Jarraian agertzen diren pertsonaia eta ekintzak guztiz fikziozkoak dira. Gertakari edo pertsona erreal, bizidun edota hildakoekin izan ditzaketen antzekotasunak kasualitate hutsa dira.
Martxoak 3, ostirala
Amaitu da astea, behingoz. Ikastolan bigarren hiruhilekoko berreskurapenekin gabiltza orain. Badakizue, klase erdia azterketa bat egiten urduri eta beste erdia deus balio ez duen ariketekin denbora pasa ematen dugun garaia. Egia esan, batzuk nahiko lasai ibiltzen gara aste hauetan, baina kideek ikasgaia nola gainditzen duten ikusteko ikastolara igotzeak ez gaitu gehiegi motibatzen. Baina amaitu da, eta asteburua dugu aurretik.
Gaur, Gasteizko sarraskitik 41 urte betetzen dira. 41 urte Gasteizko bost langileri bizia kendu zietenetik. Haizearekin geratu naiz maniko kotxe kedadara joateko, adinez txikikoak garenez, horrelako ekintzetara joateko momentuz herrikideen kotxeez baliatu behar gara. Geltoki atzeko parkingean agertu garenean jende multzo desberdinak ikusi ditugu. Herriko gazteengana jo dugu, noski.
- Aupa, arratsalde on.
- Kaixo potxolak, zelan zaudete? Zelan astea? –erantzun digu Maiderrek zirkulua irekiz.
- Tira… -Haizeak niri begira txakur busti aurpegiarekin- ez daukat oso argi ingelesa gaindituko dudan edo ez, baina tira, azterketa eginda dago.
Ingeleseko irakasleaz, edukietaz eta Haizeak ziur gaindituko duelaz berbetan ibili gara, kotxeak antolatu eta Gasteizera abiatu garenera arte. Aimarren kotxean sartu gara gu, Ekirekin batera. Biak orain dela gutxi ezagutu genituen, nahiz eta bistaz ezagunak izan. Iazko udaberriko ekimena Laudion antolatu zen eta laguntza eskatu ziguten ikasle mugimenduko kideoi herrian zeuden lanak aurrera eramateko. Ordutik data puntualetan egin dugu topo.
Aiurdineko tunela zeharkatzen geundela, Aimarrek kontatu digu gazte asanbladak aurtengo Patxaran Festa antolatzeari ekingo diola eta gustatuko litzaiekeela jende gazteagoak ere antolakuntzan parte hartzea, ea animatzen ginen. Haizeak eta biok irribarre urduri batekin begiratu diogu elkarri, eta pentsatzeko ia denborarik gabe, berak baietz erantzun du, lan egiteko prest gaudela. Aimar eta Eki asko poztu dira, asanblada sei terdietan egin ohi dutela eta lasai asko hurbiltzeko esan digute. Normalean dozena erdi gazte elkartzen direla eta oso ongi etorriak izango garela.
Lasaitzeko asmoz esan badituzte ere, hitzok are urduriago jarri naute. Zergatik erantzungo zuen Haizeak bion izenean? Noizbait hitz egin dugu gazte asanbladaren proiektuan lagundu nahiko genukeela, baina espazio oso maskulinizatua izateaz gain, ekarpena egiten ez jakiteak lotsa ematen digula ere aitortu izan dugu. Nola antolatzen da festa bat? Nola egiten da barra turno bat? Nola egiten da kartel bat? Bi egun nituen nire burua prestatzeko.
Martxoak 5, igandea
Gaztetxeko atera iritsi naiz. Seiak eta hogeitazazpi dira eta barruan jendea dagoela dirudi. Haizeari idatzi diot galdetzeko ea barruan dagoen, lotsa ematen dit eta bakarrik sartzeak. Begirada telefonotik altxatu dudanean Peru neukan atzean, gazte asanbladako kideetako bat. Agurtu dut eta bilerara nentorren galdetu didanean, nik baietz erantzun eta elkarrekin sartu gara.
Mahai baten inguruan daude aulkiak jarrita, baina okupatuak soilik estufatik gertuen daudenak dira. Han daude eserita Aiora, Urtzi, Txaber eta Aimar. Agurtu gaituzte eta Peruri galdetu diote ia zer moduz ibili den goizean, eskalatzera joan omen da. Hitz egiten zeuden bitartean telefonoa hartu eta Haizearen mezua ikusi dut, aitaren kotxeak matxuraren bat izan duela eta ez dela etorriko esanez. Lasai egoteko eta hurrengo egunean klasean dena kontatuko niola idazten nengoen bitartean, Eki sartu da atetik. Lehenengo asanbladakoak agurtu ditu, eta nire ondoan libre zegoen egurrezko aulkia okupatzera zihoala, eskuarekin sorbaldan egin didan laztan goxo batekin agurtu nau. Ez dakit keinu horrek lasaitu edo gehiago urduritu nauen. Ez dago hainbesteko konfiantzarik gure artean, ezta?
