Behin gau osoa pasatu nuen zure ametsari begira. Begirik ere ez nuen itxi behar izan. Nire izara artean, nire aldarteko mundu birtual honetan, seguru sentitzen naiz zurekin topo egiteko. Beti ez da hala izan, ordea. Gogamenetik at, ez naiz beti begiak irekita zuri begira gelditzeko bezain ausarta izan. Mundu errealean koldarregia izan naiz zure begiradari eusteko.
Zurekin pasatako beste gau bat gogoratuz hasi nuen bart gaua, bart gaueko ametsa. Zuk eta biok ongi ezagutzen ditugun gau horietako bat zen, musika eta trago artean goizeko seiak arte luzatzen ziren gau horietako bat. Kanpoko munduko gau erreal bat, alegia. Edozein Larunbat txepel. Lagunarteko bazkaria elkartean, poteoa auzoko tabernetan eta ondoren gero gerokoak, orduak gero eta gehiago txikitu ahala. Ez ginen bakarrik, zuk eta biok ongi ezagutzen ditugun lagun horien artean geuden. Alabaina, ez zuk ez haiek ez nauzue ni erabat ezagutzen, ez behintzat bart bezalako gauetan agertzen zaidan Ni hori. Kontatu behar dizut, bada, bart gaueko sektretua.
Mozkorraldiaren, musikaren eta algaren disimulua izaten zen Larunbat gau horietan nire lotsa eta kontraesanaren ezkutu. Zeu beti izan zara zirikatzaile, bihurri, eta trago artean proposatzen zenituen nire aldakak dardara bizian jartzen zituzten jolasak. Lotsagabe halakoa, jakingo bazenu zer eragiteko gai zaren. Baliteke jakinaren gainean egon izana. Agian, beti jakin duzu. Nire izara artean nago, baina agertu naiz berehala gau horietako batean. Sei pertsona inguruko kuadrila gaude taberna zuloan. Zera esan duzu halako batean “eman zure tragoko izotza”. Lehenengo espasmoa nire aldaka artean.
Aho txikia eta agin zorrotzak dituzu. Irribarre zirikatzaile horren artean hartu duzu izotza preso eta pasatu diozu Markeli. Markelek Josuri, Josuk Maitaneri, Maitanek Eleneri, Elenek niri eta burua biratu orduko, berriro zure irribarre zirikatzaile hori niri begira. Jasan ezina zara. Ezin dizut talantea eutsi, beti ibiltzen naiz tentsio honek gainezka egingo ote didan zalantzan. Begiak itxi behar ditut, zorabiatu eta lurrera danbatekoan ez erortzeko. “Eman zure tragoko izotza”, esan duzu zure talaiatik. Nire ezpainetako izotzaren esperoan zaude. Ezinegona nire aldaka artean. Musikak eta keak, gauean orduak gero eta txikiagoak egiteak, parranda giroak, lehen eman dizkizadun hauts horiek… disimula dezake horrek denak nire urduritasuna. Jolas bat da, parrandan irten ohi garenero egin ohi duguna. Fikzioa eta performance bat. Nire ezinegonak dismiluatzeko moduko terrenoa.
Pasatu dizut horma, egin dut barre. Barre urduria da, gau txori izateko lizentziak ematen dit aukera zure ezpainetara hurbiltzeko. Itxi ditut begiak eta hurbildu natzaizu. Ez naiz ausartzen begiak zabalik irrika hau kudeatzen. Esan dizut, zorabiatu eta kolpean jausi naiteke edozein momentutan. Segundu bat eta hiru laurden, gure ezpainak elkartu eta pasatu dizut horma. Kitto, txanda pasa. Hasperena, ireki ditzaket begiak. Pasatu diozu zuk bueltan Markeli. Markelek Josuri, Josuk Maitaneri eta Maitanek Eleneri. Itzulia noiz amaitu zain, berriro ere. Kanpora begira neska gazte eta heteroaren arauak niretzat pisu gehiegi zuen garaia zen, jolasaren disimuluan ibiltzen zen garai hartan nire aldakaren dardara. Ezin kabitu nigan, horrela pasatzen nituen gau horiek. Maskara beti erortzeko zorian. Tranpak egitea ez dagoela ondo esan izan didate beti, baina norbere buruarekin zintzo jokatzea ez da beti erraza izaten. Jolas inozenteak ziren gau horietakoak, pare bat buelta izotzarekin eta akabo. Besterik gabe eta besterik ez. Gaur, ordea, ez nago tabernan. Ni neu ere ez naiz arestian nintzena. Nire ohean nago eta hemen jolas horiek askoz gehiagorako ematen dute. Izotzaren itzuliak ez du zertan borobil horretan preso amaitu.
