#Sexuinkestaren Hitzaurrea

Kaixomaitia.eus, euskaldunon harremanetarako guneak, abian jarri zuen inkesta hau lehen aldiz
2016ko otsailean, orain dela 4 urte. Arrakasta paregabea izan zuen, bai inkesta erantzuten parte hartu
zuen jendetzarengatik (ia 4.000 lagun sartu ziren orrialdean eta azkenik 1.500 laguneko lagina
sukaldatu ahal izan zen eta baita hedabideetatik izan zuen oihartzunarengatik ere). Gauzak honela,
aurten berriro egitea erabaki dugu, ikerketari jarriapen bat emateko, eboluziorik baden ikusteko.

Aurtengoa, 2020ko otsailaren 10ean jarri genuen abian, EguneanBehin aplikazio arrakastatsuan
jarritako esteka baten bidez eta whatsapp bidez zabalduaz. Galderak, praktikoki 2016an egindako
berberak dira.

Aurrekoan bezala, jakin nahi genuen euskal herritarrok egun nolako ohiturak, asebetetze mailak
eta iritziak ditugun harreman sexual / afektiboei dagokienez.

Laburbilduz, ikertu nahi genuen maila afektibo / sexualean zoriontsuak garen edo ez.

Bigarrenik, sexualidadeaz, harremanetaz, leialtasunaz eta internetak horietan duen rolaz jakin nahi
genuen eta, hirugarrenik, guzti honetaz hausnarketa sustatatzea zen helburua, norbanakoen artean,
bikotekideen artean, komunikabideetan…

Emaitzak eskuetan, helburu guztiak ongi bete ditugula uste dugu.

Guzti hau egin nahi genuen ahalik eta erarik profesionalenean, fribolitatea alde batera utzirik. Hala
ere, hau ez da ikerketa akademiko bat. Geure baliabide eta ezagutza mugatuez jakitun, ezinbestekoa
izan dugu bidelagunak egitea lan honetan. Horrela izanik, lan hau gauzatzeko Aztiker Soziologia
Ikergunea izan dugu bidelagun, bai galdetegiaren garapen teknikoan, bai emaitzen ustiaketan
ere. Inkesta luzea egin genuen, 73 galdera, 3 hizkuntzetan (euskara, gaztelera eta frantsesa) eta
datu ugari bildu ditugu. Txostenean 66 galderen emaitzak azaldu ditugu.

Ziur gara, datu kopurua dela eta, aztertu gabe geratuko den informazio ugari egongo dela; honen
bidez, gonbitea luzatu nahi dugu, norbanako, elkarte, hedabide eta gizarteari, orohar, euren
balorazioa egin dezaten.

Lanketa guzti hau Creative Commons lizentziapeanan plazaratu dugu (CC BY SA): Edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, kaixomaitia.eus en egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu. Edozein zalantzaren aurrean jarri gurekin harremanetan eta gustora lagunduko dizugu.

Amaitzeko, Ikerketa honen garapenean, galdetegien betetzean, balorazioetan eta kritiketan nola zabalkundean parte hartu duzuen guzti-guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu, bihotzez, zuen laguntza, prestutasun eta konfidatzarengatik.