Niretzat azaroa hilabete arraroa, goibela eta ezberdina izan da, baliteke eguzkia ikusi gabe pasa ditugun 15-20 egunek eragina izatea. Kaleko, autobuseko, atalondoko edota igogailuko elkarrizketa azkarrek sarritan, eguraldia izaten dute eztabaidagai, zer esanik ez euriak, haizeak eta lainoek kaleko bizipoza estaltzeko egin duten ahaleginaren ondoren. Hilabete bukaerako egunak eta abenduko hasierakoak ordea, alaiagoak izan dira, baita urdinagoak eta beroagoak ere, tenperaturek gora egin dutelako, eta aldi berean, pertsonok arropa gutxiago janzteko aukera izan dugulako. Eta nik, asko begiratzen diot kaleko jendeari, eta horrek, nire eguneroko berotasunean eragina duela aitortu beharra daukat. Begien kolorea deigarria den, ezpainek zer forma duten, aurpegiak aldaera berezirik duen, ilearen orrazkera nolakoa den, bizkar zabala duten, ipurdia markatzen zaien, zer nolako besoak dituen, ibiltzeko moduan ipurdia nola mugitzen duten, eskoterik duten, bularraldea nabaritzen zaien (bai emakume eta gizonei)… Idazten ari naizen momentu berean baina, ohartzen naiz beti esaten direnak idazten ari naizela, eta irakurri duzuna ez dela guztiz egia.
Aitortzen dut: kaletik pertsonekin gurutzatzen naizenean arreta jartzen diodala begirada lizunik botatzen didaten ala ez, eta berdin zaidala nolako itxura fisikoa, nolako adina eta bakarrik, bikotean eta familian doan pertsona hori. Bero jartzen nau nire aurpegi edo gorputzeko atal batekiko begirada denboran, “nahigabean” mantentzen dutenean, “nahigabean” bai, begietara begiratzen diedanean azkar batean kentzen baitidate begirada, beraien pentsamenduak asmatzeko gai banintz bezala. Begirada hori mantentzen bada ni gehiago berotu egiten naiz eta gaueko masturbazioa pertsona horren omenean egiten dut.
Pertsona ezagun edo lagunekin topo egiten dudanean berriz, berotasunak beste maila bat hartzen du. Nola usaintzen duen (kolonia edo berezko usaina); eskua, besarkada edo bi musuak nola ematen dizkidan (bai, agurtzeko musuak emateko milaka modu daude, eta batzuk oso sinpleak diruditen arren, guztiz beroak iruditu izan zaizkit); berriketa bitartean eskuekin ukitzen nauen; bere begirada nire ezpainetara, lepora, besoetara edo bularraldera doan…
Horrela, eguneko eguraldiak eta egunean gurutzatzen ditudan pertsonek nire gaueko masturbazio moduan eragina dute. Horregatik eguraldi- eta pertsona-mota bezainbesteko masturbazio mota ditut. Batzuetan behatzekin egiten ditut igurtziak, beste batzuetan esku osoa erabiltzen dut, zenbaitetan listua jartzen dut nire hankartean eta bestetan nik isuritakoa probestu egiten dut, inoiz beste eskuarekin titi-puntak estutzen ditut, edo behatzak ahoan sartzen ditut nire zaporea dastatuz. Oso lizun nagoenean behatza ipurtzuloan sartzen dut, nire lepoa estutzen ere probatu izan dut arnasketa zertxobait galarazteko, jostailuren bat erabiltzen dut… Etxeko sofan, ohean, etxeko bulegoko aulkian, zutik sukaldean bazkaria prestatu bitartean, dutxan, komunean etxean bisitarik izan dudanean …
Egunak joan egunak etorri bizi poza handitzen joan zitzaidan eta neguan sartzeko bi egun besterik falta ez zirenean, opor garaia iritsi zitzaidan. Hurrengo eguna larunbata zen, San Tomas eguna hain zuzen ere (pertsona askorekin gurutzatzeko eguna 🙂 ) eta gorputzeko berotasuna maila altuenean nuen. Lagun batzuekin irtetekoa nintzen, baina batez ere, festa giroan pertsona ezagunak edo lagunak ikusteko gogoa nuen, aspaldian ikusi ez nituenekin hitz egin, zertxobait ligatu eta topatzen nintzen ororekin egunean jartzeko.
Aitortzen dut: ligatzeko sekulako gogoak nituen, larrua jotzeko, batekin edo birekin, eta suertatzen zen edonorekin, alkoholari botako nion ondoren errua, baina berdin zitzaidan norekin izan harreman sexuala.