Sweet Gizotso (II)

Kaixomaiitia.eus | Alvaro Rabelli

Sweet Gizotso (1) etik dator

Baina probidentziak nahi izan zuen gau hartan Iretargi amandreak mutikoaren alde egitea. Kamarako zurajearen zirrikitu guztiak bere argiarekin gainezkatu zituen, iltzeak askatu ziren, oholek eztanda egin zuten eta mutikoa airetik eramanda basorantz irten zen indar handiz. Erdi-otso, erdi-gizon bihurtu zuen, basoko ispiritu. Harrezkeroztik, Ipiñaburuko auzokideek maiz ikusi ei dute Gorbeiako haitzetan ibiltzen, kantuka eta txistuka. Gizotso da, jendeak jakin gabe han eta hemen pasioak eta desirarik beroenak pizten dituena, Sweet Gizotso maite duenarentzat.

Bada, handik gutxira izango zen, Kubako gerra lehertu zenekoan, nobentaiotxoan seguraski. Ipiñaburun zeuden beldurrez ikaraz hel ez zitezen amerikarrak bertara, bada, Ipiñaburun egin zen batzarrean, urrean izango zen Bizkaian bakarra, esan ei zuten hara eta Undurragara sartuko zirela zazpi barkukada. Kainoiak prest zeuden Barazar gainean, eta amerikarrak Undurragan sar ez zitezen errekan hasi ziren harriak ipintzen, handiak, gogorrak eta ikaragarriak, Oketako basotik Fraiskuk ekarriak. Bitartean, Sweet Gizotso haitzetatik mira handiz ikusten zuen bere auzokideen zalaparta. Zazpi ontzi bete marinel? Sweet Gizotso lerdetan zeriola zegoen marinel yanki ilehorien etorrerarekin, hainbesteraino ezen Zadorrako ur sistema osoa bete zezakeen lerde harekin guztiarekin. Hamaika marinel ilehori, gihartsuak, itsasoak beltzaranduak… Sweet Gizotzok honezkero bere burua ikusten zuen marinel horien guztien elastiko marradunak atzaparrez urratzen eta gorputz bero haien izerdia banan-banan bere mihi luzearekin zurrupatzen, azken tantaraino zurrupatu ere. Ez zuen inolaz ere espero auzotik irten gabe halako zortea. Zazpi barkukada. Behingoagatik betekada ederra hartuko zuen. Baina, atzenean, putza, amerikar marinelak ez ziren Ipiñaburura sekula iritzi. Kuba betiko galdu zen eta Sweet Gizotso burumakur  gelditu zen; ez ordea luzaroan, zuhaitz enborretan igurtziz hankartea kontsolatzeari  eman baitzion. Fraisku tentela, horrexegatik zen herriko tontoena, behin eta berriro madarikatu zuen Sweet Gizotsok.

Orduan hartu zuen deliberoa. Jendearengan sexu grina piztuko zuen izadiko indarra izango zen. Inguruko beato eta santujalerik handienak ere ez ziren libratuko. Euren baitako beldur eta lotsa guztietatik askatuko zituen. Sweet Gizotso.

Gau batez Otzerimendiko San Justoko karobira isilka-mixilka hurreratu zen. Labea iziotu berri zuten karegin bi harrapatu zituen lotan aldameneko txabolan, elkarren ondoan zeutzala . Gaua epela zen, udagirokoa ia,  goroldio usaina zeukan harizti fresko hartan. Noizbehinka, labetik altxatzen zen ke zuri trinko batek ingurumariko zuhaitz guztiak gerriraino janzten zituen. Egurraren txinparten leherketa txikiak adi zitezkeen. Sua zen, Ama Lurraren beraren sabelean kareginek izioturiko sua. Sweet Gizotsok egur gehiago baino ez zuen bota behar benetako sutea zabal zedin. Karegin biek zurrunga suabeak egiten zituzten, txerritxoek egin ohi bezala. Ez zuten Sweet Gizotso igarri, baina giroan zerbait zebilen, susma zitekeen. Halako batean, esku batek ondoko suteko ilinti epel bati heldu zion, alboan lotan jarraitzen zuen kareginaren alkandora zabaldu, eta ilintia aire freskoak intera batez dardarazi zituen titiburu eta bular gihartsuetatik leun-leun pasa zuen. Bihotz beltz eder handi bat marraztu zion ile mataza hartan. Bat-batean iratzarri orduko karegin harrituak oihu egin zuen:

– Zer duk hau? Jesus, Maria eta Joxe!

