Traka traka II

KOBAZULOA
Jende gutxien dagoen tren zatia topatzen saiatu da. Zergatik ez. Zamarra handi eta lodia galtzen gainean jarri du. Bakeroen kremailera ireki eta eskua sartu du igerileku berora. Irristatu ditu hatzak busti likatsu beroan, ezpainetan, tolesturetan barrena ibili, goxatu, jardun da, eta barrura sartu ditu bi hatz. Zer ikusiko ote dute. Alu barnean dagoen espazioak txunditzen du. Maitale batekin gertatzen zaio bereziki. Estiratu eta luzatzen den kobazulo bat, espazio zabal bat nabaritzen du hatzak sartzen dizkionean. Barnea ez du iluna imajinatzen. Oraindik erabili gabe du urtebetetzean oparitu zioten espekulua. Batzuetan beste hatz bat sartzen dio aurreko bien ondoren, eta noizbait laugarren bat. Galdetu egiten dio maitaleari gustura dagoen. Alu-jatearekin ez bezala, primerako alu-jaletzat baitu bere burua, hatzak eta dildoak sartzean segurtasuna falta izaten zaio batzuetan. Hurrengoan esku oso sartuko ote zion galdetu zion aurrekoan. Maitaleak baietz. Maite du jolasteko gogoa eta prestutasuna.


ISLA
Treneko leihoaren islan bere burua ikusi du. Iluntzeko isla argi-ilunak ibaian. Maite ditu islak, ispiluan, erakusleihoetan, putzuetan, ispiluetan. Gogoa bere gelara joan zaio. Alfonbraren gainean jarri da lau hanketan. Kuleroak baino ez daramatza. Beltzak. Ipurdia tentetu du, eta bizkarrezurra tolestu. Ispilu handi bat dauka alboan, eta bertan bere burua ikusten du katujarrera horretan. Kanpoan beltza dago. Gelan argi gorria duen lanpara txiki bat. Hotza egiten du, titiburuak txiki eta gogor dauzka, horrela gustatzen zaizkio. Burua makurtu eta buruz behera, atzera begira, bere gorputza behatzen du. Titiburu bakoitza alde banatara begira dago, gustatzen zaizkio hala ere. Lehen ez zitzaizkion hainbeste gustatzen, bere titi-konoak, hirukiegi, titiburuak handiegi, ile gehiegi. Ez-normatiboak, ez-tenkatuak, ez-sexyak. Titiburuak oso gogor eustea, estutzea, gustatzen zitzaion maitale bat izan zuen. “Fuerteago!” eskatzen zion. Pixkanaka estutzeko beldurra galtzen hasi zen. Gero ohituragatik, nahigabe, beste maitale batzuei ere horrela, indartsu heltzen zizkien. Titiburuak atximurkatu zalea zen maitale hark bereak ere ederki estutzen zituen. Eta plazer harekin hasi zen bere titiei kariño gehiago hartzen, eta titietan maitaleen koxkak, listuak, atximurrak jasotzeaz gain bera bere kabuz ere gozatzen. Mugikorra selfie moduan jarri du. Pare bat argazki atera. Gero, belauniko jarri da alfonbraren gainean, ispiluri aurrez aurre, titiak begiratu ditu, begira ditu. Esku ahurrean hartu ditu eta lehenengo xamur estutu ditu. Hatz erakuslearekin eta lodiarekin fuerteago estutzen ditu orain, bat bi hiru lau bost, eta askatu, bat bi hiru lau bost, eta askatu, eta ostera ere. Min bero moduko bat. Ispilukoari aurpegira begiratzean apur bat lotsatzen da. Nahiago du aurpegia ez dena ikusi. Biribilean bueltak ematen dizkie titiburuetatik helduta dituen titiei. Erdiko hatzarekin jarraitu du, azkar igurzten du titiburu bakoitza. Gero esku ahur osoarekin jarraitu du berdin, gora eta behera, gora eta behera. Ahoan listua loditzen nabaritzen du. Ahoa apur bat irekitzen, beheko ezpainak hozkatzen. Ohe azpian duen kutxatik larruzko uhala atera eta jantzi egin du, dildorik gabe. Gustatzen zaio bere burua horrela. Silikonazko dildo beltza hartu eta aluan barrena sartu du. Ezkerreko eskuarekin dildoari atzera aurrera eragiten dio, gero eta azkarrago, eta eskuinarekin klitoria igurzten du, gora eta behera, joan-etorri bizian.