Asanbladari hasiera emateko Txaberrek hartu du hitza, eguneko egitaraua zehazten hasteko proposatuz. Ideia desberdinak batuz eta gorpuztuz, hurrengoa erabaki dugu: herri bazkaria egingo dugu eguerdian, Dolumin Barikua denez, jendea poteoaren ostean gaztetxera gerturatzeko. Iluntzean mobilizazioa egingo dugu gazteok herrian antolatzeko dugun beharra aldarrikatu eta gaztetxearen defentsa egiteko. Gauan bertso hop saio batekin hasi, eta Izate Faltsua eta Tximeleta erromeriarekin borobilduko dugu eguna.
Egitaraua lotuta, kontu orokorren inguruan hitz egitera pasa gara. Baimenak, edaria – patxarana batez ere-, komunikazioa, propaganda, aurrelanketa, mobilizazioaren amaierako irakurketa… Orduan, beste gauzen inguruan hitz egiten zeuden bitartean, nire buruan lantzen egon naizen ideia botatzeko indarrak batu eta hitza hartu dut. Eraso matxisten aurkako bitartekoren bat martxan jarri beharko genukeela proposatu dut. Mugimendu Feministan protokolo bat osatu berri dugu eta hau estreinatzeko momentu ona izan daiteke. Ekik irribarre batekin ideia oso ona dela esan du, gazte asanbladak ere buruan zeukala aspalditik gaia jorratzea eta elkarlanerako lehenengo botea izan zitekeela.
Horren kudeaketarako ardura hartu dugu Aiorak eta biok, baita eguneko dekorazioa prestatzekoa ere. Beste lanak banatuta, hurrengo bilera 19an egingo dugula adostu eta altxatu gara aulkietatik. Aiora gerturatu zait gure bilera egun horretan bertan egiteko proposatuz. Kafe baten bueltan egingo dugu.
Gaztetxea txukun utzi eta kalera atera gara. Aimar, Eki eta hirurok geratzen gara bakarrik. Kaleko argien azpian konturatu naiz Ekik begi urdin-urdinak dituela, ez nion inoiz honi erreparatu.
Eta horretan pentsatzen iritsi naiz etxera. Kaleko arropa kendu eta bainugelan dena prest utzi dut. Ura ezin beroago jarri, begiak itxi eta barruan sartu naiz. Ur tantek azala bustitzen didaten bitartean oroitu dut Ekiren laztana. Inork ikusiko ez duen irri lotsati bat atera zait, ile bustia eskuekin nahasten dudan bitartean.
“Beraz emaiozu su, eman su” entzuten dut mugikorreko bozgorailutik, “mundua kiskali arte ni ta zu”. Konturatu naizenerako hamar minutu daramatzat dutxan baina dutxatu gabe. Gorputza xaboitu, garbitu, sikatu eta arropa zikina garbitzera eraman dudanean, kuleroa apur bat bustita dagoela konturatu naiz. Eki.
Martxoak 19, igandea
Herriko tabernan gaude Aiora, Haizea eta hirurok, protokoloa gora protokoloa behera. Txandak banatu eta behar dugun materiala zerrendatu dugu, baita herriko beste kide feministei
gure asmoa azaltzeko mezua prestatu ere. Nik gaueko lehenengo txanda hartu dut, errazena, gero parranda bota ahal izateko.
Gaztetxea dekoratzeko pare bat pankarta diseinatu ostean asanbladara gerturatu gara. Bilera laburra izan da gaurkoa. Lan taldeetan hitz egindakoa konpartitu, antzekoak diren lan batzuk bateratu eta eguneko txandak banatu ditugu. Gaueko bigarren barra txanda hartu dugu Haizeak eta biok, protokoloarekin amaitu eta segidan egiteko. Aimar eta Ekik egingo dute amaierakoa. Ez dugu gau osoan kointzidituko.
Bilera amaitu eta etxera joan naiz zuzenean. Sentsazio gazi gozoa daukat. Gazte asanbladan nire espazioa hartzen noala ikusten ari naiz, eroso nago eta kideek asko errazten didate parte hartzea. Baina Ekirengana gehiago gerturatu nahi dut. Lehenengo asanbladan nirekiko izan zuen jarrerak barruak mugitu dizkit.
Duela pare bat urte herrian neska* gazte taldea sortu genuenetik askotan jarri dugu zalantzan heteroaraua. Ikasi dugu gure artean zaintzen eta maitatzen. Normatik at bagarela nor. Baina teoriatik praktikara badago jauzi bat, amildegi bat, lurrera lotzen zaituen soka bat. Nola ligatzen da feminismotik? Nola deseraiki? Nola ahaldundu beste gorputz baten gaineko boterea hartu gabe? Nola jakin zer nahi dudan? Zer nahi dugun? Nola? Burua zalantzaz josita daukat.
Martxoak 26, igandea
Patxaran Festaren aurreko azken asanblada iritsi da. Betiko berdinak agertu gara gaztetxean eta aurrekoan bezala, oso arin egin dugu eguneko errepasoa. Erosketak egitea besterik ez da falta, beste dena lotuta dago. Ziur azken momentuan gogoratzen ditugula egin ez ditugunak.
