Jarri zure burua bikotekidearen aurretik

Kaixomaitia.eus

Ez, Kaixomaitia.eus atarian ez dugu burua galdu. Bai, badakigu bikotekidea aurkitzeko webgune bat garela. Baina maitasunaz ere badakigu zertxobait. Beraz, norbait maite behar baduzu, has zaitez zeure burua maitatzetik.

Gure inguruko gauzengatik maitasuna sentitu edo horiek maitatu ahal izateko, funtsezkoa da geure burua baloratzea. Ezinezkoa da guri falta zaiguna besteei eskaintzea. Horregatik da norbere burua maitatzea besteak maitatu ahal izateko lehen urratsa.

Santa Cruz Tenerifeko (Kanariak, Espainia) Psikologia Elkargo Ofizialaren arabera, norberarekiko maitasunaz hitz egiten dugunean, norbere burua maitatzea eta balioesteaz ari gara, horixe da garrantzitsuena. Elkargoak nabarmentzen duenez, geure burua maitatzea da etorkizunean harreman osasuntsu bat izateko oinarria.

Askok usteko dutenaren kontrara, azken urteetan gauzatutako inkesten emaitzek garbi adierazten dituzte joera batzuk: berdintasun balioetan atzerakada eman da, eredu sexistak errepikatzen dira eta harreman askotan dagoen parekidetasun falta nabaria da.

Hori dela eta, Santa Cruz Tenerifeko Psikologia Elkargo Ofizialak hainbat gogoeta egin ditu maitasuna zer den eta zer ez den jakiteko, eta maitasun erromantikoaren mito faltsuez ohartarazi du, bikotekidean parekidetasuna falta izatearen jatorria horixe baita; horrek bultzatzen du bikotea beren artean balio okerrak sustatzera.

“Norberarenganako maitasuna da garrantzitsuena, norbere burua maitatzea, baloratzea eta espazio propioa izatea. Maitasunaren helburua ondo sentitzea da “, defendatu du elkargoak, eta gaineratu du bikotean “espazio komun bat partekatzen dela, baina hortik aurrera, bakoitzak bere espazioaz gozatzeko eskubidea duela”.

Santa Cruz Tenerifeko Psikologia Elkargo Ofizialaren ustez, “bikoteak elkarrekiko errespetuan oinarrituta egon behar du”. Horrek esan nahi du elkarrizketa eta komunikazioa ezinbestekoak direla harremanean eta kide bakoitzak eskubide berbera izan behar duela bikote barruan hitz egiteko, balizko erreakzioen beldurrik gabe.

“Bikotekideak indarberritu egiten gaitu, eta ongizate sentimendua sortzen nahiz babesa ematen digu. Hala ere, hain oinarrizkoa dirudien hori batzuetan ez dugu hain argi izaten. Izan ere, harreman osasuntsu baten kontrara, harreman txar batek, zorigaiztokoa izateaz gain, indarkeria egoera batera eraman gaitzake “, ohartarazi du elkargoak.

Mito faltsuak

Maitasun erromantikoaren ideiak, printzea maitemintzen duten printzesen mitoak, min handia egin die emakumeei. Dena lor dezakeen maitasun unibertsala, laranja erdiaren bilaketa, maitasunagatik sufritu behar den ustea… Baliozkotzat saldu dizkiguten mitoak dira, baina mito guztiak bezala, faltsuak dira horiek ere.

Horren haritik, gauza bat nabarmendu behar da: bikotekidearekiko jeloskortasuna erakustea ez da maitasuna, segurtasunik ezaren erakusle baizik. “Gaur egun oraindik, gazte askok hori horrela interpretatzeko zailtasunak dituzte. Beste pertsonak nire izateko edo pentsatzeko modua aldatu nahi izateak bikote harremanean parekidetasunik ez dagoela erakusten du, eta hori, gainera, indarkeria harreman posible baten aurrean gaudela ohartzeko seinale da”, ohartarazi du elkargoak.

Aholkua zuzena eta zehatza da: bikotean zerbait ondo ez doala nabaritzen bada, zalantzak badaude, gauza batzuk ulertzen ez badira edo zerbait ondo edo gaizki dagoen ezin jakinez gero, laguntza eskatu behar da. Konfiantzazko pertsona bati gertatzen dena kontatzea izango litzateke lehen pausoa, eta espezialista baten kontsultara joatea ere gomendagarria da.

“Abusuzko jokabideak, kasu askotan, harremanaren hasieratik gertatzen dira, nahiz eta detektatzeko zailtasunak izan. Adierazle batzuek erakusten dute norantz bideratu daitekeen harremana, eta aditu batek horiek detektatzen lagun diezaguke “, ondorioztatu du elkargoak.

Erreferentziak:

-https://cenitpsicologia.com/querer-demas-quererse-mismo/#:~:text=Quererse%20a%20uno%20mismo%20tambi%C3%A9n,amarnos%20por%20ser%20quienes%20somos.

-https://copsctenerife.es/

Photo by Chela B. on Unsplash