Gaur I

Osteguna
12:23

Asteroko hitzordurantz noa. Beti ordu, egun eta toki berean, eta hala gustatzen zait. Gustatzen zait errutina, gauzak jarraikotasun batez egitea; eguneko minutuak, eta, ahal badin bada, segundoak ere, programaturik izatea. Gustatzen zait jakitea noiz jaitsiko zaidan hilerokoa, zein ordutan etorriko den autobusa edo noiz egingo dudan larrutan.

Hitzordua 12:36an daukat, agenda optimoa lortu nahi badut, minutu guztiak direlako baliodun; beraz, 13 minutu tokira iristeko. Garaiz iristea ere gustatzen zait. Bideari ekin diot. Aspaldi erabaki genuen hitzorduak kalean egingo genituela.

Ordu gehiegi igarotzen baititugu lantoki deitzen duten erlauntz horretan, porlanez eta uhinez inguratutako eraikinetan. Aspaldi egin genuen hautua gure bilerak zibilizaziotik ahalik eta urrutien egitearena, baita hara autoz ezin joatearena ere. Parkea, beraz, erdibideko puntua: hiri erdian, baina hiritik kanpo. Etorbidetik aldentzen naizela, sentsazio hori nabaritzen dut; autoen eta obren dardaren desagertzea, erlojuaren orratzen mende dauden arimen pausatzea, alegia.
Nik ere, azken horien antzera, inkontzienteki moteltzen ditut pausoak berdegunera gerturatzen naizen heinean.

12:36

Gaurkoan ere, ni naiz berandu iristen denaren zain dagoena, eta ez alderantziz. Denbora-pasa egon behar dudan besteetan bezala, ingurua aztertzen hasi naiz, zuzenago esanik, ingurukoak aztertzen hasi naiz. Apenas den inor kalean, parkea ia hutsik dago: uhaletik tiraka daraman gizon gorbatadunaren txakurra; hara eta hona ariketak egiten dabilen gazte kirolari parea; eta aterkia makulutzat daraman paseatzailea. Eskaner hori egiten nabilela, nireen antzeko begi behatzaileekin egin dut topo. Begiradak gurutzatu zaizkigu, baina bizkor kendu dituzu begiak. Eskuetan duzun liburua irakurtzen zabiltzan plantak egiten hasi zara. Zu ere norbaiten zain zaudela dirudi, edo norbaiten bila. Hor zaude, zuhaitz baten gerrialdean pausaturik, eskuin oina eta bizkarra enborrean jarrita dituzula; zorroa lurrean, liburua
eskuartean, aldiro begiratzen duzun erlojua eskumuturrean.

Konturatzerako, zure izatearen historia sortu dut, parke honetan, ordu honetan, zain egotearen zergatia, nire buruak pelikula osoa filmatu du, dagoeneko. Eta ilunpetik zuzentzen duen zuzendariak legez, xehetasun handiz aztertzen ditut zure mugimenduak (nahiko nukeen baino disimulu gutxiagorekin, ziur aski).

12:48

Dagoeneko liburua bazter batean utzi duzu, irakurtzen zeunden orria markatzeko ahuspez irekia. Eskuak poltsara hurreratu, eta liatzeko papera, tabakoa eta iragazkiak atera dituzu. Ekin diozu zigarroa eraikitzearen prozesuari, inongo presarik gabe; prozesuaz beraz gozatzen duzula dirudi. Tabakoa paper gainean jarri, eta maisutasun handiz papera kiribildu duzu. Ez-zigarroari muturrak eskatzen dizun iragazkia gehitu diozu artelana biribiltze aldera. Eta nik, zenbat gorroto ditudan zigarroak! Zigarroen kea, usaina, erreproduzitzen duten guztia! Eta, hala ere, ezin dut begirada kendu higuingarria iruditzen zaidan produktuaren eraikuntzatik. Zeharo txunditurik nago prozesuarekin. Ala, zure esku-mugimenduen elegantzia da bertan hipnotizaturik eusten nauena? Zigarroa bi eskuekin oratua duzula, ahora hurbildu
duzu, dagoeneko mihi ingurua listuz betea daukazu eta. Mingain puntaz busti duzu paperaren bazter guztia eskuin-ezker, begiak kopetara begira dituzula. Paperari behar zuen itsaskortasuna eskainiz.

Konturatu naiz nire eskuak zureen mugimenduak kopiatzen ari zirela eta nahi gabe ahoa ere listuz bete zaidala. Beste muturra ondo itxi duzu atzamar puntekin estutuz, eta airean bizpahiru kolpe eman ondoren metxeroa piztu duzu. Beno, pizte prozesuan ari zara, gasik ez daukan horri sua atera nahian. Zigarroa ahoan, esku batez eragiten diozu erruletari, eta besteaz dagoen haize apurra desagertzen duzu.

