Kaixomaitia.eus “Kontaketa Erotikoen Lehiaketa” ren finalistak

2020 ko azaroan abian jarri genuen estrainekoz kaixomaitia.eus en “Kontaketa erotikoen leihaketa” Elkar argitaletxearen laguntzarekin eta baditugu jada 8 testu finalistak. 

Idazlanak aurkezteko epea abenduaren 20an amaitu zen eta 83 testu jaso genituen, zein baina zein hobeak. Denbora honetan leihaketaren epaimahaia osatzen duten Dorleta Kortazar, Antxiñe Mendizabal eta Iñigo Arandiak testu guztiak irakurri eta hauen iritziz 8 hoberenak aukeratu dituzte. Azpian dituzue lehen zortzi sailkatuak, testua bidali zen ordena kronologikoaren arabera – ez du beraz azpiko testu hauen ordenak beste inolako esannahirik. 

Testu hauek orain kaixomaitia.eus atariko harpidedunek baloratuko dituzte eta hauek bozkatzeko eskaera egin. Harpidedunen iritziarekin osatuko du epaimahaiak 8 finalisten ordena, lehen hiru sailkatuak barne.

Mila esker parte hartzaile guztiei bidalitako idazlan zoragarriengatik, benetan ez da erreza izan erabaki bat hartzea. Zorionak guztioi egindako lanarengatik. Idazlan guztiak joango gara publikatzen pixkanaka urtean zehar. Bitartean, gozatu 8 finalisten kontaketekin:

1 – Adiorik ez [Karlos Aretxabaleta “Txapel”]

Gaueko hamarrak dira jada, eta ez dut nire kontaktuaren berririk. Ez dut morroia
ezagutzen, baina jakin badakit tertzioz etorri behar dela aldirian kokatuta dagoen Olimpia
izeneko kafetegira. Bart arratsean postontzi sekretuan jasotako informazioa fidagarria
zela esango nuke: 22:00etan Olimpia kafetegian; hitz gakoa: “hemen ere txakurrak
oinutsik”. Berandu dabil, bada, urlia. Dagoeneko urduritzen hasia naiz, baina ez diet
nerbioei biderik eman nahi. Orain gutxi, txakurrek “Txato” atxilo eraman zuten, eta
susmoa dut aspaldion erakundean bizi dugun ezinegonak zer esan handia izan duela bere
atxiloketan. Irakurri kontaketa osoa >>

 2 – Metro bateko tartea [J Erotikobarrena]

Ez ninduen ukitu. Ez zuen horretarako beharrik izan. Haren presentziak hainbesteraino hunkitu ninduen, non luzaroan laztandu izan banindu bezala sentitzen nintzen.

Venusen delta, Anaïs Nin

 

Banekien zer gertatuko zen, horixe da gauari ordaindu behar zaion zerga. Erokeria asko egiten ez duen pertsonatzat daukat nire burua, dena antolatuta edukitzea gustatzen zaion horietakoa naizela uste dut. Baina bart presio-lapikoak zirrikitua askatu du eztanda egin aurretik. Alkohola eta aho-kola, halako ore bigun itsaskor bat sumatzen dut hortzekin eta mingainarekin borrokan, gelako poster guztiak berritsasteko beste. Irakurri kontaketa osoa >>

3 – Gatza [Hegoa Alvarez]

Gure historian zehar, gatzak izan duen ezinbestekotasunaz gogoratzeak, urrunera narama.
Itsaso haserretuaz inguratutako burdin, egur eta metalezko hirira.
Hiriek jende ugari jaso, mantendu eta hiltzen dute, eta jende horien artean, hiri honetan,
Azariel genuen. Itsasoa menderatzen zuen hura.
Zazpigarren auzoko zazpigarren eraikinean bizi zen, zazpigarren pisuko hirugarren atean.
Gazte mantentzen zen oraindik, guztiz izan ez arren. Bai azal, eta bai biziraupenerako
barruko gaztetasunean. Iraganak bihotza eta izana galbideratu zion ordea. Badakizue,
beharrez datorren galeraz ari naiz. Irakurri kontaketa osoa >>

4 – Barrak eta barroteak [Perlata]

1. PASARTEA: makinista

Gaur ere etorri da, txoro txoro eginda daukadala esango nuke. Egun osoa pasatzen du
hemen i nguruan bueltak ematen. Gaur bereziki sexi dago, minigona beltza eta zuloz j ositako
mediak daramatza. Gainetik kamiseta zuri zabal handi bat, oversize horietakoa, larruzko txupa
beltz batekin erdi estalita. Berde kolorezko melena motz horrek atentzioa eman zidan i kusi nuen
lehenengo momentutik eta gaur… gaur i tsasoko haizearekin i leak nahastuta daramatza, baina
horrela ere i tzel dago. Mikaela, hala agurtu du lagunak, i zena ere bera bezain sexia. Izozki bat j aten
ari da pareko bankuan, hankak zabalik, erdi botata, gonak oraindik ere motzagoa dirudi horrela eta
bera… bera lerdea dariola. Nire antzera. Irakurri kontaketa osoa >>