ESKULARRUAK
Usurbilen gelditu da trena. Ikaragarri ederra iruditu zaion emakume heldu bat sartu da. Larruzko eskularru beltzak daramatza. Gogoa bere gelatik haurtzarora joan zaio. Ez da gogoratzen ontzi garbigarriak ala garbitzeko eskularruak ziren. Gogoratzen da iragarkiarekin alua bero eta mugimenduan sentitzen zuela. Ez da gogoratzen zenbat urte zituen. Bederatzi, sei, hamaika. Bi pertsona ateratzen zirela gogoratzen da. Biak ile motzak. Hori ez daki, ziur, agian bere oraingo bollera-memoriak horrela birsortu du oroitzapena. Ontziak garbitzen. Elkarrekin. Ur xaboiduna bero. Garbitzen ari zirela elkarren eskuak korapilatzen ziren eta orduan muxuka hasten ziren. Bere ustez sutsuki. Busti busti. Berak horrela sentitzen zuen. Muxuka hasi eta pixkanaka beherantz jaisten ziren kameraren aurretik desagertuz. Han behian, lurrean, sukaldeko baldosa hotzen gainean zer egingo ote zuten ez jakiteak berotzen zuen gehien. Ez da gogoratzen ontzi garbigarriak ala garbitzeko eskularruak ziren. Gogoratzen da pelikulak eta serieak VHS-an grabatzen zituela garai hartan, eta noizbait iragarki hura grabatuta gelditu zela. Bederatzi, sei, hamaika urte. Telebistako mandoarekin iragarkia behin eta berriz atzera pasako zuen. Iragarkia eskularruena zela esango luke. Agian lehengo egunean horregatik iruditu zitzaion hain sexya bere maitalea, garbitzeko esku-larru txuriak jantzita ikusi zuenean.


ESKULARRU BELTZAK
Postpornoan ikusi izan ditu. Orain edozein supermerkatutako apalategiren batean salgai ikusten dituenean berotu egiten da. Auzoko dendako saltzaileari ikusi zizkion. Beltzak eta estuak. Mostradorean alde batetik bestera pasa zituen olo-esnea, bananak, sagarrak, porruak, azenarioak. Ez daki zertaz hitz egin zuten, bere gogoa dendariaren latexezko eskularruetan baitzegoen. Hatzen mugimenduan, tamainan, luzeran, esku haien distiran, barazkiak eusteko eta mugitzeko egiten zuten indarrean. Bere aho barnetik eztarriraino sartu eta miazkatuko lituzkeen dendariaren hatz haiek. Banan-banan. Bat ipurtzulotik sartu ziezaiola eskatuko lioke, ipurtzuloa eta hatza ondo bustita. Listuarekin lehenengo, mihia pixka bat hondoratu eta listu gehiago bota, gero hatz punta sartu. Atera, hatza lubrifikatzailearekin ondo busti eta berriz barrura, oraingoan sakonago. Eskularru horiek bere gorputzean nahi zituen. Agian mostradore horretantxe bertan, zergatik ez. Horrela hamaika euro eta zazpi zentimo. Ez daki dirua justu zuen ala ez, baina edukita ere ez lioke emango. Hogei eurokoa luzatu zion latex beltzezko eskularrudun eskuari. Añorga. Bere helmugarantz iristen ari da. Eskularru beltzak dituen emakumeari begietara begiratu dio zuzen-zuzen. Nahiko luke tren geltokian bere atzetik jarraika sumatzea.