Ixil-ixilik zegoen gaua. Aldika auto baten burrunbak entzuten ziren. Hiria argi disdiratsuz josita zegoen, baina ez zen inor kalean. Hotza zenez, eskutik helduta abiatu ginen ezezaguna zitzaigun topalekura. Gaueko hamaiketan honako mezu hau jaso nuen nire segapoto zaharrean: Hernani 18, 00:05ean. Swinger jaialdiak diskrezio handiko ekitaldiak omen ziren, eta hitzordurako ordubete eskas falta zen arte, ez ziguten helarazi benetako helbidea.
Swinger hitzak lizuna esan nahi du euskaraz, eta bikotea trukatzeko edo sexua nahasian izateko bestak izaten dira. Ordura arte ez nuen neure burua oso lizuntzat, baina erabat barneratuta eta sokoratuta nituen aurreiritzi guztiak alde batera uztea erabaki nuen. Buruan nuen erreferentzia bakarra 1999an Stanley Kubrick-ek egindako Eyes Wide Shut filma zen. Garai hartan karrera bukatu berria nuen, eta 21 urterekin hasia nintzen fakultateko komunak bisitatzen, autobusetako azken lerroan miazkatzen, igogailuetako atzekaldean kokatzen, zinemetako iluntasunaz jabetzen eta izar bako hostaletan ospedatzen. Urte dibertigarriak eta kilikagarriak nolanahi ere. Ohetik kanpo solasean ibiltzea bereziki gustuko nuen, oheak beti iruditu zazkit eta konbentzionalegiak.
Oraindik goiz zen eta zerbait hartzea erabaki genuen. Kez beteriko taberna ilun batean sartu ginen. Nereari betaurreko laranja berriak lanbrotu zitzaizkion. Zerbitzari bakarra zegoen, baina kobazuloak ez zuen gehiagorik behar. Lauzpabost bezero baino ez zeuden eta “Wonderful Life” kanta entzuten zen barruan. Nik mojito bat eskatu nuen azken egunetako urduritasunak baretu nahian. Nereak ere gauza bera eskatu zuen, bera ere urduri xamar zegoen eta. Ez zuen ezer esan tragoak atera aurretik, baina bere begiek alde batera eta bestera begiratzen zuten etengabe, zerbaiten zelatan baleude bezala.
Lau urte generamatzan batera, eta ohikeria gainditzeko irteera bezala aurkeztu zidan elkartrukaketa festa hura. Ni pozik nengoen. Egia esan, zoratzen. Aspalditik oso aldiro oheratzen ginen. Lehen, ordea, beti geunden prest edozertarako.
Nerearen usaina eramaten nuen lanera sexu sesio luzeak izan eta gero. Carolina Herrera for men erabiltzen zuen ezagutu nuenean, eta uste dut haren lurrinak eraman ninduela plazerraren txoko liluragarrienetara. Haren desioa nire eskuartean usaintzen nuen erredakzioko paper guztien artean nengoela. Arras erraza egiten zitzaidan elkarrizketak, albisteak, kronikak eta halakoak gauzatzea, mozkorturik bainengoen nire ohekidearen hertz guztiak gogoratzen nituen bitartean. Berarekin akordatu bezain pronto hotzikarak sentitzen nituen goitik behera eta behetik gora. Zirraragarria zen nire gorputza hain bizirik eta grinatsu sentitzea uneoro. Grina desagertzean, ordea, batera egoteko arrazoia ere desagertzear zegoela iruditu zitzaidan, baina koldarregia nintzen aspertzen ninduen harreman hartatik ihes egiteko. Ez nekien nola agurtu dotereziaz eta inolako dramarik sortu gabe. Eta halaxe pasatu ziren hilabeteak eta urte gehiegi.
Ez nuen gau sutsua espero, ezta Nicole Kindmanekin topo egitea ere, baina kontent nengoen Nereak proposatu zuelako eta ez nik. Ez zegoen nekatuta, eta ez zuen sofan etzanda pelikula bat ikusteko gogorik ere ez. Begiak oso dirdiratsuak zituen, eta ez zen nigatik; beraz, mojitoen azken tantak edan eta gero, lasterka abiatu ginen gure hitzordura.
