Sweet Gizotso (I)

Kaixomaitia.eus | Alvaro Rabelli

Alvaro Rabelli (Basauri, 1969) Zeanurin bizi da.  Besteak beste,
Basauriko Euskarabila elkarteak antolatu zuen ipuin erotikoen
lehiaketan zenbait sari jaso zuen. Bere narrazio erotikoak (Ispiluaren
aurrean, Neska lizun baten urtaroak, Euskara teknikaria aurretik zein
atzetik, Triangelu ekilateroa eta Borreroaren gutiziak) Txalaparta
argitaletxeko euskal literatura erotikoaren bildumetan irakur
daitezke.

“Hey babe, take a walk on the wild side,

Said hey honey, take a walk on wild side”

(Lou Reed)

 

Enpresako arduradunek ez zuten batere denbora galdu udalak Txorokileko harrobi zaharra atzera ere zabaltzeko baimena – bedeinkapen guztiekin – eman bezain pronto. Eta, beraz, lehenengo enplegatuak, ingeniari bi, agindu zituzten bertara. Harrobia zegoeneko lurren jabeak pozarren zeuden, dirualdia jasoko zuten azkenean, nahiz eta horretarako parke natural ondoko baso eta mendi zati handi bat suntsitu behar.

Bi saguzar errenek eman zieten ongietorria hiritik zetozen ingeniariei.  Begi itsu eta handiekin begira geratu zitzaizkien Txorokileko kobazulo barrutik zertara zetozen igarri guran. Gazteak ziren, neska eta mutil bat, enpresan praktiketan zihardutenak, seguru. Lan-arropa berria zekarten, edo hori zen pick-up-etik jaistean haien kasko zuri aratzek iradokitzen zutena. Harrobi berrirako azken planoak behar zituen neurketak egitera bidaliak ziren.

Behar zituzten tresnak lur-orotarakotik ateratzeaz batera entzun zuten, lehen aldiz entzun zuten. Lehenengoz, orro ozen antzeko bat, gero kantu eta txistu doinuak aditu zituzten, argi eta garbi. Itzal bat ere ikusi ei zuten inguruko basoan. Hasiera batean ikaratu ziren, ez zutelako mortu hartan inor espero, baina kantu eta txistu doinuak bertatik urrundu zirenerako neskaren mingaina bere lankidearena topatzeko ahaleginetan ari zen, sutsu aritu ere. Biak lurrera jausi ziren, eta igelek erruten zuten lokatz potxingoan, bilin-bolonka ibili ondoren, amaitu zuten. Arin batean erantsi zituzten laneko arropak eta haien gorputz ezin beroagoek berehala bat egin zuten. Harrobian dinamitak nola, hala eztanda egin zuten. Hasperen sakon baten oihartzunak astindu zituen Ubideko elizako kanpaiak. Barre algara batzuk basoan barrena galdu ziren.

Langileak enpresara itzuli ziren. Ez zuten neurketarik egin. Harrituta begiratzen zioten elkarri. Ez zuten ulertzen zer gertatu zen. Arropa zikin eta apurtua zekarten, baina pozik zeuden. Handik egun batzuetara berriro gertatu zen bertaratu ziren hondea-makinetako langile bik, lana alde batera utzita, larrua jotzeari zoro moduan eman ziotenean. Enpresan Sweet Gizotsoaren kondaira zaharra aipatu zuen norbaitek.

Bazen, behinola, iretargi beteko gauetan txistuka eta uluaka kantatzeari ekiten zion mutikoa; hori zen, behintzat, Ipiñaburuko auzokideek esaten zutena. Baserriko logelako leihora irteten ei zen bere larrurik apainduenez jantzita, foular farfailtsu luze eta soil bat,  gorputz biluzi hura nekez estaltzen zuena, zakila izter bien artean gogor ezkutatzen zuen bitartean – Hey Gizotso!-  Horrelaxe dantza egiten zuen, aldakak astiro eta gozotoro mugituz.

Baina Ipiñaburuko auzokideek bazekiten jakin kantu horien ostean berehala gerriko baten jipoiak eta ondorengo negarraldi luzea etorriko zirena. Iretargi amandrea bera negar-anpolutan hasten zen mutikoarengatik. Goizetan, mutikoaren aurpegia ubelduta agertzen zen, apenas ez zen gauza kortatik simaurra soloetara ateratzeko. Aitak, urrundik, begi zorrotzez so egiten zion. Amak, bitartean, isilik zirauen. Hala ere, idi egoskorrak nola, mutikoak hala eutsi zion bereari, horregatik jasotzen zituen zigorrak gero eta krudelago bihurtu baziren ere.

Behin, auzoko emakume guztiak baserriko kamaran batu ziren artojorran jarduteko. Kontu kontari eta kantu kantari ozenen ziharduten unean blausta isildu ziren denak. Harri eta zur gelditu ziren kamarako atetxo aldera begiratzean. Mutikoa amaren ezkontza soinekoaz jantzita zetorren laguntzera. Gona oso luze geratzen zitzaionez, zati handi bat moztu zion belaunetaraino agerian utzita. Aurpegian, begietan eta ezpainetan, bazekartzan amak okasioetarako erabili ohi zituen koloretako margoak eta hautsak, esfortzu handiz Areatzako kinkalleruei erositakoak. Amak, semea horrela ikustean, negar isilari eman zion. Burua beheratu zuen lotsaren lotsaz. Listua trabes gelditu zitzaion eztarrian. Gainontzeko emakumeek ez zuten ezer esan, arean ez, artaburuak saskietan utzi eta joan egin ziren.

Une hartan ebatzi zuten. Zenbait hilabete lehenago gurasoek Legutiano aldean Vasco-Navarroren lanetan behar egiten zuen Aguraingo petrikilo batekin berba egin zuten. Hark ez zien batere itxaropenik eman semea osa zedin; kontrara, mutikoak portaera “desbideratuari” eutsiz gero, behin betiko neurriak hartzea iradoki zien. Onena mutikoa zikiratzea izango zela esan zien. Horrela, gau hartan aitak semea arrastaka eraman zuen kamararaino eta bertan giltzapetu zuen. Alferrikakoak izan ziren amaren negarrak eta mutikoaren garraxiak. Biharamunean, Ubideko motzailea etorriko zen laban erdoildu eta kamuts batez mutikoa zikiratzera, zekorrekin egiten zuen bezalaxe.

Irakurri 2. atala

 

Argazkia Pike JO | Wolf