen egin beharrekoak gau hartan. Ez zen izan samurragoa hirugarrena: bi metro luze zen morroi haren ukabila muturrera zetorkionean ulertu zuen neska ilehoriak
konpainia bazuela ordurako.
Eta halaxe, porrotetik porrotera eta desengainutik desengainura joan zitzaizkion egunak Joanesi, harik eta bere lagun onenaren etxera, beste hainbatetan bezala, azterketetarako ikastera joan zen arratsalde euritsu hura iritsi zen arte.
Bigarren urtea zuen karreran, eta ohitura zuen, azterketen aitzakiarekin, Markelen etxera joan eta ikasten ari ziren itxurak egiteko. Ez zen Markel, ordea, etxeko atea zabaldu zuen emakume hura.
Berrogei urte inguruko beltzaran txundigarri bat agertu zitzaion, leggins turkesa ezin estuagoak eta tirantedun kamiseta txuria soinean. Memoriak berehala egin zuen lotura: Interneteko pornografia orrietan agertzen ziren ama haragikoi eta lizunak etorri zitzaizkion burura Joanesi, hainbestetan txorrostaldia botarazi zioten emakume ipurtandi, kirolari, izerditsu horietako bat. Iruditeriak zentzua lausotu zion erabat, eta hirugarrenean lortu zuen erantzutea:
—Mm…mm… Markel ba al dago?
Atea guztiz zabaldu eta sartzeko keinua egin zion emakumeak, hitzik esan gabe eta gaztea goitik behera begiratuz. Joanesek webgune zikinetako bideoen aktore gisa ikusi zuen bere burua emakumearen begirada lohia gainean sentitu zuenean. Sarrerako koskarekin estropezu egin eta hortzak lurrean uzteko zorian egon zen, baina Markel agertu zen ordura arte ikusi ere egin ez zuen zokoren batetik, eta besotik eutsi zion bere bizitzako sarrerarik lotsagarrienetakoari amaiera duinago bat emanez. Sofan eseri ziren. Emakume misteriotsua sukaldera bidean joan zen.
—Zein kristo duk hori?– begiak sukaldean iltzatuta zituen oraindik Joanesek.
—Kandela? Aitaren lagun berria… Ez dik asko hitz egiten, baina aurrekoa baino atseginagoa duk, eta kotxea uzten zidak fakultatera joateko.
—Kandela…
—Bai, Kandela.
—Hire aitaren neska…
—Hala esan diat, bai.
—…
—Ze ostia gertatzen zaik?
—Baina hi itsu al hago? Konturatzen al haiz ze atso puska daukaan sukaldean?
—Hi jota hago! Gure aitaren nobia duk, astakirten hori!
—RedTuben ateratzen diren horietakoa duk, igual-iguala!
—Hirea gaixotasuna duk, motel… Ireki ezak liburua, odol guztia txilibitura joan aurretik hau guztia ikasten lagundu behar didak eta!
Baina ordurako Kandelaren neurrigabeko ipurdiak eta bularralde izerditsuak egina zuten bidea Joanesen buruan, eta eraikia zuen antzeztoki beroaren erdi-erdian protagonistaren rola betetzen ari zen honezkero, Kandelaren atzetik agertu eta zast!, abiadura handiko tren guztia neskaren tunelean barrena irristatzen irudikatuz.
Etxera orduko ordenagailua piztu eta, izarape gozoan, txipiroia garbitzen jardun zuen gau osoa, bideoetako nesken lekuan Kandelaren aurpegia imajinatuz. Fakultatetik irten eta saltoki-gune handietara joan ziren bi lagunak arratsalde hartan. Tarteka, han pasatzen zituzten afaltzera joan arteko iluntzeko orduak, dendarik denda gauzak kuxkuxeatu eta ondoren zinema aretoetan zer edo zer interesgarria jarriko zuten ikustera.
Markelek futboleko elastiko batzuei begira behar baino denbora gehiago zeraman, eta Joanes, luze iritzita, bere kasa jarraitu zuen, arropa dendei begira. Halako batean, gizonezko azpiko arropa saltzen zuen bat topatu, eta galtzontzillo sorta bat ikusi zuen. Lizunkeriara bidali zuen, berriro ere, bere barne pentsamenduak. Delako galtzek tolestura bat zuten aurrealdean, buztana ateratzeko zulotxoa uzten zuten horietakoa, eta berriro irudikatu zuen bere burua pornografia heroi bezala, galtzontzillo haietako bat jantzita, eta Kandela haren zain, zulotxo magikotik kirtena noiz aterako. Alde banatara begiratu, disimuluz galtzontzillo bat hartu eta probageletan sartu zen. Goitik behera biluztu eta lapurtutakoa jarri zuen. Giharrak markatuz, ispiluari hizketan hasi zitzaion, “hator, goseti hori, hator hona, ireki ezan hemen beheko leihotxoa eta Joanesek erakutsiko din benetako odolkia”
Hitzok esan eta eskuaz koskabilloak eusten zituela, Kandela sartu zitzaion probagelan tupustean, eta gainera bota zitzaion mugimendu txikiena ere egiteko aukerarik eman gabe. Sustoaren sustoaz, atzera erori eta probagela estuaren aulkitxoan eserita geratu zen, emakume hura nondik eta nola agertu zen ulertu ezinik eta piura barregarri hari erremediorik jartzeko astirik eman gabe. Ahoa irekitzerako, Kandelak hatz erakuslea jarri zion ezpainetan, ixiltzeko aginduz.
—Et, et, et, et, lasai, gizontxo… ez duzu nahiko dendakoak enteratzerik ezta?— esan zion emakumeak, hitzak aurreko eguneko begirada lohi berberaz lagunduz. Salto txiki batez, Kandela gaztearen magalean eseri zen, ipurdiaren epela mutilaren izterretan zabalduz. Erreakzio oinarrizkoena egiteko gauza ere ez zela, emakumearen ezpainak belarrira gerturatzen ikusi zituen, eta hortzekin ezkerreko gingilan kosk xume eta heze bat sentitu ondoren, haren xuxurla entzun zuen, ezti eta likits: “Gaur Markel amarenera doa, eta aita kanpoan dago. Pozik jakingo nuke odolki horrek eusko labela duen ala ez… idixko!”
Eta sartu zen bezala alde egin zuen probagelatik emakumeak, Joanes gizajoa ahoa bete hortz eta kirtena zut utziz. Ispiluari begira geratu zen, orain bai, bere itxura irrigarriaz jabetuta, eta minutu pare bat pasa behar izan zuen gertatutakoa irensteko. Horretan zebilela, probagelako gortina berriz ere zabaldu eta Joanesek sabairainoko saltoa eman zuen, Kandela berriz ere gainera botako zitzaion beldurrez, baina Markel agertu zen oraingoan, bere bila ibiltzeaz haserre. Laguna erdi biluzik, lapurtutako galtzontzilloak soinean eta buztana tente ikusi zuenean, lotsa eta nazkaren arteko keinua marraztu zitzaion aurpegian.
—Baina hi, hi, hi, hi… hi ez hago burutik sano!— zalapartarekin ingurukoak begira hasi zitzaizkien. Markel probadorean guztiz sartu eta gortina itxi zuen— Erantzi ezak trapu hori derrepentean eta goazak hemendik, sarrerako morroiek ostikoka bota baino lehen, entzun!
—Hire… hire… hire am…— ez zen esaldia bukatzeko gauza izan, ordea.
—Hire, hire, hire… tontoa ematen duk, gizona! Janzteko berehala!