Aurreko taberna baino askoz handiagoa zen, eta han ere argi gutxi eta ke asko somatzen zen. Kandelaz apainduriko antzoki zaharberritua zen, baina ez zuen ohiko butakarik. Mahai txikitxoak sakabanaturik zeuden eszenatokiaren azpian eta hiru barra argitsu begistatu nituen. Ezer galdetu gabe, gure berokiak hartu zituzten beltzez jantzita zeuden bi zerbitzarik. Niri 21. zenbakia zuen txapatxo bat banatu zidan ile-horia zuen neskak, eta Nereari, berriz, 22. zenbakia. Bat-batean Nereak eskua askatu zidan, eta ezer esan gabe gauaren iluntasunean galdu zen. Berak ere antza, ez zekien nola esan maite ninduela, baina erabat aspertuta zegoela nire pitokeria guztiekin. Momentu hartatik aurrera bikotekide izateari laga geniola uste izan dut beti.
Eskerrak barra bat nuela aldamenean, eta zerbitzari prestu bat nire eskaeraren zain. Dardarka nuen gorputza osoa, baina ahal izan nuen bezala disimulatu eta beluzko jesarleku gorri batean eseri nintzen. Altuegia niretzat. Hankak zintzilikatuta geratu zitzaizkidan. Ni ere nahiko zintzilikatuta sentitu nuen neure burua. Tabakoa eta aurreko gauean “Perretxiko” jatetxean oparitutako poxpola kaxa atera nuen. Ez dut atsegin bakarrik edatea, baina gauaren hasiera baino ez zen, eta makulu bakarrak kopa hotz hura eta nik egindako zigarreta baino ez nituen. Bero handia egiten zuen. Ufa! Bekainak altxatu eta gaueko bigarren mojitoa eskatu nuen, eta banekien ez zela azkena izango. Mentaren usain goxoak piztu zizkidan ahaztuta nituen hainbat zentzumen. “Ño, ze goxoa!”, pentsatu nuen neure artean.
Handik minutu batzuetara eszenatokiko argi distiratsuak piztu zituzten eta piano baten lehenengo notek nire gorputza erabat aztindu zuten. Eserleku hartatik jaitsi, eta dantzalekura abiatu nintzen birritan pentsatu gabe. Jende asko zegoen, eta giroa gero eta atseginagoa bilakatu zen. Ni ere gero eta lasaigo sentitzen nintzen. Ez nuen ezer espero, baina banekien zerbait gerta zitekeela gau hartan, nik hala desio banuen. Istant horretan argi distiratsu batek artista eta haren piano beltza argiztatu zituen bere osotasunean. Lehenengo notak ferekatzen hasi zen bere gorputz txikia musika-tresnara hurbiltzen zuela. Bazirudien pizti beltza pixkanaka-pixkanaka esnatu nahi zuela, eta horretarako andereñoki mugitzen zituen bere atzamar argalak esker-eskuin, gora eta behera. Batzuetan astiro, beste batzuetan azkarregi nire begietako ninientzat. Zaila zen zinez haren jauzietan ez erortzea edo galtzea. Bere gorputz osoaren atal guztiekin jotzeaz gain, batzuetan zutunik jartzen zen, eta esku tenkatu bat teklatuan eta bestea tresnaren tripetan sartuta zuela, ortozik pedalak sakatzen zituen amorru osoz. Eta orduan, eta ez lehenago, pianoak eta piano-joleak bat egin zuten denon begi-bistan.
Txalo zaparrada amaigabea jaso eta gero, berarekin kontzertua eman behar zuen gitarra-jolea hurbildu zitzaion, eta bigarren kantaren lehenengo akordeetaz jabetzen hasi nintzen. Jende ezazagunez inguratuta nengoen, baina ez nion gehiegi erreparatu kontu horri. Bat-batean esku leun bat somatu nuen sabela aldean. Buelta eman gabe, sendo heltzen zidala nabaritu nuen. Atzean jarri zen, bere bularrak nire bizkarraldean sentitu nituen, eta horrela eman genuen kontzertuaren bigarren kanta oso-osorik, elkarri begiratu eta hitz egin gabe. Ez zegoen mintzatzeko beharrik. Kantaren zatiak ezagutzen zituen, eta belarrira xuxurlatzen zizkidan, “Mundu mailako gerra intimo eta latz baten, beste behin zeure buruari bizi iraun diozunez”.. Ordurako nire arnasketa gero eta astiroagoa zen, baina sakonagoa bilakatu zen. Nire begiak gitarra jolearen hatzamarretan iltzaturik nituela, esku leuna nigandik
askatzen zela somatu nuen. Ño, momentu gozoek gutxi irauten dutela gogoratu nuen. Instant bat baino ez. Hala ere, epeltasun haren hutsunea laster bete zen laneko lankide baten ahotsa entzun nuenean.
- Ane, zer egiten duzu hemen?
- Kaixo, Milagros, musika pixka bat entzuten?
- Eta Nerea, komunean al dago?
- Bada, ez dakit, baina hemendik ibiliko da ziurrenik!