Aurreikusita genuen bezala, bileratik soberan geratu zaigun denbora pankartak egiteko baliatu dugu. Plastikoa paretan jarri, proiektorea piztu eta gelako argiak itzali ditugu. Txaber eta Peruk pankartak markatzen dituzten bitartean, besteok kolorez betetzen ditugu.
Nik kolore gorria hartu dut, pankartetan gutxien dagoena da. Txanpiarekin letrak gora eta behera gauden bitartean, Aimarrek aste honetan ikastolan gertatutakoaz galdetu dit. Zuzendaritzarekin talkak izan ditugula esan diot. Martxoaren 8an komunen sarrerako plakak kendu, apurtu eta ispiluetan mezuak utzi genituen, komun komunak aldarrikatzeko. Ekimenak kriston oihartzuna izan zuen ikastetxean, ikasleen gehiengoa gure alde jarriz. Baina guraso talde bat kexaka aritu da, erradikal batzuk omen garelako.
Gertatutakoa kontatu dudan bitartean negar malko bat atera zait, oso gogorra izan baita guraso horiek gure aurka egindako kriminalizazio guztiari aurre egitea. Animo mezuen artean Aimarrek egiten zegoena utzi eta besarkada bat eman dit. Txalo bero bat eman digute asanbladakoek.
Emozionatuta itzuli naiz afaltzera. Amari gertatutakoa kontatu diot eta poz-pozik sartu naiz ohean. Telefonoa eskutan, sare sozialetan asanbladakoak bilatzen hasi naiz. Aimar topatu dut. Ekirekin argazki batzuk ditu mendian eta hauek kuxkuxeatzen ibili naiz goizeko ordu txikitara arte. Begiak nekez beteta, Aimarren profilari “follow” eman eta Patxaran Festa buruan nuela lo hartu dut.
Apirilak 7, ostirala. Dolumin barikua eta Patxaran Festa
Iritsi da eguna. Nekazari eta abeltzainen azokatik buelta batzuk eman ditugu koadrilakook. Talo bat erdibana eta digestioa errazteko sagardo botila bat erosi dugu.
Bazkalorduan gaztetxera gerturatu gara. Paella usaina zegoen, Txaberren lagunek egindakoa. Aterpearen azpian tokia hartu eta jai giroan bazkaldu dugu. Patxaran baso bat, bi, hiru. Bazkarian zikindutakoa garbitzeko txanda oso azkar pasatu zaigu eta manifestazioaz ere ez gara asko ohartu, mozkorra arintzeko ura edaten eman baitugu tarte hori.
Ilundu da, azkenean, eta gaztetxera bueltatu gara. Zapi morea besoan jarri eta bertso hop saioa lasai ikusi dugu, erasoak salatzeko telefonoari estuki lotuta. Saioa amaitu denean, hurrengo txandalariei pasa diegu erreleboa eta barran sartu baino lehen, sukaldetik pasatu gara paella soberakinak afaltzeko.
Gaueko hamaika terdiak dira. Barran sartu gara. Peruk labur-labur azaldu digu non dauden likoreak, prezioen taula zein den, garagardoaren iturriak ez duela funtzionatzen eta botilatxoak soilik daudela, edalontzia kobratu behar dela eta arazoren bat izatekotan bera deitu dezakegula. Uste dut esan dituen gauza guztietatik erdiarekin baino ez naizela geratu, baina tira, inprobisatuko dugu. Haizeak muxu bat eman dit, dena ondo joango dela adierazi nahian.
Txanda hasi eta gutxira Aimarren koadrila jarri da barrako nire aldeko izkinan, ondoko herriko gazte baten aurpegia duen pankartaren aurrean. Garagardo errondak eskatzen dituzte gutxiro, oso azkar edaten baitute. Festa giroa geroz eta nabariagoa da. Gaztetxea betetzen ari da.
Tragoak atera eta atera gaude. Hain gaude lanpetuta ez dugula ezta kontzertua entzuten. “Non izkutatzen dira?” oihukatzen du abeslariak, eta hori galdetzen diot nire buruari, non ezkutatzen da Eki? Bere lagunak betiko tokian daude, baina bera? Kanbioak hartzeko kutxara gerturatu naizenean hor ikusi dut bere aurpegia, niri begira. Begiratu dut zuzen begietara eta gerturatzeko keinu bat egin dit. Edaria eskatu nahiko du.
Bi tragoxka Jager eta beste bat niretzat eskatu du. Beste bat niretzat? Onartzen badut ez dakit gai izango naizen txanda amaitzeko, baina dibertigarria iruditu zait eta jolasean sartu naiz. Bi tragoxka Jager eta beste bat niretzat. Begitara begira hartu dugu, edo hori iruditu zait. Ez dakit. Ondokoari bere tragoak ateratzera joan naiz.
Kontzertua amaitu eta erromeria hasi bitartean erreleboa eman diegu Aimar eta Ekiri. Jagerraren efektua nabaritzen hasia naiz. Aimarrek bromatan lan gehiegi ez emateko eskatu digu, baina Haizeak eta biok badakigu hori ez dela gertatuko…