Nire izara artean nago, eta hemen begiak isteko beharrik gabe begira zaitzaket, Maite. Tira, kontatuko dizut sekretua. Jar gaitezen nire ametsari begira. Hemen nagoenez, begiak zabalik pasatu dizut horma. Josu ez dago hemen, ezta Maitane, Markel edo Elene ere. Bueltan pasatu didazu izotza, ezpainetara beharrean lepora. Kondentsatu dizkizut paparreko tantak, hotza su bilakatzeko gai zara horrela jartzen zarenean.
Bota duzu izotza utikan. Ezpainak ezpainen aurka oraingoan, tartean hesirik gabe. Ezpainak masailen kontra, ezpainak belarri atzera eta bueltan ezpainak lepora. Maite, zure ezpain beroak dira niri izerdi hotza eragiten didatenak. Lepotik jeitsi nahi dut, behera, zure gorputzaren hegoaldera. Kendu nahi dizkizut soinean dituzun arropak. Bertso-saio hartan esan zuten moduan: “biluztu nahi zaitut, mototsako goma horretatik hasita”.
Begiratu nahi zaitut izotz eta arroparik gabe. Eta zure ahotsetik entzun behin esan zenuen esaldi sinplea: “zelako gorputz itzela”. Ausartu nahi dut belarria zure bularretara hurbiltzen. Hemen egin dezaket, hasi naiz zure gorputzaren hegoaldera mugitzen. Aduana pasatu eta lepotik bularretara joan natzaizu orain. Nire aldaka artean kilimek espasmo bidea hartu dute pixkanaka, nire gorputzak zera esan nahi dit: “oraingoan ez zara libratuko, neska”.
Bular gogorrak, orain gorriak, orain arrosak. Puztuta daude, hilekoa jeitsi aurreko egun horietan bezala. Bularretik behera besapeko izerdira, usaintzen dut eta arnasten dut. Zure esku hotzak nire bizkarrean. Izotza eta sua zara, biak aldi beran. Hasi zara laztanak eta arramazkak konbinatzen dituen esku-lan horrekin. Ni baino handiagoa izan zara beti, txiki naiz zure besartean. “Jarri beste aldera begira”. Alua uzkiaren aurka. Atzetik aurrera egiten didazu arramazka orain. Nire aldaka dagoeneko ezin da geldi egon. Busti eta umel nabari zaitut, ihintza zara nire atzean. Eskerrak nire oheko mundu birtual honetan ausar naiteken begiak zabalik ditudala zure begiak bilatzen. Ederrak dira.
Begiratzen zaitut eta hori da hori espektakulua. “Zelako gorputz itzela” esan nahi dizut. Eman dut buelta, orain bularra bularraren aurka. Ipurmasailetara bota dizut esku-ahurra. Horiek ere gogor-gogorrak. Ni baino garaiagoa eta ni baino gihartsuagoa izan zara beti. Eta zure hankak ere luze-luzeak dira. Nire gorputz txikiaz mugitu zaitut. Zure ile kizkur marroia apartatu behar dut, zatoz, etorri hemendik, heldu hortik. Etzan nire ohean, mundu birtual honi atea zabaltzen dion lurzati txiki honetan. Ikusten zaitut eta zuk ere ezin duzu aldaka geldi mantendu. Bor-bor egiten dizu magalak.
Ezin dut eskua zure ipurditik kendu. Erraldoia da. Erraldoi bat zara. Gogor-gogor zaude, baina postura erlaxatuan. Sabaiari eta neuri begira, zabaldu dituzu besoak. Badirudi parrandako gau horietan bezala esan nahi didazula “eman zure tragoko izotza”. Emango dizut, urtuko zaitut. Hasiko naiz gerri iskinetik.
Iztarraren ezkerreko adean jarri dizut eskua eta ahoa, berriz, eskuineko aldean. Busti-bustirik dago hau, gero eta urtuago zaude. Begiak zabalik mantentzen ditut, eta badoa nire ahoa ezkerreruntz. Banoa epizentrora. Mihia eta ezpainak, biak ezpainen aurka. Nik xuabe-xuabe ahoaz, zuk fuerte-fuerte niri eskuaz. Hartu nauzu burutik eta orain zuk desegin didazu mototxa. Beti egin izan duzu nik egin alderantziz. Nik mototxeko gomatik hasita biluztu bazaitut, zuk mototxeko goman amaituta biluztu nauzu. Zure gorputza luzea eta nirea, aldiz, motza. Zuk ile kizkurra eta adats luzea duzu, ni ile-hori eta ile-motz. Zuk bular puztuak, nik titi-buru eskasak. Nik ahoaz, zuk hatzaz. Bi gorputz ezberdin, baina sartu gara sintonian. Ezin naiz geldirik mantendu eta zeu ere ez. Esan dizut lehen: jasan ezina zara.
