Kulero bat musuko

FM 105.5

“Gabonetan ohikoak diren barne aglomerazioen ondoriozko kutsadurak ekiditeko, gorbernu zentralak musukoa leku irekietan ezartzea jarriko du indarrean bihartik aurrera. Musukoa kalean derrigorrezkoa izango da.”

Terese kafeari bueltak emateari utzi dio eta irratiari begira geratu da. Buruko zain potoloa puzten nabaritu du berria entzun eta 5 segundo eskasera. Duela astebete amaitu zitzaion 2020ko apirilean egin zioten COVID kontratua, berari eta ospitaleko lankideen ehuneko kontsiderable bati. Positibo kopurua gora eta gora dabilela entzuten dabil egunero alokatutako etxearekin zetorren irrati zaharrean; inoiz ez du irratia entzuteko ohiturarik izan, baina lanetik bota zutenetik, konpultsiboki entzuten du egunero, pisukideak aski gogaituak dituela kontziente. Eta hala ere, ez dute lanera bueltatzeko deitu. Listo, ez du pandemia honekin zerikusia duen ezer gehiago entzungo. Algarroba potea zabaldu, koilara potean sartu eta zuzenean eraman du ahora, zapore honetara ohitu behar zara baina gero engantxatzen du. Kafeari azken zurrupada eman eta harraskan utzi ditu koilara eta taza, pisukideak arratsaldera arte ez ditu espero, beraz, bazkalostean egingo du harrikoa.

Orain, opor behartuetan dagoela, milaka gauza ditu buruan egiteko: antzerkira joaten hasi, izeko Matildek oparitu zion josteko makina eta kit guztia erabiltzen ikasi, kontzertuetara joan, etxea dekoratu, puzzleak eta kolasak egin, irakurri… egunak igarotzen ditu egin nahi duen guzti horretan pentsatzen, baina deus ez egiten. Baina gaur bai, etxe ondoko dendara jaitsiko da egongela apaintzeko behar dituen pegamento zuria, kandelak eta oihalen bat, eta erlaxatzeko eta irakurtzeko ondo etorriko zaizkion infusio garestiak erostera. Bidetik, Tinderreko katalogoan ikusi dituen hiru tipekin egin du topo, horietako bat mach-a. Hiri hau herri bat da. Goizegi iruditu zaio pantaila batetik ezagutzen eta sekula berarekin hitz egin duen inor agurtzeko, etxera bueltatzean agian irekiko dio txat-a kalean ikusi duela esateko.

Etxera igotzean, portala garbitzen duen gizonarekin egin du topo. Ez daki zehazki garbitzailea den, egunaren arabera eskailerak garbitzen edo sarreran dagoen bankitoan zigarroak bata bestearen atzetik erretzen eta lurrera botatzen ikusten baitu. Serie batetik ateratako moduko gizon xelebrea da, 70 urte inguru izango ditu eta berarekin urtebeteko bueltan partekatu dituen hitz bakarrak “kaixo” eta “agur” izan dira, sekula bueltan itzuli ez zaizkionak. Eliza usaina nabari du eskaileratik, ziur pisukidea intsentsua erretzen dabilela. Klin-klan. Egongelako ke burbuilara sartu da eta Tinderrari tartetxo bat dedikatuko diola erabaki du. Originala izan nahi du, baina ez du frikiegia iruditu nahi. “Kaixo! Uste dut lehen kalean ikusi zaitudala!”. Buruak ez dio gaurkoan originaltasunari tarterik eman. Harridura ikur gehiegi sartu dituela uste du, elkarrizketak jarraitzen badu, errealitatean ez duen enfasia kenduko die esaldiei. Erantzuna:

  • Ei, kaixo! zergatik ez nauzu agurtu?
  • Lotsatu naiz! – beste harridura ikur bat, mierda.
  • Bistaz ezagutzen zaitut, ea hurrengo batean kointziditzen dugun!
  • Bai, nik zu ere! Ea hurrengoan, bai! – ez daukat erremediorik…

Badirudi gaurkoz elkarrizketa amaitu egin dela. Bere profilean sartu da berriro. Zaila egiten zaio pijoak, jipiak, altuak, erasmusak edo erdaradunak ez diren pertsonak aurkitzea sare sozial horretan. Gustatzen zaio salbuespen horietako bat delako, eta etxetik gertukoa (1 Km baino gutxiago), gainera.


