Ez gara gutxi eta haserre gaude

Hamaika udaberri pasatu dira 1857ko martxoak 8an hamabost-mila emakumek New Yorkeko kaleak hartu zituztenetik, ehungintza-fabrika batean pairatzen ari ziren lan-baldintzengatik protestan eta boto-eskubidearen eskean. Hamaika udaberri. Eta ehunka negu. Ez dira gutxi.

Ni Dios, ni patrón, ni marido” (2010, Laura Mañá) pelikulan, horrela erantzuten dio gizon batek emakumeen borrokari: “Emakumeak emantzipatu? Zertarako? Popatik hartzera emakumeen emantzipazioa! Etor dadin gurea lehenengo, eta gero, gu burujabeak eta libreak garenean… ikusiko dugu.”

Honen aurrean, bi bide har genitzaken: erosoena, borrokari uko egitea eta beste guztiari men; edo neketsuena, lubakietakoa, transzendentziarena. Gu ez gara gure txandaren zain egongo, zigarro luzeen igaroan. Ez gaitu inork gonbidatu feminismoaren areto-dantzara. Feminismoa gu gara.

Hau guztia ez da berria. Borrokan diraugu urte luzez. Matxinadetan egon gara. Gure bekokiak zuonak lez zimurtu dira fronteetako eguzkipean. Erbesteratu gara, ihesean, umeak besotan, gerra batetik bestera. Espartinak josi ditugu, kontserba latak bete, prostitutak izan gara, erizainak, irakasleak, portuetan zain egon gara sareak josi eta josi. Baina inor ez da gure izenez gogoratzen. Poulain de la Barre filosofoak esan zuen: “gizonek emakumeez idatzi duen oro susmagarria izan behar da, aldi berean epaile eta parte direlako”.

Laranja-erdiak bata bestearen atzetik zukutu eta zakarrontzira bota ditugu. Gure pornografia aniztasun funtzionaldun emakumeen aulki-jokoa da. XV. mendetik abiatutako sorgin-ehizak porrot egin du erratz gainean oreka mantentzearen ahaleginean. Nik ez dut ama izan nahi. Ez dut emazte izan nahi. Eta kristalezko sabaia gardentzen ari den horretan, galdetu didazu: “zergatik ezin dute gizonezkoek Lilatloian parte hartu? Zer egin du borroka feministak gaizki, gizartean horren irudimen txarra sortzeko?”

Queer teoria lantzen ari garen bitartean, Hazte Oíreko autobusa Iruñera bidean da. Poloniako parlamentariak dio emakumeak txikiagoak garenez, gutxiago kobratu behar dugula.

Zazpietan esnatu, garbigailua jarri, umeak eskolara eraman, komuna garbitu, egongela txukundu, erosketak egin, arropa eseki, bazkaria prestatu, umeen bila joan, sukaldea jaso, kafe bat. Martxoaren zortzian ez dugu kobratzen.

Gutako nork esan dezake ez dela zapaldua? Gutxiago ordaintzen digute, edo ezertxo ere ez. “Sexu ahula” gara RAEren arabera. Gauza bihurtu gaituzte. Subjektu sexual pasiboak. Ez dugu pedagogikoak eta paternalistak izan nahi, baina ez duzu ezer ulertu ez zarela feminista badiozu, berdintasunaren aldekoa zarela. Ni ez naiz matxista baina…

Emakume Langilearen Egunean ez dugu arrosarik ezta bonboirik espero. Ez gara goxoak eta bihozberak izango. Sozialki mugatzen gaituzten balaztak askatu eta, behar bada, gaiztoak izango gara. Haserre gaude.

Aurten, negu bakarrean, hamabost emakume hil dituzte gizonek. Ez dira gutxi. Eraildako emakume guztiek urteroko martxoak 8ko manifestazioetan hartuko balute parte, aise beteko lirateke kaleak. Baina ez daude. Horregatik egon behar dira kaleak oraindik eta beteago.