Orain bata bestearen alboan gaude. Gure aurpegiak itzuli dira gauaren hasierako posizioetara. Dagoeneko izotzik ere ez da kabitzen gure artean. Pega-pega eginda zaitut, baina etorri, hurbildu gehiago. Izarek gaizki usaintzen dute, baina nik izerdi gehiago behar dut. Biok eskuarekin: tarteka zuk niri, tarteka nik zuri, tarteka biok zuri eta tarteka biok niri. Ile artean katigatutako behatzak ari dira dantzan. Edo, agian, borrokan ari dira. Gero eta irristakorragoa da hau. Egin duzu labain, mugitu zara. Orain nik eskuarekin eta zuk nire iztarrarekin. Marruskadura hau gozoa da benetan. Iritsi dadila egunsentia, ausartzen bada. Niri bost axola dagoeneko, ez da amets honetatik esnatuko nauen iratzargailurik.
Ezin gara gure baitan kabitu. Ohe hau txiki ari da gelditzen. Ezinegonezko oihuak. Plazerrezko txilioak. Hasperen eta garrasiak. Auskalo nori botatzen diozun irain bat jaurti duzu airera, eta maitekiro laztandu nauzu segidan. Behor baten irrintzia entzun da. Ez dakit zu izan zaren ala ni. Zure bular gogorretan dut kopeta, ez nauzu askatzen eta ez zaitut askatu nahi. Ziztadak nabari ditugu biok hankartean. Kanpoko munduan ezin natzaizu begiak zabalik hurbildu. Hemen, ordea, mundu birtual honetan, gorputzeko zirrikitu guztiak ditut zuri zuzenduta. Zabalik dago atea, sartu nahi baduzu. Aukeratu menutik nahi duzuna.
Sartu didazu hatzamarra, nik igurtzi egiten zaitut. Ez didazu sekula esan, baina nik badakit zuri horrela gustatzen zaizula. Maite, kanpoko munduan noizbait batzerik bagenu, bete-betean asmatuko nuke zurekin zer egin. Batzuek liburu artean ikasten dute, beste batzuek esperientziaz. Irudimenari ekinez ere ikas daiteke eta nik, laztana, hainbestetan imajinatu zaitut.
Ezin dut gehiago, honek gainezka egingo dit. Hemen sentitzen ari naizena puntu delikatu horretara heltzen ari da, non ematen du erritmoa pixka bat aztoratuz gero min egingo didazula. Alabaina, zuk ez duzu muga-gorria gainditzen, sekula ez didazu minik egiten. Seguru sentitzen naiz, zaintzen nauzu. Jarraitzen didazu ekiten, bete-betean ari zara zu ere asmatzen. Maite, heldu behar zaitut. Etorri, zure ipur-masail gogorra estutu behar dut, bestela konortea galduko dut eta. Zure ezkerreko hanka-luzea nire eskubiko hanka-motzarekin kateatu da. Ez dakit zure txorkatila edo nirea den hau. Desorientatzen ari naiz, ez dakit non dagoen nire belauna ere. Hara, ukondo bat hor nonbait. Orain arte ez ditut nire hatzak zure alutik aldendu. Baina, barkatu, Maite, segundu batzuez atera behar dut eskua hortik, zure bizkarra estutzeko premia dut. Espasmoak eta ziztadak datoz. Beroaldiak gainezka egingo dit. Banoa edo banator.
Zu ez zara gelditu eta orgasmoak hartu nau. Bat ez da orgasmora iristen, orgasmoak hartzen du bat. Loak hartzea bezalakoa da, gero eta gutxiago pentsatu lehenago hartzen zaitu. Edo, doministiku egitea bezalakoa, nahigabe ere isten zaizkizu begiak eta mikro segundu horretatik aurrera ez dago atzera bueltarik. Zurekin, noski, aise dator. Hain da erraza zurekin. Hainbeste urte pasa ditut sexu-harremak zakilekin izaten eta sekula ez nau horrela hartu. Zenbat insomnio gau gizonen alboan. Ostera, zuk hartu nauzu. Nire sexua dardarka hasi da, ireki eta itxi, estutu eta laxatu, intermitente. Ziztada hau oin-puntetaraino ailegatu behar zait. Bala baten indarra du, ezin diot gehiago eutsi. Beldurra ematen dit ez ote dudan txiza gainean egingo, txikitan bezala.