Kaixomaitia.eus #EnpresareaAzokan: kronika (oso) pertsonal bat (II)

Iñigo Arandia Galarraga (@iarandia)

[Testu hau ostiralean idatzi nuen beste honen jarraipena da “Kaixomaitia.eus #EnpresareaAzokan: kronika (oso) pertsonal bat (I)”  Lehenengoan Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatu zuen #EnpresareanAzoka ren kronika idatzi nuen eta bigarren honetan “Arin Arin” saioaren saria irabazi izanaz eta saria “Banaiz Bagara” elkartearekin partekatzearen arrazoiez.]

Kaixomaitia.eus #EnpresareaAzokan: kronika (oso) pertsonal bat (II)

Idatzi luze hau amaitu nahiko nuke “Arin Arin” saioko sariaren irabazle suertatu naizen (Kaixomaitia.eus) heinean.

Hunkigarria izan zen. Hunkituta nago oraindik ere.

Kariño handiz prestatutako aurkezpena izan zen eta fruitu ederra eman du. Ekitaldiak merezi zuen, Enpresareanek merezi zuen eta Ziurtagiriaren elkarteak eta bertako langileek  merezi zuten. Merezi dute. Asko.

Saria ezustekoa izan zen, zinez, eta nabaritu zela uste dut. Ez naiz ni izango merezimendua zalantzan jarriko duena, noski, baina bai aitortu, nola ez, taularatu ziren proiektu askok ere merezi izango zutekeela sari hau.

Hemen egindako aurkezpena

Azken urte t´erdia zigizagatsua izan da profesionalki niretzat , eta noski kaixomaitiarentzat, eta askotan sari hauek balio dute bere balio ekonomikoarengatik baino (oso ongietorria dena!), duen balio emozional eta animikoarengatik. Egindako lanaren aitortzarengatik. Ostegunean oholtzan esan nuen bezala, kaixomaitiarekin lanean jarraitzeko indarrak pilatzeko oso baliagarri izango zait. Berriro ere, enegarren aldiz, mila esker Ziurtagiriaren Elkarteari sari honengatik eta eginiko lanarengatik.

Eta orain bai, azaldu nahiko nuke saria “Banaiz bagara” elkartearekin partekatzeko erabakiaren arrazoia:

Rober Gutierrezek sariaren irabazlea izendatu aurretik, nire atzean eserita zegoen Gorka Juliori ahopeka esan nion, “Banaiz Bagara” izango zela irabazlea. Ez zen horrela izan, baina Roberrek berak, epaimahaiaren eskariz, aipamen berezia egin zuen elkartearen alde; “sari ekonomikorik ez, baina sari morala bai”. [Egiari zor, Roberrek hau aipatu izan ez balu agian nik ere ez nukeen saria partekatzeko erreflexurik izango]

Roberrek jarraitu zuen, kaixomaitia suertatu zela sariaren irabazle jakinaraziz. Ezustekoa, emozioa… ez dakit nola deskribatu. Oholtzara malkoei eusten nahiko lanekin igo nintzen, ahotsa etetear eta burua zuri, fundamentuzko ezer esateko ahalmenik gabe. Saria jaso, eseri eta berehala, “Banaiz Bagara” eta Petra Elser etorri zitzaizkidan burura. Elkartea eta Petra, gutxi bada ere, aurreko lan esperientziatik – Irrien Lagunak Kluba eta Bizipoza proiektuan – ezagutzen nituen, beste hainbat elkarte eta gizarte eragilekin batera. Goiz partean tartetxo batez berarekin hitzegiteko aukera ere izan nuen.

iag_enpresarean-saria_lkaixomaitia-eus

Oso berriki gertutik ezagutu  dut ia familiakoa den Fatima emakume marrokiarrak hemen, Donostian, bizi duen lan eta bizitza egoera (zorionez asko hobetu zaiona). Ni neroni ere gaztetan migratzaile izan naiz, haseran bertako hizkuntza ezagutzen ez nuen herrialde batean, ia sei urtez. Kasualitatez, Petraren jaioterrian; Alemanian. Migratzaile zuri, (hego) europear, gizonezkoa, lanpostua (ia) ziurtatua eta erresidentzia baimenak eskatzeko ilara motzak egin behar dituzten horietakoa. Pribilegiatua.  Noski, ziurrenik, “Banaiz Bagara” elkarteko migratzaileekin alderatu ezin banaiz ere, nahiko erraz enpatizatu dezaket partetxo batean euren egoerarekin.

Pribilegiatuak plazaren erdigunean kokatzen dira, daude, beste merezimendurik gabe. Gizonezkoak direlako, dirudunak direlako, gaztelera edo frantsesdunak direlako, guapoak, lirainak edo gaixotasunik ez dutelako, gurpildun aulkirik gabe mugitu daitezkeelako, pertsona egoki(ar)ekin larrua jotzen dutelako, (elizetik) ezkondu direlako,  Finean, pribilegiodun eta bazterrekodun gizarte bat mantentzen dutelako; gainerakoak, plazaren ertzetara gerturatuaz; ez pribilegiatuak. Plaza ugari erdigune bakarrarekin eta guztiok gara, plaza ezberdinetan, batzutan pribilegiatu bestetan bazterreko;  Gizonezkoa naizen heinean generoaren plazan, lan munduan, gauean etxerako bidean; pribilegiatu. Europear naizen heinean munduko plazan pribilegiatu, Alemaniako errolda plazan bezelaxe. Pribilegio hauetaz baliatzen garen bakoitzean (batzutan hala derrigortuak egon bagaitezke ere; adibidez errolda ileretan) sendotzen da era berean pribilegiodun eta bazterrekoen kultura.

Bazterrik gabeko plazak sortu behar ditugu, horretarako, pribilegiodunok, plazaren erdian kokatzen garenok, bazterrera begiratu behar dugu beti, eta bazterrekoei lekua egin, geure alboan, eskua luzatuz; Bazterrekoak izateari utz diezaioten, eta guk pribilegiodun. Bazterrean gaudenean berriz erdigunean lekua eginarazi, aldarrikatu.

Uste dut berebiziko garrantzia duela migratzaileak geurera ekartzea, euskarara ekartzea, bereziki geurera etortzeko ahalegina egiten badute, eskua luzatzen badigute. Zoritxarrez, oso gertukoa dugu hori egin ez dugunaren adibidea, Juan Kruz Lakastak gordin azaldu duen bezala Berriako iritzi artikulu honetan: “Ez ginen joan” . Kasu honetan, Iruñeko Gaztelu plazara.

Egin ez dugun bide horretan zubilana egiteko ezinbestekoa(k) iruditzen zai(zki)t “Banaiz Bagara” (eta antzeko) Elkartea (k).

Banaiz Bagara elkarteko kideak (euren webgunetik hartua)
banaiz-bagara-elkartea

Egunean zehar, maileguak, arriskuak, interesak eta finantzazioaren ingurukoak entzun genituen, eta agian honek eraginda, business angel edo inbertsio aingeru bokazioa sartu zitzaidan bapatean, migratzaileak euskarara ez ekartzearen arriskuak neurtu ondoren, interes (sozial) handia emango zuen proiektu batean inbertitzea erabaki nuen; “Banaiz Bagara” elkartean eta hala adierazi nuen, oholtzan bertan, bigarren aldiz igotzeko aukera izan nuenean.

Eta ez, ez ditut 1.000€ soberan, baina ostegunean bertan txio batean esan nuen bezala – hau ere Irrien Lagunei ikasia- “pozak eta penak, elkarbanatuz, bidea errezagoa da”. Eta ederki egiten da lo.