IBAIA
Seiak eta zortziko trena hartu du Zarauzko tren geltokian, itsasora begira ekialderantz. Sasoi honetan konturatu orduko isurtzen dira hori okreak, laranja, arrosa eta moreak, urdin eta gris iluna, beltza. Eguna ilundu eta mudatu egin da. Zail da urrutira bereizten. Irekiago asmatzeko aukerak, nahita nahastekoak. Zenbait argi nabarmenago bihurtzen dira, distiratsuago. Gertatzen zaio noizbehinka paisaia ilunagotu eta koloreak aldatu ahala, argitu egiten zaizkiola askotariko fantasiak. Piztia gosetuak imajinatzen ditu ibai ertzean, ur azpian, txalupa bakanetan, baso sastrakatsuko zuhaitz artean. Jaten. Txortan. Ehizan. Dantzan. Narras. Igerian. Entzuten ditu soinu bustiak, lurraren, enborren, harrien kontra igurztearen hotsak, garrasi-eztandak. Orio pasa dute. Heze Oria ingurua.
TRENA
Berotu egiten da garraio publikoan iluntzean, gauez. Zenbat aldiz ez ote zuen imajinatuko Fleury eta Fresneseko espetxe zuloetara laguna bisitatzera joaten zenetan gaueko trenean larrua jotzen zuela ezezagun batekin. Ezezagunak eta berak elkar ikusten zuten bagoi berean, hiruzpalau eserleku tarteko. Bera aurrerantz eserita zegoen, igarotzen ari ziren paisaia ikusiz. Ezezaguna atzerantz, trenak zeharkatutako inguruak atzean utziz. Begirada-jolasean ibiltzen ziren, begiradarekin esaten zizkioten elkarri esan beharrekoak. Bekain iletsu horiek ezin sexyagoak dituzu. Ezin dut aguantatu ezpain haragitsu horiei koxka egiteko gogo. Goazeman literadun bagoira eta joko didan gogor?. Ezezaguna altxa egiten zen eta bagoiko korridore estuan barrena bere albotik pasatzen zen. Ezezagunari jarraitzen zion literadun bagoiraino. Hutsik zegoen literadun gelaxka batera sartzen ziren. Diru gehiago izango balu noizean behin gaueko tren bat hartuko luke, literaduna. Parisera. Grenoblera. Portora. Compostelara. Brestera. Turinera.
AUTOBUSA
Autobusa ere beti izan du oso gogoko jolaserako eta fantasiarako. Bereziki masturbatzeko. Bidaia zenbat eta luzeago, eta zenbat eta geraleku gutxiago, hainbat eta hobeto. Gaua. Jende gutxi. argi baxuak. Demagun bere ikasle garaian, Gasteiztik bueltan, autobusaren atzealdean jarrita, CocoRosie entzuten. Maite du bere etxea edo bere etxeko ohea ez den tokietan masturbatzea. Sukaldean, sofan. Aterik eta kisketarik itxi gabe. Norbaitek “harrapatzera” arriskatuz. Liburutegiko komunean. Euskaltegiko ikasgelan, eskolen arteko tarteetan. Autobusa ordea, ezin goxoagoa iruditzen zaio masturbatzeko. Aire girotua izozte mailan jarrita ez dagoenetan, noski. Zakil-jate gutxi oroitzen ditu, gutxi bizi izan dituelako, baina oroitzen duen bakarrenetakoa ere autobusean egin zuen. Bartzelonatik bueltan izan zen. Oporretako azken gauean hirian alde batetik bestera ibili ziren metroan. Taberna batzuk. Lokal transfeminista bat. Azkenik okupa bateko festa bat. Han bizi zen neska bizkaitar harekin ibili ziren parrandan bera eta oporrak berekin pasa zituen lagun-mina. Gaueko gidari turistikoa izan zen neska hura gustuko zuen, hiriko parranda hura baino askoz lehenagotik, Lekeition ezagutu zuenetik. Saltsera hutsa. Okupa feministan zirela “Aizan polithori, maleten bila joan eta bus geltokira joan behar dinagu ya” esan zion Euskal Herritik berarekin joandako lagunak. Maletak euskaldun bartzelonartuarraren etxean zituzten. Oroitzen da nola agur-besarkadan Lekeitioko lagun haren besoetan infinitu geratzeko gogoa sentitu zuen. Amamaren hegaldia. Bartzelona-Sants geltokian jendetza zebilen. Donostiarako autobusaren zain zeudela tipo bat pasa zen euren aurretik. Begirada lizuna bota zien. Beste