Handik urte batzuetara, berriro bisitatu nuen L. J-rekin harremana utzi zuen jada, baina E-rekin jarraitzen zuen. Elkarrekin bizi ziren, beste lagun batzuekin batera, pisu konpartitu batean. Bakoitzak bere gela zuen. Polita izan zen E berriro ikustea hainbeste urteren ondoren, sinpatikoa iruditzen zitzaidan, eta gainera egur-lanetan ibiltzen zen. Altzari txikiak egiten zituen. Egia esan, inbidia pixka bat nion. Gertatzen zait maitale ohien maitaleekin, konparazioak egitea-eta, badakizue.
Atenasera larunbat batean iritsi nintzen, eta L-k esan zidan lagun batzuen etxeko teilatuan festa egingo zutela, hara joan gintezkeela. Bere maitale berria ere han izango zen, K. Ni parranda gogoz nengoen, beraz, ardo botila banarekin festara abiatu ginen. Hasieran urduri nengoen, L eta E bakarrik ezagutzen bainituen han. Baina giro polita zegoen, eta bainuontzia alkoholez beteta. Teilatua dantzaleku bihurtu zuten, eta egongelako lurrean koltxoiak zeuden, deskantsatzeko edo lasai berriketan egoteko.
K ezagutu nuen, jatorra ematen zuen. Ez zitzaidan iruditzen L-ren estilokoa, baina bazuen zera erakargarri bat. Dantzan aritu ginen hasieran. Baina L eta K ia etengabe musuka ari zirenez, deseroso sentitzen hasi nintzen. E bere lagunekin hizketan ari zen, beraz, konplize gabe gelditu nintzen. Hala, koltxoietako batean jarri nintzen, nekatu plantak egiten, jendeak ez zezan pentsa bakarrik gelditu nintzela. Beste norbait etorri zen eta hizketan egon ginen denbora luzeegiz.
K, dantzatzeaz aspertuta edo, gugana etorri zen. Nire alboan etzan zen. Handik pixka batera L ere gurekin jarri eta ezezagun hitzontziarekin debate sakon batean sartu zen. Gogaituta nengoen, etxera joan nahi nuen. Alde batean K nuen eta bestean L.
Ustekabean, K-k eskua nigana luzatu, eta, konturatzerako, musu eman zidan ahoan. Ez nekien oso ondo zer ari zen gertatzen. Zer pentsatuko zuen L-k? K musukatzen jarraitu eta L-ri izterretik heldu nion, seinalea egiteko. Esan nahi nion ez alde egiteko, bera ere nahi nuela.
Debatea hor amaitu zen, eta L-k agur esan zion besteari. Nire atzean jarri zen. Pultsua igo zitzaidan bat-batean. L-ren eskuak sumatu nituen gerrian: nire titiak laztandu zituen, eta gero K-ren lepoa. Ezin kabituta nengoen. L-k ezpainak nire lepora hurbildu zituen, masailera, ahora… baina mugimendu bakoitza mantso egiten zuen, ziur ez balego bezala. Burua biratu, eta ezpainetan kosk egin nion, goxo. Mihia sartu zidan ahoan. Bero korronte bat nabaritu nuen ahotik sabelera eta handik aluraino ziztuan jaisten. Inoiz baino goxoagoa iruditu zitzaidan L-ren ahoa. K musukatu nuen berriro, eta hark L. Bero-korronte bat zebilen hiruren artean, zirkuluan biraka. Zurrunbilo bat zirudien, dena eta denok irentsiko gintuen aire berozko tornado bat.
Dantzalekura itzuli ginen, eta gure gorputzak bata besteari lotuta kulunkatu ginen, limurtzaile, zirraraturik. Eskuak ipurmasailetan, izterretan, gerrietan, titietan, lepo atzeetan, sabela bizkarraren kontra, izterra hankartean, besoa gerrian. Musika gelditu zen, eta hantxe gelditu ginen pixka batean, Atenasko argiei eta teilatuei begira. Otsoen muinoa, Likabitos, pare-parean genuen, eta niri otsoek bezala ulu egiteko gogoa sartu zitzaidan.
“Eta muinora joaten bagara?”, bota nien. Nik saltsa gehiago nahi nuen, zurrunbilo harekin jarraitu nahi nuen, eta L-ren pisukideak gau erdian esnatzea ez zen itxura. Hala, kalean falafel biribilki bana hartu eta muinora abiatu ginen, eskaileretan gora. Eskailerak eta etxeen teilatuak behean utzi, eta pinu artean murgildu ginen, harrizko bidexka ilun batetik. Laster irekiune batera iritsi ginen; hiri osoa ikusten genuen han goitik, baina inork ez gintuen gu ikusten.