Nik, ordea, igarri dut ufada eta besoko ile guztiak tente jarri dizkit. Piztea lortu eta erretzen hasi zara, lehen zupada eta fuuuuuu bota duzu ahotik, begirada niregana itzuliz. Eta harrapatu nauzu, bete-betean harrapatu nauzu. Begirada sarkorrez ari zatzaizkit begira, eta ni, horri aurre egiteko, begiek kliska ez diezadaten indarrez. Begi lehorren azkura eutsi ezinik nabil, eta ezinaren ezinez begirada baztertzear nagoela, irribarretxo bat eta guda isil hori irabazi duzu begiak kliskatuz. Erretzaile ez garenok inoiz izango ez dugun autoritatez hurreratu duzu zigarroa ahora, eta ke artean egin didazu keinu. Hurbildu naiz, oraindik ere zalantzati ea hori ote zen begi mugimenduaren esanahia.

Ia zure parean nagoela, lurrean iltzaturik gelditu naiz. Tranpolinaren muturrean zalantzati dagoen haurra bezala. Begirada altxatu dut urrutiko ur horietatik, altxatu dut orkatiletarantz, belaunetarantz, prakaren kremailerarantz, poltsikoan ezkutaturik dituzun eskuetarantz, sorbalda erlaxatu horietarantz, hortzez oratuta daukazun
ezpain bustirantz, orraztu ezin dituzun bekainetarantz, eta begirada horrek harrapatu nau berriz. Begi niniak eta iriseko kolore bakoitza aztertzen nabil, zu ere antzera, nire ezker begian daukadan orbana identifikatu duzu dagoeneko. Eta hitzik gabeko elkarrizketa horretan erabaki dugu hitzik behar ez dugula.

13:13

Zuk egin duzu lehen mugimendua, ni oraindik egoera asimilatzen nago-eta. Pausu bat aurrera eman duzu eta eskuin besoaz gerria inguratu didazu. Nolabait nire gorputz osoa zurearengana gerturatuz. Ezagun zaidan gozotasun batez hurbildu duzu burua nirearen parera; nire baiezkoa jaso ondoren, zure masaila nirearen aurka jarri duzu. Azal leun horren mugimendu sotilaz laztandu didazu aurpegia, hasieran masaila masailarekin. Inolako presiorik egin gabe, epidermisaren kontaktu hutsa. Mugimendu geldo, geldo, bereziki geldoz, baina etenik gabekoz egin duzu bira nire aurpegian zehar. Gero, sudurra belarriaren altueran pausatu didazu, eta arnasa sakon hartu nire belarri parean, ahotik bota didazu aire epela lepo aldera, eta hasperen horren atzetik gerturatu dizkidazu ezpainak baraila azpira.

Bitartean, besoak gerria den ekuadorretik urrunduz joan dira. Meridianoetan gora eta behera bidaiatuz. Ipur masailetik behera, une batez eskua nire ipurdiko ezker poltsikoan sartzeko keinua egin duzu, baina aurrera jarraitu duzu eta bere
dimentsioei forma ematen hasi zara laztan bakoitzean. Beste besoak gorantz egin du bizkarreko ertz guztietan igurtziz, eta dagoeneko lepoan dago, alde batean eskua eta bestean zu zaitut. Esku horrekin lepoa sendo heldu didazu, eta zure ahoari egin diogu tokia, ezpainak mugitzen dituzu nire lepoan gora eta behera.

Nik ere ekin diot nireari, ausartu naiz nire ezpainak zureetara hurbiltzen, ukitu baino ez ditut egin. Bularra ere zure titietara hurbildu dut pauso bat aurrera eginez, eta beste bat, oraingoan, zuk ere egin duzu atzeraka bat. Harik eta zuhaitzarekin topo egin duzun arte. Eskuarekin ebatu duzu haritz handiaren enborra, azal lehor eta gogorra atzamar puntez miatzen hasi zara, eta bitartean, nik nireekin, zure gorputza miatzen dut. Zure iztermamian daukat eskua, mugimendu zirkularrak errepikatzen ditut behin eta berriz, eta apurka-apurka gorantz joateko agindua bidaltzen diet
atzamarrei, haien mugimendu dantza geldiarazi gabe. Berriz hartu duzu arnasa sakon nire belarrian, baina postura egokitzeko oraingoan, bizkarra kurbatu eta bi besoekin ipurditik helduz zuregana itsatsi nauzu. Gero eta estuago eusten diogu elkarri, gero eta estuago.

Eskua iritsi da agindutako helmugara, eta zuk ere igarri duzu bere presentzia hankartean. Prakaren gainetik hasi natzaizu zirri egiten. Oraingoan, zu zara nire mugimenduak antzeratzen dituena. Mihiak ere jolasean dabiltza, elkar ezagutu dute, eta, orain, ezin aldendu. Arnasa hartzeko urrundu eta, eskuen egonezinarekin batera, muxu txikiz bete didazu aurpegia. Behealdeko berotasun umela nabaritu dut azken musuarekin, jantzita daramadan uztai formako belarritakoaren erdian eman didazun azken horrekin. Eta musuarekin batera belarrira gonbita xuxurlatu didazu, “mugituko gara”.