momenturen batean agian, nazka, aspermena edo indiferentzia sentituko luke. Momentu hartan ordea, gogoa sentitu zuen, gogo sutsua. Oso ederra iruditu zitzaion morroia. Autobus berbera hartu behar zutela konturatu zen. Tipoa beraiek baino pare bat eserleku eseri zen, korridorearen aldean. Abiatu eta ordu laurdenera lo zen bere laguna. Burua atzerantz biratu eta tipo ezezagunari begiratu zion. Tipoak berari. Aurrerantz begira jarraitu zuen tarte batean. Berriro tipoarengana zuzendu zuen begirada. Besteak irribarre egin eta leiho aldera mugitu zen, korridorearen aldeko eserlekua libre utziz. Pentsatzeko astirik gabe, tipoaren ondoan eseri zen. Elkarri izterra igurzten hasi ziren. Musuka gero. Handituta zuen tipoak hankartea. Galtzen gainetik jardun zitzaion eta gero eskua sartu zion. Zakila ahoratu zuen. Hobeto ekiteko tipoaren aurrean belauniko jarri zen, eta hantxe egin zuen gogoratzen duen zakil-jate bakanetakoa. Espero gabe semenez betea zion ahoa, eta segituan itzuli zion isurtzaileari likido zuria, bere galtzetan bota baitzuen. Katalunia-Aragoi artean gertatu zela kalkulatzen du. Tipoa Tuteran jaitsi zen. Pertsona bat autobus-gidariari kexaka joan zitzaiola iruditu zitzaion.
GOSARIA
Umel sentitu du alua estutzen dioten bakero zatia. Mugikorra atera du eta gaur gauean ikusiko duen maitaleari mezua idatzi dio. Bihar hik bakarrik gosalduko duk. Elkarrekin gosalduko dinagu baina lehenengo hik bakarrik gosalduko dun. Nik begiratu egingo dinat eta hik jan. Mahairik gabe. Begiak estali egingo dizkinat zapi batekin. Eskuak bizkarraldean sokaz lotuta ditun. Kamiseta baino ez daraman, gainerakoan biluzik hago,bero zagok etxean. Melokotoiari belusezko azala kenduko zionat laban zorrotz batekin. Gero melokotoia mutur aurrean jarriko diat, usaindu egingo dun, eskura emango dinat, eta eskuak askatu, nahi duana egiteko. Usaindu, jan, jaurti, eskuan estutu, txikitu, azalean igurtzi. Ahora eramango duk eta mihia pasako dion, poliki. Koxk egingo dion. Hozka. Hortzaka. Ñaka. Gozoa zagon. Urtsua. Murtxikatu, xehatzen duk ahoan, listuarekin nahastu. Koxka egitean fruituaren likidoa erortzen
duk hire eskuetara, lurrera. Koxka gehiago. Gero eta likitsago ditun eskuak, eta aurpegia. Mamia irentsi duk dagoeneko, melokotoi hezurra ezpainen artean estutuz gogotik zurrupatuko dun. Eskuak lotuko dizkiat berriz. Ahoan erabiliko dun apur batean, eta gero jaurti egingo dun. Gehiagorako gosea dun, eta nik ordurako prest edukiko diat platano bat. Zuritu baino lehen hankartean igurtziko diat, gero zuritu eta zuzenean ahora sartuko dinat, sartu eta atera ibiliko haiz apur batean, mantso eta leun hasieran, abiadura azkartuko diat. Koxka egingo dion eta zati bat irentsiko dun. Platanoa kendu eta meloi erdi bat jarriko dinat aurpegian. Dariola zagon meloia, eta hire ahoa, eta hire hankartea. Baita neu ere. Mingaina aterako dun eta erdialdeko laranja gozoa zurrupatu dun, nik meloi-erdia gora eta behera mugituko dinat hire aho parean, hik meloiaren ebakia eta zuloa ondo miatzeko eta miazkatzeko. Zain egongo haiz zer etorriko. Horrela zain utziko haut. Bazka gehiago nahi duk. Badakin emango dinadala. Itxaron ezan pixka bat gehiago. Erditik moztutako mango heldu batekin gorputz osoa igurtziko dinat, izter atzea, bularrak, hankartea gogotik igurtziz. Eskuak askatu eta ohera eramango haut, begietako zapia kendu gabe. Etzan egingo haiz eta aho-gainean eseriko zain gosariko azken platera. Gero nik gosalduko haut, osorik, goitik behera. Kafea hartuko dinagu amaitzean. Piztia gosetua da oraintxe bertan.