Harrizko horma txiki bat zegoen, begiratoki moduko bat. Han eseri nintzen, hirira begira, hankak gurutzatuta. Nekatuta nengoen, baina ez nuen nahi gau hura inoiz amaitzerik. Norbaitek atzetik besarkatu ninduen, eta lepoan kosk egin zidan. Ez nuen atzera begiratu. Eskua arropen azpitik sartu eta sabelean jarri zidan. Handik, kontu handiz, eskuineko titira igaro zen, eta nik hasperen egin nuen, jarraitzeko baimena emanez. Laster, beste esku bat sumatu nuen sabelean, ezkerraldean. Bigarren eskua beherantz hasi zen, zilbor parean galtzetan sartu eta kuleroak laztantzen hasi zen.
Hura paradisua zela pentsatu nuen. Begiak itxi, eta burua atzerantz tolestu nuen. Ezkerrera biratu, eta ezpain batzuekin egin nuen topo. Eskuinaldean lepoa miazkatu zidan beste aho batek. Belarrian ahots ezagun batek xuxurlatu zidan: “Ahaztua nuen ze titi xamurrak dituzun” eta braust! Uholdeak hartu zuen nire hankartea.
K-ren eskuak nabaritu zuen jarioa, eta izokinak ibaian gora eta behera ibiltzen diren gisan hasi zen bere eskua ere igerian. Eskuineko eskua altxatu eta L-ren ezpainak bilatu nituen hatzekin. Aurkitu nituenean, nire ahora gidatu nituen, eta gogoz musukatu nituen, mihiarekin haren ahoaren barrualdea igurtziz. Hasperen egin zuen, eta aurpegi serioa ikusi nion, beroaldi serioaren aurpegia. Elastikoa altxatu nion eskuaz, eta bere titi ederrei begira gelditu nintzen. Ahoa ireki, eta titi-punta bat sartu nuen, gogor gogorra. Titia zurrupatu nion bentosa batek bezala, eta bitartean eskuaz ipurdia estutu nion. K-ren hatzak nire alu barnean zeuden, eta nik gauza bera egin nahi nuen L-rekin. Bakeroen botoia askatu nion, eta galtzei tira egin nien beheraka. L-k ere bero-bero zuen hankartea, kulero bustiak. Eskuineko eskua han jarri nuen, kuleroen eta ileen artetik bidea ireki nahian. L eseri egin zen, hiriari bizkarra emanez, eta izterrak apur bat zabalduta. Horrela, nire hatzek errazago aurkituko zuten haren alurako bidea. Eta, pixkanaka, zingira hezean barneratu ziren. Hatz luzeenek barrura egin zuten, eta lodia kanpoan gelditu zen, klitoria zaintzen eta goxatzen.
Ezkerreko eskua libre nuela ohartu, eta K-ren bizkarrera eraman nuen. Atzamarka hasi nintzaion, aurrena kontuz, eta gustatzen zitzaiola ikustean, indar handiagoz. Bizkarrean behera, ipurmasailen artean pausatu nuen eskua, eta irribarretxo bat egin zidan. Gona estua kentzeko eskatu nion. Gero, kolakaotan bizkotxoak bustitzen diren gisan, hatz erakuslea bere ahoan busti nuen. Ipurdiko arrakala laztandu nion, eta hatzarekin ipurtzuloa ukitzen hasi nintzen. Ia oharkabean sartu zen zulotxoan, eta K-k hasperen sakona egin zuen.
Gehiago nahi nuen, dena nahi nuen. Sentsazio hori droga baino hobea zen. Denekin gozatu eta denak gozarazi nahi nituen. Katuek bezala, hiriko teilatuetara salto egin, eta etxe guztietako bizilagunak gonbidatu nahi nituen gure gauerdiko bilkurara.
Hain murgilduta geunden hirurok txortaldian, beranduegi ohartu baikinen norbait pasa zela gure ondotik. Marmar moduko bat aditu nuen, eta burua atzera biratzean ikusi nuen kirolari goiztiarraren kopeta iluna. Begirada kondenatzailea bota zigun. Bat-batean, lainotik jaitsi eta konturatu ginen eguna argitzen ari zuela. Laster etorriko ziren gainerako korrikalari eta paseatzaileak.
Etxera itzuli nintzenean, maitaleari kontatu nion Atenasko abentura. Izugarri gustatu zitzaion, eta, oraingoz, maitale izaten jarraitzen dugu.