Pisukidearen iratzargailuak esnatu du gaurkoan ere. Ordu erdi egon da bueltak ematen baina ez du berriro lokartzea lortu. Pertsiana igo eta eguzki izpiek argitu dute bere gela. Badirudi mordor atzean utzi dutela eta pare bat egunez behintzat, oinak lehor ibiliko dela kaletik. Pijama kendu, txandala eta sudadera jantzi, zapatilak lotu eta bueltatxo goiztiarra egitera irten da. Zerbait arraroa sumatzen du auzoan. Betiko legez, espaloia bustita dago, Bilbogarbi pasa den seinale. Dendak zabalik daude eta betiko jendea dagoela dirudi; iturgina tabernako terrazan gosaltzen, auzokidea bi txakurrak paseatzen…

Auzotik atera ahala jende masa handituz doala nabari du, oraindik ez zaio itogarria baina ria ondotik bueltatxoa eman beharrean, Pagasarrira bidea hartuko duela erabaki du. Orain bai, Bilbotar madarikatu bat da! Badaki ez dituela mendira joateko oinetakorik aproposenak, aldi berean, badaki ez dela tontorrera helduko, eta ziurrenik, Sanfraneko plazan ezagunen batekin topatuko dela eta bertan pasatuko duela goiza. Joder, musukoa! derrigorrezko musukoa da kalean arrotza egiten zaiona, mundu guztiak daroa. Paso, ez du jarriko, isuna jarri behar badiote, berdin dio. Bilbitik sartzean bi polizia kotxe ikusi ditu, beste alde batera begiratu eta behera jaitsi du aurpegi biluzia. Eskua poltsikora sartu du bazpareko musuko baten bila, errealitatean ez ditu 100 euro galdu nahi. Txandaleko poltsikoetan txikle baten plastikoa eta klinex zikin bat topatu ditu, eta sudaderan ez du musukorik aurkitzeko itxaropen handirik. Eskua poltsiko
berdean sartu eta, bat dagoela iruditu zaio. Ustezko maskarari tira, poltsikotik atera eta, kulero urdin bat dela konturatu da, kulero urdin erabili bat. Zer egiten du kulero erabili batek poltsikoan?!

Oinezko zipaio bikotea agertu zaio metro gutxira, gogoratu du Aneren etxean lotan geratu zenean lagunak kulero horrek musuko itxura zutela esan ziola. Isuna saihesteko, kuleroak ahal izan dituen bezala jarri ditu azkar aurpegian. Zipaioak ondotik pasatu zaizkio, ez dute begiratu ezta. Ez dira konturatu, edo txikiegia izateagatik ez dute ikusi ere egin. Usain goxoa dute. Kuriositatez, erakusleiho baten parean paratu da, eta hala iruditu zaio, oihalezko musuko batetik pasa daitezke kuleroak problema barik.

Berriro sartu ditu eskuak poltsiko berdean eta hara non aurkitu duen maskara urdina. Aurpegian duena kendu eta biak parez pare jarri ditu konparatu asmoz. Gomarengatik ez balitz ez luke asmatuko zein den kuleroa eta zein maskara. Oraingoan munipak datoz atzetik, amorruz baina, ez da ausartzen bere ezpain leunak bistan eramaten. Maskara patrikan sartu eta kuleroak jantzi ditu ostera ere, sistema zirikatzeko bere forma izango da hori.

Hernani kalean dagoen Nemexen binilo dendan sartu da. Reggaetoia dauka sutsuki jarrita, horregatik gustatzen zaio horrenbeste bere denda. Nazkatuta dago beti berdina entzuteaz “leku honetan reggaetoia izan ezik beste dena jartzen dugu, eskatu beste zerbait”. Hemen desberdina da “reggaetoia ere jartzen dugu, zure eskakizunei irekia nago”. Nola berotzen duen hori esaten dionean. Ezagutu zuenean ez zuen usteko noizbait hori pentsatuko zuenik, baina aspaldian lagunen bati komentatu izan dio oso “rollo” ona dutela eta azkenean ez daki horregatik edo reggaetoiaren zalea delako, baina gustuko du. Geroz eta argiago dauka ahots goran esaten direnak azkenean desio bihurtzen direla eta ondoren errealitate.

Ez du ikusi sartu denean, berak ere ez du ezer esan atea entzun duenean. Ezustean harrapatu nahi du, atzetik salto egin. Beti soinean daraman txapela ahoarekin kendu eta pixkanaka burua laztandu nahiko lioke, ile bakoitzari bere garrantzia eman, bere laztana eta lepotik behera miazkatzen hasi. Listua pixkanaka zabaldu belarrien atzealdeetatik, begien forma marraztu ahoarekin…

Imajinazioetan murgildurik zebilela buelta eman du Nemexek eta eskuarekin agurtu du “pobre diabla, eskerrik asko aurreko astean abesti hau gomendatzeagatik”. Ez zuen usteko beraien zirkuluan reggaetoi feminista ez den abesti batekin ligatu ahalko zenik. Aspertuta dago koherente eta zuzena izateaz; letra kutre, dominatzaileak eta heteropatriarkalak entzun nahi ditu. Gustuko ditu.

