Anarkia erlazionala: maitasuna eraldatzen

Kaixomaitia.eus

Anarkia erlazionala gizarte arauaren mende ez dauden harremanak izateko planteamendua eta praktika da. Anarkismo sozialaren ideietan eta printzipioetan oinarritzen da; hau da, praktika autoritario eta hierarkikoak arbuiatzea eta autokudeaketa kolektiboa gauzatzea daude kontzeptuaren oinarrian. Harremanei dagokien anarkiaz hitz egitean, eredu hori pertsonen arteko loturen kudeaketan aplikatzen da.

Hiru polimaitasun harreman mota nagusi daude: polimaitasun hierarkikoa, polimaitasun ez hierarkikoa eta anarkia erlazionala; azken hori da kontzepturik berriena. 2006. urtean proposatu zuen lehen aldiz kontzeptu hori Andie Nordgren aktibista eta bideojokoen ekoizle suitzarrak. Hark idatzitako Relationsanarki i 8 punkter manifestua anarkia erlazionalaren defendatzaile direnen  oinarrizko planteamendu bilakatu da.

Anarkia erlazionalaren eta beste polimaitasun mota batzuen arteko bereizketa nagusia honako hau da: anarkista erlazionalak ez ditu hartzen esklusibotzat harreman erromantikoak nahiz sexua. Hala, harreman anarkista batentzat, harreman konbentzionalak zein bestelako harreman intimoak ez dira mugatuko bikote erromantiko, bikote sexual edo bikote erromantiko-sexual kategorietara. Azken batean, ez du modu erromantikoan erlazionatzen den norbait modu erromantikoan erlazionatzen ez den norbaitengandik bereizten.

Anarkia erlazionalaren manifestua gaztelaniara ekarri duen lehena izan da Juan Carlos Perez Cortes. La Oveja Negra argitaletxearekin kaleratu du lana, eta hainbat aldiz berrargitaratu dute. Honela laburbiltzen du liburuak kontatzen duena:

“Anarkia erlazionala izen bereko politika ereduaren planteamendu bat da. Harremanei anarkismo sozialaren printzipioak aplikatzea proposatzen du. Iraultza klasikoak eta mundua eraldatzeko jauregiak erasotzeko epikak gero eta urrutiago entzuten dira. Hala eta guztiz ere, gure eguneroko harremanen bitartez, gure bizimodu komunaren bidez, eskala txikian, agian, oraindik gauzak alda daitezke. Behetik afektu sareak eta gure burua zaintzeko moduak eraikiz, gurekin datozenekin batera biziz, gizarteak antolatzea gustatuko litzaigukeen ideal berberen arabera antola daitezke harremanak, arauak, oinordetzan jasotako botere nahiz aginte egiturak eta kontrol mekanismo estereotipatuak gaindituz.

Liburuak 2006an Suedian agertu zen arauz kanpoko harremanen proposamen horren jatorriak aztertzen ditu; haren oinarri anarkistak, utopikoak eta eraldatzaileak garatzen ditu; ikerketa akademikotik, hainbat kolektibotatik, soziologiatik, antropologiatik, aktibismo politikotik, feminismotik, queer teoriatik, ez monogamietatik (maitasun askea, bikote irekiak edo polimaitasuna, esaterako) eta abarretik egindako irakurketak oinarri, planteamenduaren irismena mugatzen du. Anarkia erlazionala pentsamendu politiko, filosofiko, feminista, sozial, biologiko, moral, erlijioso, zuzenbide eta identitatearen inguruan kokatzen du.

Harremanen ikuskera hegemonikoa, horien ondorioak eta horiek gainditzeko moduak aztertuta, hainbat formula xehatzen dira: harreman araugintzatik autokudeaketara igarotzeko formulak; identitatetik sentsibilitatean oinarritutako loturara igarotzeko formulak; eta familia burbuilak beste bizitza-, bizikidetza- eta zaintza-eredu batzuetara iristeko formulak, autoritaterik gabeko harreman jasangarriak eraikitzeko eta sarean laguntza kolektiboa emateko proiekzioarekin.

Testuak botere, pribilegio eta zapalkuntza egiturei, generoari, askatasunari, indibidualismoari, ekitateari, bikotearen ideologiaren deseraikuntzari, pentsamendu monogamo patriarkalari, itxaropenari, nahiari, mugei, komunikazioari, jeloskortasunari, harreman jasangarriei eta abarri eragiten dieten gako etikoak aztertzen ditu. Eta mundu osoan gertatzen diren harreman aktibismoen berri ematen du, zer kolektibo dauden, haien historia, zer egiten duten, nola eta zergatik.

Azkenik, liburuak galdetzen du nola lurreratu ideia eta gogoeta horiek guztiak bizitza errealean; hau da, nola landu loturei buruzko inplikazio bakoitza egunerokotasunean, hala nola pribilegioetan, itxaropenetan, eskasian, gabezian, aintzatespenean, mugaketan, negoziazioan, konpromisoan, komunikazioan, konfiantzan eta harremanak izateko modua aldatzeko saiakeran porrot ez egiteko gainditu behar diren zailtasunetan”.

Erreferentzia: https://www.elconfidencial.com/alma-corazon-vida/2014-12-18/mas-alla-del-poliamor-la-anarquia-relacional-proclama-el-fin-de-la-monogamia_582033/