Baketzea

Gabon zahar eguna zen eta lagunek haien etxera gonbidatu zituzten, jai gogoangarria izango zela eta inoiz ez bezala pasako zutela hitzemanda. Puxikak, paper serpentinak -aire serpentinik ez!, koronabirusarekin erne gero- eguberritako girlandak, koloretako paper malutak eta gauerdiko hamabi kanpaiekin jateko mahats ugari prest zuten etxe hartan. Edonor dantzan jartzeko jai giro aparta! Kontua guztiz okertu zen arte.

Ez ziren ordu arte sekula halako haserre txinparta eta erraietako erneguarekin etxeratu Maddalen eta Mattin. Hamabiak jo eta berehala etxeratu ziren, batak besteari txintik esateke. Egia esan, jaia bera gaiztotu zen jendea heltzen hasi eta nahiko berehala eta kanpaien zain ozta-ozta iraun zuten denek lagunen etxean borroka bizian hasi gabe. Begirune minimoa mantendu zuten urte berriaren bake eta osasunaren izenean… eta kitto, bakoitza bere etxera harik eta azkarren joan zen hamabigarren kanpaiak jo eta segidan, hasi berria zen urte berri hark ezer onik ez ziela ekarriko uste zitalarekin kolkoan.

Ez Mattinek, ez Maddalenek, ez zekiten zerk biztu zuen ezikusiaren su gori hura lagunen etxean -ezta jai hartan izan zen beste inork ere-, baina biak minduta itzuli ziren.

Normalean, batek logelara eta besteak egongelara joko zuen lotarako aldarte makur horretan, baina euri jasak itukinak ekarri zituen opari goizez eta logela blai bustia zutenez, biek egongelan egin behar izan zuten lotarako habia, norberak berea. Gaua hantxe pasa beharko zuten bien atsekaberako, muturtuta eta gotortuta; zuzentasunari zor, gaua bera baino egunak argitu arteko goizaldeko orduak igaroko zituzten piperminduta, elkarri tutik esateke.

Haurrik gabeko gau bakarra izango zuten hura biek eta behingoagatik haurrik gabe nahi ahala egiteko gaua izanik lardaskatu egin zuten alferrik. “Tira, okerragoa izan liteke” pentsatu zuten biek halere, “lo egingo dugu behintzat”. Onarpen errazekoak ziren.

Pijama orlegia jantzita lurrean burkoak botatzen ari zela, sabaitik behera zintzilikatuta zuten zilarrezko girlanda lodia sorbalda gainera erori zitzaion Mattini. Ezer gertatu ez balitz bezala, bufanda eran lepoan kiribildu eta ohantzea atontzeari jarraitu zion. Izar bat erori zen hurrena eta Mattini kopetan itsatsia gelditu zitzaion eta azkenik, feltro itsaskorra zuen eguberri-pilota handia itsatsi zitzaion jertsean, batek daki zein karanboletan.

Mattinek eguberritako zuhaitz ibiltaria zirudien. Maddalenek ezin izan zion irribarre ttikiari eutsi eta Mattinek kar-kar apala irain eran hartu bazuen ere hasieran, Maddalenek begiak erdi itxiak zituela erreparatu -emaztea barre algarari indar osoz eusten ari zitzaionaren seinale zen hura- eta bera ere erdi barrezka hasi zen haren eraginpean.

Maddalenek begirada jaso eta begietara begiratu zion senarrari, urte berrian lehen aldiz. Piura hura ikustean ezin izan zion barreari luzaroago eutsi eta lehertu egin zen algara betean. “Mattin, zuhaitz azpiko opariren bat bakarrik falta zaizu benetako eguberri zuhaitza bihur zaitezen!” bota zion barre-negar artean emazteak. Mattinek bere pagotxa iritsi zela ulertu zuen eta hasierako ezustea gainditutakoan, bihurri antzean ekin zion. Emaztearen takoidun zapatak eta kapela jantzi eta egongelan ospetsu baten tankeran hasi zen oinez lepoko girlanda ezker-eskuin behin eta berriz mugituz. Zangalatraba zihoan, baina hori bera zuen maite emazteak eta Mattinek ondo zekien. Emaztearen izpiritua gora jaso nahi zuen, urte berri goizaldea baitzen, liluraz eta magiaz mukuru zen haurrik gabeko gaua.