- Aizu neska, ez nuen espero inondik inora zu hemen aurkitzea!!-esan zidan, begiak gorri-gorri zituelarik.
- Eta non utzi duzu Carlos? -galdetu nion nahi gabe.
- Carlos? Seme-alabak zaintzen, neska! Urte asko eman ditut ni etxean, eta orain gorputza astintzeko garaia iritsi zait. Ez al duzu uste?
- Bai, noski!
- Ane, etorri faborez. Lagun bat aurkeztu nahi dizut. Gure aldizkarirako aproposa den pertsona bat ezagutu behar duzu. Orduan, Nerearekin ezer ez, ezta?
- Ez, ezer ez! –erantzun nion begietara begiratu gabe.
- Bihar kafetxo bat hartu beharko genuke elkarrekin. Bilera baino lehen, noski!
–erantsi zuen.
- Bai, Milagros, bai, egon lasai!
Urte asko generamatzan lanean Milagrosek eta biok. Hasieran ez genuen izan aukerarik elkarrekin lan egiteko, baina urtebete lanean eman ondoren, berehala ulertu genuen sintonia bera genuela ideologikoki, bederen. Erraza zen berarekin lan egitea, hitz gutxitan informazio asko elkar trukatzen genuen, eta konplizitate handia sortu zen gure artean. Estimu handian neukan, eta berak bazekien.
Aretoa zeharkatu eta gero, amaitzen ez ziren milaka eskilara igo genituen. Ez zen ezer ikusten eta bere sorbalda biluzia jarraitzen saiatu nintzen, orduantxe konturatu nintzen oso dotore jantzita zegoela, eta lanean ez bezala oso erakargarria iruditu zitzaidan. Azkenean, txoko pribatu eta pribilegiatu batera heldu ginen. Han goitik, den-dena ikus zitekeen. Zelako kontzertua! Zortzi lagun edo zeuden lasai-lasai berriketan, eta gu berehala eseri eta hitz egiteari ekin genion.
- Hemen duzu zure mojitoa, laztana –esan zidan zerbitzari batek.
- Eta hemen, berriz, zure whiskya –esan zion zerbitzariak nire lankideari
Ezkerretara eta eskuinetara begiratu nuen aho bete hortz. Milak ere ez zuen ezer ulertzen.
- Noiz eskatu duzu, bada? –galdetu zidan.
- Nik ez dut ezer eskatu! –erantzun nion lotsatuta.
Eta orduan emakume gazte baten begiradarekin topo egin nuen. Badirudi Mila horretaz jabetu zela, eta konturatu orduko, jesarrita zegoen besaulkitik ziztu bizian altxatu, eta neska misteriotsu ezezagun horrengana jo zuen berehala. Horixe agian elkarrizketatu behar nuen hurrengo abeslaria, bertsolaria, ilustratzailea, idazlea edo batek dakit zer izango zen. Zorionez edo zoritxarrez Nerea ere horrela ezagutu nuen, etorkizun oparoa izan zezakeen sortzaile lez aurkeztu ninduten, eta ni txundituta geratu nintzen azaldu zizkidan gauza guztiak aditu nizkionean. Erraz liluratzekoa naiz, erraz txotxolotzekoa. Beti pentsatu izan dut ez direla nahastu behar lana eta plazerra, baina egia esan nire lanari esker jende intreresgarri asko ezagutu dut eta gauza ikaragarriak gertatu zaizkit behin baino gehiagotan, hori bai, beti ordu txikietan edo desorduetan. Inoiz ez dut ligatu goizeko hamarretan edo kafe baten bueltan!
Milak aurkeztu behar zidan lagunak ez zuen bere begirada nire gainetik kentzen eta urduritzen hasia nintzen. Mila ere begira-begira zegoen eta bat-batean laztantzen hasi ziren nire aurrean, beno denon aurrean, baina nik begiak zabal zabalik nituen eta begirada ez nuela jaitsiko zin egin nion neure buruari, oraingoan ez, oraingoan ez, erronka bat izango zen niretzat bi emakume elkarri musukatzen ari diren bitartean begiratzen jarraitzea. Neskak eskua sartu zion minigona azpian Milari eta Milak neskaren lepoa musukatzen jarraitu zuen, sutsuki. Nire lankideak bazekien neska bati nola heldu, eta nola plazerra eman, eta neskak ere jakin zuen Milaren plazertokiak aurkitzen. Ikuskizun bat zen biak hain sutsu eta likatsu ikustea. Ezin nuen gehiago, ezin nuen gehiago begiratu, allakuidaus! Bat-batean nire jesarlekutik altxa eta baimenik eskatu gabe haien bien artean eseri nintzen.