– Beti jan eta beti gose! Beste kareginak atoan erantzuteaz batera haginkada eman zion titiburu batean.

Ordurako gizonezko bien bizarrak bazeuden musuetan kiribilduta txabola ere labe bihurtutako hartan. Biek batera lortu zuten beroak inoizko karerik onena eman ei zuen. Sweet Gizotso, gaueko itzalak lagun, haitzetan gora kantuka eta txistuka aldendu zen.

– Hey Gizotso!

Gau hartan ere, pastore bati, Arrabako txabolan, inoizko maitegarrien begitandu zitzaizkion bere arditxo gurin iletsuak. Txakurrak beste alde batera begiratu zuen.

Baina gertaerok birtute eta ondra handiko jendearen belarrietara ailegatu ziren.  Bi eskuekin estaltzen ahalegindu ziren. Bekatu zikintzat hartu zuten dena, madarikaziotzat. Eragilea nor zen ere berehala jakin zen, iretargiak gizotso bihurtu zuen Ipiñaburuko mutiko hura alegia, infernuko Satan bera. Madarikazioa izan ala ez berdin zion, bekatuak garbitu behar ziren, kosta ala kosta. Horregatik Zeanuriko sei abadek eta gotzain batek, errekako lamiak desagertarazi zituzten berberek, meza sakratua eman zuten Andra Mariko parrokian, herrian zabaldutako bekatuak garbitzeko asmoz. Bestalde, Zubiate palazioko jauntxoa buru zelarik, ehiztari talde bat osotu zen. Harro-harro paratu ziren euren Sarasqueta berriekin Manterolaren argazki-makinaren aurrean. Alferrik baina, Sweet Gizotsok Lekandako haitz gorrietan erraz saihestu zituen. Bada bi ehiztari, elkarri musua ematen, ikusi omen zituena. Nork daki.

Ziertoagoa da neskato biri gertatutakoa. Bazen denbora bat Sweet Gizotso ez zela agertzen, gerratik honatz gutxi gorabehera. Ikusia zuten azken biderrez etsi-etsian ahalegindu ei zen Zeanuriko emakumeak herria indarrez hartu zuen gudaroste frankistaren bortzaketatik salbu uzten. Gizonek beldurraren beldurrez  Bilborantz ihes egiten zuten bitartean, emakume batzuk berekin basora eramatea lortu zuen, ez denak ordea. Herriko sei abadeek eta gotzainak ez zuten sekula emakume horien aldeko mezarik eman, ezta otoitzik txikiena ere. Sarasquetek ez zuten zaratarik egin. Artean, Sweet Gizotsok Supelegorreko kobako lakua malkoz bete zuen, isil-isilik. Bada,  puska batean giroa goibeletik joan zen eta bizitzak kostata egin zuen aurrera. Barazarreko zentrala egiten hasi ziren preso errepublikarrak etxera itzuli ziren, eta haien ordez, Andaluziatik, Gaztelatik, Extremaduratik milaka behargin gosekilik bertaratu ziren. Langile erdaldun beltzuski horiek arrotz hutsak ziren herriko jendearentzat. Egun sargoritsu batean Sweet Gizotso Palomares inguruko iturrira ur freskoa edatera jaitsi zen. Dzanga-dzanga ari zela, bidetik Undurraga ondoko baserri batetik neskatila eder bat zetorrela konturatu zen. Buruan pegarra handi bat zekarren. Sweet Gizotso iturri gaineko mazusta-sasien artean ostendu zen neskatoaren edertasuna hobeto mirestearren. Horretan murgilduta, langileen egurrezko barrakoietatik, ze bertan zeukaten ia herrixka oso bat, adin bereko neskato andaluziar beltzarantsu bat iturrira hurbildu zen. Berak ere bazekarren pegarra guraso egarrituentzat betetzera. Neskato biek luzaroan begiratu zioten elkarri, mutu, txintik esan gabe, zirkinik egin barik. Zerbait esatera ausartu zirenean, mingainak trabatuta gelditu zitzaizkien. Ez ziren euren hizkuntzetan elkarri ulertzeko gai. Orduan eskuek bete zuten lana. Elkarri askatu zizkioten brusetako botoiak bular zuri tenteak agerian uzteko. Esku batez, iturriko ur freskoz laztandu zituzten euren titi gazteak. Beste eskuaz sasietatik mazusta beltzak hartu eta zanpatu zituzten zuku guztia ateratzeraino. Zukuak laban egiten zuen euren gorputz biluzietan barrena, sabelperaino. Bertan tantaka jaso zuten, iturri agortezin batetik , elkarri jaso ere. – Hey Gizotso!