“Ai, Mattine, emakumia, halako batean orkatila bihurrituko zain zapatokin!” iseka egin zion Mattinek bere buruari iaioki. Senarra antzezpen betean zen, titiak ere paratu zituen bere bularrean bi eguberri bola sartuz eta Maddalenen iskanbila erreakzioak are gehiago animatzen zuen. Horren aberatsa eta txolingarria zen andrea horrela ikustea haserre zipotzaren ondorenean, ezen gizonak aurrera ekin zion ekitaldiari! Berotzen hasia zen Mattin. Hantxe zebilen orain “La Traviata” abesten, gero fandangoa eta “gangam style” dantza egin nahian edota hutsik zuen txanpan edontzia eskuan ateraldi bat eta beste kontatzen. Dibertsioaz gozatzen ari ziren biak, aspaldiko partez.

”Itxoin, hemen ere behar duzu beste bola bat” esan zion handik gutxira lotsagabeki baina gogoberotuta emazteak, gizonari pijaman dagoeneko nabarmendu zitzaion zakilean bolarik handiena zintzilikatuz. Mattinek gogo onez onartu zuen bola hura ere, nahiz eta berehala erori zitzaion. “Maddalen, oraindik ere ez nago guztiz prest baina…” eta begi jostari jarraitu zion emazteak egindako apustuari, “hori bakarrik ez, elurra ere falta zaio zuhaitz honi” esan eta une batez egongelatik atera eta eskutan talkoa nahiz esne kondentsatua ekarriz itzuli zen.

“Zein ona! Zein ona!” esan eta Maddalenek bi gauzok eskutatik egotzi zizkion irrikaz. Talkoa bota zion pijaman Mattini eta esne kondentsatua jarri zion eskuetan, masailetan zein ezpainetan. “Orain, bai, ene eguberritako zuhaitza, lantxurdea soinean has gaitezen jolasean”.

Talkoz igurtzi zituen bere eskuak lehendabizi andreak eta gizonaren lepoan, garondoan eta belarrietan igurtzi samurrak egin zizkion. Fisioterapeuta zen eta bazekien nola igurtzi senarra esperientzia hori betegarria suerta zekion. Garondoan ferekak egin ahala masailetan muxu eman zion esne kondentsatua dastatuz eta milizkatuz. Ezpainetara hurbildu zuen ahoa segidan eta muxu txikiekin garbitu zion gainean zuen gozoa Mattini, tarteka mingaina ttak barrura sartuz.

Pijamaren goiko aldea eranzten hasi zitzaion Maddalen eta Mattinek amaitu zuen kentzez. Eskuak talkoekin igurtzi berriz ere eta bizkarraldea irristakor izanda giharrak askatu zizkion. “Etzan nahiko zenuke?” galdetu zion Maddalenek eta Mattinek, denborarik galtzeke, prestatu zuen ohantzean bota zuen bere burua ahozkora. Titiburuetan esne kondentsatua jarri zion emazteak eta zilborretik pubiserako aldean hildako bat ere berpiztuko lukeen masaje leuna emandakoan, titiburuak milizkatu zizkion senarrari. Mattin isil antzean zen, tarteka intziri ahula askatuz.

“Ondo?” galdetu zion Maddalenek. “Ondoegi” zen jaso zuen erantzuna.

“Itxoin, pixka bat, Maddalen, gauza bat erakutsi nahi dizut” adierazi eta zirt-zart zutitu zen Mattin. “Begira”, eguberri bola zakilean jarri zuen eta oraingoan ez zitzaion erori. “Ni, prest, nahi duzunerako” erantsi zuen irrikaz. “Zuk orain masajerik nahi duzu?” borobildu zuen bere adierazpena, “zerbaitetarako izango gara ba biok fisioterapeutak”. “Bai, honetarako, hain xuxen” erantzun zion Maddalenek pozik. Bere goialdeko alkandora eta bularretakoa kendu eta buruz behera etzan zen Maddalen, hasperen sakon bat eginik. Oraingoan Mattin zen eskuak talkoarekin igurtzi eta emaztearen larru finean aritu zena giharrak askatzen: larru fin horretan lan egitea gustuko zuen eta Maddaleni on egingo zion arinago sentitzeak ere. Bizkarrean, garondoan, buruan eta sorbaldetan aritu zitzaion tenka eta atximur, laztan eta presioa egiten.

Bira eman zuen Maddalenek halako batean eta bularrak agerian Mattinek irribarre egin zion. “Biluztu nahiko zenuke?”. Maddalenek, erantzuteke, arropa dena kendu eta senarraren eskuetan utzi zuen bere gorputza, gozatzeko gogoz.