Reggaetoi exito onenak Biniloa

“Se te ve llorar, llorar. Solo llorar, llorar. Ya no bailas más. Llorar, todo es llorar, llorar. Pobre diabla, llora por un pobre diablo”.

Bere bizitzako ateak zabaldu zizkion azken gizona etxean zuen “amor de hombre” landareari izan zen. Eskerrak denbora pasa den ordutik. Oparitu zioten momentu beretik egoera arraroa izan zen, ez zuen inoiz gustura dirudi eta egun arrunt batean gaixotzen hasi zen. Apurka kolorea galtzen hasi zen, hostoak banaka erortzen hasi zitzaizkion eta zulotxo txikiz bete zen, oso demakratua zegoen. Pena ematen hil zen
eta handik bi egunetara ondoan zituen bi landara kutsatuak zeuden. Ezin ote zen ondokoa akabatu aurretik bera hil? Ez, alderantziz izan zen, betiko moduan. Lasai abesten dute Pobre diabla abestia elkarri begira. Nemex bere imajinazioetan gustuko du eta nahiz eta lagun batekin bere desirak partekatu dituen, momentuz ez da gizonik sartuko edo ez edozein gizon behintzat bere etxean. Edozein gizon esatean, ze esaten duen ere ez dakien arren. Abesten jarraitu dute elkarrekin. “Maskara polita daramazu” esan dio “zuk ere bai” erantzun dio. Azkenengo aldia izango da Nemexen dendara sartuko dena, inkoherentzian koherentzia topatu nahiko luke noizbait. Bizkarra eman eta kalerako bideari ekin dio. Oraingoan harro dago hartutako erabakiaz. Arnasa sakon hartu du, bere kuleroen usainak uste duena baino gehiago erakartzen duela konturatu da. Eta dastatzen badut?

Ohartzerako etxetik 500 metrotara dago, musukoa blai. Nemexenetik atera denetik ez dio kuleroak txupatzeari utzi. Kanpoaldetik erabat garbi zeuden, kulero garbitu berriak ziruditen. Barrualdetik ordea, duela pare bat eguneko fluxua erabat lehortuta zeukaten. Ezin duela mihia kanpoan ibili, kuleroak txupatzeko erabiliko du kaletik doan bitartean. Orain listu putzu bat besterik ez da gelditzen. Morboa eman dio kaletik bere fluxua zupatzen ibiltzeak. Masturbatzen denetan noizean behin behatzak bai eramaten dituela ahora, ekintza hau ordea berria izan da. Gogoratu du duela astebete garbigailuan sartzeko pendiente zeukan arropa multzoan 10 bat kulero izango dituela, horietako pare bat gutxienez hilerokoaren gorriaz zikin. Hurrengoan kalera ateratzen denean beste kulero bat sartuko du poltsikoan.

Txanpiak erosiko ditu etxera igo aurretik. Gorroto du supermerkatuetara sartzea, baina auzoko janari dendako kutxazainari “zenbat da?” galdetzea bezalakorik ez dago etxera garaipen sentsazio batekin igotzeko. Ez dakite elkarren izena, hori da harreman honen pizgarria, anonimotasun ez anonimoa. Ilea dekoloratu du, erabat aldatu zaio aurpegia edo aurpegitik ikusi ahal zaiona. Txanpi batzuk eta postrerako ardo botila bat. Terese bigarren dago ilaran, urduri dago. Besoetako ileak tentetzen ari zaizkio pixkanaka. Ez daki gaurkoan ze ahots tinbrerekin erantzungo dion egingo dion galderari, katarroa izango balu modura edo bost pakete zigarro erre izan balitu bezala, bero jartzen ari da pentsatzearekin bakarrik. Maskarari begira gelditu zaio. Ez da gai ardo botila askatzeko eta ohartzerako elkarrekin nahastuta dituzte eskuak. Zirkulu bat marraztu dio esku ahurrean. Klandestinoki ahoa bere besora hurbildu du eta koxk egin dio. Begiak biribil biribilak jarri zaizkio kutxazainari.

Orduan bai, orduan galdera, “zenbat da?” “ bost eta hogei mesedez”. Ez dago ezer gehiago esateko, Teresek badaki nahi badu bihar ere bertan ikusi ahal izango duela. Agian denda honetara bai itzuliko dela, ez daki. Egunean zehar gandorra igotzen joan zaio eta hobe du pisukideari intsentsua lapurtu eta ardotxo bat hartu etxeko egongelan. Adrenalina txute gehiegi.

Portala garbitzen duen gizonak hor jarraitzen du, badirudi amaitu duela garbitzen, amaierako zigarroa erretzen dabil.