Ilunabarrean, barrakoietako langileek iretargi amandrearen argitan erromeria egin zuten, “agarrao” estiloan, haiek ondoen zekiten moduan, beharbada inoiz baino agarraoagoan. Biharamunean Sabinoren alderdiak klandestinitatea hautsi zuen, probintziako gobernadore frankistari egin zion dei Sodoma berri hura, bere ohitura arrotz eta lizun guztiekin, infernuko sutan betiko desagertarazteko. Handik gutxira, bailarako gazte guztiek agarraoan dantzatzeari eman zioten.

Beste hankabiko bati jazotakoa ere aipatzen dute zenbaitsuek. Arratiako gizona Bilbora zihoan maiz, Lemoako tranbian eta beti garaiz. Bere artean zioen umore txit alaiz: – traje berri batekin Usansoloko Olimpo klubean geratuko naiz -. Egun horretan euri langarra ari zuen, gogotik,  haize deslai hotza zebilen, desordua zen gainera; horregatik tranbia hutsik zihoan, gizonezkoa eta gidaria baino ez, antza. Bidaia atseginago egiteko edo, gidariak Neil Young-en “Downtown” kanta aukeratu zuen “Mirror ball” izeneko CD-n. Ozenki ipini zuen. Kantaren lehenengo akorde bizkor eta sentsualak entzuten hasi zireneko, hutsik ziruditen tranbiako jarlekuen artetik itzal bat ziztu bizian zutitu eta musikaren erritmopean dantzatuz artean ohartzeke zegoen gizonezkoarenganantz poliki-poliki hurbildu zen. Haren parera helduta, jantzita zeraman garbardina gris luzea supituki zabaldu eta otso baten buztanaz aurpegian brausta jo zuen. Gizonezkoak salto egin zuen jarlekuan eta Sweet Gizotso ikusi zuen biluzten eta tranbiako barrei oratuta, jirabiran, dantzan. Auskalo nondik ateratako ziklista kasko batez Sweet Gizotsok aldiro estaltzen eta desestaltzen zuen bere hankarteko zakilote gorria. Zoro-zoro mugitzen zituen aldakak. Ipurdiarekin zirkuluak marrazten zituen airean. Gizonaregana hurreratzen zen bakoitzean, kaskoa hankartetik altxatzen zuen haren aurre-aurrean eta mihi luzea atereaz gizon turdituaren aurpegitik heze-heze pasatzen zuen. “Peace and Love” hasi zenean, mugimendu zoroak lasaitu zituen,  akaso sentsualago bihurtu zituen, eta gizonari pega-pega egonda, suge baten antzera, inguratu zitzaion, belarrien puntak buztanaz ferekatzeari utzi gabe. Tranbiaren kristal guztiak lurrundu ziren; hala ere, abade zomorro batek hirutan egin zuen aitarena ondotik igarotzean.  Atzenean, musika eta euria atertu ziren, tranbia solo artean lotu zen, eta Sweet Gizotso lainoarekin batera kantuka eta txistuka desagertu zen. Gizonak hobeto pentsatu zuen, egun horretan ez zen Olimpora joango, ezta Fiorera ere, agian ez zen berriro inoiz joango.  Etxera, emaztearengana, zalu joango zen tranbian ikasitako dantzak erakustera. – Hey Gizotso!

Horrela, urteak joan urteak etorri, Sweet Gizotsoren atzaparretatik igaro omen ziren bailarako ia biztanle guztiak. Ia. Bada oraindik ikusi duela esaten duena.

 

Portzierto, Txorokileko harrobia ez zen berriro zabaldu, lanak hastera joaten ziren langileak, sexu berdinekoak izanagatik ere, bat-batean elkarrekin sutsu bezain gartsu maitemintzen zirelako. Horrela, lana ahaztuta eta alde batera utzita, egun osoa goxo-goxo larrutan ematen zuten saguzar erren eta itsuen begiradapean, igelek erruten zuten lokatz potxingo hartan. Eta basoan kantuka eta txistuka:

– Hey Gizotso!  Bizitzaren alde basatitik ibili nahi duk? Tu, turu, tutu…

 

Argazkia Pike JO | Wolf