5 – Musika ulertezin batek [Maider Baraño]

Musika ulertezin batek girotzen du taberna, zoru itsaskorra nabaritzen dut zapata zoletan,
elkarrizketa aztoratuak dabiltza inguruan, besarkada sutsuegiak eta gaueko azken ordu horietan
egiten diren aitortza ez batere egokiak. Nire lagunek alde egin berri dute etxera, norberak bere
aldetik, azkena barra ertzean geratzen da, ezagutzen ez dudan norbaitekin hizketan, ohekide gabe
oheratu nahiko ez balu bezala. Nik ere ez dut nahi, baina bera barra atzean dago, ordu-erdi barru
itxi behar du taberna, itxarongo dut, Alde Zaharreko kantoi guztiak bakarrik gurutzatzea baino
hobe da hori. Taberna husten hasi da pixkanaka, gero eta denbora gehiago pasatzen du nirekin
hizketan trago baten eta bestearen artean. Beste inori kasu egiten dionetan pentsatzen dut
tabernetako, zehazki parranda egiteko taberna horietako, langileek badutela zerbait, tabernari izate
hutsagatik, erakarri egiten zaituena. Lagun batek “protagonistaren sindromea” deitzen dio
fenomenoari, jendeak ikusi egiten zaitu, denek ikusten zaituzte, atentzioaren zentroa zara baina
ukiezina aldi berean. Irakurri kontaketa osoa >>

6 – Gizarte egitura [Irati Goikoetxea]

Ispiluari begira dago Lore. Ispiluari begira dago bere burua ikusi nahi duelako. Ispiluari begira dago Lore. Arratsaldeko zazpi eta erdiak dira eta ilun dago ingurua. Beltza gustatzen zaio Loreri, argia arrastaka izaten duen beltz hori, bidea nondik nora egin behar duen jakiteko azala igurtzi egiten dizuna. Maite du Lorek negu bezpera, arratsaldea ere gau izaten den garai hori. Isiltasuna egarritzen duena arnasaren erritmoan. Irakurri kontaketa osoa >> 

7 – Hostoen Jolasa [Garazi Basterretxea]

Bere itzala atean ikusi nuen. Edononera izan zitekeen, baina ezin zitekeen bera baino izan. Claribel zen. Une hartan jakin nuen gau hura desberdina izango zela. Pixkanaka nire ohera hurbildu zen, astiro, zaratarik egin gabe, soinu bakarra, debekuaren isiltasuna, ni bezalako norbaitek egin behar ez duenaren isiltasuna. Baina jada ez neukan beharrarekin borrokatzeko indarrik, ez neukan desiraren aurka borrokatzeko gogorik. Zer esango zuten, berdin zidan horrek. Sentitu baino ez nuen egin nahi, miazkatu, laztandu, muxukatu, bere gorputza puntaz punta, poroz poro, zeharkatu. Irakurri kontaketa osoa >> 

8 – Gizon baten itzala [Maddi Loiti]

Maiz imaginatzen nuen zu bezalako gizonak nolakoak izango zinateketen intimitatean.
Zure maskulinitate hegemoniko kapa eskuin eskuarekin helduko zenuke, atzamar txikia altxaturik.
Begiztatxoa leun askatuz, era delikatu batean kapa kendu eta logelako lurrean jausten utziz.
Nire aurrean kentzen zenuenean ez zeneukan gizonen arauen barruan egoteko beharrik, nahi
zenuena izan zintezkeen. Katakume zauritu batetik, deabrura. Mutil beldurti bat edo gogor foiatzen
zuen emakumea. Besarkada bat behar zuen panpina edo titi puntak indar guztiaz estutuko zizkidana.
Jada berdin zion luma edukitzeak, gizarteak gizon bezala ulertzen duen eredutik urrun. Jada guztiak
galdua zuen ikasia geneukan zentzua. Aukera berriak egarri ziren. Garrantzia zeukan bakarra zure
desiuen bidea jarraitzea zen, nireekin batera. – Ahaztu nolakoak garen hemendik kanpo, hemen
guztia izan gaitezke – esaten nizun belarrira, nire ezpainen humeltasuna antzeman zenezan. Irakurri kontaketa osoa >>