Irratia piztu du benetan azken aldia izango dela esanez bere buruari.

FM 105.5

“Gorbernu zentralak musukoa leku irekietan ezartzea jarri du indarrean gaurtik aurrera. Musukoa kalean ibiltzea derrigorrezkoa da.”

FM 88.8

“Inork ez du hitz egiten Australia hegoaldean agertu den birus berriari buruz. Badira urte batzuk familia bat hilik agertu zela eta ez zekiten arrazoia, gaur jakin dute Jeyp deituriko birus baten ondorioz hil zirela. Zoologiko bateko langile bat hilda aurkitu zuten bart. Bi kasuak lotura handia dutela dio epidemiologo batek”

FM 88.9

“Aspertu naiz jendea beti kexaka entzuteaz, hau denon ardura da, ardura kolektiboa! Denok dakigu maskararen erabilera normalizatu beharra daukagula eta barruko arropa moduan egunero jantzita eraman”.

Azkenengo aldia izan da BENETAN.

Ardo baso bat, intsentsua eta musika.

Telefonoan dei bat du, laneko zenbakia da. Ez du hartu nahi errealitatean ez duelako lanik egin nahi, baina dirua behar du alokairua eta gastuak ordaintzeko, eta lan ordaindua izatean ohitu den bizi-maila izaten jarraitu nahi badu.

  • Bai?
  • Terese, kaixo, ospitaletik deitzen zaitugu. PCR frogak egiteko langile bolondres bila gaude. Ulertuko duzunez, osasungintzan larri gaude eta zuk, herritar konprometitu gisa, zure esperientzia eta lana beharrezkoak ditugu pandemiari aurre egiteko. Etorriko zara bihar goizean?
  • Terese?

Deia amaitu eta telefonoa ohe gainera bota du. Arropa zikinaren pototik azkenekoz mendira joatean erabili zituen kuleroak hartu eta egongelako mahaitxoaren azpiko tiradera zabaldu du.

Kuleroak, haria eta orratza.

Ardoari zurrupada.

Bideo tutoriala: Nola josi musukoa aurpegira. Internet bikaina da, bilatzen den edozer dago!

EginZukZeukKanala 10.000 ikustaldi.

“Badago hau egiten sufritzen ez duen jendea, bada beste jende mota bat, ordea, min handia sentitzen duena. Bigarren horietakoa baldin bazara, izotzarekin anestesiatu dezakezu ezpain aldea lehendabizi, bestela denborarik galdu gabe has gaitezen musukoa aurpegira josten! super dibertigarria izango da!”

Hari horia bakarrik daukate etxean, ondo doakio oinarrian krema kolorea eta puntutxo beltzak dituen parpailadun kuleroei. Anariren kontzertuetara eramateko erabiltzen dituen betaurreko borobilak jantzi, haria zulotik sartu, marapiloa eta lanera.

Harritu egin du josteko dagoen modu andanak: eskuz, makinaz, zuzen, zig-zag-ean… nahiagu du eskuz, sentitu nahi du haragia apurtzen baina baita ere ezagutu nahi du eskuek bere burua zulatzeko duten gaitasuna; sentitu nahi du beregan pirsing bat egin duen bakoitzean dendako langilearekiko izaten duen miresmena. Anestesia barik eta eskuz egin nahi du, badaki makinarekin baino eskasago geratuko zaiola artelana, baina kutre ere estilo bat da, bere gogokoena. Bideoa osorik ikusi beharko luke lehenengo, irakasleak umetan hari eta bere ikaskideei irakurtzean esaten zien bezala “lehenengo azkar irakurri testua zeri buruz doan jakiteko, eta gero astiroago, detailerik ez galtzeko”, baina ezin die gogoei eutsi, irudiak agertu ahala inprobisatuko du, horretan zinez abila da. Gainera, zauriak osatzen dezenteko esperientzia du, fisikoak eta horren fisikoak ez direnak.

Hor doa astiro, uste baino odol gutxiago isuriz bidean. Azken zuloak aurretik. Azal lodia daukala baieztatu du hogei zulo egin ostean. Pena da odol gehiena maskararen kanpoaldetik isurtzen ari dela eta ahora nahi baino gutxiago iristen zaiola, bere azken banketea bere odola. Aurrera doa, gustuko du hariak nola zeharkatzen duen bere azal lodi hori, bigotetxoko ileak nahasten zaizkio haria eta azalaren artean kilimak eginez. Ezker aldeko sudur zuloaren azpitik hasi da eta eskuineko zuloaren azpira heltzear da. Hau da bere azken puntua. Portaleko garbitzailearen amaierako zigarroa Tereseren eskuineko sudur zuloaren azpiko azken puntua da.

Irribarre egin du ispiluaren aurrean, ez du irribarrerik ikusi islaturik.