“Hotz egon liteke” eta esne kondentsatua jarri zion zilborrean emazteari, bere gune erotikoenetako batean. Elipsea marraztu zion eta ondoren mihiarekin milizkatu. Zirrarak hotzikara eragin zion Maddaleni eta hori ikusita, titiburuetara jo zuen arin eta leunki Mattinek, titiburuak hatz punttekin laztanduz. Lepoa goratu zuen erantzun gisa andreak eta hori ikusita, musukatu egin zuen emaztea, pasioz. Arnasa galdu zuten ia biek muxu banatze hartan. “Prest?” galdetu zion Mattinek. “Ez, ez, oraindik ez. La Traviata abestuko?”. Begiak zabaldu zituen harrituta Mattinek eta barre algara motza egin zuen gutxira. “Bai, nola ez, Maddi”. Bere azken eguna balitz bezala abestu zuen La Traviata, opera abeslari profesionala bailitzan, baina bukatu aurretik lepotik heldu eta musukatzen hasi zitzaion emakumea. Eta sabaian zintzilik zegoen urrezko girlanda erori zitzaien gainera. Irribarre egin zuten eta Mattinek galtzak eranzteko profitatu zuen unea.

“Gaur nola?” “Koilara?” “Ados” “Baina ni oraindik…” “Aja, ulertua”.

Ez zuen azalpen zabalagoa behar izan Mattinek. Bere zakila lerden eta lodia, eta bere burua, sarketarako prest zegoen, baina Maddik are berotasun handiagoa behar zuela ulertu zuen. Zilborretik pubisera hasi zitzaion masajean eta Maddiri arnasa mozten hasi zitzaion zirraraz. Pixkanaka gerturatu zituen bere laztan eta masajeak alura eta Maddi gerria goraka mugitzen hasi zen klitoritik gero eta hurbilago ukitu ahala. Klitorian tak-tak presio erritmikoak egin zizkion, gora behera gero, pubisa laztandu, klitorian presioa handitu, borobilak egiteari ekin eta orduan “nik gidatuko zaitut” esan zion Maddalenek bere eskua hartuz. Mattinen eskua gidatuz masturbatu zuen bere burua honela, gerria gora eta behera, une batez oxigenoa hartzez utzi eta azken hatsa zirudien hasperena bota arte, hotzikarak lagun.

Irribarre egin zuen Mattinek. Bere emaztearen orgasmoak bera ehunera jartzen zuen. “Koilara orduan?”. Intimoa iruditzen zitzaien sexua postura horretan egitea, motela zen gainera eta haurrik ager ez zitekeenez, poliki eta nahi adina aldiz egiteko denbora zuten. “Kondoia, bai? Ez?”. “Egin dezagun gabe” ihardetsi zion emazteak. Sexua egin bitartean Maddalenen bularrak estutzeak plazer espaziala -bai, espaziala, mundu honetatik kanpokoa- ematen zion Mattini eta Maddaleni bere klitoria eta senarraren eskuak ukitzeko aukerak are gehiago sentitzera zeraman. Erritmoan elkar laguntzen saiatuko ziren, azken bulkadak arte. Hor abiadura azkartzen zuen Mattinek eta Maddalenen ipurmasailak estutu esku batekin, aiene marrantatuaz amaitzen zuelarik bere faena. Gustukoa zuten postura hura eta urte berri goiz hartan berriz ere izan zuten gustukoa.

“Berriz?” galdetu zion atseden hartutakoan Mattinek. Sexurako gogoz zen. “Berriz eta berriz” aitortu zion Maddalenek. Sabaitik bigarren izarra erori zitzaien. “Benetan gaizki itsatsi genituela apaingarriok, Mattin” kexatu zen Maddalen. “Bai, baina eskerrak hala egin genuen, gaur biok ekarri dugun haserrearekin, izar eta girlandei esker ez balitz, hemen geundeke biok muturtuta eta gehienez ere bakardadean izanez sexua. Ba pozten naiz horren trakets eta narrasak izanaz, Maddi! Jaungoikoa onbera eta errukibera dela! Eta gaur gurekin errukitu da era bereixi honetan, baketzea -eta sexua- bideratuz!”.

Buruarekin baietz egin zuen irribarretsu Maddalenek, zitekeena zela. “Jauna, izan zakizkigu lagun urte berrian ere” egin zuen otoitz laburra eta berehala jolasari lotu zitzaion “Matti, orain nola?”. “Begira, Maddi!” “Ez, ez zenuen nik esandako jostailua erosiko”. “Bai, berbera!” eta emazteari berak aipatutako sexu jostailua erakutsi zion. “Ederra! Proba dezagun”.

Urte berriak postura eta gozagarriak ekarri zituen izerdi patsetako gozamenean. Haserrearen ondorengo baketzean.